Katazuloa ate, horma edo leiho batean jarritako bisagradun zulotxo bat da. Horri esker, katuak zein beste animalia batzuk pertsona batek atea irekitzeko beharrik izan gabe, etxetik sartu eta irten daitezke.

Katu bat katazulotik irtetzen.

Antzina, katazuloak ateetan edo hormetan egindako zulo soil bat ziren, katuei sarrera librea ahalbidetzeko. Horiei esker, katuek gari eta arto erreserbak lapurtu nahi zituzten animaliak urrun mantentzen zituzten etxetik. Geroago, forma modernoago bat edukitzera pasa ziren eta gaur egun batzuk elektronikoki kontrola daitezke. Txakurrentzat ere antzeko ateak daude. Beharrizan hori desagertu den arren, etxe zahar eta lastategi batzuetan oraindik ere mantentzen dituzte, Rincón de Ademuzen (Valentzia, Espainia), adibidez.

Herrialde batzuetan oso ezagunak dira katazuloak, baina bereziki, Erresuma Batuan; Uste da katuen %10a bizi dela etxe barruan bakarrik.[1]

Helburua aldatu

Katazuloa animaliarentzat ez ezik, jabeentzat ere onuragarria da, honi esker etxeko maskotak nahi dutenean irten edo sartu daitezkeelako etxetik jabeak atea irekitzeko beharrik eduki gabe. Gainera, kanpoan dabilen animalia etxera bueltatuko dela ziurtatzen du, eguraldi txarra baldin badago edo harrapariren bat segika baldin badu, etxea toki babestu bezala identifikatuko duelako.

Ezaugarriak aldatu

 
Txakurra[Betiko hautsitako esteka] katazulotik irtetzen.

Mota sinpleena katazuloaren goiko aldetik kautxuzko xafla bat zintzilik dutena da, baina, mota honetako katazuloak haizeak eta eguraldi txarrak ireki egin ditzake. Horregatik, askotan iman bat jartzen zaie izkinetan, itxita mantendu dadin.

Beste ate batzuek berriz, bisagrak edukitzen dituzte alboetan eta salooietako ateak bezala irekitzen dira. Askotan, mota hauetako ateek, malguki edo antzeko errematxeren bat edukitzen dute, animalia etxera sartu ondoren ezin dadin atera. Kutxozkoak izan beharrean, akriliko, plexiglas edo plastikozkoak izaten dira eta eguralditik babesteko prestatuta daude.

Katazulo batzuek berriz, kisketa bat edukitzen dute. Horri esker, jabeak kisketa jartzen duenean animalia ezingo da barrura/kanpora joan. Adibidez, katua gauez etxe barruan dagoenean jabeak kisketa jarriko balu, berriro ere kisketa kendu arte katua ezingo litzateke kanpora atera.

Askok, nolabaiteko blokeo sistema edukitzen dute: albo batetik bestera mugitzen den metalezko xafla bat errailetatik irristatuz ixten da katazuloa. Sistema hau erabilgarria da eguraldi txarra egiten duenerako zein jabeak animaliekin bidaian joaten direnerako, beste animaliarik sartu ez dadin.

Katazuloak animaliek minik ez hartzeko diseinatuta daude. Xaflak askotan silikonaren antzeko material batez egiten dituzte, binilo leun deiturikoa. Plastikozko katazuloak merkeak eta ordezkatzeko errazak diren arren, baliteke animali handi eta sendoentzako nahikoa ez izatea.

Animalientzako ate hauek gehienetan zur kontratxapatuz edo plastikoz egindako ateetan egoten dira, erraza bait da zulo biribil bat egitea. Hala ere, adreiluzko zein beirate bikoitzeko ateetan ere jarri daiteke. Azken aukera hau garestia izan daiteke, baina kasu batzuetan baliteke aukera bakarra izatea.

Pixkana gero eta ate garestiagoak sortzen joan dira, material zehatz batez eginikoak, automatizatuak, denbora kontrolatzeko sistemadunak eta sentsoredunak, besteak beste.[2][3]

Historia aldatu

Ingelesez “katazulo” hitzaren lehen erabilera 1959an erregistratzen du Oxford English Dictionary-k, baina ideia askoz lehenagokoa da. Landa-eremuetako etxe eta baserrien hormetan, ateetan zein ganbaretan egoten ziren katazuloak. Horri esker, baserri inguruko katuek, baserritarrek ganbaran gordetzen zituzten elikagaiak babesten zituzten karraskarien izurriteengandik.

 
[Betiko hautsitako esteka]Rincón de Ademuzen dagoen katazuloetako bat.

Basakatuen erdi-etxekotzea K.A 7.500. urte inguruan hasi zen Cyprus-en.[4] K.A 6.000. urte inguruan Antzinako Egipton katu etxekotuak eguneroko bizitzaren parte ziren. Gaur egun katazuloek hasieran zuten erabilera guztiz galdu da, baina landa-eremu batzuetan, adibidez, Valentzian (Espainia) edo Vaunagen (Frantzia), katuen ateak edo katazuloak (Gazteleraz: gateras, Frantsesez: chatières) oraindik ere ohikoak dira.

Katazuloaren sorrera Isaac Newton-ekin (1642-1727) lotzen da. 1893an argitaratu zen anekdoten zutabe batean autore anonimo batek kontatzen du, Newtonek bere katu handiarentzat zulo handi bat egin zuela eta katu txikiarentzat zulo txiki bat, konturatu gabe katu txikia zulo handitik pasa litekeela.[5] Newtonen biografiaren bi idazlek diote Newtonek ez zuela ez txakurrik ezta katurik ere bere ganbaran.[6][7] Baina, anekdoten zutabean hori idatzi baino 60 urte lehenago “Newton’s alma mater Trinity College”-eko kide batek istorio berdina azaldu zuen (iturri ezezagun batetik) 1827ko memorian, honakoa gehituz: “Kontu hau egia edo gezurra bada ere, ukatu ezina da bere atean oraindik ere bi zulo daudela: bat handia eta bestea txikia, katuen tamaina desberdinentzako”.[8]

Motak aldatu

Ate automatikoak aldatu

Ohiko ateen forma berdina duten arren, hauek eguraldiarekiko erresistenteagoak dira eta atea kontrolatzen duen zirkuitu bat dute. Gehienak, norbere katuak soilik erabil dezan prestatuta daude, horrela etxeko segurtasuna eta babesa bermatzeko (gainontzeko animaiak ez daitezen etxera sartu…). Ate hau erabili ahal izateko beharrezkoa da katuari lepokoan gailu berezi bat jartzea, ateak katua ezagutu dezan. Katua atea dagoen tokira inguratzen denean, gillotina baten antzera, ireki egiten da; bestela itxita mantentzen da. Ate beretik animalia bat baino gehiago sartu daitezke, lepokoan dagokien gailua jarriz gero. Mota hauetako ateen funtzionamendu tartea oso zehatza izan behar da. Funtzionamendu tartea handiegia izanez gero, baliteke lepokoan gailua daraman katua sartu baino lehen beste animaliaren bat sartzea edo atea berriro ixtea; Funtzionamendu tartea txikiegia izango balitz berriz, baliteke katuak atea ireki nahi izatea oraindik itxita dagoenean.[9]

Ate elektro-magnetikoak aldatu

Katazulo sofistikatuago batzuek, tope elektromagnetikoak dituzte katuari lepokoan jarriko zaion imana antzeman eta atea irekiko dutenak. Honi esker, beste edozein animaliak katazuloa erabili eta etxean sartzea ekidin daiteke. Mota hauetako ateek mekanismo elektro-magnetiko baten bitartez, gutxienez alde batera igarotzeko bidea blokeatzen dute (etxera sartzekoa, etxetik irtetzekoa edo biak). Lepokoan imana jarrita duen animalia atera hurbiltzean, atean dagoen sentsore batek imana antzemango du eta atea irekiko da. Hala ere, mota honetako ateek ez dute ondo funtzionatzen animalia batzuekin. Imana daraman animaliaren sudurraren eta lepokoaren arteko tartea handiegia balitz, ateak imana ez detektatzea gerta liteke. [10]

