Ezkaba (mendia)

Euskal Herriko mendia
Ezkaba mendia» orritik birbideratua)
Artikulu hau mendiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ezkaba (argipena)».

Ezkaba[1] edo San Kristobal Nafarroa Garaiko mendia da, Iruñerriaren iparraldean dagoena. 895 metroko garaiera du.[2] Kokapen estrategikoa du Iruñerriko iparraldeko sarrera kontrolatzeko.

Ezkaba
Datu orokorrak
Garaiera895 m
Prominentzia363 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak42°51′21″N 1°39′54″W / 42.8558°N 1.665°W / 42.8558; -1.665
MendikateaEzkabako mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
Nafarroako merindadeen zerrendaIruñeko merindadea
Nafarroa Garaiko eskualdeIruñerria
UdalerriaIruñea
Mendizaletasuna
Ohiko bideaArtikatik
MendikatMendikat
LuberriLuberri

Izena aldatu

Mendiak bi izen ditu. Zaharrena Ezkaba da, agirietan era hauetara ageri baita: 1007an Ezcaua, 1095ean Eschaua, 1268an Ezquaba, 1280an Ezcava edota 1350ean Ezcaua.[1] Berriagoa bada ere, San Kristobal izenak ere tradizio luzea du: 1291n dokumentatzen da tontorrean zegoen baseliza. Toponimo horrek indarra hartu zuen denborarekin, eta XIX. menderako San Kristobal esaten zitzaion mendiaren mendebaldeko zatiari, gailurra barne. Ekialdeko zatiak, berriz, Ezkaba izena atxiki zuen.[3]

Egoera horren aurrean, Nafarroako Toponimia Taldeak Ezkaba deitu zion mendiari eta San Kristobal tontorrari.[3] Euskaltzaindiak ere Ezkaba hobetsi zuen.[1]

Geografia aldatu

Iruñerria iparraldetik ixten duten mendietako bat da. Berriobeiti, Berriozar, Antsoain eta Iruñea udalerriek hartzen duten mendiaren hegoaldeko isurialdea. Canal de Ezkaba izeneko harrarteak bitan zatitzen du mendia, Antsoain eta Iruñearen arteko muga eginez.[3] Mendiaren iparraldea Ezkabartekoa da.

Historia aldatu

Brontze eta Burdin aroetako hainbat herrixka izan ziren Ezkaban, garrantzitsuenetakoa egungo Artikako lurretan. XIII. menderako eraikirik zegoen San Kristobal baseliza, buruko minaren aurkako ospea zuena. 1599an, izurria Nafarroan zehar zabaldu zelarik, lazareto moduan erabili zuten.[4] XIX. mendean desagertu zen ermita, Alfonso XII.a gotorlekua egin zutenean.

Kokapen estrategikoa dela eta, tontorrean zenbait gotorleku izan dira. XIII. mendean eraiki zuten Ezkabako gaztelua; han babestu ziren 1276an Nabarreriako Gerrako buruzagiak, armada frantsesaren aurka borrokatu ondoren. 1750etik 1760ra, gotorleku txiki asko eraiki ziren Berriobeititik eta Arreraino. Eta Artikako lurretan, XIX. mendean kanpamentu militar bat ere izan zen.[5]

 
San Kristobal gotorlekua

1878an, Espainiako errege Alfonso XII.ak agindu zuen bere izena eramango zuen gotorlekua eraikitzeko. 1919an bukatu zuten, baina behin ere ez zuen bere helburua bete, hegazkinak gerran erabiltzen hasi zirelako ordurako eta horiekin mota horretako gotorlekuek euren zentzu militarra galdu zutelako.[5]

Horiek horrela, San Kristobal gotorlekua espetxe militar bihurtu zuten 1934an, eta zeregin hori eman zioten 1945 arte. 1938an, Ezkaba gaineko presondegiko ehunka presok –2.500 ziren orduan– Europako espetxe batean inoiz izan den ihes handiena egin zuten: 798 presoetatik gehienak harrapatu zituzten ihesaldiaren ondorengo ehizan eta 206 hil; hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herrira iristea, Urepelera.[5]

Ekonomia aldatu

XX. mendera arte hegoalde ia osoan mahastiak ugariak ziren. Ia herri guztietan izan dira harrobiak, ustiatuenak Artika, Aitzoain eta Berriozarrekoak. 1512-1515 bitartean, adibidez, harrobi guztiek dena emanda jardun zuten Iruñeko zitadelaren eraikuntza harriz hornitzeko. Antsoain eta Artikan silize meatzeak ere egon izan dira.[5]

Ezkabako parkea aldatu

2016an Iruñerriko Mankomunitateak Ezkabako Eskualde Parkea sortzeko erabakia hartu zuen. 1.000 hektarea inguruko hedadura du: 942,92 ha Ezkaba mendian, 50,91 ha Oihana mendian, eta 15,27 ha Urbizkainen. Zortzi udalerritako lurrak hartzen ditu: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruñea eta Uharte.[6]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Ezkaba. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-24).
  2. Floristán Samanes, Alfredo. (1995). Geografía de Navarra. Iruñea: Diario de Navarra, 227-240 or. ISBN 84-89103-06-2..
  3. a b c Belasko, Mikel. SanCristobal-Ezkaba. Nafarkaria, 1993/04/23, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-24).
  4. Sagredo Garde, Iñaki. Investigación y actuación arqueológica en Ezkaba. Ermita y castillo de San Cristóbal. Trabajos De Arqueología Navarra (33), 139-150, revistas.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-25).
  5. a b c d Letona Biteri, Xabier. Ezkaba eta Iruñerria, elkarri begira eta militarrak tartean. Argia, 2019ko urriak 13, CC BY-SA, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-25).
  6. Ezkaba parkea. mcp.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-25).

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa