Euskal Nortasun Agiria

Euskal Nortasun Agiria (ENA) sigla beretako elkarteak sortu eta hedatutako dokumentua da. Hastapenetatik 15 bat euskara elkartek, 25 udalek[1], 5 alderdik une zehatz batzuetan eta hainbat herritarrek lagundu zuten zabaltzen, laguntza horiek aldatzen doazen arren. Haren bidez, euskal herritartzat eta euskaraz tratatuak izateko aukera eskaintzen hasi zen.

Euskal Nortasun Agiria: Sabin Arana ENAdun.

Elkartea bi helbururekin sortu zen:

  1. Euskal nortasunaren kontzientzian sakondu eta berori hedatu: identitatea bera, euskalduntasuna, euskaltasuna, euskaltzaletasuna, lurraldetasuna, herritartasuna, abertzaletasuna...
  2. Ahal den agiri gehien egin, erabili eta ofizialtasunik zabalena lortu.

Egoitza Bilboko Abandon dagoen Erripa kaleko 6. zenbakiko eraikinaren behealdean du, 1997. urteko bere sorreratik. Elkarteak euskalduntzat eta euskaltzaletzat definitzen du bere burua eta herritar guztiei irekia da. Elkarte politikoa ez den arren, haren lanaren zati batek politikarekin zerikusia du.

Agiria euskararen normalizaziorako tresna ere bada: euskal abizenak zein kale eta herrien izenak grafia egokiaz agertzean, helbide guztiak euskaraz. Euskal herritar guztiak identifikatzeko euskara hutsean dagoen agiri bakarra da.

Historia

aldatu

1997an elkartea sortua, 1998ko hasieran ekin zion euskal nortasun agiriak egiteari. Handik hona guztira 39.912 agiri egin eta banatu izan du. Hauteskundeetan botoa ematean,[2] saltoki askotan erosleak identifikatzeko (Decathlon, Eroski, Alcampo...), eta beste askotarako onartzen da ENA. [erreferentzia behar]

Euskal Herriak daukan 685 udalerritatik, 419tan bizi da ENAdunen bat.

2001ean hasitako ENApress barne boletina argitaratzen du elkarteak, helburuokin lotutako albisteez. 2024. urteko otsailean 114. zenbakira iritsiko da.

2003etik Euskal Jatorri Agiriak, izen eta abizenen esanahiak azaltzen ditu. 29 EJA egin izan dira.

2004etik Euskal Sendi Agiria, familiako kide guztiekin: gurasoak zein seme-alabak.[3] 28 Agiri egin dira

2009tik aurrera 863 ENAdunek berriztatu dute beren Agiria, galduta, lapurtuta, helbidez aldatuta edo 10 urte eta gero iraungituta eukitzeagatik.

2016tik aurrera ANA, Atzerritarren Nortasun Agiria esleitzen zaie, Euskal Herrian 5 urte baino gutxiagoz bizi eta nahi duten atzerritar guztiei: 140 ANA egin eta banatu dira jadanik, beren burua identifikatzeko beste agiririk ez daukaten herritarrei nor diren azaltzeko balio zaien agiria izanik.

2022an ANAdun batek berriztatu du eta beste batek 5 urteren ondoren euskal herritartasunari eutsi dio, ENA beregantuz.

Sorreraz geroztik, alderdiek, elkarteek, norbanakoek, instituzioek... beren programetan, artikuluetan, ekinetan, iritzietan... nortasunaz/identitateaz zehaztu eta definitzeko beharra lortu du mugimenduak.

Urtero liburu bat aurkezten du ENAk Durangoko Azokan.

Ofizialtasuna

aldatu

Honako 24 herriotan lortu du ofizialtasuna ENA agiriak udal batzaren gehiengoaz antzeko formula erabiliz: Bermeoko Udalak beste agiri ofizial bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, ofizialtasun maila onartzen dio ENA agiriari, udaletxean erabil dadin. Orain arteko udalerriok hauexek dira:

Aizarnazabal, Alkiza, Alontsotei, Amo(ro)to, Arbazu, Astigarraga, Beastei, Bermio, Berriz, Dima, Ie, Elantxobe, Etxalar, Izurtza, Larraul, Larraun, Leintz-Gatzaga, Lekitto, Mañari, Mendixa, Orendain, Sopuerta, Turtzioz, Ubide, eta Zalla kanpotarrentzat. Guztira Gipuzkoako 7, Bizkaiko 14, Nafarroako 3. Bertako 56.000 herritarrek badute Agiria betetzekotan, erabiltzeko aukera ofiziala.

Beste 20 bat udaletan (Tolosa, Arantzazu, Eskoitza, Legutio...) eta herri erakundetan ere onartzen dute.[erreferentzia behar]

Mugimenduaren historian 8 ENA Eguna ospatu du Elkarteak herritarrekin batera: Bermio, Etxalar, Alontsotei, Arbazu, Berriz, Alkiza, Ubide eta Bilbon. Beti Agiria ofiziala den herri batean, Bilbo izan ezik. 1997tik, urtero-urtero, Durangoko Azokan dago agiria izapidetzeko aukera, baita liburu bakoitzaren aurkezpenean parte hartu eta eztabaidatzeko parada. Egoitzan 500 liburu, aldizkari, txosten eta abarrez betetako biblioteka eskaintzen du elkarteak: izendegiak, deiturategiak, leku izendegiak, mapak, planoak, ikurrak/sinboloak, nortasuna, herritartasuna/nazionalitatea/naziotasuna, euskaltasuna, euskaltzaletasuna, lurraldetasuna, atzerritartasuna, historia, abertzaletasuna...

Erdal itsasoaren artean, euskal irla bat da Bilboko Erripa kale zentrikoaren erdian.

Identifikazio moduak

aldatu

Espainia Erresumako legeak behartzen ditu 14 urtetik gorako herritar guztiek Nortasun Agiri Nazionala (NAN-DNI) egin dezaten, eta autoritatearen aurrean beren burua identifikatzen, baina ez du behartzen NAN gainean edo eskura eramaten edota bere bidez gure buruak identifikatzen.[4] Hortan sartzen dira ENAren balioa eta baliozkotasuna.

Frantziako estatuan, Carte Nationale d'Identité egitea ez da derrigorrezkoa, atzerrira joan ezean; beraz, hor ere ENAk bere balioa du herritarrak identifikatu behar izatekotan. 414 lagunek dute ENA Ipar Euskal Herrian.

Munduan zehar beste 414 euskal herritarrek daukate ENA.

Bibliografia

aldatu
  • 1998. Euskal Nortasunaren Kontzientzia
  • 1999. Euskal Izendegi Bateratua
  • 2000. ENA: Naziogintzan urrats sendoa
  • 2000. Euskal Herritartasuna
  • 2001. Identifikazio Moduak Mundu Zabalean
  • 2002. Eskualde Bereziak eta Eraikuntza Nazionala
  • 2003. ENA: 6 Urtetako Kronika eta Erabiltzeko Gida
  • 2004. Euskal Herritartasunaren Atarian
  • 2005. Euskal Nortasunaren Hiztegia
  • 2006. DNI/CNI-ren ilegalkeriak
  • 2006. ENA eta euskal alderdi politiko guztiak
  • 2007. Europako Nortasunen Agiriak
  • 2008. ENA Bakarra behar du EH osoak
  • 2009. ENA, 12 urtez EH eraikitzen
  • 2012. Euskal Herriko Eskualdeak
  • 2012. ENA, 15 urteren ondoren.
  • 2013. Euskal Izendegi Eguneratua.
  • 2014. Euskalduntasuna: lurraldetasuna eta herritartasunaren zutabe.
  • 2015. ENA, 18 urtez, adin nagusitasunera heldua.
  • 2016. Zuzen, zintzo, jator: Euskalduntasunaren transmisioa.
  • 2017. 20 urtetako Euskal Nortasunaren Iraultza.
  • 2018. Atzerritartasuna.
  • 2019. Nazio Ikurren II Biltzarra.
  • 2020. (Azoka digitalean).
  • 2021. Euskal Nortasuna azken mende laurdenean.
  • 2022. ENA 25 urte: 1997-2022
  • 2023. Euskal Identitarismoa eta Lurraldetasuna.

Erreferentziak

aldatu
  1. [1] 2000. urtean ENA onartzen zuten udalek
  2. Txantiloi:Euskera ibarluzea, miren. Mungian ENArekin botoa ematea. (Noiz kontsultatua: 2019.01.22).
  3. Euskal Nortasun Elkartea: «ENA Elkarteak 2. agiria sortu du: Euskal Sendi Agiria», Sustatu, 2004-03-10.
  4. Barne Ministerioa. (2005eko abenduak 24). 1553/2005 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, nortasun agiri nazionalaren izapidetza eta bere sinadura digitala arautzen duena. Estatuko Aldizkari Ofiziala (Espainia), 42090-42093 or. BOE-A-2005-21163.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu