Sardako balea

Eubalaena generoko ipar atlantikoko espeziea, euskal arrantzaleek harrapatzen zutena baina gaur egun oso urria dena

Ipar Atlantikoko sardako balea edo euskal balea (Eubalaena glacialis) Balaenidae familiako zetazeo mistizetoa da. Balea-bizarrez hornituta dago eta Eubalaena generoko hiru espezieetako bat da. Ipar Atlantikoan 300-450ren bat euskal balea bizi dira.[1]

Sardako balea
Euskal balea ama eta kumea.
Irudi gehiago
Iraute egoera

Galzori larrian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBalaenidae
GeneroaEubalaena
Espeziea Eubalaena glacialis
(Müller, 1776)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia1 urte
Genomaren kokapenadnazoo.org…
19. mendeko ilustrazioa, espeziea Balaena biscayensis izenarekin ezaguna zenekoa.)

Ezaugarriak

aldatu

Beste sardako balea biak legez, euskal balea ere, erraz bereizten da beste baleetatik, buruan dituen maskurrengatik, bizkar-hegats bako bizkar zabalagatik eta begien gainean hasten den aho luze makotuagatik. Balea hauen gorputza gris oso iluna edo beltza izaten da, batzuetan gune zuri batzuekin sabelean. Sardako baleen maskurrek zuriak dirudite, ez azala zuria izateagatik, baizik eta haietan bizi diren balea zorri-kolonia handiengatik.

Sardako balea helduak 11-17 metro luze eta 64.500 kilogramo izatera hel daitezke. Neurtutako handienak 18 metroko luzera eta 106.000 kilogramoko pisua zuen. Emeak arrak baino handiagoak dira eta 9 edo 10 urte izan arte ez dira hasten kumeak izaten. Ernaldiak urtebete luze irauten du. Azken urteotan jaiotzen arteko tartea handitu dela dirudi eta orain, batez beste, hiru eta sei urte artekoa da. Jaiotzen direnean kumeak 4-4,5 metro luze dira. Euren bizitzaren iraupenari buruz ez dago datu askorik, baina, gutxienez, 50 urtekoa izan daitekeela uste da. Espezie hurbil batzuena, berriz, 100 urte baino luzeagoa izaten da.

Espezieak zenbait izen taxonomiko jaso ditu sailkatzaileen artetik, adibidez Balaena biscayensis Daniel Frederik Eschricht biologoaren eskutik 1860an[2], baina Eubalaena glacialis izena finkatu da 20. mendean.

Balea arrantza

aldatu
 
Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea, Orion (Gipuzkoa), 1901ean.
 
Balea arrantza, zurezko ontzi txikitan eta eskuzko arpoiak erabiliz, jarduera arriskutsua zen, baita sardako balea harrapatzen zenean ere.
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko baleazale»

Sardako baleak ingelesez right whales (hau da, balea egokiak) izendatzen dituzte, behinola balea arrantzaleek harrapatzeko egokienak hauek zirela uste zutelako. Izan ere, sardako balearen gorputzaren %40 dentsitate gutxiko gantza da eta, beraz, beste mota askotako baleak ez bezala, hil eta gero ur gainean geratzen da. Horri sardako balea uretan astiro mugitzen dela gaineratuz, balea hauek harrapakin egokiak ziren zurezko ontzi txiki eta eskuzko arpoiekin bakarrik baliatzen ziren bale arrantzaleentzat.

Euskal Herriko baleazaleak lehenengoak izan ziren sardako balea harrapatzen salerosketan aritzeko. XI. mendean hasi ziren jarduera ekononiko hori industrialki burutzen Bizkaiko golkoan. Baleak hasieran olioa lortzeko harrapatzen zituzten baina, okela kontserbatzeko teknologia hobetu zenean, elikagai legez ere erabili zituzten. Balea arrantzale euskaldunak 1530erako heldu ziren Kanadako sortaldera[3] eta 1602rako Todos os Santos Badiaren itsasertzeraino (Bahia, Brasil). Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) hasi baino lehen egin zituzten euskaldunek baleak harrapatzeko euren azken bidaiak. Jarduera berpizteko arrakastarik gabeko saiakera gutxi batzuk egin ziren, baina huts egin zuten denek. Euskaldunek jarraitu zuten noizbehinka balea batzuk harrapatzen euren itsasaldearen inguruan, baita XIX. mendean ere.

Amerikako kolonia berrietako balea arrantzaleek ordezkatu zituzten euskaldunak: Yankee whalersek. Nantucket eta Long Islandetik abiatuta, amerikarrak urte batzuetan 100 sardako balea harrapatzeko gai ere izan ziren. 1750 inguruan Ipar Atlantikoko sardako balea ia desagertuta zegoenez, ehiza horrek ez zuen errentagarritasun handirik eta balea arrantzale amerikarrak Hego Atlantikora mugitu ziren, XVIII. mendearen amaiera baino lehen.

1937an, argi geratu zenean sardako balea ia desagertzear zegoela, mundu osoan haren arrantza erabat debekatzea onartu zen. Debekua nahiko arrakastatsua izan zen, hamarkada batzuez, debekua urratuz, haien arrantzak jarraitu bazuen ere. Madeirak 1968an harrapatu zituen bere azken bi sardako baleak.

Nabigazioa

aldatu

Txosten berri batzuen arabera, Ipar Atlantikoko sardako balearentzat arriskurik handiena Ipar Amerikaren ondoko nabigazioari lotuta dago. Itsasontziekin izandako talken eraginez izaten diren heriotzak sardako baleak desagertzeko zorian jartzen ari direlako susmoa zabalduz doa[4]. Estatu Batuetako gobernuak Boston inguruko itsas ibilbide batzuk aldatu ditu 2007 urtean baleekiko talkak gutxitzearren, batez ere (Ipar atlantikoko) sardako baleekin izandako talkak[5].

Kopurua eta banaketa

aldatu
 
Ezaugarri nagusiak, kopurua eta banaketa.

400 (Ipar Atlantikoko) sardako balea inguru daude, ia guztiak Atlantikoaren Ipar-sartaldean. Udaberrian, udan eta udagoienean, Kanadako eta Estatu Batuen ipar-sortaldeko itsas bazterretan elikatzen dira New Yorketik Eskozia Berriaraino dauden guneetan. Fundy badiako eta Cape Cod badia lurmuturreko (bakailaoaren badia lurmuturra) elikaguneak oso erabiliak dira. Neguan, Georgia eta Floridarantz abiatzen dira, erditzeko.

Joan diren azken hamarkadetan ale gutxi batzuk ikusi dira sortalderantzago; batzuk Islandia ondoan, 2003an. Baliteke geratzen diren ia desagertuta dagoen lehengo sortaldeko populazioaren ale bakanak izatea, baina lehengo bale arrantzaleen testigantzen arabera, gertagarriagoa da sartaldetik harantz urreratutako aleak izatea[3]. Hala ere, Norvegia, Irlanda, Espainia, Portugal, Kanariar uharteak eta baita Sizilia ondoan ere ikusten dira normalean baten batzuk[6] eta Norvegiakoak gutxienez sortalde ingurukoak dira[7].

2020an, North Atlantic Right Whale Consortium elkarteak ohartarazi duenez bale mota honen desagertzea oso denbora laburrean gerta liteke, 10-12 urteko epean.[8]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Gehienez, 450 baino ez» Berria 2018-01-26.
  2. «World Cetacea Database - Balaena biscayensis Eschricht, 1860» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-12).
  3. a b Kenney, Robert D.. (2002). «North Atlantic, North Pacific and Southern Right Whales» in William F. Perrin, Bernd Wursig and J. G. M. Thewissen The Encyclopedia of Marine Mammals. 806-813 or. ISBN 0-12-551340-2..
  4. BBC News: Shipping threat to endangered whale
  5. North Atlantic Right Whale Ship Strike Reduction: NOAA Fisheries
  6. Martin et al.. (1997). «SIGHTING OF A RIGHT WHALE (EUBALAENA GLACIALIS) WITH CALF OFF S. W. PORTUGAL» Marine Mammal Science vol. 13. no. 1 p 139 (NOAA) (Noiz kontsultatua: 2006-10-26).
  7. Jacobsen et al.. (2004). «TWO-WAY TRANS-ATLANTIC MIGRATION OF A NORTH ATLANTIC RIGHT WHALE (EUBALAENA GLACIALIS)» Marine Mammal Science vol. 20. no. 1 p 161 (Noiz kontsultatua: 2006-10-26).
  8. «Euskal balea uste baino arinago ari da desagertzen: 356 buru baizik ez dira geratzen itsasoan» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).

Bibliografia

aldatu
  • Bontigui Eskisabel, Joseba A. (2002): Baleekin jolasean: Sardako balea edo euskal balea = Jugando con ballenas: la ballena franca o ballena de los vascos. Eusko jaurlaritza, Ingurumena eta lurralde politika. ISBN 978-84-457-1896-4

Kanpo estekak

aldatu