Luis Rodríguez Gal

Luis de Uranzu» orritik birbideratua)

Luis Rodríguez Gal, ezizenez Luis de Uranzu (Irun, 1894ko ekainaren 6a – Irun, 1968ko martxoaren 25a), gipuzkoar idazlea izan zen, Dolores Salís margolari eta eskultorearen senarra eta Jaime Rodríguez Salís kultura-gizonaren aita.

Luis Rodríguez Gal
Bizitza
JaiotzaIrun1894ko ekainaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaIrun1968ko martxoaren 25a (73 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Dolores Salis
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
frantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta idazlea
KidetzaAranzadi Zientzia Elkartea
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Izengoitia(k)Luis de Uranzu

Jakintza handiko gizasemea izan zen, gaztelaniaz eta frantsesez idatzi zuena; euskaraz ere ikasi zuen, baina ez zuen hizkuntza horretan idazlanik utzi. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide nabarmena izan zen, eta baita Academia Errantekoa eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere.[1]

Bizitza

aldatu

Luis Rodríguez Gal 1894ko ekainaren 6an jaio zen Irunen, altxamendu faxistaren garaian suntsituta gelditu zen Uranzu jauregian. Lehen ikasketak Donostiako Igeldopean zegoen Captier kolegioan egin zituen. Geroago, ingeniari agronomo titulua lortu zuen Beauvaisko Institut supérieur agricole-n.[2] Tesia, "La Guipúzcoa Agricole", frantsesez egin zuen; bertan, Hondarribiko Jaitzubiko Idurmendieta baserriaren nekazaritza-aukerari buruzko azterketa egin zuen.

Ikasketetan lortutako tituluari ez zion jaramon gehiegirik egin, eta bere joera kazetaritzarako izan zen: gazte zela, lagun batzuekin, La Jeringa de Beraqueta aldizkaria argitaratu zuen, gelatina eran. Irungo Bidasoa aldizkarian "Arañazos" deituriko artikuluak idatzi zituen "Katua" izengoitiarekin. Antza denez, artikulu horiek polemikoak izan ziren, eta zenbaitetan erantzun gogorrak eman eta jasotzen zituen. 1918an, Aldabe hilabetekaria sortu zuen.[3]

1923an, aita hil zitzaiolarik, ondare aberatsa jaso zuen. Zenbait negozio abiarazi zituen, arrakasta handirik gabe: etxeko sagardotegia modernizatzeko asmoz, Enara sagardo aparduna merkaturatu zuen; Ramuntxo trinketa eraiki zuen profesionalen arteko pilota partidak emateko; galdategi bat sortu zuen Luis Salís koinatuarekin batera; patata sail handi bat landatu zuen Aiako harri aldean; jatetxe bat ireki zuen Higerren... Gerra hasi zenean, betiko amaitu zitzaion negozioetarako grina.[2]

Altxamendu faxista hasi zenean, inguruko mendietara joaten zen gertatzen zena handik begiztatzeko. Orduko idazkiak, eta baita Gerra karlistei buruzkoak ere, Hendaiako etxe batean gorde zituen, baina Bigarren Mundu Gerraren garaian guztiak galdu ziren. 1945 aldean, Emilio Navasek El Bidasoa-ren zuzendaritza hartu zuelarik, berriz hasi zen aldizkari horretan idazten, "Luis de Uranzu" ezizenarekin. Batez ere, Bidasoaldeko gaiak landu zituen, eta Irungo kronikagile ofiziala bilakatu zen. Artikulu ugari idatzi zuen beste egunkari eta aldizkari askotan ere.[1]

Irunen zendu zen, 1968ko martxoaren 25ean. Bere omenezko kale bat du jaioterrian. 2003an, Luis de Uranzu Kultur Taldeak haren idazlan guztiak berrargitaratu zituen.[1]

Idazlanak

aldatu
  • Lo que el río vio: Biografía del Río Bidasoa, Valverde argitaletxea, Donostia, 1955
  • Un pueblo en la frontera: Irún, Valverde argitaletxea, Donostia, 1965
  • Cuentos del Bidasoa, Donostia, 1971, hil ondoren argitaratua

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c García de Juan, Miguel Ángel. Rodríguez Gal, Luis. Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-7).
  2. a b Rodríguez Salís, Jaime. El niño republicano de Beraun (1936-1940). puentefichas.com (Noiz kontsultatua: 2025-1-7).
  3. García de Juan, Miguel Ángel. Los Baroja y Nessi en "El Bidasoa", con varios textos olvidados en este semanario irunés. Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, ISSN 0211-111X, Tomo 73, Nº 1-2, 2017, págs. 521-571, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2025-1-7).

Kanpo estekak

aldatu