Urre-putzu (Aritzakun)

Urre-putzu Aritzakun (Arizkun, Baztan) haranean dagoen leku baten izena da, Aintzinaroko meatzaritza gune batekin eta zenbait kondaira mitologikorekin lotua.

Aritzakun-Urritzate-Gorramendi natur babeslekuaren ikuspegi orokorra

Kokapen geografikoa aldatu

Aritzakun Baztango Udalerrian (Arizkun herrian) dagoen harana da, politikoki Nafarroa Garaiaren parte dena, baina geografikoki Nafarroa Beherearekin lotua, Errobi ibaiaren arro hidrografikoan. Harana mendiz inguratuta dago: hego-ekialdean Gorramendi (1.074 m), mendebaldean Lizartzu (793 m) eta Antsestegi (800 m) eta iparraldean Artzamendi (926 m).[1] Aritzakun erreka HM-IE norabidean doa; urre-putzura ailegatzeko, frontoia eta eskola zaharra dagoen auzoko erdigunetik Sumutsuko Bordarantz jo behar da.[2]

Kondaira aldatu

Inguruetan Aritzakungo urreari buruzko kontuak ezagunak dira: batetik urre-putzu izenekoan metal horretako aleak ateratzen zirela, eta bertan "urrea zerion iturria" zegoela. Kondaira hauek autore askoren idazkietan jaso izan dira, hala nola Luis de Uranzuren "Lo que el río vió" idazlanean, Florencio Idoateren "Rincones de la historia de Navarra" liburuan edo Luis Pedro Peña Santiagoren "Montañas del Vasco", I tomoan.[3]

Beste kondaira batzuek Minetako Zokoa deritzon lekuan dauden harri-bola multzo handiak erromatarrek[4] metal honen bila eginiko ustiaketen aztarnak direla diote. Kasuren batzutan lan hauek Antzinako Kartagotarrei ere egotzi izan zaizkie,[5] Hanibal jeneralaren aginduetara eginiko espedizio militarretan, zehazki Frasimeno aintziran amaitu zen kanpainaren hasieran. Kondairaren aldaera honek Josef Moret historialariak osatutako bertsioan du oinarri, eta ez da bakarra; Iberiar Penintsulako beste lekuetan ere "Anibalen urre-putzuei" buruzko kontakizunak daude, hala nola XVIII. mendeko eskuizkribu batean Atapuercako zenbait kobazulori buruz aipatzen dena.[6] Batetik Polibiok eta beste historialari batzuek Anibalek "Akitaniatik hurbil" urre-mea eskuratu zuela jaso zuten; bestetik, Estrabonek Geographia idazlanean aipu bat egin zuen;[7] azkenik, baskoi-kohorte batek Anibalen aginduetara borrokatu zuen; datu hauek bilduz, Moretek gudari hauek baztandarrak izango zirela ondorioztatu zuen, eta bibliografiako urre-mea bilaketa horiek Arizkungo urre-putzuen parajean kokatu zituen.[8]

Urre-putzua aldatu

Sumutsuko Bordan errekan gora eginez ailegatzen da urre-putzura: zehazki, Lamiarrita eta Maribeltzeko Borda / Arraxka[2] izeneko etxeen artean dago, zubiaren ondoan. Lurretik ateratzen den ur-begi bat da, metro gutxira Aritzakun errekarekin bat egiten duena; ez da, izenak adieraz dezakeenaren kontra, lurrean eginiko putzurik. Vidal Perez de Villarreal ikerlariaren arabera, izan daiteke antzina horrelakorik egon izana, gero suntsitu edo lurrarekin berdindu eta urez bete zena, meatze-galeriekin askotan gertatzen den bezala. Perez de Villarrealen arabera, harea auriferoak ubidean bertan bahetzen ziren.[9] Harea auriferoaren ustiaketa hau dokumentatua dago: Nafarroa konkistatu osteko garaiko ustiapen-baimen bat gordetzen da, Carlos I-ren erregetzakoa; bertan aipatzen da Nafarroako azken erregeen garaian leku horretan urrea jasotzen zela.[10]

Minetako Zokoa aldatu

XX. mende hasieran egindako ikustaldietan, zenbait adituk Minetako Zokoen harri pilaketak glaziar haranetako fenomeno geologikoei egotzi zizkieten (inguruan ugariak baitira horrelako aztarnak).[5] Geroko autoreen artean, ostera (Peña Santiago adibidez) kondairetako meatzaritza-lanekin lotzen zituen hipotesiak indar gehiago hartu du. Izan ere, erromatar garaian Pompaelo, Oiasso, Lapurdum eta Aquae Tarbellicae lotzen zituzten bideak zonalde honetatik igarotzen ziren.[7]

Perez de Villarrealek eginiko azterketan pilaketa hauek meatzaritza hondakinak zirela baieztatu zuen. Gainera, Minetako Zokoan behinola beste urre-putzu bat ere egon zela ondorioztatu zuen, Arrosenea Gaineko borda inguruan kokatuz; seguraski aintzinako hondakindegien artean ateratzen den[9] ubegian.[11]

Geologiari dagokionez, Aritzakungo lurrak Permiarreko eta Triasikoko hareharri eta konglomeratu gorriak dira, haranaren erdian alubioi-multzo handiak sortu dutenak. Meatze lanek alubioi-depositu hauek ustiatu zituzten, ruina montium sistemaren bidez; horretara, bide bazterrean dauden harri-bolak mendia suntsitzeko eta xehetzeko prozesuan apartatutako harriak litzazke. Gainera, bertako hondakinen azterketak urre kopuru txiki bat dagoela baieztatu du (0,5-1,5 g 1000 kg bakoitzeko).[9]

Erreferentziak aldatu

  1. FRIAS, IKER. «Aritzakun eta Urritzate: Baztango ibar galduak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  2. a b (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Aritzakun, el valle perdido» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  3. (Gaztelaniaz) Urrutia, Javi. «Alkaxuri (965 m)» https://www.mendikat.net (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  4. «[eu OSTR 98/04 - Bidarrai (153 m) - Sumusenborda (150 m) - Irubelakaskoa (967 m) - Itzulegi (706 m) - Amaiur»] www.geocities.ws (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Crónica del Baztán. Los pozos de oro de Anibal Arpetu Saintu. - Cultura vasca en la prensa - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  6. Miguel Angel Marcos Merino (Edelweiss Espeleologia Taldea) kom. pers.
  7. a b Ballarena. (2018-06-24). «erratzuko kontuak: Baztan. Hasmenta : 2 - Erroma» erratzuko kontuak (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  8. Txantiloi:Sp Mendi, Moret; de (S.I.), Josef. (1890). Anales del Reino de Navarra / compuestos por José de Moret.. (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  9. a b c Villarreal, Vidal Pérez de. (1981). «Minetako Zokoa. El Lugar de las Minas. (Baztán, Navarra)» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 13 (37): 165–182. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  10. «Urtarrila, ura eta urrea.» baztango haizegoa 2011-06-25 (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  11. Elorza, Oscar. (2019-12-13). «Monteadicción: Aritzakun y Urritzate ( Vuelta a Irubelakaskoa y al macizo de Gorramendi desde Sumutsuko Borda )» Monteadicción (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).