Josefa Uritz

Nafar pedagogo eta aktibista feminista

Josefa "Pepita" Uritz Pi (Badoztain, Nafarroa Garaia, 1883ko martxoaren 15a - Ekialdeko Berlin, 1958ko abuztuaren 2a) nafar irakasle, pedagogo eta ekintzailea izan zen. Bere ahizpa Elisarekin batera pedagogia berritzaileak sartu zituzten Kataluniako hezkuntza-sisteman, eta elkarren hurbil egin zuten bizitza eta lan gehiena.[1] Frankismotik ihesi, borroka antifaxistan aritu izan ziren Frantzian, baita aldarrikapen feministetan ere.[2][3] Ekialdeko Alemanian eman zituen azken urteak, erbestean.[4]

Josefa Uritz

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosefa Úriz Pi
JaiotzaBadoztain1883ko martxoaren 15a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaEkialdeko Berlin1958ko abuztuaren 2a (75 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
alemana
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta pedagogoa

Biografia

aldatu

Bizitza

aldatu

Aita Benito Uritz Erro Espainiako Armadako kapitaina zuen, eta ama Filomena Pi Céspedes, Kataluniako merkatari baten alaba. Kubako gerran ezagutu zuten elkar eta 1882. urtean ezkondu ziren. Familiak Madrilera joan behar izan zuen bizitzera XX. mendearen lehenbiziko hamarkadan, aitaren betebehar militarrengatik. Bertan ikasi zuten lau anai arrebek: ahizpek, Elisa eta biek, Irakasle Zientzien karrera egin zuten. Anaiak, Miguel eta Francisco, berriz, Telegrafoen Kidegoan sartu ziren lanera. 1925. urtea orduko, hilak zituzten gurasoak, eta bakarrik eta ahal bezala konpondu behar izan zen ahizparekin batera, anaiak eta gurasoak galdu ondoren.[1] [4] Irakasle lanetan aritzearekin batera aktibista politiko ezkertiarra izanik, gerra ondoren, erbesteratu behar izan zuen eta Frantziako Erresistentzian ibili zen. Handik ere 1951n Ekialdeko Alemaniara bota zuten. 1958an Ekialdeko Alemanian hil zenean, bere ahizpa Elisa Nafarroara itzultzen saiatu zen, baina Espainiak ez zion bermerik eman, eta, atxilotuko zuten beldurrez, Alemanian gelditu zen. Ahizpa 1979an zendu zen.[2]

Hezitzaile berritzailea

aldatu

Pepita Gironako Irakasleen Eskola Normalean hasi zen lanean 1914an. Han, liburutegia martxan jarri eta emakume ikasleen lehenbiziko elkartea sortu zuen.1921ean lekualdatze lehiaketa irabazi eta gero, Lleidako Emakumeen Eskola Normalean hasi zen lanean, irakasle, hiru irakasgaitan: Pedagogia, Eskolako Zuzenbidea, eta Anatomia eta Higienea. [4] Eginkizun garrantzitsua bete zuen etorkizuneko irakasleak prestatzeko, eta zenbait berikuntza bultzatu: pentsamendu kritikoa, eztabaida, testu libururik gabe aritzea, norberak bere oharrak jasotzea... Horrek gatazkak sortzen zituen hezkuntzako sektore atzerakoienekin. Laster arazo handiak izan zituen apezpikuarekin.[5]

Ikasleei proposatzen zizkien irakurgai batzuk desegokitzat jo zituen eskola normaleko zuzendariak, eta, horregatik, diziplina kausa jarri zioten. Garai hartako intelektual ia guziek babestu zuten. Katedra-askatasunaren sinbolo bihurtu zen. Azkenean, bertan behera geratu zen zigorra, baina, aurrerago, Primo de Riveraren diktadurak berriz zigortu zuen: urtebete lanik eta soldatarik gabe.[2]

Espainiako Bigarren Errepublika 1931n aldarrikatu zutenean, Lleidako Eskola Normalaren zuzendaritza hartu zuen, eta eskola modernorako bidea urratzen hasi. 1933ko Espainiako hauteskundeetan CEDAk irabazi zuen, eta karguak kendu zizkioten Pepitari. 1936an itzuli zen zuzendaritzara, Fronte Popularraren garaipenaren ondotik. Neska eta mutilak banatzen ez zituen hezkuntzaren alde egin zuen eta hezkuntzaren historiak izan duen ikuspegi androzentrikoa zein emakumeen ikusezintasuna agerian jarri.[2] Ez zen mugatu Irakasleen curriculumean irakaskuntza iraultzen zuten korronte berri horiek sartzeak zekarren garapen teorikora; eskolaren eta gizartearen arteko harremanaren eraldaketa praktikoan inplikatu zen, garai hartan "Freinet metodoa" bezala ezagutzen zena jarraituz.[6]

Aktibista ezkertiar feminista

aldatu
 
PSUC

Hainbat mugimendu ezkertiarrekin lan egin zuen eta Gerra Zibila piztu zenerako, ahizparekin batera, Kataluniako Alderdi Sozialista Batuan (PSUC) sartu zen.[7] Hori baino lehenago, 1934an Pepitak SESBera egin zuen bidaia baten ondoren, Antonio Sesérekin batera Partit Comunista de Catalunyan (PCC) sartu zen, eta 1936ko uztailaren 23an Partit Socialista Unificat de Catalunyaren sorreran amaituko zen berrelkartze prozesuan paper garrantzitsua jokatu zuen.[6] II. Errepublikaren aldeko militante komunista izanik, lehenbiziko erakunde feministak bultzatu zituen, baita Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE-UGT) sindikatua ere.[4] Langileen borrokari loturik eta baita feminismoari ere, Pepita emakumeen eskubideen aldeko lehen erakundeak bultzatzeaz gain, Kataluniako Unió de Dones eta Mujeres Antifascistas Españolas erakundeen sorkuntzan partaide izan zen ere bai.[6]

Erbestean

aldatu

II. Errepublikan erantzukizun handiko karguak bere gain hartu eta 1936ko gerran izandako borroken ondorioz desplazatutako milaka familiari eskaini beharreko laguntza antolatzen aritu bazen, antzera lagundu zien Frantzia hegoaldean sakabanatutako kontzentrazio-esparruetan pilatutako errefuxiatu errepublikarrei, eta Parisko eskualdean nazien okupazioaren aurkako lehen erresistentzia-taldeak osatu zituen. Gainera, diktadura frankista amaitzeko espainiar guztien Batasun Nazionala bultzatu zuen. Bere militantzia komunista zela eta, 1951n Bolero-Paprika Operazioaren biktima izan zen, Frantziatik kanporatuak izan zen Gerra Hotzaren garaian. Orduan, bigarren erbestealdi luzea hasi zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta bertan hil zen 1979an.[8]

Sariak eta errekonozimenduak

aldatu
  • 1914-1915 ikasturtean bere promozioko lehenbizikoa izan zelako Irakasletzako Goi Mailako Ikasketen Eskolan Karrerako sari berezi bat jaso zuen.[3]
  • 1939ko urtarrilean, PSUCeko hainbat emakume-erakundeen omenaldia, Francoren tropak hiri kondalera sartu baino egun batzuk lehenago.[6]
  • 2011n aipatu zuten Berlingo Cervantes Institutuan "Señoritas en Berlin. Fräulein in Madrid (1918-1939)" mintegiko komunikazioetan. Garai hartan bi herrialdeak harremanetan jartzen lagundu zuten bera bezalako emakume talde baten funtsezko eginkizuna aldarrikatzea izan zuen mintegi hark. Hentrich & Hentrich argitaletxeak argitaratu zuen gero. [9][10][11]
  • 2013an, Badoztainen omenaldia [12]
  • 2014ean Sarrigurengo eskolari Josefa Uriz izena jarri zioten.[13]
  • 2020an Iruñeako Planetarioan Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Nafarroako Institutuak Josefa eta Pepita Úriz Pí ahizpa nafarren bizitzari eta lanari buruzko erakusketa egin zuen, “Úriz Pí. Ahizpak. Balio demokratiko unibertsalei eskainitako bizitza”, Institutuak 2020rako antolatu duen Nafarroako erbestealdiari buruzko jarduera-programaren barruan.[14][15]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b SLU, Herritar Berri. (2020-09-10). «Bi emakume feminista eta antifaxista, jendartea eskolatik iraultzen, duela mendebete» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2020-09-12).
  2. a b c d Tubia, Iker. (2019-01-30). «Bizitza, borrokari emana» Berria (CC-BY-SA) (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  3. a b Manuel., Martorell Pérez,. (2018). Pioneras : historia y compromiso de las hermanas Úriz Pi. Txalaparta ISBN 9788417065560. PMC 1078912924. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  4. a b c d Martorell, Manuel. Badoztaindik Ekialdeko Berlinera.Uriz ahizpen historia eta konpromisoa.. .
  5. «La transición borró los nombres de las mayores defensoras de la educación pública» Público 2014-6-27.
  6. a b c d Martorell, Manuel. (2014). «Hermanas Úriz. Dos pedagogas navarras en el «maquis español»» Gerónimo de Uztariz (30-31): 39–58. ISSN 1133-651X. (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).
  7. Manuel., Martorell Pérez,. (2018). Pioneras : historia y compromiso de las hermanas Úriz Pi. Txalaparta ISBN 9788417065560. PMC 1078912924. (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).
  8. «Úriz Pi ahizpak.» Memoria Historikoa eta Hezkuntza 2020-10-06 (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
  9. Bernecker, Walther L.. (2014). «Intercambios culturales y científicos hispano-alemanes en la época de entreguerras» Señoritas en Berlín = Fräulein in Madrid : 1918-1939, 2014, ISBN 9783955650391, págs. 12-32: 12–32. ISBN 978-3-95565-039-1. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
  10. Senoritas en Berlin, Fräulein in Madrid, 1918-1939. (1. Auflage. argitaraldia) ISBN 978-3-95565-039-1. PMC 886290008. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
  11. (Gaztelaniaz) Ruiz-Manjón, Octavio. (2016-11-28). «Gabriele Beck-Busse, Arno Gimber, Santiago López-Ríos (Hg.). Señoritas en Berlín, Fräulein in Madrid, 1918- 1939.» CIAN-Revista de Historia de las Universidades 19 (2): 283–285.  doi:10.20318/cian.2016.3441. ISSN 1988-8503. (Noiz kontsultatua: 2020-11-30).
  12. «Uriz Pi ahizpak, ideia berritzaileen defendatzaile sutsuak.» hikhasi.eus (Hik Hasi) (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  13. (Gaztelaniaz) «El Colegio Público de Sarriguren pasará a llamarse Josefa Úriz» Vivir en Sarriguren 2014-04-02 (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  14. (Gaztelaniaz) Visible la exposición sobre las hermanas Uriz Pí en el planetario de Pamplona | La voz de la Merindad. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
  15. (Gaztelaniaz) «El Instituto Navarro de la Memoria renueva la exposición sobre las hermanas Úriz Pí» naiz: 2020-09-15 (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).

Kanpo estekak

aldatu