Marrazki

Marrazkigintza» orritik birbideratua)

Marrazkia gainazal lau batean marra bidez egiten den irudia da[1]. Marrazkiak egiteari marrazketa[2] deritzo, eta jarduera edo teknikari marrazkigintza[3]. Marrazki bat egiteko erabiltzen diren tresnak askotarikoak izan daitezke: arkatzak, margoak, bolalumak, pintzelak edo hauen konbinazioak dira, eta garai modernoagoetan, estileteak tableta grafikoetan. Marrazketa tresna horiek material kopuru txiki bat askatzen du gainazal batean, eta marka ikusgai utziz. Marrazteko euskarririk ohikoena papera da, nahiz eta beste material batzuk ere erabiltzen diren, hala nola kartoia, pergaminoa, zura, plastikoa, larrua, mihisea eta oholak. Aldi baterako marrazkiak arbel edo arbel zurian egin daitezke.

Michelangelok sanginaz egindako biluzi baten marrazkia.
Michelangelok odol-lapitzez egindako biluzi baten marrazkia.

Marrazkia gizateriaren historian zehar adierazpide ohikoa eta oinarrizkoa izan da, ideiak komunikatzeko baliabiderik sinple eta eraginkorrenetako baita[4]. Marrazketa tresnen erabilgarritasun zabalak marrazketa jarduera artistiko ohikoenetako bat bihurtzen du.

Bi ikuspegiren arabera-edo defini daiteke: batetik, artistak pintura-, eskultura- edo arkitektura-lanari ekin aurretik egiten duen zirriborro gisa (sorkari figuratibo ororen, batez ere pinturaren, oinarria da, beraz, kasu horretan marrazkia); bestetik, marrazteko teknikak eta materialak erabiliz sortzen den zer gisa, beste obra baterako urratsa ez baizik eta sorkuntza-lan baten emaitza gisa. Nolanahi dela ere, bata zein bestea har daitezke artelantzat. Izan ere, artistaren azken helburua ez izanda ere, marrazkiak ez du, horratik, balio gutxiago ; aitzitik, obra bukatuarenak bezain balio estetiko eta espresibo aberatsak izan ditzake marrazkiak, eta are aberatsagoak ere bai.

Historia

aldatu

Marrazkiak objektu errealak edo ideiak irudikatzeko tresna gisa balio du, batzuetan zaila baita adieraztea hitzekin (idazketa aurreko espresio modu bakarra zenarekin). Lehen marrazki ezagunak historiaurrekoak dira, eta 73.000 urte ditu lehen adierazpenak. Labar-pinturen artean Ekain haitzuloa aipatzekoa da. Bertan, gizakiak transmititzea edo adieraztea garrantzitsutzat jotzen zuena islatu zuen haitzuloetako sabai eta hormetan, normalean bere bizimoduarekin eta ingurunearekin lotutako jarduerak.

 
Ekain leizeko zaldien marrazkiak.

Lehen zibilizazioetako marrazki gutxi iraun dute, normalean, euskarrien hauskortasunagatik edo ondoren pinturak egiteko bitarteko zirelako, kolore-geruzekin estali zirenak. Geroago, Antzinako Txinako, Mesopotamiako, Indus haraneko edo Antzinako Egiptoko kulturek adibide argiak utzi zituzten, proportzioen lehen kanonak asmatuz, Antzinako Grezian eta Erroman ere gertatu zen bezala.

Erdi Aroko Europan, marrazkia erruz erabili zen, gehienetan koloreztatua, pergaminoetan gai erlijiosoak irudikatzeko, idatzizko istorioen azalpen edo alegoria gisa. Horrela, eginbide sinbolikoa lehenesten zen errealistaren gainetik, baita garaiko proportzio eta kanonetan ere. Islamiar kulturan, anatomia, astronomia edo astrologiako testuekin batera, marrazki ederrak ere egin zituen.

Pizkundean, marrazkiak lorpen bikainak lortu zituen. Lehen aldiz errealitatea ahalik eta fideltasun handienarekin islatzeko metodoa aztertzen da, arau matematiko eta geometriko akatsgabeen arabera: Filippo Brunelleschi italirrarekin persoektiba konikoa sortu zen. Marrazkiak, pizkundetar artista handien eskutik, autonomia hartu zuen, autoerretratuetan, arkitektura planoetan eta gai errealista anitzetan (Leonardo da Vincirenak, esaterako) berezko balioa hartuz, eta, gainera, beste arte batzuen, hala nola pinturaren, eskulturaren edo arkitekturaren, aurretiazko ezinbesteko azterketa gisa balio zuen.

Marrazkiak, askotan, margolan baten, eskultura- edo arkitektura-lan baten bitarteko urratsa besterik ez dira izan. Horregatik, XV., XVI. eta XVII. mendeetako marrazki gehienek ez dute sinadurarik ez datarik. Baldin badute, faltsua izaten da, geroago jarria. Halakoetan, erabilitako teknika eta euskarria aztertzeak, beste obra batzuetan erabilitako teknika eta euskarriekin alderatzeak, lagundu dezake lana noiz eta nork egina den zehazten. Marrazkiaren eta obra bukatuaren arteko antzekotasunak aztertzea izaten da marrazki horren jatortasuna zehatzeko eta egilea zein den jakiteko biderik zuzenena. Kontuan izan behar da obra bukatuak zuzenketak eta gorabeherak izan ditzakeela hasierako marrazkiarekiko, eta hori lagungarria izan daitekeela marrazkiaren egilea eta jatortasuna ezagutzeko. Batzuetan, marrazkia egin zen garai bereko edo geroxeagoko bildumagileen zigiluak eta markak azaltzen dira marrazkiaren paperaren gainean, obraren egilea aipatuz. XVIII. mendean hasi zen zabaltzen marrazkian egilearen izena jartzeko ohitura. Egilearen izenpea azaltzeak marrazkia bitarteko zirriborrotzat ez ezik artelantzat ere hartzen hasia zela erakusten du. XIX. mendetik aurrera, berriz, marrazki gehienak izenpetuta daude.

Teknikak

aldatu
 
Vincent Van Goghen Agure tristea, arkatzez egindako marrazkia.

Metalezko punta

aldatu

Marrazteko teknika zaharrenetako bat metalezko punta deitua da, zilar edo berunezko ezten moduko bat, zeinak arrasto grisaxka uzten zuen paper gainean. Lehenbizi, hezur-hautsez, Arabiako gomaz, kolorea emateko hautsez eta urez egindako substantzia bat zabaltzen zen paperaren gainean (cava tinta, italieraz). Metalezko puntak paper horretan baizik ez zuen marratzen. Teknika hori XIV. mendean asmatu zen, eta XV. mendean asko zabaldu zen florentziar, eskandinaviar eta alemaniarren artean. Hurrengo mendeetan ere erabili bazen ere, pixkanaka-pixkanaka alde batera utzi zen. Hala ere, XIX. mendeko artista batzuek ere (Degasek, adibidez) erabili zuten.

Luma eta tinta antzinatik erabiltzen dira. VI. mendean, adibidez, antzara- edo beltxarga-lumak erabiltzen ziren. Geroago, kanaberaz egin ziren, eta, XIX. mendetik aurrera, metalez.

Tintak ere era askotakoak izan zitezkeen, eta artistak berak prestatu ohi zituen. Gehien erabiltzen zenetako bat kuku-sagarra egosiz egiten zen -tanino asko baitu- , bitrioloa, arabiar goma, eta trementina-esentzia gehituta.

Kolorez, izan zitekeen marroi iluna, eta, zahartu ahala, beilegi bihurtzen zen; edo izan zitekeen beltza, eta marroi bilakatzen zen.

Batzuetan, denbora igaro ahala, tintak erre egiten zuen papera, eta marrazkiaren lerroen ordez urratu edo ebaki finak agertzen ziren paperaren azalean.

Luma oso tresna egokia zen zirriborroak eta krokisak azkar egiteko. XIV. eta XV. mendeetan lerro fin jarraituak egin ahal izateko egokitu eta hobetu zen, Leonardoren marrazkietan, edota gero, XVI. mendean, Dürer, Rafael eta Michelangeloenetan ikus daitekeenez. Hala, artistaren berezkotasuna papereratzeko bitarteko hoberenetakoa bihurtu zen luma.

Harri beltza

aldatu

Marrazkilarien beste teknika bat, harri beltza (arbel buztintsua), antzinatik da ezaguna, baina ez zen XV. mendearen bukaera arte zabal erabiltzen hasi. Beltza eta grisa bitarteko tonuak hartzen ditu, eta batez ere bolumenak eta giza irudia marrazteko da egokia.

Horretarako erabili zuten, adibidez, Luca Signorelli, Michelangelo, Rafael eta Carraccik.

Ikatz-ziria eta arkatza

aldatu

XVII eta XVIII. mendeetako erretratu eta paisaietan harri beltza maiz erabili zen. XIX. mendean, berriz, harri beltzaz gainera, beste bi teknika berri erabili ziren zuri-beltzeko marrazkigintzan: ikatz-ziria eta berun-ziria (arkatza).

Ikatz-ziria antzinatik ezagutzen zen, baina ez zen XIX. mendea arte zabal erabiltzen hasi. Harri beltzak baino kontraste-efektu nabarmenagoa egiten du paper zuriaren gainean.

Berun-ziria edo arkatza XIX. mendearen hasieran hasi zen erabiltzen. Haren bidez zuri-beltzeko gainerako marrazki-teknikekin baino zehaztasun eta fintasun handiagoz egin daitezke lerroak. Arkatzak arrasto distiraduna uzten du paperean; harri beltzak uzten duen arrastoa, berriz, distirarik gabea da. Ezaugarri horrek batzuk besteetatik bereizten laguntzen du.

Duen leuntasunagatik eta zehaztasunagatik, XIX. mendeko maisu marrazkilari nagusien lanabes begikoena bihurtu zen lapitza: besteak beste, Delacroix, Ingres, Corot eta Degasek erabili zuten.

Sangina

aldatu

Marrazteko beste teknika batzuek kolorea erabiltzeko aukera ematen dute. Sangina (gorri koloreko buztin burdinaduna), adibidez, freskoen zirriborroak egiteko erabili ohi zen; uretan nahasten zen, eta pintzel batez marrazten. Freskoetan ez ezik, ohiko euskarrietan ere erabiltzen zen, paper gainean, adibidez, biluziak eta erretratuak egiteko batez ere, erabilerraza zelako. Leonardo da Vincik eta Michelangelok -eta manierismoaren jarraitzaileek geroago- maisutasunez erabili zuten teknika hori. Geroago ere, XVII eta XVIII. mendeetan, akademietako modeloen biluzietan eta zenbait paisaiatan erabili zuten.

 
Peter Brueghelek tintaz egindako Paisaia marrazkia.

Inpresionistek, Renoir, Morisot edo Manetek, batez ere erretratuetan erabili zuten teknika hori.

Batzuetan, odol-lapitzarekin batera, harri beltza eta klera zuria erabiltzen zen, kolorez aberasteko marrazkia. Hiru koloreko teknika hori modan egon zen XVI. mendean, erretratuetarako. XVIII. mendean, Antoine Watteauk oraindik erabiltzen zuen bere buruen zirriborroetarako.

Pastela

aldatu

Pastelaren teknikan hauts koloreztatuzko makilatxo batzuk erabiltzen dira. Teknika horri esker, ezin hobeto adieraz daiteke materialaren egitura, azalarena batez ere.

XVIII. mendean sortu zen eta berehala jarraitzaile asko izan zituen pastelak, bukaeran olio-lanekin duen parekotasunagatik beharbada. XVIII. mendean, Chardin, La Tour edo Perronneau izan ziren teknika hau hobekien menderatu zuten maisuak, eta XIX. mendean, berriz, Degas, zeinak bakarrik edo olioarekin nahasita erabili baitzuen.

Euskarria

aldatu
 
Eduard Maneten zirriborroa. Margolariek zirriborroak egin ohi dituzte beren koadroak margotzeko prestalan gisa.

Bertan marrazkiak egiteko erabili diren lehenengo materialak abereen larru prestatuak (larrutxak edo pergaminoak) izan dira.

Gero, paperaren erabilera zabaldu zenean, kolore eta egitura desberdinak saiatzeko aukera izan zuten marrazkilariek.

Kartoiak tamaina handiko lanetarako erabili ziren, zirriborroen eta obra bukatuaren bitarteko urrats gisa. Batez ere, harri beltza eta ur-margoa erabiltzen da kartoietan.

Euskarri guztien artean kalko-paperak aparteko garrantzia izan zuen, aukera ematen baitzuen irudi bat nahi adina aldiz errepikatzeko, nahi zen emaitza lortu arte. XIX. mendeko marrazkilari handi gehienek, behintzat, Ingres, Degas edo Gustave Morauk, adibidez, euskarri hori erabili zuten azken emaitzaren bitarteko urrats gisa.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Marrazki». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-10-26.)
  2. «Marrazketa». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-10-26.)
  3. «Marrazkigintza». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-10-26.)
  4. (Ingelesez) Module 6: Media for 2-D Art. Saylor.org jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-08-09) (Noiz kontsultatua: 2012-4-2).

Kanpo estekak

aldatu