Marizulo

Urnietan dagoen kobazuloa eta aztarnategia

Marizulo Urnietan dagoen kobazuloa eta historiaurreko aztarnategia da. Marizulo baserriaren azpian kokatzen da, Goiburu auzoan, baserritik 20 metro hegoaldera[1], hego-ekialderantz eta Adarra-Mandoegi mendikatearen parte den Pardaki menditxoaren magalean.

Marizulo
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaUrnieta
Koordenatuak43°13′10″N 1°58′31″W / 43.2194°N 1.9753°W / 43.2194; -1.9753
Map
GaraiaMesolito, Kalkolito, Neolito eta Brontze Aroa

1961ean Manuel Labordek topaturik, urte horretan bertan honen laginak aztertu ziren eta ondoren, 1962 eta 1967 artean Jose Miguel Barandiaranek indusketa lanak zuzendu zituen. Mesolitiko eta Eneolitiko arteko aztarnak topatu zituzten[2].

Gaur egun egoera onean dago kontserbazio ona izan duelako. Hala ere, ezin da bisitatu. Koba honek bost metroko luzera du, bere sarrera nagusiak bi metro eta erdiko zabalera, eta hiru metro eta erdiko altuera ditu. Azken hau Hego Ekialderuntz kokatua dago. Sarrera honen alde bakoitzean beste bi sarrera txiki aurki ditzakegu, biak metro bateko zabalerakoak eta zuhaitzek eta arrokek oztopatzen dituztenak.

Monumentu Multzoa kategoria eta "inbentariatua" babes-maila eman zion Eusko Jaurlaritzak[3].

Azterketa aldatu

Manuel Laborde ingeniari, naturazale eta sustatzaile gipuzkoarrak aurkitu zuen 1961ean. Urte horretan lehen azterketak egin zituzten Labordek eta Jose Maria Merinok. 1962 urtetik 1967ra Jose  Migel Barandiaran antropologo eta etnografoak, Labordek eta Jesus Altuna arkeologoak egin zituzten hondeaketak.

Bizigarritasunari dagokionez garai historiko desberdinetako lau maila  aurkitu dira barruan; Lehenengo maila Eneolitokoa da eta besteen aldean konplexuena dela esan dezakegu, honek sortzen dituelako zalantza gehien. Izan ere, honen indusketan zaila da geruza geologikoak bereiztea, Neolitoko, Eneolitoko eta Brontze arokoak izan daitezkeen objektuak aurkitu baitira bertan. Besteek ez dituzte zalantza hauek sortzen, bigarrena Neolitokoa eta hirugarrena eta laugarrena Mesolito garaikoak, K.a 6500 eta 3335 urteen artean kokatzen dena, azken honetan hilobi koba bezala erabilia.

Aurkikuntzak aldatu

Urte askotan zehar egindako ikerketa eta indusketei esker balio handiko hainbat aurkikuntza egin dira, gure historia ezagutzeko lagungarriak direnak. Aurkikuntza horiek bi motatako arrastoetan banatu daitezke; gizakien arrastoak, hau da, Marizulon bizi izan ziren pertsonen hezurdurak, eta arrasto materialak, pertsona horiek euren egunerokoan bizirautea lortzeko erabilitako materialak, hain zuzen. Azken sailkapen honetan sartzen dira animalien arrastoak ere, batzuetan etxetiarrak zirenak, besteetan ez.

Giza arrastoak aldatu

Lehenengo mailaren azpialdean bakarkako hilobi bat aurkitu zen, garezur bat barne. Karbono 14 metodoaren arabera, Gizon batekin dator bat, 25 urte ingurukoa eta K.a 3335. urte inguruan jatorria duena, hortaz, Neolito garaikoa. Hezur horiek txakur baten eta arkume baten hezurrekin zeuden nahastuta eta horren guztiaren inguruan hiru harri, hilobia osatuz[4]. Hobia ekialdera begira zegoen eta beste lurperatze kolektibo baten arrastoak zeuden  maila berdinean, gutxienez lau pertsonena, bi heldu, gazte bat eta haur bat.

Arrasto materialak aldatu

Garai horietan bizitako gizakien arrastoez gainera, bai lehenengo mailan bai beste hiruetan egin ziren aurkikuntzak, hala nola, tresna eta pieza ezberdinak, hezurrezkoak eta era askotarikoak. Lehenengo mailan, aipatutako pieza ezberdin horiez aparte (nahiz eta eboluzionatuagoak izan) zeramikazko hainbat pusketa ageri ziren, hauek garai horretan bizi izan zirenen garapena erakusten du, beste hiru mailetan ez baitzegoen honen arrastorik ere. Animalien arrastoak ere bazeuden, orein, sarrio, eta aker hezurrak adibidez, baita hainbat moluskuen oskolak. Aurrekoak ez ziren etxetiarrak dirudienez. Beste mailetan gehienbat pieza sinpleak eta animali txikien hezurdurak aurkitu ziren, horregatik garrantzi gutxiago eman zitzaien hauei, lehenengoa baliogarriena bezala adieraziz.

Erreferentziak aldatu

  1. Cabezón, Xabier. «Cueva sepulcral de Marizulo» Leitzaran.
  2. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Urnieta: Historia. .
  3. «Marizuloko haitzulo. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-30).
  4. Laborde, Manuel; Barandiaran, José Miguel; de Atauri, Tomás; Altuna, Jesús. (1967). «Excavaciones en Marizulo (Urnieta). (Campañas de 1965 y 1967)» MUNIBE (San Sebastián) (Donostia: Aranzadi zientziak) XIX. urtea. 3/4: 261-270..

Bibliogafia aldatu

Kanpo estekak aldatu