Oxford English Dictionary

Oxford English Dictionary (laburtuta OED) Oxfordeko Unibertsitatearen Oxford University Press argitaletxeak argitaratzen du eta ingelesaren hiztegi garrantzitsuentzat jotzen da, hizkuntza honen etimologia ikerketarako erreferentzia nagusitzat ere jo ohi da. Lexikografiarako ere erreferentziazko lana da.

Oxford English Dictionary
Jatorria
Egilea(k)John Simpson, Edmund Weiner eta James Murray (en) Itzuli
IzenburuaA New English Dictionary on Historical Principles (NED)
Jatorrizko herrialdeaErresuma Batua
Ekoizpen lekuaOxford
ArgitaletxeaOxford University Press
OCLC17648714
Ezaugarriak
Genero artistikoadictionary of the English language (en) Itzuli
Hizkuntzaingelesa
Argumentu nagusiadictionary of the English language (en) Itzuli

oed.com
Twitter: OED Edit the value on Wikidata

1884ko otsailaren 1ean hiztegiaren lehen bilduma atala argitaratu zen, "A" hizkitik "Ant" hitzera doana, eta bildumaz-bilduma eta hizkiz-hizki, 1928ko apirilaren 19an 125. eta azken bilduma argitaratu zen, "Wise" hitzetik "W" hizkiaren amaierara doana. Ordutik aurrera eta gaur egun arte hiztegia hobetuz, bermoldatuz eta hitz berriak sartuz joan da.

Bilakaera aldatu

Oxford English Dictionary edizioak
Data Edukia Izenburua Liburukia
1888 A eta B A New ED 1
1893 C NED 2
1897 D eta E NED 3
1900 F eta G NED 4
1901 H-K NED 5
1908 L-N NED 6
1909 O-P NED 7
1914 Q-Sh NED 8
1919 Si-St NED 9/1
1919 Su-Th NED 9/2
1926 Ti-U NED 10/1
1928 V-Z NED 10/2
1928 Osoa NED 10 lib.
1933 Osoa NED gehig.
1933 Osoa eta gehig. Oxford ED 13 lib.
1972 A OED Geh. 1. geh.
1976 H OED Geh. 2. geh.
1982 O OED Geh. 3. geh.
1986 Sea OED Geh. 4. geh.
1989 Osoa OED 2nd Ed. 20 lib.
1993 Osoa OED Add. Ser. 1-2 geh.
1997 Osoa OED Add. Ser. 3. geh.

Sorrera aldatu

Hiztegiak, hasiera batean, ez zuen zerikusirik unibertsitatearekin; Filologia Elkartearen proiektu gisa sortu zen Londresen, Richard Chenevix Trench, Herbert Coleridge eta Frederick Furnivall ez zeudelako gustura garai hartan zeuden ingelesezko hiztegiekin[1].

1857ko ekainean "erregistratu gabeko hitzen batzordea" sortu zuten, hiztegiek oraindik zerrendatu eta definitu ez zituzten hitzak aurkitu ahal izateko. Baina Trench-ek azaroan aurkeztu zuen txostena ez zen erregistratu gabeko hitzen zerrenda hutsa; "Gure ingelesezko hiztegietako zenbait hutsuneez" azterlana zen. Esan zuenez, zazpi ziren hutsune horiek:

  • Hitz zaharkituen estaldura ez-osoa
  • Erlazionatutako hitzen familien estaldura inkontsistentea
  • Hitz bakoitzaren lehen erabilerarako data okerrak
  • Hitzen esanahi zaharkituen historia maiz ez aipatzea
  • Sinonimoen arteko bereizketa desegokia
  • Aipu argigarrien erabilera ez-nahikoa
  • Eduki desegoki edo erredundanteetan alferrik galdutako lekua

Trenchek iradoki zuen ezinbestekoa zela hiztegi berri eta oso bat egitea proposatutako helburuetarako; irakurle boluntario askoren ekarpenetan oinarrituko zen hiztegi bat, liburuak irakurriz, hitzen erabilera errealen pasarteak kopiatuz eta editorera bidaliz lagunduko zuten kolaboratzaileen bidez egina hain zuzen. 1858an, sozietateak "New English Dictionary on Historical Principles" (NED laburtua) izeneko proiektuari ekitea erabaki zuen, hau da, "Printzipio historikoetan oinarritutako ingeles hiztegi berria".

Lehen editoreak aldatu

Trenchek funtsezko eginkizuna izan zuen proiektuaren lehen hilabeteetan, baina elizan zituen zereginek ez zioten uzten hiztegiari behar zen arreta etengabe ematen hain epe zabalean, hamar urte beharko zirela kalkulatu baitzuten. Ondorioz, Trench alda batera egin eta Herbert Coleridge-k hartu zuen ardura, hiztegiaren lehen editore bihurtuta.

