Artikulu hau Bizkaiko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ea (argipena)».

Ea (tokiko euskaran Ie ahoskatua) Bizkaiko ipar-ekialdean dagoen kostaldeko udalerri txiki bat da. Ibarrangelu eta Ispaster udalerrien artean dago. XVI. mendetik ekonomia jarduera nagusia arrantza izan du. 2016. urtean 850 biztanle zituen.

Ea
 Bizkaia, Euskal Herria
Earen airetiko ikuspegia
Eako bandera

Eako armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaBusturialdea
Izen ofiziala Ea
AlkateaFrancis Ziloniz Uskola (EH Bildu)
Posta kodea48287
INE kodea48028
Herritarraeatar
Kokapena
Koordenatuak43°22′52″N 2°35′01″W / 43.381111111111°N 2.5836111111111°W / 43.381111111111; -2.5836111111111
Map
Azalera14,17 km²
Garaiera5 metro
Distantzia47 km Bilbora
Demografia
Biztanleria822 (2023)
−2 (2022)
alt_left 392 (%47,7) (%52,4) 431 alt_right
Dentsitatea0,58 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,54
Zahartze tasa[1]% 23,82
Ugalkortasun tasa[1]‰ 12,9
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 76,99 (2011)
Genero desoreka[1]% 3,37 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 8,64 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 81,68 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 70.38 (2016)
Datu gehigarriak
SorreraXIX. mendea. urtea
Webguneahttp://www.eakoudala.net/

Etimologia

aldatu

Eako udalerriak mende baten antzinatasuna baino zertxobait gehiago du. Hainbat elizate bata bestearen segidan el­kartzearen ondorioz sortu zen, horrenbestez, arrantzalegune txiki bat zena udalerriaren hirigune bihurtu zen, eta 1884an erabaki zuten Ea izen ofiziala hartzea. Etimologoen iritziz, 'ihitoki' esan nahi du. 1492ko dokumentu batean jada 'Heam' izena ageri da.

Geografia

aldatu

Inguru naturala eta kokapena

aldatu

Izen bereko ibaia herriburuan bertan itsasoratzen da, udalerria bitan bananduz. Alde bi horiek lau zubik lotzen dituzte, horietatik zaharrena, "erromatarra" deritzona, armarrian agertzen dela. Herria itsasadarrean dago kokaturik, portu natural baten ondoan.

Udalerriaren ipar-mendebaldean, Natxituako auzoan, Natxituko lapatza harrizko hondartza dago.

Auzoak

aldatu

Ea udalerria ondoko auzo hauek osatzen dute:

   
Bedaroako eta Natxituako elizak 1919. urtearen inguruan.


Udalerri mugakideak

aldatu

Portua eta ibaia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Eako kirol-portua»
 
Eako kirol-portua.
 
Ibaia herritik igarotzen.

Eako portu lasaia Argin ibaiaren bokalearen eskuinal­dean ahokatuta dago. Dena dela, ibai txiki horri Ea ibaia esaten dio jendeak. Metro batzuk aurrerago ibaiak itsasoarekin bat egiten du itsaslabarraren aho batean.

Portuak oso sakonera txikia du, horrenbestez, han ertzeratu ohi diren dozena erdi txalupa motordunak itsasgoran soilik sar edo atera daitezke. Itsasbeheran, hondartza txiki bat azaltzen da. Ean ez dago arrantza‑flotarik aspal­diko urteetan.

Itsasadarraren ondoko zulo batean hezur fosilak aurkitu zituzten duela mende erdi bat. Paleontologoek katalogatutakoaren arabera, equus cabalus fossilis dira, pleistozeno garaikoak edo kuaternariokoak.

Herria

aldatu

Ur‑xirripa estu‑estuari itsasadarra esaten diote hanpaduraz eta herrigunearen ardatz dute. Harriz egindako karpanel‑arkuko bi zubi lirainek batzen dituzte bi ibaiertzak, eta modernoago batzuk ere badaude.

Ibaiaren ibilguarekin paraleloan daude Eako bi kale garrantzitsuenak: ezkerral­dean Aritza Kalea eta eskuinal­dean Kale Barria. Biak estuak dira, eta hondartzara garamatzate, hura ikusteko irrikaz.

Eako kaleetan ibiliz, hango etxeetako ateburuan zizelkatutako edo pintatutako izenak hartu ditugu: Artabilla, Urtubia (1774) Bidegane, Abaitua, Zabala (1867) Etxe aundi, Mostonekua, Sagarbarri, Ezkerrenekoa, Arritzola...

San Joan Bataiatzailea parrokia‑elizak dorre karratua du eta 1550ean eraiki zuten. San Joanen irudi interesgarriak ditu, betiko arkumetxoa lagun, eta Ama Birjina Sortzez Garbiarenak ere bai. Erretaula esku trebeek egina da. Udaletxea (Herriko Etxea) itxura oneko eraikin neoklasikoa da. Bien artean pasatzen da Gernikarako bidea. Zubiaren ondoan beste eliza bat dago, Jesusena Andra Maria eliza esaten diotena, elizpe rustikoa du inguruan, eta goian kanpai‑horma barrokoa.

Herrigunea ibar estuan harrapatuta dago, eta bisitarientzat ezusteko atseginak ditu: atzean hondartza txiki bat, familiarra, dama‑joko taula bizia, arrapala leunean, haren atzeal­dean pilotalekua eta eskuinal­dean polikirol­degi berri eta dotorea, itsasadarraren bokalea, aurreko atalean deskribatutako portu txikia, eta etxe berezi bat —Beletxe— toponimia‑izenak adierazi bezala arrantza‑ontzien belak jasotzeko erabil­tzen zutena. Zaharberritze-lanak egiteko gusut ona izan dute.

Ibilal­dia Talako Ama baselizaraino egitea gomendatzen dugu (Sortzez Garbiaren ermita ere esaten diote) eta Eako talaiara igotzea, handik begiratzea atsegina izango da.

Historia

aldatu

Ea herria XVI. mendean jaio zen, Ereñok eta gaur egun udalerriko auzoak diren Natxituako eta Bedaroako arrantzaleek Ea ibaiaren itsasadarrak osatzen duen portu naturalean kokaleku iraunkorra osatu zutenean. XIX. mendera arte Eak ez zuen udalerri izaerarik izan. Ea ibaiak banantzen zuen herria bitan: erdi bat Bedaroako elizatearen zati zen eta beste erdia Natxituko elizatekoa. Hau da Eak bi parrokia-eliza izatearen arrazoia, ibaiaren alde banatan eta zubi batek bakarrik banaturik. Zubi horretaz gain, beste hiru zubik lotzen dituzte herriaren erdi biak.

Halaber, jakin badakigu earrak atunaren, legatzaren, sardinaren eta bisiguaren arrantzan aritzen zirela. 1637an, Frantziako Erresumako armadaren erasoen bel­dur, Bizkaiko Jaurerriak lurral­deko portuak zaintzeari ekin zion. Ean zortzi zaintzaile jarri zituzten, eta egunean kobrezko bi erreal ordaintzen zizkieten. Urte pare bat geroago, zaintzaile‑taldeak handiagotu zituzten, eta barrual­deko foru-miliziak kostako leku jakinetara joan behar zutela erabaki zuten. Banaketa hori aintzat hartuta, Bedaronan, Kortezubin, Ereñon eta Natxituan errekrutatuak Eara bidali zituzten.

 
Eako herrigunearen ikuspegia.

XIX. mendean, Eako portua, zatitzen zuten elizateak baino botere eta biztanleria handiagoa izanik, Bedaroari eta Natxituari batu zitzaien, Ea izeneko udalerria sortuz. Udalerri berri horren herriburua Eako portuan ezarri zen.

Udalerriko lehenengo biztanleei dagokienez, aurkitutako aztarna arkeologiko zaharrena Kristo ondorengo I. mendeko giza itxurako estela bat da. Natxituan aurkitu zuten eta ohiz kanpoko aztarna da Bizkaiko arkeologian. Aurrealdean giza itxurako irudia dauka eta atzealdean ikoroski formako gurutzea. Flaviotarren garaikotzat jo zuten (K.o. I. mendea) eta adituen arabera bertoko biztanleen artelana da, ageriko erromatar eragina duen arren.Gaur egun ez dago ia Erdi Aroko herriguneei buruzko informaziorik. Hala ere, jakin badakigu Natxituako parrokia orduko Ibarrangelun kokatuta zegoela eta XV. mendean bereizi egin zela. 1325. urteko dokumendu baten arabera, badirudi Bedarona Lekeitioko elizateko zati bat zela hiribilduari puebla-karta eman baino lehen.

XIV. eta XV. mendeak oinaztarren eta ganboatarren arteko borroka odoltsuaren lekuko izan ziren. Borroka Bizkaia osoan zehar hedatu zen eta Eako udalerria erdibitu egin zen: Bedarona Adan de Yarza (Zubietako jaunak) familiaren alde agertu zen eta oinaztarren alderdian borrokatu ziren; Natxitua, berriz, ganboatarren alde agertu zen eta Adan de Yarza eta Arteaga familien babespean borrokatu zen. Gatazka horren isla ziren 1492. urte inguruan eraiki ziren gotor-etxeak.

Eako kasuan, baliteke arrantza eta antzeko jarduerak egiteko aldi baterako egonleku izatea. Hala ere, herria bera Bedaronako, Ereñoko eta Natxituako elizateetako arrantzale nabigatzaileek sortu zuten XVI. mendean. Udalerri berria itsasoaren gainetik dagoen itsasertzeko arku malkartsu batean kokatu zuten eta mugak Natxitua eta Apikale mendietan eta Ea Muturrean ezarri zituzten, Ereño eta Natxituako elizateen alboan. Data zehatza ezagutzen ez dugun arren, badakigu XVII. mendearen bigarren erdialdean Ereñok zuen eskumena Bedaronako elizatera eskualdatu zela.

Geroago Gernika eta Lekeitio arteko komunikabide berria sortu zen eta nekazaritzarako lur aprobetxagarriagoetan ereiten hasi ziren. Gainera, jaurerrian bakea ezarri zen. Egoeraren hobekuntza orokorrak Bedaronako eta Natxituako hazkuntza ekonomiko eta demografikoa eragin zuen eta gutxinaka herriak garatzen joan ziren.

Orduko Eak auzo bana zuen ibaiaren alde bakoitzean. Bat Ereñoko elizatean zegoen eta bestea Natxituan, eta beraz bertako errejidore leialen menpe zeuden gobernu politikoaren arloan. Ez zeukaten ahotsik ezta boturik Gernikako Batzar Nagusietan. Herriak bi parrokia zituen; zaharrena 1550. urtean eraiki zuten, San Juan Bataiatzailearen izenpekoa zen eta Natxituako Andre Mariaren menpe zegoen. Benefiziodun apaiz batek egiten zituen elizkizunak eta bere nagusiak Lekeitioko Zubieta eta Arteaga oinetxeetako jabeak ziren. Jurisdikzio berean zeuden Sorkundearen Andre Maria baseliza (Talako Ama esaten diotena), burdinola bat eta zenbait errota. Jesusen Andra Mari parrokia, berriz, Ereñoko San Migelen menpe zegoen. Benefiziodun apaiza Zubieta oinetxeak mantentzen zuen, erregearen nagusi mertzenarioak, eta berari zegokion hamarrenak kobratzea.

Eako herritar gehienak arrantzan aritzen ziren. Hori dela eta, ibaia itsasoratzen den gunean portu txiki bat zeukaten eta eskabetxe-industria bat sortu zuten esekitoki eta gazitegiekin. 1884. urtean Natxitua eta Bedaronako elizateak batu egin ziren eta gaur arte iraun duen Eako udala sortu zuten.

 
Eako itsasadarraren sarrerako ikuspegia.

