Iker Irribarria

Esku huskako pilotaria
Irribarria
Iker Irribarria, 2015eko martxoan
Iker Irribarria, 2015eko martxoan
Izen osoa: Iker Irribarria Olazabal
Jaiotza data: 1996ko uztailaren 4a (27 urte)
Jaioterria: Arama (Gipuzkoa,
 Euskal Herria)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,87 m
Pisua: 85 kg
Debutatze data: 2015eko martxoaren 22a
Debutatze pilotalekua: Astelena (Eibar)
Erretiratze data: 2023ko martxoaren 4a
Erretiratze pilotalekua: Atano III.a (Donostia)

Iker Irribarria Olazabal, pilota arloan Irribarria deituraz ezaguna (Arama, Gipuzkoa, 1996ko uztailaren 4a) esku huskako pilotari profesional ohia da, buruz buruko eta binakako txapelketa nagusietan inoiz izan den txapeldunik gazteena (19 eta 20 urterekin irabazi baititu, hurrenez hurren). Aurrelari aritzen zen, Aspe enpresarekin. Profesionaletan 2015eko martxoaren 22an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan.[1] Ezkerra izanagatik, kolpe bortitz eta ikusgarria zuen ezker-eskuin.[2] Eskuin belauneko lesio batek erretiratzera behartuta,[3] agurreko partida 2023ko martxoaren 5ean jokatu zuen, 26 urte zituela, Donostiako Atano III.a pilotalekuan; azken pilotakada errebotean sartuz irabazi zuen partida.[4]

Bere abizenaren Irri laburtzapenaz animatu ohi zuten pilotalekuetan.[5][6]

Ingeniaritza Mekanikoa ikasten du Mondragon Unibertsitatean.[7] Lehengusua du Aritz Elustondo, Realeko atzelaria.[8] Maialen Akizu bertsolaria du bikotekide, eta alaba bat dute elkarrekin.[9]

Ibilbidea aldatu

2015ean, bigarren mailako buruz buruko finalera iritsi zen, profesionaletan debutatu eta bi hilabetera; txapeldunorde geratu zen, Víctor Estebanen aurka 22-17 galduta.[10]

2016ko maiatzaren 29an, debutatu eta urtebete pasatxora, esku huska jokatzen den partidarik garrantzitsuena irabaztea lortu zuen: buruz buruko finala. Partida horretaraino iristeko, aurrez txapeldun izandako Aimar Olaizola (22-14) eta Oinatz Bengoetxea (22-10) kanporatu zituen,[2] eta finalean 22-13 mendean hartu zuen ordu arte txapelduna zen Mikel Urrutikoetxea.[11] Final horretara inoiz sailkatu den pilotari gazteena da Irribarria,[12][13] eta inoiz izan den buruz buruko txapeldunik gazteena, 19 urte eta 326 egunekin[2] (aurretik marka zuenak, Ruben Belokik, 20 urterekin irabazi zuen). Buruz burukoa jokatu zuen estreinako aldian izan zen txapeldun, bere garaian Ogetak, Garcia Ariño I.ak eta Irujok egin bezala.[14]

2017ko apirilaren 9an, Beñat Rezusta atzelaria lagun, Binakako Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe 22-14 mendean hartuta. 20 urterekin, binakako txapelketa nagusian ere Irribarria da inoiz izan den txapeldunik gazteena.[15]

2018a urte txarra izan zuen. Ez zuen finalik jokatu, ez baitzuen ongi jokatzen. Izan ere, bere dohainak (bereziki, indarra) ez zituen baliatzen; urrutitik errematatzen zuen, beste pilotari batzuek berezko zituzten jokaldiak egiten saiatzen zen. Horretaz ohartuta, udan bertan prestakuntza fisiko nahiz psikologikoa hobetzeari ekin zion, eta berriz ere bere dohainei probetxua ateratzen ahalegintzeari.

2019an etorri ziren lan horren emaitzak: Jose Javier Zabaleta atzelaria lagun binakako txapelketa bikaina eginda, finala jokatu zuen.[16][17] Finalean Irribarria hotz hasi zen; gero sartu zen jokoan eta ondo aritu zen, baina Elezkanok eta Rezustak osatutako bikotea gailendu zen, 22-19.[18] 2019ko Esku Huskako Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusian, aldiz, finalera iritsi eta Urrutikoetxeari 22-20 irabaziz, goierritarrak buruz buruko bere bigarren txapela jaso zuen.

Kirol lorpenak aldatu

 
Rezusta eta Irribarria, binakako txapelarekin, Bergaran (2017-04-10).

Profesionaletan aldatu

Buruz buruko txapelketa nagusiko finalak
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza Pilotalekua
2016 Irribarria Urrutikoetxea 22-13 Bizkaia
2017 Bengoetxea VI.a Irribarria 22-18 Bizkaia
2019 Irribarria Urrutikoetxea 22-20 Bizkaia
Binakako txapelketa nagusiko finalak
Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Emaitza Pilotalekua
2017 Irribarria-Rezusta Bengoetxea VI.a-Larunbe 22-14 Bizkaia
2019 Elezkano II.a - Rezusta Irribarria - Zabaleta 22-19 Bizkaia
Bigarren mailako buruz buruko txapelketako finalak
Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza Pilotalekua
2015 Víctor Irribarria 22-17 Beotibar

Amateurretan aldatu

  • 2014: Joxean Tolosa Torneoko txapelduna
  • 2014: Lau eta erdiko Elite Torneoko txapelduna
  • 2012: Diario Vasco Torneoko txapelduna

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Irribarria: "No me hago a la idea de que voy a ser un pelotari profesional"», Aspepelota.com, 2015-03-19.
  2. a b c Imanol Magro Eizmendi: «Hau zen etorkizuna», Berria, 2016-05-29.
  3. (Gaztelaniaz) Herrero, Rafael. (2023-02-22). «Irribarria abandona la pelota por una lesión de rodilla» EFE Noticias (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  4. «Irribarriaren ibilbide profesionaleko azken tanto ikusgarria: pilota errebotean sartu du!» EITB 2023-03-04 (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  5. Gandarias, Ibai Zabala. «Egizu irri» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  6. Gascon, Ainara Arratibel. «Txapel ederrena darama» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  7. (Gaztelaniaz) «Un proyecto «muy interesante»» El Diario Vasco 2019-01-26 (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  8. «Aritz Elustondo eta Iker Irribarria, lehengusuak», EITB.eus.
  9. (Gaztelaniaz) Guinea, Luis. (2022-07-07). «Unai Laso, duda hasta última hora para San Fermín tras acabar tocado la final» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  10. (Gaztelaniaz) «Víctor Esteban, campeón de Segunda», Deia, 2015-06-07.
  11. «Irribarria da buruz buruko txapeldun berria» Berria 2016-05-29.
  12. «Irribarria finalera, Bengoetxeari 22-10 irabazita», Berria, 2016-05-15.
  13. (Gaztelaniaz) Igor G. Vico eta Javi Colmenero: «El día del ‘big bang’», Noticias de Gipuzkoa, 2016-05-16.
  14. Imanol Magro Eizmendi: «Irribarrea galdu ezinda», Berria, 2016-05-31.
  15. «Irribarriak eta Rezustak lortu dute binakako txapela (22-14)», Berria, 2016-05-15.
  16. Magro Eizmendi, Imanol. (2019-04-02). «Iker Irribarria, Aspeko aurrelaria: “Kolpeak hartu behar izaten dira. Hobea egiten zaituzte”» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  17. (Gaztelaniaz) G. Vico, Igor. (2019-04-02). «Iker Irribarria: “La pelota se golpea con la mano, pero se juega con la cabeza”» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  18. «Elezkanok eta Rezustak irabazi dute binakako txapela» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).

Kanpo estekak aldatu