Bolero-Paprika operazioa

Bolero-Paprika operazioa (frantsesez: opération Boléro-Paprika), gerra hotzaren testuinguruan, 1950. urtean, René Pleven Frantziako Ministroen Kontseiluko presidenteak agindutako ehundaka militante komunisten deportazioa izan zen.

Bigarren mundu gerra amaitu ondoren mundua bi bloke desberdinetan banatu zen. Frantzia Ameriketako Estatu Batuetako taldean lerrokatuta zegoen eta balizko inbasio sobietar baten beldurrez nonbait, 1950ko irailaren 7an René Plevenen gobernuak Frantzian errefuxiatutako ehundaka militante komunisten kanporaketa agindu zuen[1]; bai Espainiako gerra zibiletik ihes egindakoak eta ondoren nazien kontrako borrokan frantziar erresistentzian aritu zirenak (Bolero operazioa), nola Europako beste herrialdeko ekintzaileak ere (Paprika operazioa)[2]. Ezkerreko ekintzaile hauek Korsika, Aljeria, Hungaria, Polonia, Txekoslovakia edota Alemaniako Errepublika Demokratikora erbesteratu zituzten batez ere.

Zehazki, 1950ko irailaren 9an, 177 espainiar, 59 poloniar, 14 sobietar, 13 italiar, 6 hungariar, 5 txekoslovakiar, 4 greziar, 4 errumaniar, 4 apatrida eta bi bulgariar izan ziren kanporatutakoak[3].

Ikusi ere (Uriz ahizpak) aldatu

Alemaniako Errepublika Demokratikora deportatukoen artean Pepita eta Elisa Uriz badoztaindar (Nafarroa) ahizpak aurkitzen ziren. Uriz ahizpak Espainiako gerra zibilaren ondoren eta Parisen errefuxiatu aitzin, irakasle izan ziren Katalunian, Gironako, Lleidako eta Tarragonako Irakasle Eskoletan, eta berebiziko protagonismo historikoa izan zuten, baita arrasto nabaria utzi ere nazioartean emakumeen eta umeen eskubideen defentsan. Espainiako XX. mendearen hasierako aurrerapen pedagogikoetan eragin handia izan zuten. Espainiako bigarren Errepublikaren aldeko militante komunistak izanik, lehenbiziko erakunde feministak bultzatu zituzten, baita “Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE)” irakasleen sindikatu nagusiena ere[4].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu