Etxegabeak edo etxerik gabeko pertsonak familia, gizarte edo ekonomia-arrazoiak direla medio etxebizitza batean bizitzeko aukera ez izateagatik hirietako kaleetan edo behin behineko aterpe edo kolokako eraikin batean bizi diren pertsonak dira, gehienetan hara eta hona lekua aldatuz. Gizarte-bazterketak eragindako arazoa izateaz gainera, pertsona hauek gizartearen bazterkeria pairatzen dute maiz eta halatan, gizartearekiko haustura areagotu egiten da, euren aterabidea eta integrazioa eragotziz. Izan ere, etxea espazio fisiko bat izateaz haraindi, harreman sozial eta afektiboak finkatzen diren eremua ere bada. Gobernuz kanpoko erakundeen eta administrazio publikoaren gizarte-politikaren aldetik pertsona hauei lagundu eta arazoari irtenbidea emateko ekimenak burutu badira ere, etxegabeen problematika gizarte-arazo nabarmen izaten jarraitzen du munduko hiri handienetan.

Etxegabe bat Parisen. Ohikoa etxerik gabeko pertsonak gurditxo batekin ikustea, bertan, gauza guztiak gordetzen dituzte.

Definizioaren arazoa aldatu

Etxe-gabezia pairatzen duten pertsonen tipologia anitza eta horien inguruan gizartean osatzen diren estereotipoak direla eta, etxegabeei buruzko definizioak osatu gabeak, lausoak eta alboratuak izaten dira. Herrialde batetik bestera pertsona hauek jasotzen duten izendapen ofiziala ere, beraiei buruzko estatistikak osatu eta gizarte-laguntza eskaintzeari begira, aldakorra da. Halatan, etxerik gabeko pertsonen talde zabalean hirietako kaleetan lo egiten duten pertsonak, gizarte-laguntzarako aterpeetan lo egiten dutenak, txabola edo kolokako beste eraikuntzetan (abandonaturiko lantegiak, esaterako) bizi direnak zein ibilgailu batean noraezean bizi direnak hauteman daitezke. Azterketa zenbaitetan etxe-gabeziaren tipologia bat ere osatu da, aterperik gabeak, etxebizitzarik gabeak, segurtasunezko etxebizitza ez dutenak edo etxe egokirik (irisgarritasunari, garbitasunari eta azalerari buruz, besteak beste) ez dutenak bereiziz [1]. Horrela, etxegabeziaren fenomenoak ezaugarri ezberdinak ditu Europan, Estatu Batuetan eta hirugarren munduko hirietan, azkeneko hauetan gehienetan slum, bidonville edo txabola-auzoekin loturik agertzen baita askotan.

Etxe-gabeziaren iraunkortasuna ere oso aldakorra da, egun batzuetan soilik edo urte askotan zehar luza daiteke. Eztabaida dago gogozko edo behartutako egoera den: batzuen ustez pertsona zenbait bizimodu horretan berezko borondatez bizi direlako argudioak pertsona horiei ez laguntzeko eta arazo psikiatrikoak dituztela baieztatzeko soilik erabiltzen da, gizarte-problemari muzin eginez. Historian zehar, arlote, erromes edo eskale (indigente, mendigo edo vagabundo Espainian edo clochard Frantzian) deitu izan zaie, mespretxuz askotan, baina egun etxegabe, etxerik gabeko pertsona, SDF (Sans Domicile Fixe) edo sans-abri Frantzian, homeless Estatu Batuetan eta personas sin hogar edo personas sin techo Espainian, terminologia erabili ohi da. Terminologia administratibo hau gaitzetsi egin da kasu batzuetan, askotan poliziak pertsona hauek izendatzeko erabilitako esamoldeetan baitu jatorri. Herrialde batzuetako definizio ofiziala erabiltzerakoan, bazterketa gaineratzen dute izendapena jasotzeko baldintza gisa; badira, ordea, lanean edo erabat integraturik dauden pertsona eta familiak etxegabe edo etxebizitza batean kolokan (hotel edo pentsio batean, etxebizitza beste pertsona askorekin partekatuz eta lagun eta adiskideen etxeetan bizi direnak, esaterako) egoten direnak: ezkutuko etxegabezia da[2]. Beste alde batetik, pertsona edo pertsona-talde nomada edo ibiltariak baztertu behar dira etxegabeen kontzeptutik, nomadatasuna baita euren borondatezko bizimodu duin eta tradizionala. Egoera horren izendapen indibidualizatuak, gainera, arazoari gizarte-ikuspuntu globala kentzen diola ere aipatu da. Nolanahi ere, etxerik gabeko pertsona legezko etxebizitza batean iraunkortasunez bizi ez edo bizi-kalitate egokirik gabeko etxe edo eraikin batean bizi (higiene pertsonala egin, janariak egoki prestatu, bere gauzak gorde edo lagunak jasotzeko lekurik gabe) edo aterpeetan eta kaleetan lo egiten duen pertsona dela onartzen da oro har [3].

Tipologia aldatu

 
Etxegabeziaren tipologia: 1 motako etxegabezia larriena da, etxegabezia erabatekoa da, etxegabea legetik at dauden eremuetan bizi da eta gizarte-bazterketa pairatzen du; 5, 6 eta 7 motako etxegabeziak arinagoak dira. Adibidez, 6 motan etxegabeak etxea dauka, gizarte-harreman normalak ditu baina legetik at bizi da, okupa moduan edo lagunen etxean.

Definizio homogeneo baten zailtasunak etxegabeak kategoria zenbaitetan sailkatzeko beharra ekarri du. Horrela, etxegabeziaren tipologia eraikitzerakoan, irizpide zenbait erabili da. Irizpide hauetako baten arabera hiru etxegabezia mota bereizten da: etxegabezia uneko egoera izan daiteke eta beraz, etxegabea berehala eskuratzen du etxe bat; aldiro etxegabezia pairatzen duena (adibidez, hiriz hiri lan bila ibili eta lanpostu bat aurkitzne ez duenean) eta epe luzerako etxegabea. Estatistiken arabera, etxegabeen %80ak lehenengo kategorian daude.

Beste irizpide bati jarraiki, etxe edo eremu fisiko baten gabezia, legez kanpo bizitzea eta gizarte-harremanetarako lekua izatea hartu behar dira faktoretzat. Hiru faktore horietako bat gutxienez betetzen denean, pertsona etxegabetzat hartzen da (ikus irudia). Irizpide horretatik tipologia administratiboak eratu dira, etxegabezia identifikatu eta sailkatzen dutenak, etxegabezia-maila zenbait bereiziz. Adibide gisa,

Etxegabeziaren tipologia, larritasun-mailaz[4].
Maila Kodea Egoera Adibidea
1:Kale gorrian 1.1 Inongo aterperik gabe Aulki publikoetan, lurrean
1:Kale gorrian 1.2 Premiazko aterpe batean Etxe-atariak, tren-geltokiak
2:Etxerik gabe 2.1 Etxerik gabe Gaueko karitatezko aterpeak
2:Etxerik gabe 2.2 Etxerik gabeko emakumeak Harrera-etxebizitzak
2:Etxerik gabe 2.3 Etorkinak Etorkinentzako harrera-zentroak
2:Etxerik gabe 2.4 Estatuaren behin behineko zaintzapeko pertsonak Presoak, gaixo mentalak
2:Etxerik gabe 2.5 Estatuaren epe luzeko zaintzapeko pertsonak Agureak
3:Kolokako etxea 3.1 Legezkotasunik gabe Etxe okupatuak, lagunen etxeak
3:Kolokako etxea 3.2 Utzarazpen-aginduak Alokairua ez ordaindu
3:Kolokako etxea 3.3 Indarkeria Emakumeek jasandako tratu txarrak
3:Etxe desegokia 3.1 Etxe ez konbentzionalak Karabanak
3:Etxe desegokia 3.2 Etxebizitza arriskutsu eta kaltegarriak -
3:Etxe desegokia 3.3 Bizilagun gehiegizko etxeak -

Historia aldatu

 
Bi haur etxegabe 1888ko liburu bateko ilustrazioan.

Etxerik gabeko pertsonen historia Erdi Arotik abia daiteke, Mendebaldean pobrezia egoera arrunta bilakatzen denean. Halatan, denetariko pertsonek hartzen dute arlote izena: lurrik gabeko nekazariak, merkatari ibiltariak, gudariak edo erromesak. Eliza Katolikoa nagusi den mundu horretan, bi motako txiroak sortuko dira: onak, leku finko batean bizi, lan egin eta Kristo sufritzailearen irudia islatzen dutenak eta beraz, karitatea jaso behar zutenak; eta txarrak, arloteak, ibiltariak, hara eta hona ibili eta bizimodu traketsa dutenak. Bereizketa horretatik hasiko da arlote, ibiltari eta, hedaduraz, etxegabeen aurkako bazterkeria eta jazarpena [5][6]. Horrela, Done Jakue bideko erromesek agiri bat eduki behar zuten, euren herriko apezpikuak emana, arlotetzat hartuak izan ez eta bidean fraideek kudeaturiko ospitaleetan aterpe izateko eta Espainian "benetako" pobreak plaka batez identifikatu behar ziren[7]. XVI. mendeko Frantzian, esaterako, txiroak euren parrokietan soilik izango ziren lagunduak eta atzerriko arloteak kanporatuak izan behar ziren[8]; geroago arloteak tailer eta ospitaleetan itxi zituzten lanean has zitezen[9], XVIII. mendean, arloteak besterik gabe atxilotzeko agindua eman zen[7] eta azkenean 1810 urtean arlote izatea gartzela zigorra dakarren delitu bilakatu eta honela definitu zen: "arloteak edo lekurik gabeko jendeak etxe edo bizimodu jakinik ez dutenak dira, lanbiderik ez dutenak"; lege hori 1990eko hamarkadara arte ez zen ezabatu. Izan ere, estatu berriek ezin zuten onartu pertsonak askatasunez ibili eta etxerik gabe, hau da kontrolik gabe, izatea eta arlotea gaizkile edo erotzat hartzen dute (automata ibiltariak, Jean-Martin Charcot psikiatraren hitzetan), areago lan-indar egonkorra industriarako behar beharrezkoa zen inguruetan eta horrela, arlote eta etxegabearen paradigma negatiboa zabaldu zen gizartean, egun ere indarrean jarraitzen duena[10]. Herrialde batzuetan etxebizitza-eskasia etxerik gabeko pertsonak ugaltzeko kausa izan zen XX. mendean, II. Mundu Gerra ondorengo Frantzian bezalaxe; baina 1960ko hamarkadan hazkunde ekonomiko nabarmena gertatu eta etxebizitza-eskaintza zabaldu arren, ordea, etxegabeen arazoak iraun eta areagotu egin zen 1970eko hamarkadako krisi ekonomikoaren eta geroztik liberalismo ekonomikoak ekarri duen lan-prekarizazioaren ondorioz. Bitartean, gizartearen arreta eta kezka ere sortu da etxegabeen inguruan. Frantzia izan zen gizarte-arazoaz jabetu zen lehenengo herrialdeetako bat: bertan 1954ko otsalean Abbé Pierre fraide eta ekintzaileak sans-logis direlakoen aldeko dei zabala egin zuen[11]; ondoren Emaus elkartea sortu zuen etxegabo eta beste baztertuen alde, mundu osoan etxerik gabeko pertsonen laguntza-eredu bilakatu dena. Aldi berean, estatuek ere gizarte-laguntza zerbitzuak garatu dituzte arazoari aurre egiteko, babestutako etxebizitzak eta aterpeak eskainiz besteak beste, baina arazoak bere horretan jarraitzen du egun, kausa estrukturalek bere horretan baitiraute. XX. mendearen bukaeran Mendebaldeko Europan egindako zenbatespenen arabera, 10.000 biztanleko 12-70 pertsona etxe-gabezia edo etxe-desegokitasun arazoak pairatzen zituzten eta 350 milioi biztanleetatik egunero milioi batetik gora eta urtero 18 miloi etxe-gabezian ziren edo etxe-arazo larriak zituzten[12]. Etxegabeek egoera berezia bizi izan zuten Ekialdeko Blokean, sarri lantegiek eraikitako langile-hoteletan bizi, lan egin nahi ez zutenak gartzelan sartu eta lan egiteko gaitasunik ez zutenak ospitale psikiatrikora eramaten baitzituzten. Blokea deuseztean, etxegabeen ugaltze handia izan zen, 1990 urtean Txekoslovakian 15.000 preso besterik gabe askatu zituztenean[13].

