Eustakio Mendizabal

euskal idazlea
Eustakio Mendizabal Txikia» orritik birbideratua)

Eustakio Mendizabal Benito, Txikia, (Itsasondo, Gipuzkoa, 1944ko urriaren 9a - Algorta, Bizkaia, 1973ko apirilaren 19a) euskaltzalea, poeta eta ETA erakunde armatuko kidea izan zen.

Eustakio Mendizabal

Bizitza
JaiotzaItsasondo1944ko urriaren 9a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAlgorta1973ko apirilaren 19a (28 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k)Txikia

Literaturaren Zubitegia: 247

Euskadi Ta Askatasunaren Fronte Militarreko buru nabarmena izan zen bere garaian.

Bizitza

aldatu

Lehenengo urteak

aldatu

Eustakio Mendizabal familia langile, umila eta abertzale batean jaio zen. Gurasoak, Joxe Mendizabal, nazionalista, Gerra Zibilean eta kartzelan izandakoa, eta Arantza Benito. Lau neba-arreba ziren etxean, eta horietatik hiru apaizgaitegira sartu zituzten, ikasketak egiteko.

Eustakio hamar urterekin sartu zuten Lazkaoko beneditarren monasterioan, eta urtebeteko nobiziotza egin ondoren hogeita bi urte bete zituenean irten zen handik.

Monasterioan euskal giroa ere topatu zuen. Lazkaon, Arantzazun bezala, euskal kulturaren berpizkundea bere bideak egiten ari zen, mugimendu sozial berrien aldera.

Euskaltzale egin zen komentuan. Eskura zituen euskal liburu guztiak irakurri zituen bertan. Eta kulturgintza eta euskara izango zituen ardatz bere ibilbidean.

Ordenatu gabe irten zen komentutik urtebeteko baimena eskatuta, eta Beasaingo Pesa lantegian jarri zen lanean. Itsasondon Eskola Soziala eratu zuen, irakasle ikasketei ekin zien, euskarazko eskolak eman zituen...

ETAko militantea

aldatu

Txikia euskaltzale eta olerkari izan zen lehenik, militante baino lehenago. Kulturgintzatik pasa zen ETAko militantziara, garaiko bilakaera natural batean. Bere pentsaeraren muinean euskara zegoen: behin ETAren marko politikoa zein zen galdetu omen zioten: “Hizkuntzak ematen duena”, erantzuna.

Komentuan zen garaitik nabarmen agertu zen bere konpromisoan, euskarazko eskolak eman, eskola soziala sortu, kultur jarduerak antolatu, mobilizazioetan parte hartu, Lazkaoko dorrean ikurrina jarri, Etxebarrietaren heriotzaren ondoko mezan... Martutenen hilabete preso egin zuen jarritako isunak ordaindu nahi ez zuelako. Kartzelan ere euskarazko eskolak eman zituen. Gero, Bilbora jo zuen, eta Compañia Franco-españolaren ontzigintza fabrikan lan egin zuen.

Ihes egin orduko ETAren marka utzia zuen Gipuzkoako hainbat lekutan. 1968ko abuztuan, lagun bat atxilotuta, bere bila joan zen polizia, eta alde egin behar izan zuen. Hasieran, Estibalitzen ezkutatu zen, beneditarren etxean. Gero, Iparraldera jo eta Belokeko komentuan hartu zuen aterpe, Baionan beste iheslariekin bizitzen jarri artean.

1969an Maulen aritu zen espartin-lantegian lanean [1]. Ondarroako Anabel Zubikarai ere bertan ezagutu eta berarekin ezkonduko zen. Ez ziren elizatik ezkonduko. Matalaz eta Ekaitz umeak ere ez zituzten bataiatuko, garai eta giro horietan haustura handia adierazten zuena. Garrüzen, Donapaleu ondoko herrixkan hainbat iheslariren artean antolatutako baserrian bizi ziren garai horietan.

1969an Basauri espetxeko ihesaldia burutzeko kanpoko laguntza antolaketan ibili zen.[1]

Frantziako poliziak bi aldiz atxilotu zuten, bietan mugatik hurbil eta pistola aldean zeramala. Bigarrenean Pabeko espetxera eraman zuten eta gero Poitiersera konfinatu. Berehala ihes egin zuen handik, hilabete pare bat ezkutuan egin eta Hego Euskal Herrira joatea erabaki zuen.

Baionako katedralean egindako gose grebetan parte hartu zuen.

ETA erakundearen barruko bilakaeraren une garrantzitsuak bizi izan zituen: ETA V eta ETA VI. arteko zatiketa, Burgosko epaiketa, Carrero Blanco hiltzeko prestaketa lanak...

Paper nabarmena jokatu zuen ETA V.aren eraketa eta jardunean. Hortik bideratu zen erakundeak bere marka eramango zuen: aktibismoa, zorroztasuna, zintzotasuna...

Txikia ETA V.aren fronte militarreko arduraduna izan zen 1971. urtetik aurrera. Buruzagirik karismatikoena izan zen. Berari egozten zaio ETA ekintza militarrerako berrantolatu izana. Bere esparrua, Tolosatik hasi eta Irunera bitartean zelarik, ETAren ekintzak ugaldu egin ziren eremu horretan batez ere.

Garaiko agiri ofizialetan, ETAren ekintza esanguratsuenetan parte hartu izana leporatzen zitzaion: Beihl kontsularen eta Zabala eta Huarte industrialen bahiketak, Sindikatu Bertikalaren kontrako ekintzetan, hainbat atrakuetan edo dinamita lapurretan.

Fronte Militarreko arduraduna izanik Langile Frontea sustatzearen aldekoa zen. Zabala eta Huarteren bahiketak langile mugimenduaren osagarri modura ere planteatu zituen.

Eskapada ederrak egin zituen poliziaren jazarpenetik: 1972an Hernani eta Urnieta arteko errepidean, urte berean Zumarragan polizia ugariren tiroen artetik desagertu zen arrastorik utzi gabe. Berehala, nonahi agertzen zen ETAko militante mitiko bihurtu zen garaiko abertzaleen artean.

Txikia baserriko gizona zen batez ere, izaeraz eta munduaren ikuskeraz. Militantzian ere hobeto mugituko zen mendi inguruan hiri handietan baino. Edonora joanda ere, mendia non zegoen begiratzen zuen lehenik.

Pertsona fina, langilea, borondatetsua, sutsua, intuizio handiko modura deskribatu izan da Txikia. Bere liburutegian: Che Guevararen liburu guztiak, Clausewitz, Orixeren “Santa Kruz Apaiza” eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak. Zumalakarregiren taktikak ere aztertu bide zituen, Euskal Herrian gerrilla eratzeko bideak sustatzeko.

Heriotza: Ostegun Santua, Algortan

aldatu
 
Algortan hil zuten tokian omenaldia egin zioten 2009ko apirilaren 19an, haren hilketaren 36. urteurrenean, auzitegiaren aginduz Txikia plazako plakak kendu eta gutxira.

ETA besteren artean Madrilen Carrero bahitzeko asmotan zebilen, eta horretarako azpiegitura sendoa beharko zuen. Bilbon Labe Garaiak enpresan atrakua prestatzen bildu ziren militante liberatu gehienak.

Txikia Algortako tren geltokira heldu da Bilbotik, Peixoto zain dauka. Goizean Bilboko Errekalde auzoan polizia segika izan dutela konturatu dira. Algortako geltokia poliziez josita dago, eta baita trena ere. Peixoto eta Txikia korrika hasi dira. Tiroak besterik ez da aditzen. Polizia gehienak txikiaren atzetik, kale artetik eta ortuetan zehar. Tiro bat ipurmasailean zuen, baina alde egin zien. Peixotok ihes egitea lortu zuen beste aldetik.

Txikia errepidera iritsi da, Makaleta etorbidearen ingurua. Auto batera jo, sartu eta arazoak eduki omen zituen autoarekin. Bitartean polizia bat inguratu eta tiro bat egin zion bertatik bertara. Hilzorian egonda, eskuburdinak jarri eta Basurtoko ospitalera eraman zuten. Hogei minutu egin zituen bizirik.

Hiletak hil eta bi egunera egin zizkioten Itsasondon, Aberri Egunez, polizi ugarik inguratuta. Berehala ehorztea agindu zuen Espainiako Gobernu Zibilak, inolako omenaldirik antolatzen utzi gabe.

Zokoan (Ziburu) elizkizuna egin zuen Aita Larzabalek Txikiaren oroimenez, iheslari eta militante abertzalez betetako elizan.

Algortan hil zutenean 28 urte zituen. Itsasondoko kanposantuko bere hilobiko harlauzak bere poema du idatzita:

Ikastol eta eliz askotan
Atea didate itxi;
Atzerritarrak eta seme askok
Lapur bat antzo ezetsi
Nere izena apaldu arte
Iñoiz ezin dute etsi...
Zer egin diet etsai bezala
Ainbat nazaten gaitzetsi?

Getxoko Udalak 1980ko maiatzaren 17an egindako osoko bilkuran Txikia izena eman zion hura hil zuten lekuan gaur egunean dagoen plazari. Horren alde bozkatu zuten PNVk (13) eta HBk (5), UCDk (5) kontra bozkatu eta PSOE (1) abstenitu egin zen bitartean [2]. 2009ko apirilean Bilboko administrazioarekiko auzi-epaitegiaren 5. Aretoak agindu zuen plazako plakak kentzea [3], Dignidad y Justicia elkarteak egindako salaketari jarraiki, auzitegiak erabaki bitartean [4].

Bere aldetik, ETA(pm) erakundeak José Ramón Morán polizia hil zuen Algortan 1975eko apirilaren 22an eta Txikia hil izana leporatu zion. Moranek berak jendeaurrean behin baino gehiagotan esan zuen Txikia berak hil zuela.

Telesforok eginiko abestia: Txikia zuen guda izena

aldatu

Telesforo Monzónek Txikia izenburuarekin bere abestietariko bat eskaini zion Eustakio Mendizabali. Txikiaren heriotzaren ondorengo urteetan, kantatzea borrokatzeko eta errebindikatzeko beste modu bat zela sinesten zen garaian. Kanta hau, klandestinitatean ateratako disko batean zabaldu zen Euskal Herri osoan. Diskoak ez zekarren kantarien izenik, baina harekin ibilitako burkide batzuk baziren: Domingo Iturbe "Txomin", Maite Ormaetxea (Txominen emaztea), Isidro Garalde "Mamarru" eta Manuel Garmendia "Korta".[5]

« Txikia zuen guda-izena

bera gizon osoa izan arren
Mendizabal Sasetaren urrena
biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur euren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
gorputzak arantzaz beterik.

»
Telesforo Monzón

Idazlanak

aldatu

Poesia

aldatu

Jon Aranok bildu eta argitaratu ditu Txikiak idatzitako bertso eta poemak. Dena dela, azken garaiko idatziak eta klandestinitatean zebilenean idatzitakoak ez dira aurkitu. Idatzi, idatzi zituen, baina Guardia Zibilak gurasoen etxetik eramandako paperak eta handik edo hemendik utzitakoen arrastoak galduta daude gaur egun, bere poemagintzaren atal interesgarriena ziur asko.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Ramon, Goikoetxea Sorondo, Jose. (2015-11-19). Mentxakaren aitorpena. Elkarlanean, S.L. ISBN 9788490274873. (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
  2. Getxo Udaletxeak 1980.eko maiatzaren 17an egindako Osoko Bilkuraren akta
  3. “Txikia” gogoratzen duen Algortako plazaren plakak kentzea agindu dute
  4. Omenaldia egin zaio Txikiari Algortan, bere heriotzaren 36. urteurrenean
  5. Zatirik ospetsuenetariko bat besterik ez dugu aipatuko, Monzónek sorturiko hitzak oraindik egile eskubideen pean daudelako: Frantzian sortu zituen, Frantziako legean egile eskubideak egilea hiltzen denetik 70 urteko indarraldia du, eta Monzón 1981ean hil zen.Wikipediagileak: «Législation française sur le droit d'auteur», Wikipedia, l´encyclopédie libre. 2010-10-21ean eskuratua.

Kanpo loturak

aldatu