Johann Christoph Friedrich GutsMuths

Johann Christoph Friedrich GutsMuths , Guts Muths edo Gutsmuths izenekin ere ezaguna (Quedlinburg, Prusia, 1759ko abuztuaren 9a - Ibenhain, Waltershausen, 1839ko maiatzaren 21a), alemaniar irakaslea eta hezitzailea izan zen. Bere ekarpen nagusia gorputz hezkuntzaren garapena izan zen, eta bere ekimenez, ariketa fisiko sistematikoa eskolako curriculumean sartu zen. Gimnasia artistikoaren oinarriak ere garatu zituen.

Johann Christoph Friedrich GutsMuths
J-C-F-GutsMuths.jpg
Bizitza
JaiotzaQuedlinburg1759ko abuztuaren 9a
Herrialdea Alemania
HeriotzaIbenhain1839ko maiatzaren 21a (79 urte)
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Halle-Wittenberg (en) Itzuli
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jardueraksaiakeragilea, irakaslea, geografoa eta gimnasta

BiografiaAldatu

 
Jaiotetxea

Jaiotzez Johann Christoph Guthsmuths zeritzon; baina geroago argitalpenetan GuthsMuths grafia erabili zuen, eta Friedrich hirugarren izena hartu zuen.[1] Lehen ikasketak herriko eskolan egin zituen. Aita larru-ontzailea zuen, eta berak 14 urte zituela hil zen; ondorioz, klase partikularrak ematen aritu zitzaien Quedlinburgeko Friedrich Wilhelm Ritter medikuaren bi semeei; horrela batxilergo ikasketak ordaindu zituen, etxera dirua ekartzeaz gain. Pedagogiarekiko eta Ilustrazioko autoreekiko interesa ordutik erakutsi zuen.

1779tik 1782ra Halle an der Saaleko Unibertsitatera joan zen (Alemaniako lehen unibertsitate modernoa), Quedlinburgeko Udalaren dirulaguntza baliatuz. Han teologia, fisika, matematika, filosofia, historia, frantsesa, italiera eta ingelesa ikasi zituen, eta Ernst Christian Trapp filantropoaren hitzaldiak entzun zituen pedagogiari buruz. Gainera, Rittertarren etxean klase partikularrak ematen jarraitu zuen; hain zuzen ere, semeetako bati geografiarekiko interesa piztuko zion: Carl Ritter geografo ospetsua bihurtuko zen, eta maisuaren eta ikaslearen arteko harremanak bizitza osoan iraungo zuen.

1784an Ritter aita hil zen; eta seme biak Schnepfenthaleko Salzmann Ikastetxe sortu berrira joan ziren. Christian Gotthilf Salzmann zuzendari eta filantropoak, GutsMuthsen gaitasunaz jabeturik, ikastetxean lanpostua eskaini zion; 1785ean hartu zuen postua, eta handik aurrerako bizitza profesional osoa (50 urte baino gehiagoz) ikastetxe honetan emango zuen. Bertan, irakasgai arruntak ematen hasi zen; baina afizio gisa ikasleekin gimnastika lantzen hasi zen, ikastetxeko "zuhaitzez inguratutako jokozelaia eta Dessauko Philanthropinum ikastetxeko ariketa-errepertorioa" baliatuz.[2] Ikastetxean horrelako zerbaiten baten premia zegoela iritzita, GutsMuths ikasgaia metodikoki lantzeari ekin zion. Salzmann zuzendariaren oniritziarekin, ariketak eta jolas fisikoak ibilaldi, lorezaintza eta eskulanekin konbinatu zituen, ikasle bakoitzaren konstituzio fisikoa eta gaitasunak kontuan hartuz. Denborarekin, atal hau Schnepfenthaleko ikastetxearen ezaugarri bat bihurtuko zen. Gutsmuthsek gimnasia gorputzaren kultura gisa deskribatu zuen, heziketa integral batean funtsezkoa zena izaera indartsu bat lortzeko.

1793an, GutsMuths-ek Gymnastik für die Jugend ("Gazteendako Gimnasia") argitaratu zuen, gimnasiari buruzko lehen ikasliburua.

1797an Binderslebeneko Sophie Eckardekin ezkondu zen. Hurrengo urtean Ibenhain ondoko herrira aldatu ziren. Han 8 seme eta 3 alaba izan zituzten,[3] eta irakaskuntzaz gain GutsMuths baratze eta artisautza lanetan aritu zen.

Hurrengo 25 urteetan heziketa moral eta fisikoari eta geografiari buruzko idazlanak argitaratzen jarraitu zuen. Abertzalea izanik, Prusiako gobernuko Von Massow ministroari formakuntza militarrean ariketa fisikoa sartzeko proposamena egin zion, eta Gymnastik... liburuaren bigarren edizioan fusilarekin egiteko eta oinezko martxa ariketak sartu zituen.[4]

1834an, Schnepfenthalen irakasle bezala 50. urte bete zituenean ospakizun bat egin zuten. GutsMuths 1839ko maiatzaren 21ean hil zen Waltershausen-en; bere gorpua Salzmann zuzendariaren ondoan ehortzi zuten.

Gymnastik für die JugendAldatu

 
Liburuaren irudietako bat.

Eskuliburuaren izenburu osoa hauxe da: "Gazteendako gimnasia. Gida praktikoa eskolek erabiltzeko ariketa zoragarri eta dibertigarriei buruz. Gorputz hezkuntzan egin behar diren hobekuntzei buruzko entsegua". Idazleak Wolff-en eragina aitortzen du, naturalismo izeneko mugimendu intelektualarekin batera -Jean-Jacques Rousseau filosofoaren lana barne- eta Antzinako Greziako gimnasian oinarriturik. GutsMuthsen zioa gizarte modernoak berarekin zekarren gainbehera fisikoa ekiditea zen; horretarako, gimnasia metodo zientifiko bat garatzea nahi izan zuen, garaiko fisiologia eta dietetika ezagupenekin integratuz. Lehen aipatu dugunez, Johann Bernhadt Basedow-ek Philanthropinum ikastetxean garatutako eredua jarraitu zuen. Halere, ariketa fisikoa ulertzeko modu berrian Gutsmuthsen lanak izan zuen eraginik handiena.

Eskuliburuan 29 ariketa desberdin deskribatzen ditu, Greziako pentatloiaren eta berak asmatutako ariketa berrien inguruan egituraturik. Bere idazlanak eskalada, dantza, jauzia, ariketa militarrak, korrika egitea, igerian egitea, jaurtitzea eta oinez egiteko ariketak ere bazituen. Bigarren edizioa orekari, bainatzeari, pisu-eramateari, deklamazioari, barauari, jauzi ariketei, pisu-altxatzeari, eskulanari, aire libreko gimnasioa antolatzeari, tiratzeari eta borrokatzeari buruzko informazioarekin osatu zen.

Liburuaren kapitulu batek (Ball mit Freystäten, oder das Englische Base-ball) ("Estazio libredun pelota, edo base-ball ingelesa") beisbol modernoaren aurrekariaren deskribapena dakar, gerora strikeout izenarekin ezagutuko zen araua barne.[5]

GutsMuthsen lan honek arrakasta handia izan zuen, eta hizkuntza askotarako itzulpenak egin ziren, gerora hainbat aldiz berrargitaratuak eta plagiatuak izango zirenak. Danimarkan eta Suedian bereziki, liburu honen hedapenak kirola diziplina bereizi gisa aitortzea ekarri zuen.[6] 1800an edizio bat argitaratu zen Londresen (J. Johnstonek inprimatua) eta 1802an Amerikako Estatu Batuetan (Filadelfiako William Duanek inprimatua). Bigarren edizioa 1804. urtean atera zen.

IdazlanakAldatu

Hauek dira GutsMuthsek argitaratu zituen lan nagusiak:

  • 1790ean, H.J.C. Beutler-ekin batera Allgemeines Sachregister über die wichtigsten deutschen Zeit- und Wochenschriften ("Aldizkari alemaniar nagusien aurkibide orokorra").
  • 1793an, Gymnastik für die Jugend / ein beytrag zur nöthigsten verbesserung der körperlichen Erziehung von Gutsmuths ("Gazteriarendako gimnasia / gorputz hezkuntzan behar den hobekuntzari eginiko ekarpena, Gutsmuthsek egina").[7]
  • 1796ean Spiele zur Übung und Erholung des Körpers und Geistes ("Gorputzaren eta gogoaren ariketak eta jolasak"). Bertan beisbol jokoaren lehen deskribapena egin zuen.[8]
  • 1798an Kleines Lehrbuch der Schwimmkunst ("Igeriaren artearen testu liburu txikia").
  • 1799an Meine Reise im deutschen Vaterlande ("Nire bidaia aberri alemaniarrera").
  • 1800 urtetik aurrera Bibliothek der Pädagogischen Literatur ("Literatura pedagogikoaren liburutegia") aldizkariaren editorea izan zen, 1808tik aurrera Neue Bibliothek für Pädagogik, Schulwesen und die gesamte neueste pädagogische Literatur Deutschlands ("Alemaniako hezkuntza, eskola eta hezkuntza-literatura berrienaren liburutegi berria") izena hartu zuena. 1819 arte 53 bolumen argitaratuko ziren GutsMuthsen zuzendaritzapean.
  • 1801ean, Mechanische Nebenbeschäftigungen für Jünglinge und Männer ("Gizonendako eta gazteendako bigarren mailako lan mekanikoak").
  • 1810ean Handbuch der Geographie ("Geografia eskuliburua").
  • 1813an Elementarbuch für Stadt- und Landschulen ("Herri eta baserri eskoletarako oinarrizko liburua").
  • 1817an Turnbuch für die Söhne des Vaterlandes ("Aberriko semeendako gimnasia liburua"). Liburu honetatik Katechismus der Turnkunst izeneko laburpena atera zen, formakuntza militarrera bereziki zuzendua.
  • 1827-1830 artean Beschreibung der südamerikanischen Staaten ("Hego Ameriketako estatuen deskribapena"), Vollständiges Handbuch der neuesten Erdbeschreibung ("Lurraren azken deskribapenaren eskuliburu osoa") idazlanaren barruan.
  • 1828an, Johann Adolph Jacobi-rekin, Deutsches Land und Deutsches Volk ("Alemaniar lurra eta herria") bildumaren bolumen bat.[9]
  • 1835ean Versuch einer Methodik des geographischen Unterrichts ("Geografiaren irakaskuntza metodologia saiakera bat").

EraginaAldatu

GutsMuthsi "gimnasiaren aitona" izatea aitortu zaio. Bere lana gorputz hezkuntza landu zuten espezialista askotan eragina izan zuen, hala nola:

  • Friedrich Ludwig Jahn (1778-1852), bere ikasle izandakoa Schnepfenthalen (eta "gimnasiaren aita" deitua).
  • Franz Nachtegall (1777-1847) daniarra.
  • Pehr Henrik Ling (1776-1839) suediarra.
  • PH Clias, ingeles armadako kapitaina eta gimnasia zuzendaria Royal Military College-n 1822 ondoren, GutsMuths-en irakaspenen jarraitzailea izan zen. Gero, gimnasiari buruzko bere liburu propioa idatzi zuen.

OmenaldiakAldatu

 
GutsMuthsen estatua Quedlinburg-en

GutsMuthsen omenez izendatutako erakunde, elkarte, instalakuntza, leku eta taldeen izenak oso ugariak dira:

Erdialdeko Europako trail running lasterketa garrantzitsuenak (Rennsteiglauf, Turingiako oihanean zehar) ere bere izena du.

2009an, Waltershausen herriak nazio-ospakizun bat egin zuen GutsMuthsen 250 urteurrenaren harira; Schnepfenthalen ibilaldiak, jaialdia, folklore emanaldiak, erakusketa eta bestelako ekitaldiak izan ziren.

ErreferentziakAldatu

  1. 250 Jahre Johann Christoph FriedrichGutsMuths25. https://www.gymmedia.com/.
  2. hrsg. von Horst Überhorst. (1982). Geschichte der Leibesübungen / 3,2, [Leibesübungen und Sport in Deutschland vom Ersten Weltkrieg bis zur Gegenwart.. ] (1. Aufl. argitaraldia) Bartels & Wernitz ISBN 3-87039-054-9. PMC 310564209. (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  3. Schröder, Willi. (1996). Johann Christoph Friedrich GuthsMuths Leben und Wirken des Schnepfenthaler Pädagogen. (1. Aufl. argitaraldia) ISBN 978-3-88345-447-4. PMC 243818253. (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  4. Reinhard Fauer: Dem Namensgeber des internationalen Rennsteiglaufes J. C. F. GutsMuths zum Gedächtnis. Aktualisierte Auszüge in: Hörselberg-Bote. Nr. 77/2009, S. 14–17.
  5. (Ingelesez) admin. The Dropped Third Strike: The Life and Times of a Rule – Society for American Baseball Research. (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
  6. (Ingelesez) Krüger, Arnd. (2012). «Multiperspectivity as a basis of current German physical education» Movement & Sport Sciences - Science & Motricité (78): 11–23. doi:10.1051/sm/2012020. ISSN 2118-5735. (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  7. (Alemanez) Gymnastik für die Jugend : enthaltend eine praktische Anweisung zu Leibesübungen / ein beytrag zur nöthigsten verbesserung der körperlichen Erziehung von Gutsmuths. 1793 doi:10.3931/e-rara-79792. (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  8. «GutsMuths - Spiele zur Übung und Erholung des Körpers und des Geistes» www.sportpaedagogik-online.de (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  9. (Alemanez) Deutsches Land: 1. Steudel ; Leich 1828 (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  10. (Alemanez) «GutsMuths-Preis» Academic dictionaries and encyclopedias (Noiz kontsultatua: 2021-06-13).
  11. Schröter, Per. (2007). Gutsmuths wäre stolz. .

Kanpo estekakAldatu