Baso sakratu
Baso sakratua kultura jakin baterako garrantzi erlijioso berezia duen baso edo basotxoa da. Baso sakratuak oso ugariak ziren historiaurreko Europan eta Ekialde Hurbilean, baina mundu osoan daude. Zelten, baltiarren, germaniarren, antzinako greziarren, Ekialde Hurbileko herrien, erromatarren eta eslaviarren mitologian eta praktika erlijiosoetan oso garrantzitsuak ziren, baina Indian, Japonian eta mendebaldeko Afrikan ere existitzen ziren.
Greko-erromatar temenosak, norvegiar hörgr eta druiden praktikekin loturiko nemeton zelta baso sakratuaren adibide nabarmenak dira. Gurutzadetan zehar antzinako baso sakratuen lekuetan elizak eraikitzea ohikoa zen.
Ekialde Hurbila
aldatuLabraunda hirian, Kariako kostaldean, santutegi handi bat aurkitu da, non Herodotok platanazeoen baso sakratu handi batean kokatu zuen. Sirian, Apheka hirian, baso sakratu bat zegoen, Adonisi eskainia.
Antzinako Grezia eta Erroma
aldatuAntzinako Greziako baso sakraturik ospetsuena Dodonako hariztia zen. Grezian, Atenasko Akademia zegoen tokian, olibondoen baso sakratu bat zegoen, egun "Akademiaren basoa" izenaz aipatua. Homerori esker oso ezagunak ziren Persefoneri sagaraturiko basoak ere bazeuden. Azkenik, Olmeo izeneko basoa ere bazen, Helikon mendiaren magalean.
Italiako erdialdean, Nemi hiribilduak Nemus Aricinu edo Aricciako basoa izena zuen. Antzina, bertan ez zegoen etxerik, Diana Nemorensisen tenplua bakarrik, James Frazierrek Urrezko abarra idazteko inspirazio iturria izan zena.
Vestaren birjinen etxearen atzean, Erromako foroaen muturrean, baso sakratu bat zegoen, 64. urteko Erromako Sute Handian erre zena.
Spoleto herrian, Umbrian, latin zaharrean idatzitako K.a. III. mende amaierako bi harrik, Jupiterri eskainitako basoen profanazioagatik zigorrak ezartzen dituzte (Lex Luci Spoletina). Egun Spoletoko Museo Arkeologiko Nazionalean daude.
Bomarzoko lorategian baso sakratu bat dago, Baso Sakratua (italieraz: Sacro Bosco) izenekoa.
Marseillako hiriak, kolonia greziarra izandakoak, Julio Zesarrek setioa errazteko moztu zuen baso sakratu bat zuen. Lukano poetak Farsalia bere lanean baso txiki hau hilezkortu zuen.
Herrialde Baltikoak
aldatuEskualde honetako santutegi eta baso sakratu nagusia Romuvan zegoen, Prusia pagano zaharreko eskualdeetako bat Sambiako mendebaldean. Baso sakratuen sarraskia kristautzearen ondoren gertatu zen, Lituanian 1387an eta Samogitian 1413an. Baso batzuk, Šventybrastis herrikoa kasu, bizirik diraute oraindik. Lituanieraz alka esaten zaie.
Eskandinavia
aldatuBaso sakratuak eskandinaviar mitologiaren ezaugarrietako bat ziren. Garrantzitsuena Uppsalako tenplua zen, Gamla Uppsalan kokatua, non zuhaitz bakoitza sakratutzat jotzen zuten. Blótaren praktika, sakrifizio errituala, lundetan edo baso sakratuetan egiten zuten. Kondairaren arabera, erregeek bederatzi urtean behin baso sakratuetan espezie bakoitzeko bederatzi ar sakrifikatu behar zituzten.
Germaniar herriek ere zuhaitzak gurtzen zituzten eta baso sakratu kontzeptua erabiltzen zuten.
Zeltak
aldatuZeltek beren erritualak egiteko baso sakratuak, galeseraz nemeton deituak, erabiltzen zituzten. Leku horren jainkoa Nemetona zen normalean, eta druidek zuzentzen zituzten erritual horiek. Alemanian, Suitzan, Txekiar Errepublikan, Hungarian, Frantzian (Galia zaharreko leku askotan) eta Ingalaterran eta ipar Irlandan baso sakratuak aurkitu dituzte. Bere urrezko aroak k.a. I. mendean erromatarrek Galia inbaditu zuten arte iraun zuen.
Nemeton ezagunenetako bat Néveteko basoa zen, egungo Locronandik gertu, Bretainian zegoena. 10 km inguruko perimetroa duen lauki handi bat da, zelten urteko hamabi hilabeteak irudikatzen dituzten hamabi puntu garrantzitsuak, menhirrek markatuta ziurrenik, zituena. Nemetonak batzuetan egurrezko hesi batez babestuta daude, Viereckschanze alemanezko terminoak adierazten duen bezala: lau angeluko espazioa, ubide batez inguratua eta egurrezko oholesi batez itxia.
Baso horietako asko, egungo Turkiako Didimako baso sakratua kasu, mitologia zeltaren arabera, druidek babestutako nemetonak izan zirela uste dugu. Estrabonen arabera, Galaziako santutegi nagusia Drumeneton izenez ezagutzen zuten. Batzuek beren kategoriari eutsi zioten, Didimakoa kasu, baina gehienak aldaketen biktima izan ziren.
India
aldatuIndian, baso sakratuak herrialde osoan sakabanatuta daude. Babes ofizialik gabe, GKE batzuek bakarrik tokiko komunitateekin baso hauek babesteko lan egiten dute. Baso bakoitza jainko bati lotuta dago, eta izen desberdinak dituzte Indiako lekuaren arabera. Jainko gehienak hinduak dira, baina baso batzuek jatorri islamiar eta budistak dituzte. Leku batzuk ez dira berez basoak, sastrakadiak baizik; izan ere, mota horretako leku sakratuak daude Rajastango Thar basamortutik (bishnoiek mantentzen dutena) Keralako mendebaldeko Ghatetako baso euritsura arte. Ugaritasun handiena iparraldeko Himachal Pradesh eta hegoaldeko Kerala estatuetan ematen da.
14.000 baso sakratu inguru ezagutzen dira Indian, oso ohikoak ez diren fauna- eta flora-erreserba bihurtuak. Baina, zenbait adituren ustez, ehun mila baino gehiago egon litezke, urbanizazioa, baliabideen gehiegizko ustiapena eta ingurumenaren suntsipena bezalako arazoekin.
Afrika
aldatuSaharaz hegoaldeko Afrika osoan baso sakratuak daude. Ziur aski, ezagunenak mendebaldeko Afrikako Ghanako baso sakratuak izango dira. Ezagunenetako bat Techiman hiriko Buoyem izenekoa da, non Megachiroptera subordenako 20.000 saguzar inguru dauden.
Antzinako Ghanako Inperioko hiriburuan, Kumbi Saleh hirian, al-gâba izeneko baso sakratu bat zegoen, non soninkeek beren erritualak praktikatzen zituzten. Gaur egun, baso horietako asko babespean daude, Esukawkaw Baso-Erreserbaren parte den Amweamekoa kasu. Ghanako kostaldean baso eta sabana eremuak hartzen dituzten baso sakratuak garrantzitsuak dira.
Nigerian historiaurretik existitzen dira; garrantzitsuena Gizateriaren Ondarea den Osun-Osogboko baso sakratua da. Osogbo hiriaren ondoan kokaturik, Nigeriako azken gune birjinetako bat da. Joruba erlijioaren emankortasunaren jainkoari eskainia, bertan santutegiak eta eskulturak jarri dituzte.
Afrikako beste baso sakratu batzuk Kenyako Kaya basoa, Etiopiako Sheka basoa eta Senegalgo Oussouye edo Usuy komunitateko baso sakratua dira.
Baobaba zuhaitz sakratutzat hartzen da ia herrialde guztietan.
Japonia
aldatuAntzinako japonierazko mori (japonieraz: 森 ) hitza, "baso" esan nahi duena, 杜 ("baso sakratu") edo 社 ("santutegi") idatzi dezake. Japoniako baso sakratuak xinto edo jinda santutegiei lotuta egon ohi dira. Japoniar zedroa praktika xintoistetan gurtutako zuhaitz mota bat da.
Baso xintoistarik ezagunena Nagoiako Atsuta-ku izenekoa da, 1.500 hektareakoa eta Kashimako santutegiari lotua. Beste santutegi garrantzitsu bat Kamokoa da, bere inguruan Tadasu no Mori baso sakratua duena. Hau Kamo ibaiaren ertzetan dago, Kyototik ipar-mendebaldera.
Okinawan, ryukyuar erlijioari lotutako baso sakratu mota bat dago, utaki izenekoak. Hauek gurtzeko lekuak dira, eta horien artean, Gizateriaren Ondarea den Seifa-utaki nabarmentzen da. Hau haitzulo triangeluar bat da, kubanoki, yabunikkei edo Cinnamomum japonicum bezalako zuhaitzak dituen baso sakratu oso arraro batekin.
Aokigahara, Zuhaitzen Itsasoa izenaz ere ezagutzen dena, Fuji mendiaren ipar-mendebaldean dagoen 35 kilometro karratuko baso bat da, Yamanashi eta Shizuoka prefekturen artean dagoena. Leku hau oso arriskutsua da; japoniar askok suizidioa egiteko leku gogokoena izateagatik dekretatu zuten horrela.
Bibliografia
aldatu- James Frazer, The Golden Bough, Dover reprint of 1922 abridged edition, (ISBN 0-486-42492-8)
- Hutton, Ronald: The Druids, p 97 ISBN 978-1-85285-533-8
- Kruta, Venceslas: Les Celtes, Histoire et dictionnaire, Robert Laffont, coll. Bouquins, Paris, 2000, (ISBN 2-7028-6261-6)
- Meuleau, Maurice: Les Celtes en Europe, Éditions Édilarge, Rennes, 2004, (ISBN 2-7028-9095-4)
- Jones, Horace L.: ed. and tr. The Geography of Strabo. Vols 1-8, containing Books 1-17. Harvard University Press and Heinemann, 1917-32
- Malhotra, K. C., Ghokhale, Y., Chatterjee, S. and Srivastava, S.: Cultural and Ecological Dimensions of Sacred Groves in India, INSA, New Delhi, 2001
- Homero, Odisea: X. atala
- Guha, Ramachandra: The Unquiet Woods, University of California Press, 2000 (ISBN 978-0520222359)
- Campbell, Michael O'Neal: "Traditional forest protection and woodlots in the coastal savannah of Ghana", Environmental Conservation (2004), 31: 225-232 Cambridge University Press
- Amoako-Atta, Boakye: Preservation of Sacred Groves in Ghana: Esukawkaw Forest Reserve and its Anweam Sacred Grove, Working Papers, South-South Co-operation Programme for Environmentally Sound Socio-Economic Development in the Humid Tropics, UNESCO
- C. Dorm-Adzobu, O. Ampadu-Agyei, y P. Veit: Religious Beliefs and Environmental Protection: The Malshegu Sacred Grove in Northern Ghana; World Resources Institute and African Centre for Technology Studies, Washington DC, 1991
- Secretariat of the Convention on Biodiversity: "Protected Areas in Today's World: Their values and benefits for the welfare of the planet," CBC technical Series No. 36.
- Terry, Philip. (1914). Terry's Japanese empire, p. 479.