Hautaketa bidezko atea aldatu

Ate hau erabiltzeko animaliak lepokoan gailu berezi bat edukiko du. Gailu horrek igorriko duen kodeari esker, ate automatiko honek animalia atetik atera edo sartzeko baimenduta dagoen antzemango du. Ultrasoinudun sentsore baten bidez funtzionatzen du. Ateak animalia antzeman dezan hurbiltasun tarte batean egon beharko da. Honi esker, gainontzeko animaliak etxean sartzea ekidin daiteke. Gainera, mota honetako ateak itxita egoten direnez kode egokia igortzen ez den bitartean, termikoki isolatutako atea ere bada.[11]

Kisketa infragorridun ateek ere berdin funtzionatzen dute: soilik katuak lepokoan eramango duen gailuak kode egokia igortzen duenean irekitzen dira.

 
Mikrotxip[Betiko hautsitako esteka] bidezko katazuloa.

Irrati-frekuentzia bidezko ateak edo RFID aldatu

Modelo berrienek, irrati-frekuentzia bidezko ateek edo RFID motatako ateek, animaliek daramaten mikrotxipa irakurtzen dute, horrela atea irekitzeko.[12][13] Horri esker animaliak ez du lepokorik eramateko beharrik izango. Ate hauek bi modu dituzte: modu operatiboa eta energia aurrezteko modua. Atea modu operatiboan egongo da animalia atearen inguruan dabilenean eta energia aurrezteko moduan berriz, animalia ez dagoenean atearen hurbiltasun-eremuan.[14] Mota honetako ateei esker, gainontzeko animaliak etxean sartzea ekidin dezakegu oraindik eta modu eraginkorrago batean, animalia bakoitzaren mikrotxipa desberdina delako.

Bi sentsoreren bidezko atea aldatu

Ate automatikoak dira, baina ateen bi aldeetan sentsoreak dituzte. Bi sentsoreen artean izpi infragorri bat dago; animaliak izpi hori apurtzean, seinale bat bidaltzen da atearen gainean dagoen motore batera eta atea irekitzen da. Berriro ere izpi infragorria bere osotasunean dagoenean atea ixten da. Motorea etengabe elikadura-iturri batera konektatuta egon behar da. [15]

Leihoetan jartzeko ateak aldatu

Izenak berak dioen bezala, ate hauek leihoetan jartzeko dira. Automatikoak dira eta sartu edo irten daitekeen animalia identifikatzen soilik irekitzen dira, kisketa magnetiko batzuen bitartez. Batzuen, lurreraino jartzeko aldapak ere badituzte. Ate elektro-magnetikoek bezala funtzionatzen dute, baina leihoetan jartzeko dira. Bi sentsoreren bidezko ateak ez bezala, hau ez da elikadura-iturri batera konektatuta egon behar.[16]

Ate eramangarriak aldatu

Ate hauek erdi irekita dauden ateetan jartzeko dira, atean zulorik egin beharrik ez izateko.[17] Gainera, hitzak berak dioen bezala eramangarria denez edozein atetan jarri daiteke.

Hesiak aldatu

Mendiko hesiak aldatu

 
Mendiko[Betiko hautsitako esteka] hesia.

Mendietan (abeltzaintza eremuetan adibidez) eta jendea bidezidorretatik ibiltzen den tokietan askotan hesien bidez banatuta egoten dira landa-eremuak. Alde batetik bestera igarotzeko hesi berezi batzuk egoten dira, soilik pertsonak eta txakurrak, katuak zein tamaina txikiko edozein animalia pasa dadin. Honi esker, zezenak, behiak edo beste edozein animalia handi landa-eremuko alde batetik bestera joan dadin ekidin daiteke.

Etxe barruko hesiak aldatu

Hesi hauek etxe barruan jartzen dira eta animalia gela batetik bestera ez mugitzeko balio dute. Bi hormen artean, irekita dagoen ate batean, leihoetan… jar daitezke eta prestatuta egoten dira animaliak salto egiten badu ere beste aldera pasa ez dadin. Animalia irekitzen saiatu arren, ez lukete lortuko: batzuk kisketa bat edukitzen dute ireki eta itxitzeko, beste batzuek biradera bat… era desberdinetakoak daude. Normalean metalezko edo egurrezko barraz eginda egoten dira eta zabalera doitzeko aukera edukitzen dute.

Ateentzako gehigarriak aldatu

Katazuloa babesteko gailua aldatu

Katazuloari txertatzen zaion gailu mugikor bat da. Etxe txiki baten itxura dauka eta gardena da, barruan dagoena ikusi ahal izateko. Gainera, gailu honen azpiko zatia gora eta behera mugitu daiteke, katazuloaren parean jarri ahal izateko. Tamaina desberdinetakoak daude, animaliaren beharretara egokitzeko. Ohiko katazuloetan erabiltzeko pentsatuta eginda dago, ate garestiago bat erosi ezin dutenentzako. Honi esker, eguraldi txarrak edo haizeak ez du katazuloa irekiko.[18]

Orrazia aldatu

Ohiko katazuloetan erabiltzeko pentsatuta dagoen gehigarria da. Izenak dioen bezala, orrazi bat da, animalia sartu edo irtetzen denean orraztuko diona. Honi esker, orraziak animaliari automatikoki kendu dio solte daukan ilea, hostoak, belarra edo beste zikinkeriaren bat. Ondorioz, bai animalia eta baita etxea ere garbiago mantenduko dira eta gainera jabea ez da denbora guztian animalia orrazten ibili beharko. [19]

Erreferentziak aldatu

  1. «The Indoor Outdoor Debate» messybeast.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  2. «Automated Pet Doors» TrendHunter.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  3. (Ingelesez) Kee, Edwin; PDT, on 03/13/2014 11:04. «PetWALK Automatic Pet Door Prevents Wet Paw Marks Around The Home» Ubergizmo (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  4. (Ingelesez) «Oldest Known Pet Cat? 9,500-Year-Old Burial Found on Cyprus» Animals 2004-04-08 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  5. (Ingelesez) The Monthly Religious Magazine. Leonard C. Bowles 1863 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  6. (Ingelesez) Brodetsky, S. (2007). Sir Isaac Newton. , 100 or. ISBN 1406769991..
  7. More, Louis Trenchard. (1937). Isaac Newton: a Biography. C. Scribner's Sons.
  8. Wright, J. F. M. (1827). Alma mater. 17 or..
  9. (Ingelesez) Automatic pet door. 2003-09-15 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  10. (Ingelesez) Electro-magnetically controlled pet door. 2001-04-27 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  11. (Ingelesez) Animal selective pet door. 2002-11-22 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  12. (Gaztelaniaz) www.surepetcare.com. Sure Petcare | Award Winning Smart Pet Products. (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  13. «Pet Porte® Smart Flap Microchip Cat Flaps» web.archive.org 2009-09-01 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  14. (Ingelesez) RFID pet door. 2007-09-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  15. (Ingelesez) Automatic pet door housing. 1997-05-09 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  16. (Ingelesez) Window mounted automatic pet door. 2002-12-17 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  17. (Ingelesez) Portable side pet door. 1999-06-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  18. (Ingelesez) Pet door protection apparatus. 2008-04-12 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  19. (Ingelesez) Brush attachment for pet door. 2010-03-25 (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).