Grazia Deledda
Grazia Maria Cosima Damiana Deledda (ˈɡrattsja deˈlɛdda ahoskatua; Nuoro, Sardinia, 1871ko irailaren 27a – Erroma, 1936ko abuztuaren 15a) idazle eta itzultzaile italiarra izan zen, Literaturako Nobel Saria irabazi zuena 1926an.
Grazia Deledda | |
---|---|
(1926) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Maria Grazia Cosima Deledda |
Jaiotza | Nuoro, 1871ko irailaren 27a |
Herrialdea | Italiako Erresuma |
Bizilekua | Erroma |
Heriotza | Erroma, 1936ko abuztuaren 15a (64 urte) |
Hobiratze lekua | Udako hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: bularreko minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Palmiro Madesani (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Etxeko eskolatze |
Hizkuntzak | Sardiniera italiera frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta, eleberrigilea, antzerkigilea, prosalaria eta ipuingilea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Ilia di Saint-Ismael |
Genero artistikoa | autobiografia drama |
Bizitza
aldatu1871 urtean jaio zen Nuoron(Sardinia). Bere gurasoek (Giovanni Antoniok eta Francesca Cambosuk) zazpi seme-alaba izan zituzten eta bera bosgarrena izan zen. Bere gurasoak burgesia dirutsuaren parte ziren; Bere aita, abokatua, ikatzaren salerosketara dedikatzen zen eta katoliko iragangaitza zen.[1]
Garai horretako Sardinian emakumeek ez zuten aukerarik ohiko ikasketak egiteko eta Graziak bere kabuz ikasi behar izan zuen. 17 urterekin emakumeei zuzendutako magazinetan bere ipuinak argitaratzea lortu zuen.[2]
1888 eta 1890 artean Erroma, Sardinia eta Milaneko aldizkariekin lan egin zuen. Garai haietako lan esanguratsuena "Fior di Sardegna" (1892) da. Lan honek kritika onak lortu zituen eta bere karrera bultzatu zuen. Bere lanak giro erromantiko berantiar bat islatzen dute. Patu saihestezina bezala bizitako maitasun istorioak kontatzen ditu.[1]
Angelo De Gubernatis bultzatuta, etnologia jorratu zuen. 1893tik-1895ra "Revista de Tradiciones Populares Italianas” aldizkariarekin kolaboratu zuen eta garai horretako lan esanguratsuena "Tradiciones Populares de Nuoro en Cerdeña."da.[2]
1895 urtean "Anime Oneste" Argitaratu zuen eta 1896an "La via del male".[1]
1899 urtean Palmiro Madesani finantza ministerioko funtzionarioa ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen. Urte horretan bere eleberria "Il Vecchio de la montagna" atalka argitaratu zen “Nueva antologían”. Horren ondoren, 1890 urtean Erromara joan zen bizitzera. Horrela Sardiniatik alde egiteko ametsa betetzea lortu zuen. [1]
1900 urteko abuztua eta abendua bitartean “Elias Portolu” eleberri azpimarragarria atalka argitaratu zen eta 1903an liburu bezala argitaratu zen.[2]
Sardiniatik urrun egoteak sardiniar folklorea beste ikuspuntu batetik begiratzen lagundu zion eta hori agerikoa da bere hurrengo eleberrietan. Folklore hori erabilita alegiazkoa eta mitikoa den giroz blaitu egiten ditu bere idatziak.[2]
1900 urteko abenduan bere lehen semea jaio zen eta aurrerago bigarren bat izan zuen. Grazia Deleddaren denbora familia eta idazketaren artean banatzen zen. Arratsaldero hainbat ordu idazteko erabiltzen zituen.[1]
Hortik aurrera bere idatziak bata bestearen atzetik argitaratu ziren: “Cenere”(1904), “Colombi e sparvieri” eta “Chiaroscuro”(1912), “Canne al vento ”(1913),“ Le colpe altrui "(1914), "Marianna Sirca" (1915), " Il fanciullo nascosto " (1916), " L'incendio nell'oliveto " (1917) eta "Madre" (1919). 1922 urtean " Il Dio dei viventi " argitaratu zuen.[1]
1926an Nobel Literatur saria jaso zuen.[1]
Estiloa
aldatuGrazia Deleddak bere estilo propioa jorratu zuen. Bere garaian zeuden korronte literariotik aldendu zen eta ez zuen parte hartu naturalismoan.[3]
Grazia Deleddak idatzitako eleberri bakoitzak gai ezberdin bat jorratzen du baina guztiek dute amankomunean beraien erdigune morala. Horregatik, garai hartako literaturan nagusi ziren lan naturalista tipikoetatik ezberdintzen da. Naturalismoan ez bezala, Deleddaren narrazioek ez dute ingurune objektibo bat deskribatzen, baizik eta bere memorian oinarritutako sardiniar ingurunearen ikuspegia.[4] Grazia Deleddak bere jatorrizko uhartean existitzen diren ahozko istorioak, testu bibliko eta garai horietako europar eleberrigileen irakurketa arretatsuarekin nahasten ditu.[3]
Bere idatziek pertsonaien eta haien balio moral eta erlijiosoen arteko harreman estua aurkezten dute. Hoietan pertsonaien errudun sentimendua eta beraien ekintzen ondorioz jasaten duten zigor saihestezinaren beldurra islatzen du.[4]
Bere obraren gai nagusiak hauek dira: Sardiniar patriarkatua, maitasuna, pekatua, errua, mina, Sentimendu erlijiosoa, heriotza, patua. Bere lan batzuek autobiografia eta irudizko mundua uztartzen dute.[3]
Agerikoa da trantsizio bat dagoela estilo narratibo erromantiko batetik bere azken lanetako benetako analisi psikologiko batera.[4]
Sariak eta aitorpenak
aldatu1936an Nobel Literatur saria jaso zuen. Nobel Komitearen arabera, hau izan zen berari saria emateko arrazoia: ”Idealismoan inspiratutako bere idazlanengatik, zeinak, argitasun plastikoarekin, bere jaioterriko bizitza deskribatzen duten eta giza arazoak orokorrean sakontasunez eta sinpatiaz tratatzen dituzten.”[3]
Venus planetan bere izena daraman krater bat dago. Horrez gain, bere izena daraman espazio-anezka bat dago. Bere hirian, Nuoron, bere etxea izan zena berari buruzko museoan bihurtu dute.[3]
Lanak
aldatuBere lan aipatuenen artean hauek daude:
Elias Portolu: Eleberri honekin Grazia Deleddak Europako ospe handiko idazle gisa berretsi zuen bere burua. Bertan pertsonaien eta naturaren barne ikuspegia maisuki garatzen du. Gizakiak eta gauzak paisaia espiritual, sekretu eta deabruzko bakar batekin nahasten dira, bere herriarena(Sardinia), hain zuzen ere.[5]
Mariana Sirca: Bere lan hoberenen artean dago. Mariana Sircaren istorioa kontatzen du. Mariana txikitatik bere inguruneak inposatzen dion presio isil baina etengabera ohituta dagoen Sardiniar emakume gaztea da. Marianak bere bizitzako protagonista izatea erabakiko du, eta Simon, inguruko bidelapur batekin ezkontzea erabakiko du. Bere asmoa zuzena izan arren, bizi den landa eremu arkaikoan bere erabakia irain ulergaitz bat bezala ikusiko da.[5]
Cósima: Lan hau idazlea hil ostean argitaratu zen eta Grazia Deleddaren lanik pertsonalena da. Sardiniako paisaia iradokitzaile eta legendazko eszenatokien artean bere pertsonaiak probintziako hiri txiki baten bizitza monotonoan giltzaperatuta daude, zeinetan dena lege zorrotzen bidez araututa dagoen. Grazia-Cósima txikia idatzi gabeko lege horien aurka matxinatu egingo da, halako murrizketek bere askatasun eta ezagutzeko irrikarekin talka egiten dutela sumatzen duenean. Heriotza hurbildu arren edo agian horregatik, hain zuzen ere, ezinbesteko obra da Cosima, biziraupenaren lekuko. Bertan idazle arrakastatsua izateko amesten duen nerabe baten indarra eta irudipenaren bidez, Nuoron bizitako oroitzapen, bizipenak eta ohiturak azaleratzen dira.[5]
L´edera: Decherchi etxean aurkezten zaigun giroa landa eremuko Italiar nobleziako familia askoren egoera dekadentearekin lotuta dago. Garai berrietara egokitu ezinik, gutxitutako ondarea apeta antzuetan xahutzen dute. Testuinguru honetan, Annesak, Decherchi familiaren morroi eta alaba adoptatua, Pauluren oinordeko gaztearen akatsak pairatu beharko ditu. Pauluk goizegi kontsumitutako pertsonaia da eta munduan bere lekua aurkitu ezinik dabil. L´edera eleberriak, era zainduan eta zehaztasunez, egoera zail eta zapaltzaile bati aurre egin bitartean maitasuna bilatuko duen barne-gatazkaz markatutako pertsonaia baten istorioa irudikatzen du.[6]
La Madre: Paulo, Aarreko parroko gaztea, aldatu egin da. Gauez izkutuan ateratzen da. Amak ispiluan begiratzen deskubritzen du. Euforiatik malenkoniara pasatzen da.[7]
Bibliografia hautatua
aldatu- Fior di Sardegna (1892)
- La via del male (1892)
- Racconti sardi (1895)
- Anime oneste (1895)
- Elias Portolu (1903)
- Cenere (1904)
- Nostalgie (1905)
- L'edera (1908)
- Canne al vento (1913)
- Marianna Sirca (1915)
- La madre (1920)
- La fuga in Egitto (1925)
- Il sigillo d'amore (1926)
- Annalena Bilsini (1927)
- Il paese del vento (1931)
- Cosima (1937, hilondokoa)
- Il cedro del Libano (1939, hilondokoa)
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h «Grazia Deledda - Biografía de Grazia Deledda» www.biografias.es (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ a b c d «Biografia de Grazia Deledda» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Herrero, Maria Sol Antolin. (2021-04-24). Grazia Deledda, Premio Nobel de Literatura | DF Diario Feminista. (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ a b c «➤ Grazia Deledda - Premio Nobel de Literatura 1926 - Libreando Club» libreando.club (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ a b c «Quelibroleo - Descubre tu próxima lectura - Red social de libros» quelibroleo.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La hiedra - Ediciones Cátedra» www.catedra.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ (Ingelesez) «La madre» Roca Libros (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)Autobiografia Nobel Sarien webgunean