Ekonomia

aldatu

Eako nekazaritzaren sektoreak aspaldi galdu zuen garrantzia. Egun, familia gutxi batzuk soilik aritzen dira nekazaritza-lanetan eta tomateak negutegietan hazten dituen establezimendu bakar bat dago. Abeltzaintzari dagokionez, herrian bi ustiategi daude. Izan ere, Eako herritar gehienak udalerritik kanpo kokatutako enpresetan egiten dute lan, batez ere Gernika inguruko industria-sektorean, Bilboko zerbitzu-alorrean edo Gizaburuagako Okamika industrialdeko enpresetan.

Herrian bertan dauden enpresa gehienak ostalaritzako sektorekoak dira. Dena den, aipatzekoa da Egoin enpresak zur-eraldaketan egiten duen lana, baita zerrategi-, eraikuntza- eta iturgintza-enpresa txikien jarduerak ere.

  • Aloña
  • Errekagane
  • Ainhoa
  • Sarats Ileapaindegia
  • Egoin
  • Santi

Demografia

aldatu
Eako biztanleria

Politika

aldatu
 
Eako udaletxea

2011ko udal hauteskundeetan Bildu koalizioak irabazi zituen (lau zinegotzi), eta Euzko Alderdi Jeltzaleak hiru zinegotzi lortu zituen. 2015eko udal hauteskundeetan zinegotzi kopurua mantendu zuten bi alderdiek.

Eako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)*
4 / 7
315 (% 56,55)
4 / 7
379 (% 59,59)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
3 / 7
242 (% 43,45)
3 / 7
253 (% 39,78)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.
Datuen iturria: Udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean


Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Eako Fernando Alzola[4] hiztunaren testigantza, erdaraz moldatzen ez zen emakume baten ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[5] proiekturatko egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Eako euskara mendebaldeko tarteko euskaratzat dago katalogatuta, zehatzago esanda, Busturialdeko euskaran[5][4]. Gaitasunari dagokionez, biztanleen %81,86k daki euskaraz.

Kultur taldeak

aldatu

Ea herrian hainbat kultur talde daude herriko ekintzak egiteaz arduratzen direnak. Hauek dira taldeak, auzo guztietakoak kontuan hartuz:

  • Kirikiñauzi gazte asanblada
  • HEA
  • Zakilixut Mendi taldea
  • Karabi
  • Natxitxuko jai batzordea
  • Bedaruko jai batzordea
  • Ieko Jai batzordea

Eako festak San Joan Bataiatzailearen omenez ospatzen dira. Gainera, abuztuaren azken asteburuan udatiarren festa ospatzen dute, eta ikuskizun aparteena sokamuturra da.

San Juanak: Herriko jaiak

aldatu

Herriko jaiak ekainaren 24an ospatzen dituzte, Donibane egunez. Bezperan, herritarrek musika eta dantza artean su handi bat egiten dute Aritza hondartzan, umeek inguruan salto eta kanta egin dezaten, trikiti, pandero, txistu eta danbolin soinuak lagunduta.

Jai hauetan adin guztietako partaideak aritzen dira kaleetan zehar, heldu zein ume, gazte zein zahar. Jaiak ekainak 23ko gaueko 12etan hasten dira, eta beste 3 egunetan zehar ekintzak egon ohi dira herrian zehar. Jai batzordeak antolatzen ditu jai hauek guztiontzako ekintzak prestatuz. Musika izaten da gau eta egun, kontzertuak ere jartzen dituzte, umeen jolasak prestatzen dituzte.

Jaietako azken eguna, ekainak 26, Ietarren eguna deitzen zaio, nahiz eta herritarrek erreka eguna deitu. Izena, egunean bertan egiten duten bereizitasunagatik jarri izan diote. Arratsaldean, egunean zehar ur artean pasa ostean, herritarrak herriko errekara sartzen dira jantzita, adin guztietako jendea. Eta kantuz alaitzen dituzte herriko txoko guztiak. Hau izaten da gazteek gogokoen duten eguna, San Juan suan eta erreka egunean biltzen da Jende gehien.

Jai hauek aurrera eraman ahal izateko, Aste Santu aldera, diru bilketa bat egiten dute herriko gazteek etxez etxe. Udaletxeak ematen duen diru laguntzaz gain.

San Inazio

aldatu

San Inazio jaiak uztailaren 30 eta 31an ospatzen dira Bedaru auzoan. Bi egun hauetan zehar ere, ume jolasak, nagusientzako hamaiketakoak eta gazteentzako kontzertuak prestatzen dituzte. Eta nahiz eta Eako jaietan batzen den jende kopurua ez egon, giro polita sortzen da.

Andra Mari

aldatu

Andra Mari jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira Natxitu auzoan. Egun baten bakarrik dira jai hauek, mozorro eguna eta kontzertuekin janzten dute kolorez herria. Umeek lan handia egiten dute mozorro lehiaketan parte hartzeko, eta gaualdera danta egiteko musikarekin herriko gazteak biltzen dira.

San Bartolo

aldatu

Hau ere, Bedaru auzoan ospatzen da abuztuaren 24ean. Jai hauetan, bedaruko zelaietan kanpina egiteko ohitura hasi zuten gazteek, eta orain, urtero egiten dute 3 egunetan zehar. Egunean bertan, San Bartoloko landetan, erromeria bat egiten da, adin guztietako jendea hurbiltzen da txinga jokoan aritzera, pintxo bat jatera, edota soilik bertako giroan musika entzutera. Urtero dago paella lehiaketa egiteko ohitura, nahiz eta aurreko urtean bertan behera utzi behar izan sute arriskuengatik. Gauean, Bedarun bertan, kontzertua jartzen dute plazan.

Udako Jaiak

aldatu

San Juanetako jaiak ez dira Ean bertan ospatzen diren jai bakarrak. Udatiarren jaia deitutakoa ere egiten da abuztuaren azken asteburuan. Bi egunez osatuta dago, honetan ere pilota txapelketak, musika eta kalejirekin. Baina jai hauek bereizitasun bat daukate, mozorro desfilea egiten da herriari buelta emanez txistuen soinuarekin. Altxikar aldaparen gainean geratzen da jendea arratsaldeko 5ak inguru mozorrotuta bertatik bajatu eta herriari buelta emateko, azkenik frontoian amaitzen da txokolatada batekin, musikaz gain.

Honetan ere diru bilketak egin behar izaten dira jaiak aurrera eraman ahal izateko.

Jaialdiak

aldatu

Poesia egunak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Eako poesia egunak»

Gabriel Aresti olerkariak azken egunak kostaldeko herri honetan igaro zituen, eta horrek inspiratu zion olerki batzuk idaztea. Hori dela eta, 2003tik "Eako poesia egunak" antolatzen dituzte urtero uztailean. HEA kultur taldea da jaialdi honen arduraduna, nahiz eta herritarren laguntza ere onartzen duten. 4 egunetan zehar hainbat ekintza prestatzen dituzte, hala nola, poesia errezitaldiak, antzerki saioak, musika emanaldiak etab. Auzo guztietan zehar banatzen dituzte ekintza hauek. Gainera, herri eta hiri ezberdinetako jendea hurbiltzen da bertara. Idazle, bertsolari eta musikari ezagunak ikusi eta ezagutzeko aukera ere zabaltzen digute ekintza hauek, une polit eta dibertigarri bat eskaintzeaz gain. Adin guztientzako prestatua dago, egitarauen bertan ere, gazte zein helduek egindako aurkezpenak sartzen dira.

Gazte Eguna

aldatu

Abuztuaren lehen ostiralean ospatzen dute herriko gazteek egun hau. Urteetan zehar Natxituko Gazte eguna izenarekin izan da ezaguna, baina 2012tik aurrera herriko auzo guztiek bat egitea erabaki zuten eta ordutik aurrera guztiok bat gazte eguna ospatzea. 2012.urtea izan da lehenengoa talde lanean lan egin izan dutena.

Egunean zehar hainbat ekintza egiten dituzte; tortila lehiaketa, kontzertu mordoa, olinpiadak... Goizeko 11ak aldera hasten den jaialdi hau ez da amaitzen hurrengo goizalderarte. Ea, nahiz eta herri txikia izan, leku askotako jendea hurbiltzen da musikaz eta giro onaz gozatzera.

Ondasun nabarmenak

aldatu

Herriko arkitektura ondareari dagokionez, aipatzekoak dira Jesusen Andra Maria eliza, San Joan Bataiatzailearen eliza (Natxitua) eta San Pedro parrokiak, Bartolome Deuna (Bedaroa), Agate Deuna (Natxitua) eta Talaiako baselizak eta Erdi Arokoak diren Anduizar eta Aiua baserriak:

  • Jesusen Andra Maria eliza: Hasieran eraikin errenazentista zen, baina barroko estiloan berregin zuten. 1725. urtean kapera bat gehitu zuten Kristo de Zapatecas izenpeko ebanjelioaren alboan eta ia bigarren mailako nabea dirudi.
  • San Joan Bataiatzailearen eliza (Natxitua): Hasieran eraikin errenazentista zen, baina beranduago barroko estiloan berregin zuten.
  • Kontsolazioko Andre Mariaren eliza: Eraikinaren gehiengoa neoklasikoa bada ere, garai bateko elementu batzuk gorde ditu, besteak beste, arku zorrotzeko atea eta arku konopialeko bi bao ajimezatu. Hormen ingurua eta elizako atal nagusia antzinakoak dira. Elementu horiek egungo elizaren atal zaharrenak dira, baina gainerakoa 1833. urtera arte egin ziren obretan gehitu zen.
  • San Pedro (Bedaroa): XVI. mendean sortu zuten lehendik zegoen baseliza baten leku berean. Gaur egungo baselizaren estiloa klasiko berantiarra da.

Baselizak: San Bartolome (Bedarona), Santa Ageda (Natxitua) eta Talako Ama (Ea).

  • Udaletxea: Tamaina handiko eraikina da. Behealdean kareharri grisez eginiko arkupe altua du eta goiko bi solairuek mentsulen gainean jarritako balkoi-itxurako baoak dituzte.
  • Urtubiaga burdinola eta errota, XVIII. eta XVI. mendekoak.
  • Beletxe: Talako pasealekuan dagoen zurezko eraikina da. Zutabe handiak ditu eta arrantzarako tresnak gordetzeko erabiltzen da. Eako eraikin nabarmenena da eta horregatik agertzen da herriko armarriaren goialdean.
  • Asurtoki aztarnategi paleontologikoa. Ibaia itsasoratzen den tokitik hurbil dagoen faila batean kokatuta dago. 1969. urtean aztarnategiko edukiaren zati bat atera zuten eta zaldien hezurrak zirela frogatu zen. Lehenengo arrantzaleek eraikitako etxeak desagertu badira ere, badaude oraindik ikusgai dauden eraikinak. Ateburuen arabera, XVIII. mende erdialdekoak dira gehienak: Urrutia Etxea (1774), Abaitua Etxea, Etxeandi, Bedarona Etxea (1790). XIX. mendeko etxeak ugariagoak dira, hala nola Zabala Etxea (1807).
  • Baserriak: Erdi Aro berantiarreko bi baserri nabarmentzen dira: Anduizar (Angeretxu), arkupearen azpian dobeladun arku zorrotzeko atea duena, eta Aiua, atzealdean dobeladun arku zorrotzeko atea duena. Badaude beste baserri interesgarri batzuk ere, adibidez, arkupea eta barrualdea eusteko haritz edo gaztainondozko zutabe handiak erabiltzen dituztenak: Longa (Natxitua), Zeleta eta Biarte (Angeretxu), Mendiola Atxekoa, Mendiola Aurrekoa (Mendiola)...

Eatar ospetsuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. a b «Ea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-09).
  5. a b «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-09).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu