Altxerriko leizea haitzulo bat da, Aian dagoena, Gipuzkoan, Oriotik kilometro batera, Beogarate mendiaren ekialdeko hegalean. Ezaguna da, batez ere, bertan dauden Madeleine aldiko labar-pinturak eta grabatuak direla-eta. 2008an UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen, Santimamiñe eta Ekainekin batera.[1]

Altxerri
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaGipuzkoa
Koordenatuak43°16′7″N 2°8′5″W
Ezaugarriak
MargoakBai
AztarnakBai

Historia

aldatu

Lehen irudiak 1962an aurkitu ziren. Berezko sarbidea itsutua izanik, harrobi batean eginiko sarreratik iristen da 2.200 m luze den leize honetara. Hormetako margolan eta grabatuetan hainbat animalia mota daude irudikatuta: oreina, sarrioa, elur-oreina, bisontea, zaldia, zezena, ahuntza, azeria, etab. Halaber, bi irudi giza itxurako, beste bat zuhaitz itxurakoa eta zeinu, lerro eta puntu asko ikus daitezke. Nabarmentzekoak dira bisonte baten neurriak: 4,20 m luze eta 2,10 m altu. Altxerri Euskal Herriko Paleolitoko haitzuloetako artearen adibidea da, beste askorekin batera (Alkerdi, Ekain, Isturitze, Venta Laperra, Santimamiñe). Apellaniz eta Altunak haitzulo honi eskainiriko monografian Madeleine Aro IV., V. eta VI.ean kokatu zuten.

Adierazitako irudiak

aldatu

Lehendik aurkituak zeuden –az­ken aur­kikun­tza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[2] Baina, badira elur­-oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahun­tzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi-Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azal­tzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur-oreinaren garran­tziaren lekukotasuna” az­pimarra­tzen du.

Formen berezitasuna

aldatu

Bi­txia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifika­tzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: ba­tzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste ba­tzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi ba­tzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur-orein baten barruan azal­tzen da; eta zenbait animalia azal­tzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.

Lehen aur­kikun­tza honen ondoren, Jesus Altunak[3] beste bi bisonte aur­kitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati ba­tzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorpu­tzeko zatirik lodienean margo gorria erabil­tzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati ba­tzuk zehazteko hai­tzaren koskak erabil­tzen zirela ikus daiteke hemen.

Al­txerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pen­tsarazi die adituei.

Animalien anatomia marraz­kietan, bere gorpuz­kera berdin-berdina egitearen ahalegina an­tzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tema­tzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azal­tzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marraz­kietan erabil­tzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradoki­tzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabil­tzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egoki­tzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modela­tzea hobe­tzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, eduki­tze, ehiza­tze edo sun­tsitze zeinu­tzat jo daitez­keela proposa­tzen dute, zalan­tza artean bada ere.[4]

Egiletasunak, estiloak eta kronologiak

aldatu

Al­txerriri buruz egiten duen azter­keta zorro­tzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adieraz­pen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako an­tzinako Madeleine aldiko graba­tzaile eta “marra­tzaileen” aldetik. Al­txerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[5]

Gure ustez, XX. mendeko gizaki garen aldetik eta estetikako zein arte sormenez­ko ezagueraren berezitasunak eta “artearen historiaurrearenak” onar­tzen dituen kultur oinordeko izanik, ezin ditugu duten balioaren neurrian estimatu gabe utzi santutegi handi honetako apainketan jardun ziren hainbat artista, edo hainbat esku, “identifika­tzeko” eta sailka­tzeko Apellaniz maisuak egin dituen ahaleginak, eta haren ondorioei jarraikiz, ezta beste santutegiekiko ahaidetasunak bila­tzen eta kronologikoki ordena­tzen saiatu gabe utzi ere. Baina, era berean, labar-artearen ezagutza har­tzeko, galderak egin behar dira ahalegin hauen eraginkortasunari buruz, betiere, talde izaeraz­ko adieraz­penak izanik, oso zorro­tza zen kultur esparruaren arauek behartuta, gainera. Az­ken batean, ondorio orokor gisa, –Apellanizek dio– “leku desberdinetan lan egin duten bi giza talde desberdinek apaindua dela Al­txerriko kobazuloa. Banaka hartu diren guneen harmonia ikusita, badirudi taldeen arteko irudien desberdintasunak ez direla denboraren iragaite arazoak, maisu bakoi­tzaren nahierazkoak baizik”.[5]

Al­txerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, ba­tzuen ustez, irudiak An­tzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu behar­ko lirateke;[6] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta An­tzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta “sail­kapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV.,V. eta VI.eko (H. Breuil) data­ ziurragoa dela deri­tzo.

Dena dela, Al­txerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztar­tzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[7]

Arte adieraz­pen hauen esanahiari buruz­ko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruz­ko isiltasuna gorde nahi dute zuhur­ki. Hala ere, honi dagokionez oso garran­tziz­ko­a da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Al­txerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia,”irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat har­tzen zituen animaliak –zaldiak, ahun­tzak, zezenak”.[8]

Erreferentziak

aldatu
  1. Cave of Altamira and Paleolithic Cave Art of Northern Spain. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).
  2. Munibe 16, 1964, eta 28, 1976.
  3. Munibe 42, 1996.
  4. “Paleolitoko artea Euskal Probintzietan”. Problemas de la prehistoria... “Penintsulako historiaurrearen IV. Symposuma” (1966) 41. or .29. Historiaurreko artea..., 220.
  5. a b Munibe 1976, 1-3 libk. 153.
  6. A. BELTRAN, “Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri”. Problemas de la prehistoria vasca, lanean. “IV Symposiuma....(Iruñea, 1966) 81-91. Lan honetan Altxerriko irudien katalogo deskribatzaile eta osatu bat ere azaltzen da, baina irudi grafikorik gabe.
  7. J. ALTUNA eta JUAN Mª APELLANIZ, Las figuras rupestres...., 147. or.
  8. Ibid., 139. or.

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa