Euskal diaspora Pazifikoko Gerran

Euskal diaspora Pazifikoko Gerran aritu zen, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako indar armatuetan. Urte luzez euskara Bigarren Mundu Gerran code talker gisa erabili zela esan da[1], baina mito bat da, ziurrenik AEBko zerbitzu sekretuek bultzatua[2]. Izan ere, euskara ezaguna zen alemanentzat zein japoniarrentzat.

Euskal jatorriko Federico Clavería Tiniango guduaren ostean, japoniar ume batekin.

Mitoak mito, euskal diasporako pertsona ugarik hartu zuten parte Pazifikoko Gerran, AEBko militarren adar guztietan[3].

Pazifikoko Gerra aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Pazifikoko Gerra»

Pazifikoko Gerra edo Ozeano Bareko Frontea, Bigarren Mundu Gerran, Ozeano Barean, inguruko uharteetan eta Ekialdeko Asian burututako borroka izan zen; 1937ko uztailaren 7an hasi, eta 1945eko abuztuaren 14an amaitu zen. Ekintza garrantzitsuenak Japoniako Inperioak hainbat herrialderi eraso egin ondoren hasi ziren. Japoniaren aurkari nagusiak (aliatuak, alegia), Txina, AEB, Erresuma Batua (eta Commonwealtheko gainerako herrialdeak, batik bat Australia eta Zeelanda Berria) eta Herbehereak izan ziren.

Japoniako Inperioaren eta Txinako Errepublikaren arteko Bigarren Txina-Japonia Gerra 1937ko uztailaren 7az geroztik egin zuen aurrera, 1931an japoniarren Mantxuriaren inbasioak sortutako liskarren jarraipenarekin[4]. Hala ere, askoz ere onartuagoa da[Oh 1] Pazifikoko Gerra bera 1941eko abenduaren 7an hasi zela (Japoniako orduaren arabera abenduaren 8an), japoniarrek, aldi berean, Hawaii, Wake Uharteak, Guam eta Filipinetan Estatu Batuetako base militarrak eraso zituztenean eta Thailandia eta Malaysia, Singapur eta Hong Kong-eko kolonia britainiarrak inbaditu zituztenean[7][8][9].

Pazifikoko Gerrak aliatuak aurrez aurre jarri zituen Japoniaren aurka, azken hori Thailandiak lagunduta, eta, neurri txikiagoan, Ardatzaren, Alemaniaren eta Italiaren potentziek lagunduta. Japoniarrek arrakasta handia lortu zuten kanpainaren hasierako fasean, baina pixkanaka atzera egin behar izan zuten uhartez uharte mugitzeko estrategia batez. Aliatuek Europaren aldeko jarrera hartu zuten, eta lehentasuna eman zioten Alemania nazia garaitzeari, baina, hala ere, Estatu Batuetako indar industrial handia jasanarazi zien oraindik. Japoniarrek zailtasun handiak izan zituzten itsasontzi eta hegazkinetako galerak ordezteko; AEBko lantegi eta ontziolek, berriz, gero eta gehiago ekoitzi zituzten. Borroketan, historiako itsas borrokarik handienetako batzuk eta Japoniaren aurkako aireko eraso masiboak sartu ziren, baita Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa atomikoak ere.

Japonia baldintzarik gabe errenditu zen, 1945eko abuztuaren 15ean, eta aliatuek okupatu zuten. Japoniak antzinako ondasunak galdu zituen Asian eta Ozeano Barean, eta bere subiranotasuna lau uharte nagusietara eta aliatuek zehaztutako beste uharte txiki batzuetara mugatu zen[10].

Euskal jatorriko militarrak Pazifikoko Gerran aldatu

Ameriketako Estatu Batuetako Marineen Gorputza aldatu

Sancho de Beurko Elkarteak egindako ikerketan euskal diasporako 48 kide aurkitu dituzte Ameriketako Estatu Batuetako Marineen Gorputzean, horietatik 46 Ameriketako Estatu Batuetan jaioak, gehienak Kalifornian, Idahon eta Nevadan. Kideetako bat Federico Clavería izan zen, Mexikon jaioa, baina aita altsasuarra zuena. Denigen Demonioak izeneko fotokazetari taldeko kide izan zen, eta kazetari gisa Kwajeleingo guduan, Saipango guduan eta Tiniango guduan hartu zuen parte[11]. Euskal Herrian jaiotako bakarra izan zen Marineen Gorputzean, Urepelen 1923an jaiotako André Iratçabal Coscarat.

Gehienak migratzaileen seme-alabak ziren, hogeita hamarrek Euskal Herrian jaiotako bi gurasoak baitzituzten, eta soilik 12 ziren bigarren belaunaldikoak. Diasporako kide gehienen jatorria Bizkaia, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko iparraldea ziren. Gehienen aitak Lehen Mundu Gerraren aurretik iritsi ziren, eta gehienen goaren amak aitak baino beranduago. Badira, gainera, anai bikoteak Marineen artean: Benoit eta Frank Oxandaboure Echeverria, Charles eta Samuel Oxarart Marriott eta John eta Peter Uharriet Guillemet.

Guduetan parte hartu zutenak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal diaspora Pazifikoko Gerran
 
Rudolph Iglesias
 
Bernard Elissagaray.

AEBko Marineen Gorputzak sei dibisio izan zituen Bigarren Mundu Gerran, eta seietan zeuden euskal diasporako kideak. Lehen Dibisioan bost euskal marine zeuden, horietatik hiru 5. Erregimentuan. Euren artean zegoen Rudolph Iglesias Nachiondo, Gloucesterko Lurmuturreko guduan, Talaseako guduan eta Peleliuko guduan parte hartu zuena; Okinawako guduan egindako ekintzengatik Zilarrezko Izarra eskuratu zuen[12]. Bigarren Dibisioan izan zen euskal jatorriko Marineen gehiengoa, hamahiru. Horietako bat Laurence Urizalqui Zalba izan zen, Saipango guduan, Tiniango guduan eta Okinawako guduan parte hartu zuena.

Hirugarren DIbisioan bi marine izan ziren eta Laugarren Dibisioan bost, horietatik lau 24. Erregimentuan. Bernard Elissagaray Amestoy talde honetakoa zen, Saipango guduan hartu zuen parte eta Tiniango guduan zauritu zuten. Bosgarren Dibisioan marine bakarra egon zen, Albert Pagoaga Yribar, 27. Erregimentuko E Konpainiakoa, Iwo Jimako guduan zauritua. Konpainia horretako 200 kideetatik soilik 32k biziraun zuten[13]. Seigarren Dibisioan bi marine izan ziren. John Salaberry Berrak Zilarrezko Izarra eskuratu zuen Guadalcanalgo Kanpainan, bere kide bat salbatzeagatik. Tarawako guduan ere parte hartu zuen Bigarren Dibisioan, eta Saipango guduan eta Tiniango guduan seigarrenean[14].

Abiazio unitateetako hainbat kide ere izan ziren, batzuk irakasle gisa, baina beste batzuk ere pilotu gisa. Bost marine Gorputz Anfibioetako 1. eta 5. gorputzetan aritu ziren. Philip Olano Hernandez Zeelanda Berrian izan zen tankeen aurkako armamentuaren arduradun. 1943an Marineetara eraman zuten, eta Tarawako guduan hil zen.

Defentsan geratu zirenak aldatu

Hiru marine Marineen Gorputzeko defentsa batailoien parte izan ziren. Batez ere Ozeano Bareko kostaldea eta Islandiako kostaldea zaindu behar zuten. Wake, Midway, Johnston atoloia, Palmyra atoloia eta Samoa Estatubatuarra defendatzen zuten operazioetan hartu zuten parte. Palmyran 1942 eta 1943an aritu zen Peter Araquistan Garrachena. Samoaren babesean William Amestoy Munn, eta Midawayn egon zen hiru urtez Martin Jauregui Alvarez.

Gerra amaitu ostean Benoit Oxandaboure Echevarria Kaledonia Berrian eta Ginea Berrian aritu zen, baina beranduago marine oso gutxi izan zituen talde baten parte bidali zuten Ipar Afrikara eta Europara. Bere anaia Frank Oxandaboure Echevarria kaboa ere Pazifikoan izan zen, abiazioan.

AEBn aritu ziren beste batzuk, administrazioan edo heziketan. Horietako bat izan zen Pete T. Cenarrusa kapitaina, euskal diasporako kide eta politikari ezaguna, kadeteen instruktore izan zena gerra osoan zehar[15].

Hildakoak aldatu

Bost izan ziren hildako marineak Bigarren Mundu Gerran, parte hartu zutenen %10,4[Oh 2]

Bigarren Dibisioko Tankeen 2. Batailioiko C konpainiako Sebastián Garde Baca Tarawako guduan hil zen, 27 urte zituela. Hurrengo egunean Philip Olano hil zen, leku berean. Lawrence Erburu Laugarren Dibisioko 24. erregimentuko L konpainiakoa Kwajelaingo guduan eta Saipango guduan hartu zuen parte; bertan hil zen, alderdi bereko suaren ondorioz, 21 urte zituela. Lawrence Amoriza Guerricabeitia, Lehen Dibisioko 5. erregimentuko 1. batailoiko kidea Okinawako guduan hil zen, 19 urte zituela.

Gerra amaitu ostean, Felix Ordoquihandy Barthelemy soldadua, Amorizaren kidea, Okinawako uretan itota hil zen, 21 urte zituela. Istripua baino lehen, Peleliuko guduan ere izan zen.

Euskararen erabileraren mitoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskara Bigarren Mundu Gerran»

Euskara Bigarren Mundu Gerran segurtasuna lortzeko erabilitako sistemetako bat izan zela mantendu da urte luzez[16], nahiz eta gertakari hau zalantzen jar daitekeen, mitoaren esparruan zein gertakari isolatuaren esparruan jarrita[17].

Bigarren Mundu Gerran, mezuen transmisioa eraginkorra izatea beharrezkoa zen, etsaien transmisioak etenaz edo eragotziz garaipen garrantzitsuak lor zitezkeelako. Horrela, mezu kodetuak deszifratzea gatazkan murgilduta zeuden armada guztien helburu bihurtu zen. Ildo horretan, Amerikako Estatu Batuetako armadak erabili zituen ezkutuko transmisioen eraginkortasuna areagotzeko aurkariarentzat ezezagunak ziren hizkuntzak, code talkers taldeak sortuz, kode hiztunak alegia, ohikoan AEBetako zenbait komunitate amerindiarretakoak taldeka erabilita.

Euskara erabilitako hizkuntzetako bat izan zela esan da, ziurrenik Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen eraginez. Nolanahi ere, teoria hori mitoaren esparruan jartzen duen lana argitaratu zuten 2017an Pedro J. Oiarzabal eta Guillermo Tabernilla ikerlariek, euskararen erabilera zein aipatzen diren pertsonaien inguruko datuak ezeztatuz

Oharrak aldatu

  1. "Berrigeita hamahiru hilabete luzez, 1937ko uztailetik aurrera, Txina bakarrik geratu zen, Japoniaren aurka deklaratu gabeko gerra baten aurka borrokatzeko. 1941eko abenduaren 9an, Japoniak Pearl Harborren aurka ustekabeko erasoaren ondoren, Txinak gerra deklaratu zuen azkenean Japoniaren aurka. Bi herrialderen arteko gerra izan zena Ozeano Bareko gatazka askoz zabalago baten zati bihurtu zen"[5][6]
  2. Marineen heriotza tasa orokorra %4,1 izan zen gerran.

Erreferentziak aldatu

  1. «La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones», Diario Vasco, 1952-12-26.
  2. (Ingelesez) Oiarzabal, Pedro J.. «El enigma del mito y la historia: ‘Basque code talkers’ en la Segunda Guerra Mundial. La OSS y el Servicio Vasco de Información—la Organización Airedale» Saibigain (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).
  3. (Gaztelaniaz) «Los otros vascos de la Batalla de Guadalcanal (1942): La Historia frente al mito» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  4. MacLeod 1999, 1 orr. .
  5. Ch'i 1992, 157 orr. .
  6. Sun 1996, 11 orr. .
  7. Drea 1998, 26 orr. .
  8. Costello 1982.
  9. Japan Economic Foundation, Journal of Japanese Trade & Industry, Volume 16, 1997
  10. Takemae 2003, 516 orr. .
  11. (Gaztelaniaz) «El marine navarro Federico Clavería, primer corresponsal en la SGM» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  12. (Ingelesez) «Fallece el marine vasco Rudolph Iglesias, el último héroe de nuestro calendario de 2018» www.fightingbasques.net (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  13. (Gaztelaniaz) Beurko, Asociación Sancho de. (2020-03-02). «Albert Pagoaga, un marine vasco en la batalla de Iwo Jima» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  14. (Gaztelaniaz) «Sancho de Beurko Elkartea reivindica el papel de los otros vascos en Guadalcanal (1942): "la Historia frente al mito"» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  15. (Gaztelaniaz) «Pete T. Cenarrusa, amor por lo vasco» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  16. 1944-, Arasa, Daniel,. ([2001?]). Los españoles en la Guerra del Pacífico : entre Pearl Harbor y la masacre de Manila : Franco-Hirohito, de semialiados a enemigos de conveniencia. Laia Libros ISBN 9788493211417..
  17. (Ingelesez) Oiarzabal, Pedro J.. «El enigma del mito y la historia: ‘Basque code talkers’ en la Segunda Guerra Mundial. La OSS y el Servicio Vasco de Información—la Organización Airedale» Saibigain (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu

 
Biografia hau Sancho de Beurko Elkarteak egindako Fighting Basques: Memoria de la Segunda Guerra Mundial ikerketa proiektuaren parte da. Gehiago jakiteko: https://www.fightingbasques.net