1860ko maiatzaren 12an argitaratu zen Coleridge-ren lan-plana, eta ikerketa abian jarri zen. Etxea izan zuen bulegoa; 54 laukiko kutxa bat enkargatuta, eta, azkenean, 100 000 fitxa bildu zituen. 1861eko apirilean argitaratu ziren hiztegiaren lehen proba-orriak, baina, hilabete horretan bertan, tuberkulosiaz hil zen 31 urte zituela.

Orduan editore kargua Furnivall-ek hartu zuen, baina gogo bizia eta ezagutza handia izan arren, ez zuen hain epe luzeko proiektu baterako beharrezko izaera. Hasieran, oso dinamikoa izan zen, jende asko bildu zuen eta bi tona irakurle-fitxa bildu zituen etxean; askotan, laguntzaile batzuei pasatzen zizkiena. Baina hilabeteak eta urteak igaro ahala, proiektuak ez zuen aurreratzen. Furnivallek harremana galdu zuen parte-hartzaileekin, eta haietako batzuek pentsatu zuten proiektua bertan behera utzi zutela; beste batzuk hil ziren fitxak itzuli gabe.

Furnivall editore berria bilatzen hasi zen eta 1876an, Elkartearen bilera batean, James Murray lexikografoak adierazi zuen prest zegoela.

Oxfordeko editoreak aldatu

 
James Murray Scriptorium-en

Aldi berean obrak izango zuen tamainaz hasi zen kezkatzen eta hainbat argitaletxerekin hitz egin zuen, tartean Cambridge eta Oxford University Press. Bi urteko negoziazioen ondoren, Oxford University Press (OUP) prest agertu zen, hiztegia argitaratzeaz gain, soldata bat ordaintzeko Murrayri.

Murrayk lortu zuen proiektua indarra hartzea, eta zuen eskala handia barneratzeko gai izan zen. Etxean lan egin beharrean Scriptorium izeneko eraikin bat egin zuten bera eta laguntzaileentzat, 1029 laukiko kutxa eta apal ugari zituen.

Murrayk, orduan, Furnivallek bildutako fitxak arakatu eta ordenatu zituen, baina desegokitzat jo zituen, kolaboratzaileak hitz arraro eta berezietan zentratu baitziren, hitz arruntagoetan askoz aipamen gutxiagorekin. Ondorioz kolaboratzaileei beste eskaera bat egin zien egunkarietako eta liburuetako "hitz arrunten ahalik eta aipamen gehien" bidaltzeko, "bakan, antzinako, zaharkitu, berri, berezi edo modu bitxian erabili" haiekin batera . Murrayk bideratu zuen Pensilvaniako Francis Marchen filologoak kudeatuko zuela Ipar Amerikako prozesua. Laster 1000 fitxa biltzen zituzten egunero, eta 1882rako 3,500.000 zeuden guztira.

1884ko otsailaren 1ean, Coleridge-ren proba-orrialdeetatik 23 urtera, argitaratu zen azkenean hiztegi errealaren lehen entrega edo liburukia. Izenburu osoa "A New English Dictionary on Historical Principles; Founded Mainly on the Materials Collected by The Philological Society" zen, hau da, "Printzipio historikoetan oinarritutako ingeles hiztegi berria, nagusiki Filologia Elkarteak bildutako materialean oinarritua". Bere 352 orrialdeetan "A" eta "Ant" arteko hitzek bildtzen zituen eta 4.000 ale eskas saldu ziren.

Argi zegoen, orain, Oxford-entzat denbora luzeegi beharko zela lana osatzeko, argitalpen-hitzarmena berrikusten ez baziren. Horregatik, funts gehigarriak eman zizkieten laguntzaileentzat, baina, trukean, bi eskakizun berri aurkeztu zizkioten Murrayri: lehena, Mill Hilletik Oxfordera aldatzea, 1885ean egin zuena; bigarrena, paraleloan lan egingo zuen bigarren editore bat kontratatzea. Bigarren horrekin ez zegoen ados, baina azkenean etsi egin behar izan zuen eta horrela Henry Bradley, Murrayk laguntzaile gisa kontratatu zuena 1884an, igo egin zuten, eta 1888an hasi zen lanean, Londresko Britainiar Museoaren egoitzan. 1896an Bradley Oxfordera aldatu zen lan egitera.

Argitaletxeak bi editorek estutzen jarraitu zuen gastuak murrizteko eta ekoizpena bizkortzeko, eta proiektua kolapsatzekotan egon zen; baina prentsaren bidez horren berri zabaldu ondoren, iritzi publikoak editoreen alde egin zuen. Editoreek uste bazuten hiztegia aurreikusitakoa baino lan handiagoa behar zutela, hala izan zen; eta ez Murray ez Bradley ez ziren bizi izan amaituta ikusteko. Murray 1915ean hil zen eta Bradley 1923an. Ordurako, independenteak ziren beste bi editore ari ziren parte hartzen eta lanak arazo handirik gabe jarraitu zuten. William Craigie, 1901ean hasi zen eta 1925etik aurrera Chicagon lan egin zuen han irakasle kargua onartu baitzuen. Laugarren editorea C. T. Onions izan zen, 1914an hasita.

