Zaldia euskal mitologian

Zaldia euskal mitologiaren irelu edo jenio mota bat da, zaldi itxurakoa.

Zaldia euskal mitologian
Euskal Herriko mitologia
Ezaugarriak
Behor beltz batek bahitu zuen Etsoinberriko neskamea, Obantzungo leizera eramateko

Irelu hau askotan leizetako biztanle edota zaindari azaltzen da, eta Mari jainkosarekin zein Sugaar bere senarrarekin lotutako izakia da. Batzuetan harpetara lotuta agertzen da ere, Mariko beste hainbat irelu bezala.

Zamari Zuria, zerealaren izpiritua islatzen duen zaldi irelua, zaldiz mozorrotako dantzariak irudikatzen du Zuberoa maskaradetan zein Gipuzkoako jaietan[1].

Zaldia eta gizakiaren arteko harreman historia aztertzerakoan, bere esanahi kulturala barne, zera hartu behar dugu kontutan; zaldia askoz mende gehiago izan dela ehizagai gaur egungo etxekotutako aberea baino [2].

Zaldia, aldi berean, Euskal Herriko Labar-artean sarri islatua agertzen da eta teoria ezberdinak daude abere hauek Paleolitoan gizakien sinismenetak jokatzen zuten paperaren inguruan.

Pottoka euskal mitologian

aldatu

Euskal Herriko mendietan, bertako zaldi arraza batek aspaldidanik gaur egun arte iraun du. Pottokak dira, eta Euskal Herriko mendietan baldintza erdi basatietan bizi izan dira. Zalantzarik gabe, mendi eta basoetako pottokak Zaldia ireluaren inguruko sinesmen iturri nagusi izan dira euskaldunen artean. Hala ere, Euskal Herriko mendietan beste zenbait zaldien arraza daude, baina ez pottoka bezain antzineko eta basatiak.

Sakontzeko, irakurri: «pottoka»

Euskal Herriko historiaurreko leizeetako labar-pinturetan pottokak gogora ekartzen dizkiguten zaldien irudiak agertzen dira oso maiz. Ekaingo leizean batez ere (Deba). Zaldien marrazkiak gordetzen dituzten beste leizeak hauek dira: Altxerri, Atxeta, Santimamiñe, Torrea, Aldekerdi, Urkiaga , Izturitze.

Zaldia labar-artean

aldatu

Jose Migel Barandiaranen arabera, zaldien margoa hauek baliteke mitologian pottokek leizeekin duten loturarekinzer ikusirik izatea, behigorriaren kasuan bezala[3].

Irelu hauen gustuko zenbait leize eta parajeak

aldatu

Elezaharrak

aldatu
  • Atharratzen kontatzen zuten, Lexarrigibele izeneko harpean, Ahuskiko magalean, Alzaitik gertu, zaldi zuri bat bizi omen zela. Behin eskualde hartako mutil bat bahitu zuen. Mutila ez zegoen ondo integratuta bere inguruan. Elezaharraren beste aldaera batean egun batean bi mutilek zaldi eder bat topatu zuten inguru hartan. Igandea zen eta hietako batek meza osoa entzunda zuen. Zaldi gainean igo zen baina aberea ez zen mugitu. Bestea ordea, meza entzun gabe zegoela, zaldi zuriaren gainean igotzerakoan, abere-irelua airetik hegaz altxatu zen eta Lexarrigibeleko leizetik sartu zen bere zaldizko malerusarekin [4].
 
Pottokez gain, bertako beste zaldi arrazak izan dira Euskal Herriko mendietan. Auritzekoak, Mendiko zaldia arrazakoak... haiek ere zaldi magikoei buruzko istorioen oinarrian daude. Argazkian mendiko arrazako zaldiak Bianditzen.

Baserrikoek behor bat zuten. Aberea egunero bidaltzen zuten mendira eta iluntzean jaso. Etxeko morroi-neskameak egunero egiten zuten lan hori. Ohitura zuten aurrenekoa behorra ikusten zuena, bere gainean etxera itzultzeko. egun bat neskamea izan zen lehengoa behorra ikusten eta halaxe esan zuen: Horra hor gure behor beltza, eta korrika abiatu eta aberearen gainera igo zen. Igo orduko behorra arrapaladan abiatu zen Obantzungo leizera eta bertan sartu zen bere zaldizkoarekin. Morroia luze egon zen leize barnera begira bere lagunaren bila, baina ez zuen ezer topatu.