Liburukiak aldatu

1894aren hasierarako 11 liburuko argitaratu ziren, urtean lau gutxi gorabehera bat urtean. Lau A eta B hizkiekin, bost C-rekin eta bi E-rerekin. Horietatik zortzi 352 orrialdekoak ziren. 1895etik aurrera, argitalpena bizkortzeko 64 orrialdeko liburuki berri bat argitaratu zen hiru hilabetean behin. Nahikoa material bazegoen, 128 edo 192 orrialde argitaratzen ziren liburuko berri batean. Lan-erritmo horri eutsi zitzaion Lehen Mundu Gerrak langile-murrizketak egitera behartu zuen arte.

125. faszikulua eta azkena 1928ko apirilaren 19an argitaratu zen, eta ondoren argitaratu zen berriro hiztegi osoa, liburuki koadernatuetan.

Lehen edizioa eta gehiagarriak aldatu

44 urte igaro ziren lehen liburukia argitaratu zenetik, eta, jakina, ingelesa aldatzen eta garatzen jarraitu zuen denbora horretan; beraz, lehen liburukiak nabarmen zaharkituta zeuden. Irtenbidea gehigarri bat sortzea izan zen, orrialde haiek lehen aldiz argitaratu zirenetik agertu ziren hitz eta esanahi guztiak zerrendatuz; horrek, gainera, hautemandako akatsak eta hutsegiteak zuzentzeko aukera ematen zuen. 1928ko edizioko erosleei gehigarria agertzen zenean kopia bat doan emango zitzaiela agindu zuten.

1933an berrargitaratu zen hiztegi osoa, orain lehen aldiz "Oxford English Dictionary" titulu ofizialarekin. Liburuki guztiak zuzendu ziren eta hiztegi nagusia hamabi bolumenek osatuko zuten. Gehigarria 13.a zen.

20 urteren buruan argi zegoen hiztegiaren zaharkituta zegoela. Horren aurrean OUPk, hiztegi osoa ez aldatzearren, gehigarria berritzea erabaki zuen. Robert Burchfield 1957an kontratatu zuten editore gisa, eta 84 urte zituen Onionsek oraindik ekarpen batzuk egin ahal izan zituen. Lana zazpi eta hamar urte bitartekoa izatea espero zen. Azkenean 29 urte behar izan ziren, eta gehikuntzek lau bolumen behar izan zituzten. Beraz, 1986an hiztegi osoak 16 liburuki zituen.

Edizio digitala (2. edizioa) aldatu

Garai hartan argi zegoen hiztegirako euskarri egokiena digitala zela, berriro mekanografiatuko beharko bazen ere eguneratzeak eta bilaketak izugarri erraztuko liratekeelako. Horrela hasi zen New Oxford English Dictionary ("Oxfordeko ingeles hiztegi berria") edo NOED proiektua. Ez zen nahikoa testu osoa berriro tekleatzea; gainera, jatorrizko hiztegiaren tipografia konplexuak emandako informazio guztia gorde egin behar zen, eta hori SGML markatze-lengoaia (XMLren aurrekaria) erabiliz egin zen. Bilaketarako espezializatutako motor bat ere programatu zen. 1985ean erabaki zen softwarearen garapenaren zati bat Waterlooko Unibertsitatean (Kanada) gauzatuko zela eta hardwarea, datu-basea eta softwarearen gehiena IBMren filial britainiarraren esku geratu zen.

1989an NOED proiektuak jada lortuta zituen helburu nagusiak, eta Edmund Weiner eta John Simpson editoreen taldeak batreratu zituen hasierako liburukiak, gehigarriak eta material berri apur bat. "Berria" hitza kendu zen izenetik, eta horrela argitaratu zen OEDren bigarren edizioa (OED2), ordutik OED1 erabiliz lehen edizioa deitzeko. OED2ren paperezko edizioa hogei liburukik osatu zuten. Eguneraketa jarraitu zuen eta 1993an bi liburukitako gehigarri bat argitaratu zen paperean eta 1997an beste bat.

Edizio trinkoak aldatu

1971n bi liburukiz osatutako edizio trinko bat argitaratu zen. Horretarako, argazki-tekniken bidez lau orrialde bakar batean inprimatu ziren ("4-up" formatua) eta kutxa txiki batean bilduta saltzen zen lupa batekin batera. 1987 beste edizio trinko bat egin zen baina orri bakoitzean jatorrizko 9 sartuz, horrela lortu zen hiztegi osoa liburuki bakar batean sartzea.

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Gilliver, Peter. (2013). «Thoughts on Writing a History of the Oxford English Dictionary» Dictionaries: Journal of the Dictionary Society of North America 34 (1): 175–183.  doi:10.1353/dic.2013.0011. ISSN 2160-5076. (Noiz kontsultatua: 2022-02-20).