Baserriko bidean galdetzen zuen bere buruari: "ze behor klase zen hori" , orduna ikusi omen zuen Etsoinberriko benetako behorra sakon batean lasai lasai larretzen.

Handik denboraldi batera, Etsonberrikoek arropa garbitzera joan ziren Itturrarango iturrira, eta bertan topatu zituzten bahitutako neskamearen belarritakoak eta eraztuna.

  • Aizkorri inguruan toponimo bat dago bertako artzainek Beorzurieta deitua.

handik gertu Akategiko damea, hau da, Mariren abatarretako bat bizi omen zen [5].

  • Aralarreko Putteriko larreetan, bere ardiak larretzen ari zen artzain bati zaldi zuri baten gainean zebilen gizon bat azaldu zitzaion, eta mendi hartako leizea non zegoen galdetu zion. Zaldunak artzainari urrezko txanpon bat eman zion saritzat, eta joan zen. Txanpona hauts bilakatu zen arztzainaren eskuetan.
  • Ataunen esaten denez, Artzateko mendi lepoaren gainetik, aurrez aurre dauden Gurutzeberri eta Azpildiko harkaitzen erdian, behin batean, ezin konta ahala suzko zaldi igaro ziren Sugaarzuloren parean [6]. Amildegiaren gainetik eta harkaitzean zehar doan bidexka estu baten ondoan dago leize hori. Amildegiaren alde batetik bestera jauzi egiten zuten suzko zaldi hauek.

Suzko zaldiekin ikuskizun berbera posiblea zen ikustea gauez Igartu mendian. Bertan baserri zahar baten hondakinak ikusi daitezke.

Ibaiei lotutako izaki gaizto batzuk zaldi-irudian agertzen dira. Zeberioko emakume baten aitona medikuaren berdinketak kobratzera atera zen goizaldean, eta zaldi-hotsa entzun zuen eliza ondoko errotaren ibilgutik; aitaren egin zuen, beldurtuta, eta zaldi bat ikusi zuen lauoinka bizian, gainean gizon bat zeramala, eta uretan murgildu zen, zaldun eta guzti .

Orozkoko informatzaile batek kontatzen zuenez, era bereko behor batzuk txinpartak botatzen hasi ziren eta haien gainean dibertitzeko igotako gazte «alai» batzuk hankaz gora bota zituzten [7]. Kontakizun honek gogora ekartzen du Okzitaniako Drac irelua, mando gorri edo zaldi zuriaren itxuran erreka edo ibai bazterretan agertzen dena eta jendea bere gainera igotzerakoan haiekin batera uretara amiltzen dena bertan itotzeko.

Behor beltza eta sorgina

aldatu

Eguzkia argitu baino lehen Sunbillako aita-semea ospetsau zen Ausako Maria Ortiz petrikiloarengana zihoazen, Ultzamako haranean.

Armuñegi errekastoaren alboan pasatzerakoan, ezustean behor beltza jarri zitzaien aurrean. Gizonak bidean aurrera zihoazen baina behor beltza denbora guztian euren aurrean zihoan. Semea beldurtu zen aberearen portaera ez ohikoagatik eta aitari galdetu zion ea zer ote zen abere hura. Aita erantzun zion beldurrik ez izateko, behor hura sorgin bat zela, besterik ez egunsentiarekin behor beltza desagertu omen zen [8] .

Behor zuriaren kondaira

aldatu
« Ba omen zen behin hiru alaba zituen gizon aberatsa. Egun batean, belarri atzean zerbait sumatzen zuela eta, alaba gazteenari han zer ote zuen begiratzeko eskatu zion. Alabak, Maider izenekoa, zorri bat aurkitu zuen. Gizonak zorria eltzean sartzeko agindu zion. Zorria hazi eta hazi hasi zen. Oso denbora laburrean asko hazi zen eta eltzea lehertu egin zuen. Orduan, aitak barrika batean sartu zuten zorria, baina hura ere lehertu egin zuen. Azkenean akabatu eta haren larrua leihotik zintzilik jarri zuten.

Gizonak orduan, mundu guztiari jakinarazi zion bere alabetako bat eskua emango ziola larru hura zein animaliarena zen asmatzen zuenari. Haren dotorean usainera gate asko agertu zen, baina haietako bakar batek ere ez zuen erantzun zuzenik eman. Egun batean, urrez jantzitako gizon dotore bat azaldu zen. Etxe aurrean jarri eta zintzilik zegoen hari begira jarri ondoren, esan zuen:

 

-Zorri-larrua da hori!

Gizona pozez zoratzen zegoen halako gizon bizkor eta prestua suhitzat hartzearekin. Afaltzera gonbidatu eta hiru alabetatik nahi zuena hautatzeko esan zion. Etorri berriak afalostean erantzungo ziola erantzun zion. Geroxeago, Maider lorategira joan zen mahaia apaintzeko lore bila. Ukuilu aurretik igarotzerakoan ahots bat entzun zuen berari deika. Harrituta hara begiratu zuen, baina ez zuen aitaren behor zuria besterik ikusi.

-Ez larritu -esan zion behorrak- jakinaren gainean jarri nahi zaitut eta; urrez jantzitako gizona deabrua

da eta zu hautatuko zaitu emaztetzat. Ez ahaztu orain esango dizudana! Aitak dirua eskaintzen dizunean, ez hartu zentimorik ere, behor zuria nahi duzula esaiozu! Eta hala, afalostean, deabruak Maider eskatu zuen emaztetzat eta berehala alde egin behar zutela esan zuen. Behorrak esan bezala, aitak nahi hainbat diru eskaini zion Maiderri, baina honek, behor zuria nahi zuela esan zion. Deabruaren zalgurdira igotzerakoan Maiderrek behor zuria aurrean jartzen utz ziezaiotela eskatu zuen. Bide puska bat egin zutenean, behorra ostikoka hasi zen lurraren kontra eta hau bi zatitan irekitzen zen bitartean, honela esan zuen:

-Sar hadi hor zazpi urtetarako!

Eta une hartan bertan, bai zalgurdia eta bai deabrua, biak lurpean desagertu ziren. Maider eta behorra lurrazalean geratu ziren. Orduan animaliak esan zion.

-Zazpi urtetan bakea izango duzu! Eta biak bideari jarraitu zitzaizkion. Asko ibili ondoren, gaztelu bat begiztatu zuten. Zer deritzozu hemen gelditzen bagara? -galdetu zion behorrak-. Gaztelu horretan printze gazte bat bizi da eta berarekin ezkonduko zara. Behor zuriak esan bezala, printzea Maiderrekin maitemindu zen eta handik egun batzuetara ezkondu egin ziren biak sekulako jaialdien artean. Ezkontzaren ondoren, behorra era honetan mintzatu zitzaion Maiderri:

-Joan-ordua dut, baina aurrenik txirula hau eman nahi dizut opari. Arazorik duzunean jo ezazu eta berehala azalduko natzaizu. Eta behorra desagertu egin zen. Ezkonberriak oso zoriontsu bizi ziren eta bi haur izan zituzten. Baina, halako batean, senarrak gerrara joan behar izan zuen. Maider eta bi haurrak etxean geratu ziren aita noiz itzuliko zain. Bien bitartean, zazpi urte joan ziren eta deabrua andrearengana azaldu zen esanez:

-Zatozte nirekin! Emazte baten ordez, hiru izango ditut orain! Eta Maiderrek bi haurrak hartu eta ez zuen izan haren ondotik atera beste irtenbiderik. Asko ibili ondoren, baso ilun batean sartu ziren.

-Hementxe hilko zarete! -esan zien deabruak.

-Hil aurretik utz iezadazu haurrentzat txirula jotzen -eskatu zion Maiderrek.

Deabruak baiezkoa eman zion eta Maider txirula jotzen hasi zen. Hasi besterik ez zuen egin, behor zuria azaldu zenean.

-Hara! Hemen al haiz berriro? -esan zuen abereak deabrua ikusitakoan-. Hemendik aurrera ez diok bada, beste inori kalterik egingo! Eta lurra kolpatuz, oihukatu zuen:

-Lurra! Ireki hadi eta irentsi ezak betiko deabru madarikatu hau.

Eta lurra ireki egin zen eta gaizkilea desagertu egin zen berehala.

-Orain zure etxera itzul zintezke, Maider -esan zion behor zuriak-. Hemendik aurrera ez duzu gehiago nire beharrik izango eta. Animalia zoragarri hura desagertu egin zen eta Maider gaztelura itzuli zen bere bi haurrekin. Han egon zen senarra agertu zain eta, etorri zenean, gertatu zitzaion dena kontatu zion.

»


  • Aizaarte-Saaltse etxeko gizon bat, Aralar inguruko Agaoz mendiko artzaina zebilen. Egun batean, bere sarobean zegoela ardiak jeizten, bat batean suzko zaldi baten gainean zebilen zaldun bat agertu zitzaion. Zaldunak galdetu omen zion ea non zegoen San Migel Aralarreko Santutegiko bidea. Artzainak beldurtuta aitarena egin zuen. Une hartantxe ezkutatu ziren zaldi eta zalduna Ubediko leizezuloan amilduz.

Mari eta zaldiak

aldatu
 

Zaldia askotan lotuta agertzen da Euskal Mitologiaren Goi Andere nagusia den Marirekin. Batzuetan bere ibilgailuetatik lor-zaldiak bezala. Beste batzuetan bere egoitzen zaintzaileak direlako eta hainbat kasuetan Andere Nagusi beraren avatarra da.

Beste zenbait animaliekin gertatzen den legez, oro har Marik zaldiaren itxura hartzen du lur azpiko bere egoitzetan, esanahi teluriko batekin. Aranoko kondairetan berriz Marik ekaitz egilea izanik, Mugiroko leizean sortzen ditu eta gero berak zaldi itxura airetik gidatzen ditu.

Amezketan Mari lau zaldi tiraka daramaten gurdi batean ikusten zuten, zeruan barrena [9]. Beste batzuetan Mari bera da, zaldia bilakatua, ekaitza gidatzen duena.

Tolosan ere sinismen bera dago baina orduan Mari, bere zalgurdiaren gainean ekaitzak gidatzen jarduten da.

Hainbat elezaharretan Mari gaztetan baserri baten alaba zen, neska errugabea. Bere etxetik ihes egin behar izan zuen bere amaordeak, hutsegite hutsal batengatik, madarikatua izan ondoren. Amezketako bertsio batean esaten da "zaldi zuri baten gainean" egin zuela ihes [10]. Azpimarragarria ugari direla Mari zaldi eta bereziki behor zuriekin lotzen dituena.

Bururik gabeko zaldia

aldatu

Bururik gabeko zaldia Zamaria zuria izenez ere ezagutua da Zuberoan eta Nafarroa Beheran. Zamari zuriaren inguruko elezaharrek aparteko aipamena merezi dute.

Bururik gabeko halako zaldi baten agertzea, heriotza edo ezbehar larri baten igarlea zen. Dirudienez Zamari zuriak badauka zer ikusirik beste zenbait kulturen mitoekin. Zaldi zuri hauek hildakoen eta bizidunen arteko munduen zubi, mezularien edota garraiolarien lana egiten dute. Horregatik bere kolore zuria eta bururik gabekoak izateko ezaugarria[11].

Bururik gabeko zaldi hauek askotan azaltzen omen ziren gauetan Pirinioetako kontrabando bideetan, bereziki zaldien kontrabando bideetan.

Zamari zuria gaueko agerpenik bildurgarrienetakoa zen Larrun mendiko inguruko malkar eta basoetan lan eta bizi zirenentzat.

Zaldi mamu zuriak, bestela, hildako eta bizidunen arteko munduen lotura-bektorea izan dira Europako kultura askotan.

Zerealaren Izpiritua

aldatu
 
Euskal Herrian, Zerealaren Izpirituak zaldi zuriaren itxura hartzen omen zuen

Europa guztian barrena zabalduta dago "Zereal edo Laborearen Izpirituaren" mitoa. Sinismen honen arabera, laboretan izpirutu bat bizi omen da. Esate baterako, izpiritu hau da galburuak mugitzen dituena. Laboreak segatzerakoan, laborearen izpiritua azken labore sortetan gordetzen doa, eta azkenean, hondar azaoan geratzen da. Hau mozterakoan, bertan harrapatuta geratzen da laborearen izpiritua, eta horregatik oso berezia zen azken azao hau ebakitzeko ekintza. Moztutzen zuen laborariak, emakumea askotan, sari berezi bat jasotzen zuen.

Orokorrean Zerealaren Izpiritu honek, animali baten itxura hartzen du. Otsoa zen Polonian eta Alemanian, Galizian azeri itxura hartzen omen zuen, Katalunian aker beltzarena eta Euskal Herrian berriz zaldi zuriarena[12].

Legazpin kontu bat zegoen duela gutxi arte zerealen izpirituaren sinesmen hauekin bat datorrela. Garia mozten ari zirenean, haurrek atseden hartu edo etzan nahi zutenean, beroak eta sargoriak estututa, lanean jarraitzera animatzen zituzten horrela esanda, "Ekin lanai! Bestela zaldi zurie etoriko zatzue" esanez "Lanera, bestela zaldi zuria etorriko zaizue gainera!"n.

Esaldi hauetaz baliatzen ziren, uzta lanetan nagiak ziren haurrak mehatxatzeko, baina ez zekiten askotan kontu hauen jatorria zein zen. Lokuzio horiek nahiko misteriotsuak izango lirateke beste herrialde batzuetako folklorean antzeko erreferentziarik ez bagenu. Alemaniako folklorean, "behi beltza" izeneko irelua izango litzteke nagian dabilen laborariak zapalduko zituena. Hau bat dator zerealetako iratxo zaintzaileekin eta ereindako eremuetako izpirituekin. Izpiritu hauek animalia moduan agertu ohi dira (otsoa, txakurra, basurdea, etab.), edo giza forman: Hafermann edo oloaren iratxoa, edo Kornmuhme, hau da, alearen iratxoa [13].

Hodeiak eta zaldiak

aldatu

Euskal Herriko euskalki guztietan zaldizkoak deitzen dira hodeietatik botatzen dituzten ur-jasak[14].

 
Euri zaldizkoak.

Sinismen hauek ez dira bakarrik Euskal Herrian mantendu, germaniar herriek naturako gauza bizigabeak animatutzat hartzen zituzten. Horrela "zaldi" edo "zaldizko" deitzen zieten urakanek bultzaturiko hodeiei eta itsasaldiak hondartzarantz astindutako olatuei, zeinen euren gandor zuri eta apartsuak zaldi-zurdak iruditzen baitzitzaizkien. Metafora hori mende askotan zehar mantentzen da bira poetiko gisa kantu anglosaxoi, eskandinaviar eta alemaniarretan[15].

Gipuzkoako hegoaldean mandako hitza erabiltzen da zentzu berberarekin.


Axular eta zaldunaren elezaharra

aldatu

Euskal Mitologian Axular idazle saratarra kondairetako pertsonaia bezela agertzen da eta batzuetan azti baten indarrekin. Mitologiako Axular horren pasadizoa kontazen du ipuin honek.

« Axularrek anaia bat zuen, bera bezala Zugarramurdiko harpean hezia, baina alde okerrekoa zela. Egun batean, gizon gazte eta dotore bat agertu zitzaion Axularri, eta, Sarako galsoroei begira, esan zion:

- Nik badauzkat zaldi on batzuk, laster garitza horiek eultzitu egingo luketenak.

- Nik ere balazta ederrak ditiat, haiek eusteko modukoak.

Egun hartan, Axularrek esan zion etxekoandreari Larrunen gainean hodei bat ikusten zuenean iragartzeko. Mendi haren gainean hodeia agertu zen, eta Axular Bulentegiko lautadara joan zen korrika, hango ekaitzak uxatzera. Baina hodeia hurbiltzen ari zen, gero eta indartsuago, eta ezin zuen menderatu. Azkenean hanka astindu zuen, oinetakoa airean botaz. Hau desagertu egin zen eta harri ekaitzak atzera egin zuen Sarako galsoroetara erori gabe.

»


Zaldia euskal sinesmen mundu sinboliko zaharretan

aldatu

Zaldia baskoien txanponetan

aldatu
 
Baskunes zekaren txanpon baskoiarra.

Antzinako baskoien txanponeta, protohistorian (Burdin aro amaiera eta Antzinaro hasieran), ohikoa zen zaldunaren edo zaldiaren irudia agertzea [16] .

Zaldia hilarrietan

aldatu

Zaldia agertzen da Euskal Herriko zenbait hilarrietan. Seguruen lehen aipatu den heriotza eta zaldiak lotzen dituzten sinismenak direla eta.

Zaldiaren inguruko mitologi kristaua

aldatu

Luis Pedro Peña Santiago idazleak zaldiekin zer ikusirik duen kutsu kristauren Lizarraldeako elezehar bat jaso zuen. Bertan Anzin herrian San Faustoren zaldiak bertan utzitako oinatz baten inguruko kontakizuna gorde egin da.

Diotenez San Fausto hiltzerakoan azken nahia bezala zera adierazi zuen; bere gorpua bere zaldiari lotzeko eta aberea hiru aldiz erontzen zen lekuan bertan lurperatzeko.

Zaldia Nafarroan barrena hara eta hona asko ibili eta gero, azkenean Anzinera heldu zen. Orduan abera geratu zen eta apoarekin harri bat jo zuen eta handik iturri sarmangarria sortu omen zen. Iturburua oraindik hantxen dago eta San FAustoaren zaldiaren oinatzatzat hartzen dute bertakoek [17].

Erreferentziak

aldatu
  1. Violet Alford, Pyrenean Festivals, Londres, 1937
  2. "SOS caballo losino" WEB orrialdea [1]
  3. Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  4. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1996). La primitiva religión de los vascos. Donostia: Orain, 85 or. ISBN 84-89007-56-8..
  5. (Gaztelaniaz) Bärhr, Gerhard. (2001-3-9). «Alrededor de la mitología vasca» Eusko news (Eusko Ikaskuntza).
  6. Suzko zaldia. Ataun: Ataungo udala.
  7. (Gaztelaniaz) Arana, Anuntxi. (2024). «Mitos Vascos para pensar» Anuntzi Aranaren gunea.
  8. (Gaztelaniaz) Garmendia Larrañaga, Juan. (1989). «Bruja y yegua negra» Pensamiento mágico vasco. (Donostia: Eusko Ikaskuntza): 95. ISBN 978-84-8419-088-2..
  9. (Gaztelaniaz) de Barandiaran, Jose Miguel. (1972). Obras completas de Jose Miguel de Barandiaran. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 158-314 or..
  10. (Gaztelaniaz) Bärhr, Gerhard. (2001-3-9). «Alrededor de la mitología vasca» Eusko news (Eusko Ikaskuntza).
  11. Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica". Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
  12. Ramon Grande del Brio. El lobo ibérico. Biología y mitología. Blume, 1984
  13. (Gaztelaniaz) Bärhr, Gerhard. (2001-3-9). «Alrededor de la mitología vasca» Eusko news (Eusko Ikaskuntza).
  14. (Gaztelaniaz)https://www.euskonews.eus/zbk/114/alrededor-de-la-mitologia-vasca/ar-0114014001C/#
  15. (Gaztelaniaz) Bähr, Gerhard. (2001). «Alrededor de la mitología vasca» Eusko news (Bilbo: Eusko Ikaskuntza).
  16. Mikel Legorburu, Aranzadi Zientzia Elkarteko numismatikan aditua izen hori erabiltzen du. Ikusi: "Txanponak Historian, Historia txanponetan", Aizu, AEK-ren aldizkaria.
  17. (Gaztelaniaz) Peña Santiago, Luis. (1989). Leyendas y tradiciones populares del Pais Vasco. Lizarra: Txertoa, 172 or. ISBN 84-7148-243-6..

Bibliografia

aldatu
 
Bi pottoka zaldi borrokan. Zaldi pottoka basatiak daude Euskal Herriko kondaira askoren oinarrian
  • Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978.
  • "Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica". Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
  • Wentworth Webster Légendes basques, Nicolas Burguetek itzulita, Aubéron, 2005. ISBN 2-84498-080-5
  • Jean-François Cerquand, Légendes & récits populaires du Pays Basque, Aubéron, 2006. ISBN 2-84498-093-7

Kanpo estekak

aldatu