Kausak aldatu

 
Afrikar etorkin bat Sevillan, kalean lo egiten.

Gizarte-bazterketa da azken finean etxerik gabeko pertsonen egoeraren jatorria. Horrela, egoera pertsonala edozein izanda ere, arazo horretan huts egiten duena gizartea bera da: alde batetik estatua, hiritarren integrazioa bermatu behar duelako, eta bestetik sistema ekonomikoa, helburutzat pertsonen integrazio ekonomikoa izan beharko lukeena. Nolanahi ere, egoera pertsonalak azterturik badira kale gorrian geratzeko berehalako kausa zehatzak eta faktore jakinak[14]. Maiz, familiaren haustura edo bikoteen banantzea, lagunen edo gizarteratze-sarearen galera aipatzen dira kausa moduan[15] , baina horren atzetik beste arazo estrukturalak ere izaten dira, pertsona zaurgarri bihurtu, afektibitate-loturak galarazi, arazo psikikoak eragin eta bazterketaren biktima bilakatzen dutenak, hala nola langabezia, lan-prekarietatea eta ondoriozko arazo ekonomikoak, gehiegizko zorrak, gartzelatik irten berriaren estigma izatea eta alkohola edo bestelako drogekin loturiko arazoak[16]. Gertakari traumatiko horien segida azkarra pairatzea ere nabarmendu da etxegabe bilakatzeko arrazoi gisa. Arazo pertsonala, gainera, indartzen doa, etxe-gabeziak bazterketa areagotu eta hasierako kausak berritu egiten dituelako. Batzuetan, etxerik gabe geratzearen kausa zuzena etxebizitza bat, alokairuan bada ere, eskuratzeko zailtasunekin dago zuzenean loturik, hiri batzuetan alokairuek duten prezio altua eta soldata eskasak ikusita, bazterketa-faktoreekin batera betiere. Beste batzuetan, berriz, etxe-gabezia pertsonaren mugikortasun geografikoarekin lotzen da: lana eta bizimodua aurkituko zuelakoan, pertsonak bere aurreko etxebizitza uzten du, baina bere itxaropenak bete ez eta kale gorrian geratzen da pertsona, etorkinen kasuan gertatzen den bezala. Hirugarren munduan, landa ingurunetik hirirako migrazio masiboak etxe-gabeziarako faktore nabarmena da[17]. Etxe-gabeziarako kausa anitz badago ere, laburtzeko proposamenak ere egin dira, pertsona hauen profilaren azterketa estatistikoa errazteko; horrela, kausak bateragarriak diren hiru multzo nagusi hauetan sailkatu dira: gizarte-kausak (langabezia, etxebizitza arazoak, gartzelatik irten berria izatea), kausa indibidualak (bikoteen banantzea, familia arazoak) eta kausa psikologikoak (adikzioak, gaixotasun psikikoak, portaera-arazoak)[18].

Batzuen ustez, ordea, etxegabe asko borondatez bizi dira kalean edo aterpeetan, hara eta hona. Halatan, gizarteak edo estatuak ez luke inongo ahaleginik egin behar pertsona horien ustezko arazoa konpontzeko: horrela bizi nahi dutenez, ez dago inongo arazo sozialik eta partikularren borondatezko karitatea da eskaini behar zaien mesede bakarra. Frantzian adibidez, egindako zenbatespen zenbaiten arabera etxegabeen % 2 bakarrik lirateke borondatez egoera horretan[19].

Etxegabeen profila aldatu

Herrialdez herrialde eta denboran zehar, etxerik gabeko pertsonen profila aldatzen bada ere, badira ezaugarriak errepikatu egiten direnak. Dena den, etxegabeen profila ezberdina izaten da krisi ekonomikoen garaietan eta ekonomia kapitalista pil-pilean dagoen denboretan. Krisi ekonomikoetan etxegabeen aniztasuna nabaria izaten da: familiak eta adin eta lanbide guztietako gizon eta emakumeak izan daitezke etxe-gabeziaren biktimak[20]. Egoera ekonomiko orokorra hobea den garaietan, etxegabeen profila homogeneoagoa da: gizarte-bazterketa jasaten duten pertsonak izaten dira.

Nolanahi ere, gizonak dira nagusi etxerik gabeko pertsonetan [21][22]. Azalpen gisa, emakumeak gizarte-gaietarako administrazio publikoan duen babes handiagoa eta emakumeak gizartean betetzen duen rola aipatu dira, emakumeari bere egoera tamalgarria (tratu txarrak, esaterako) nola edo hala jasatea eskatzen baitzaio, gizonezkoaren kasua kalerako ihesa irtenbide duin moduan baloratu ohi den bitartean. Genero-bereizketa hau nabariagoa da, gainera, etxe-gabezia erabatekoa denean: gizonak dira kaleetan bizi eta lo egiten duten pertsona gehienak[23]. Etxegabezia arazo ekonomiko hutsa denean, emakumeak irtenbide moduan prostituzioa aukeratu ohi duela ere hauteman da, batez ere emakume gazteen kasuan.

Gazteek osatzen dute, ordea, talderik heterogeneoena: kaleko haurrak izandakoak (txikitatik kalean eta eskolaratu gabe bizi izan diren haurrak, haurren babesa bermatzen ez den hirugarren munduko herrialdeetan batez ere), bazterketa egoeran dauden gazteak, polizia atzetik dutenak, gurasoen etxetik alde egindakoak, aita edo ama hilda dutenak, gazte ibiltariak (punk edo hippie kulturakoak askotan[24]) edo okupa izenekoak. Gurasoengandik independentzia hartzea izaten da etxegabe bilakatzeko beste une kritiko bat. Gazte hauek elkartasun-sareak osatu ohi dituzte beraien artean, kolokakoak eta problematikoak izaten badira ere. Gizarte-laguntzarako zerbitzuak beste etxegabeek baino gutxiago baliatzen dituzte, euren taldean egotea nahiago izaten dutelako, aterpeetara sartzea eragozten duten droga-arazoak dituztelako edo abereekin batera egoten direlako eta batzuetan besterik gabe anonimatoan egon nahi dutelako[25]. Gaztaroan bertan etxegabe izateari uzten ez dioten pertsonen kasua da larriena, gerora etxegabeen multzo nagusia osatuko dutenak. Egindako zenbatespenen arabera, batez besteko adina 40 urte ingurukoa da eta 30-45 urteko adin-taldea da ugariena. Aldi berean, etxegabeen % 40k 5 urte baino gehiagotan izan dira egoera horretan eta asko gaztetatik [12].

Mendebaldeko herrietan egindako zenbatespen zenbaiten arabera, etxerik gabe kalean bizi diren pertsona guztietatik % 20k arazo psikikoak zituzten[26] eta edozein kasutan populazioan baino maizago agertzen dira[18]. Ez dago garbi, ordea, arazo psikikoak etxegabeziaren ondorioa edo kausa diren [27]. Dena den, gizarte-laguntzarako zerbitzuei esker gero eta txikiagoa da pertsona hauen maiztasuna etxegabeetan. Historian ordea, arazo psikikoak zituzten pertsonak gizartearentzat arrisku bat ekartzen zutenean soilik ixten zituzten aterpe batean; bestela, hara eta hona ibiltzen uzten zitzaien, gizartearentzat baliorik ez zutelako. Egun, gizarteratzen ez dakien pertsonatzat jotzen dira kasu askotan, ahultasun psikikoa dutenak eta horrexegatik gizarte-bazterketa pairatu eta horrela euren arazoak areagoturik dituztenak, alkoholismoan jausteagatik esaterako. Eskizofrenia jasaten duten pertsonak ere jaso dira etxegabeetan: axolagabetasunaren gaixotasuna izanik, arrunta da pertsona hauek kalea aukeratzea bizitoki gisa, erreferentzia pertsonal edo sozial oro galdurik[18].

Goraka doan beste etxegabe tipologia familia da. Horretarako arrazoi anitz izan daitezke: antzinako belaunaldi anitzeko familia zabaletan izaten ziren elkartasun-loturak hautsi eta horrela badira familia-buruak aiton-amonen eta bestelako ahaideen laguntza baliatu ezin dutenak. Etxerik gabeko familien artean, ugaldu dira XX. mendearen bukaeratik emakumeek zuzendutako familiak, haur bat edo birekin, tratu txarreko edo bestelako egoera larri batetik ihesi, antzinean mendekotasun-egoera nola edo hala jasaten zuen emakumeak ez bezala [28][26]. Estatu Batuetan egoera sozioekonomiko larrian dauden familia etxegabe ugari dago (ia 9 milioi XXI. mende hasierako zenbatespenen arabera), mobile home izeneko etxe mugikorren parkeetan sarri, hirietatik kanpo, eskola eta osasun-zerbitzuetatik urrun [29]. Europan, etxerik gabeko familien beste tipologia bat badago: ijitoak eta bestelako jende ibiltariak, betiereko bazterketa dela eta, hara eta hona ibiltzea berezko ezaugarritzat hartu dutenak kasu askotan, salmenta ibiltarian eta aldiko nekazaritza-lanetan jardunez. Beraz, bizimoduak behartutako egoera da euren etxe-gabezia, nomadismoak bultzaturik, horietariko gehienak sendetario bilakatu badira ere[30]. Familia ijito horiek buruzagi baten inguruan ibiltzeko joera izaten dute kasu askotan, kanpamenduak osatuz.

Etxegabeen miseriazko egunerokotasuna aldatu

 
Gizon etxegabe bat Tokyon: pertsona etxegabeak zamaturik ibili ohi dira.

Etxegabe izan eta kale gorrian bizitzeak hainbat arazo pertsonal eta sozial sortzen dizkio egoera horretara heltzen den pertsonari. Lo egiteaz gainera, elikadura, higiene pertsonala, segurtasuna, norberaren gauzak batera eta bestera eraman behar izatea eta harreman sozial eta afektiboak berebiziko arazo bilakatzen dira eta azkenean osasun-arazoak ere ekartzen dizkie. Etxegabeek jasan ohi duten egoera ekonomiko larria areagotu egiten da, gainera, egunerokotasun horretan, euren kabuz gizarte-integrazioa ezinduz.

Badira, ordea, diru-sarrera erregularrak dituzten etxegabeak, baina etxebizitza baten kostua bere gain hartu ezin dutenak eta kalean edo egokia ez den etxebizitza batean bizi direnak. Beste batzuk, berriz, miseria gorrian daude eta euren beharretarako kalean dirua eske ibiltzen dira. Eskekotasuna, ordea, ez da etxegabeen berezko ezaugarria: badira etxegabe ez diren eskekoak eta eske ibiltzen ez diren etxegabeak ere.[31]

Kale gorrian lo egiteak ere arazoak sortzen dizkio etxegabeari, aterpetxerik aurkitzen ez duenean. Arazo horiek areagotu egiten dira neguan, babesean dagoen leku bat bilatzea biziraupenerako baldintza bihurtzen denean. Etxegabeek etxe-blokeetako atariak eta eskailerak (maiz azken solairuan, bertatik igarotzen baita jende gutxien), kutxazain automatikoetarako atariak, denda galeriak eta metro eta tren geltokiak bilatzen dituzte aterpe moduan, betiere kartoiak azpian eta inguruan jarrita, zoruko hezetasuna eta haizea saihesteko. Horrek bizilagun eta poliziarekiko arazoak ekartzen dizkio eta baita segurtasun-arazoak ere, edonolako erasoen mendean geratzen baitira horrela. Udan ohikoagoa da etxegabeak edozein kaleko aulkitan, lorategietan edo hondartzetan lo ikustea. Hiri kanpoaldean ohikoa da zubipeetan ere etxegabeak ikustea.

Elikadurari dagokionean, kalean bizitzeak denda eta supermerkatuetan erositako janari hotzak edo, kasurik onenean, janari lasterreko establezimenduetako platerak jatea ekartzen du maiz, etxegabeen egoera ekonomikoak ez baitie uzten jatetxeetan eskaintzen dituzten otorduak ordaintzen, bazterkeriagatik establezimendu horietarako sarrera eragozten ez bazaie betiere. Hiri handietan jantoki sozialak izaten dira, erakunde publiko edo pribatuek kudeaturik, plater beroak ematen dituztenak, baina nekez betetzen dituzten etxegabe guztien beharrak[32]. Espainian, Caritas erakundeak jantokiak kudeatzen ditu eta Frantzian "Restos du Cœur" edo "Bihotzaren Jatetxeak" sortu ziren 1985 urtean, Coluche artistaren eskutik. Hala ere, etxegabe askok zaborretatik jasotzen dute janaria, supermerkatuetatik botatzen dituzten iraungitako produktuen bila edo besterik gabe etxebizitzetako janari-hondarretan miatuz, osasunerako dakartzan arriskuak kontuan hartu gabe. Kalean bizi ez direnean ere, koloka etxeetan esaterako, janariak prestatzeko higiene-kondizioak oso desegokiak izaten dira, askotan ur-falta dutelako.

Etxe gabeziak higiene pertsonal egoki baterako oztopo saihetsezinak jartzen ditu. Dutxak eta bainuak hartzeko ezintasunaz gainera, beti kalean ibiltzeagatik arropak gehiago zikintzen dira, askotan lurrean eseri eta etzan behar izaten dutelako. Zaborretan miatzeagatik ere nabarmen zikintzen dira. Horrela, ohikoa izaten da iturrietan eta liburutegi eta antzeko toki publikoetako komunetan etxegabeak aurkitzea eskuak eta musua urez garbitzen eta ilea orrazten. Hiri handi batzuetan etxegabe eta bidaiarientzako dutxa publikoak badaude, dohainik edo diru kopuru txiki baten truke erabilgarri. Arropak garbitzeko ere oztopoak izaten dituzte, areago kontuan harturik arropekin batera eta bestera ibili behar izaten dutela. Horretarako, laguntza-erakunde batzuek bigarren eskuko arropak jartzen dizkiete eskura, arropa alda dezaten.[33] Horrek guztiak gizartearen bazterkeria areagotu eta etxegabearen profil negatiboa indartzen du, higiene pertsonal eskasa etxegabeziak berak ekarritakoa dela ahaztuz[34].

Etxerik gabeko pertsonak zamaturik ibiltzen dira beti. Ondasun gutxi izan arren, euren arropa, manta eta bestelakoek bolumen eta pisu handia hartzen dute. Etxegabeen zereginetako bat han eta hemen zaborretan bilatzea izaten da gainera, janari kondarrak, arropak eta bestelakoak aurkitzeko. Euren kolokatasunak gauza horiek gordetzera bultzatzen ditu, maiz momentuan behar dutena baino gehiago, eta horrela eraman beharreko zama handitzen da. Ohikoa da hiriko kaleetan etxegabeak euren ondasunez beteriko gurditxo bati tira eta bultza ikustea. Horrek etxegabeen ikusgarritasuna nabarmendu eta gizartearen aurrean profil bereizia eratzeaz gainera, mugikortasuna eragotzi eta, ondorioz, batez ere jende heldu eta zaharren kasuan, toki jakin batera mugatzen ditu eta beste toki eta hirietan izan litezkeen aukerak eta irtenbideak galarazi egiten dizkie.

Jasaten duten bazterkeria haien aurkako jazarpen edo indarkeria bilakatzen da anitzetan, beste hiritar edo poliziaren aldetik.[35] Poliziaren aldetik, etengabeko kontrolak eta euren ondasun eskasak kentzea ere ohiko praktika da, maiz agintarien politika jakin bati men eginez.[36] Gazte eta adin txikikoen aldetik ere usu jasotzen dituzte erasoak; maiz eraso hauek eta baita etxegabeen miseria bera ere bideoz grabatu eta zabaldu dira, trufa moduan, gizartean pertsona horiek gaitzetsiz eta mespretxatuz dagoen diskurtso ezkutuaren adierazgarri.[37][38] Eskuin-muturreko taldeen eraso-helburu ere izaten dira, prostituta, etorkin eta bestelako kolektibo baztertuekin batera. Hain zuzen ere, jasotako estatistiken arabera, eraso hauek etxegabeen heriotzen kausa nagusietako bat dira.[39] Eraso hauek leku publikoetan lo egin behar izateak dakarren babes-faltagatik gertatzen dira gehienetan: gauez gertatzen dira eta sarri etxegabeei su emanez.[40][41] Etxerik gabeko pertsonen arteko lisker larriak ere izaten dira, gehienetan alkohol eta bestelako drogen kontsumoak areagoturiko agresibitateak bultzaturik.[42]

Etxegabeen bizimodu larriak osasunari arazo larriak ekartzen dizkio. Frantzian esaterako, gizonezko eta emakumezko etxegabeen bizi itxaropenak 56 eta 41 urtekoa urtekoak direla egiaztatu da.[43][44] Beraiengan ohiko gaixotasunak dira tuberkulosia eta beste infekzioak, gizartean askoz ere eragin txikiagoa izaten dutenak. Miseria hauek osasun fisikoaren arazoak ekartzeaz gainera giza-harremanak eragotzi ere egiten dizkiete etxerik gabeko pertsonei. Higiene-faltak eta pairatzen duten egoera psikologikoak euren burua gizartetik isolatzera eramaten ditu, euren gizarte-bazterketa areagotuz. Arrazoi beragatik eta leku egokirik ez izateagatik, sexu-harremanak ere ezinezko bilakatzen zaizkie. Beste hiritarrekiko jarrera mesfidantzazkoa izaten dela ere hartu behar da kontuan, eta horrela, askotan laguntza sozialei eta osasun-zaintzari ere uko egiten diete. Adibidez, lehen mailako osasun-arreta zerbitzuak ez dituzte erabiltzen, zerbitzu horietarako eskatzen den jarraipen eta kontrolari uko eginez; horrela, edonolako osasun-arazo bat dutenean, arina izanda ere, larrialdietara deitzeko joera izaten dute. Luzerako bakardadeak euren arazo psikikoak larriagotu egiten ditu, bueltarik gabe, sentimendu deuseztatzaileak sortuz.

Gizarte ekintza eta politika publikoak aldatu

1980ko hamarkadara arte, etxerik gabeko pertsona eta familien laguntza bereziaz karitatezko elkarteak arduratzen ziren bereziki. Munduko Bigarren Gerraz geroztik Mendebaldeko Europan eraturiko etxebizitza-politikak ez zuen etxegabearen tipologia bakarti eta baztertuarentzat atal bat bereizi eta etxe berri baten bila ari ziren familien parean jarri ziren. Horrela, Frantzia, Espainia eta Frantzian bereziki, txabola-auzoak sortu ziren hirien inguruetan, harik eta babes ofizialeko etxebizitza politika txabola-auzoak deusezten joan zirenera arte. XX. mendearen bukaeran, gizarte-politika publikoek etxegabeen arazoari irtenbide bat bilatu nahian, aterpe publikoak eta premiazko alojamenduak prestatzen hasi ziren [45].

Mendebaldeko Europan etxegabeen laguntzan nabarmendu den erakundea Caritas da, baina bestelakoak ere badira, hala nola Diaconia edo Salbamen Armada, kristau izaera dutenak, eta Emaus izaera laikoarekin. Aterpetxeak eta jantokiak antolatzen dituzte batik bat, eta egun ere, herrialde askotan (batez ere Hegoaldeko Europan) gobernuko erakundeek baino ardura handiagoa dute etxegabeen aldeko jardunean[46].

Ongizate estatuek etxegabeziaren arazoari irtenbidea emateko erabiltzen dituzten neurrien multzoan zuzeneko diru-laguntzak, etxebizitza-politika (babes ofizilaeko etxebizitzak), osasun eta hezkuntzarako-laguntza eta pertsona eta familia etxegabeak lan-merkatuan integratzeko ahaleginak biltzen dira. Aldi berean, ordea, ongizate-estatuek hainbat kolektibo baztertzeko politikak salatzen dira, pertsona baztertu eta etxegabe bilakatzeko kinkan jartzen badute, hala nola zigor-politika, presoak eta preso-ohiak baztertzen dituena. Estatu hauen artean berezitasunak daudela ere jaso da: estatu liberalek etxebizitza-eskubideak eta horren inguruko politika sustatu ohi duten bitartean, estatu sozialdemokratek etxegabezian eta etxegabezia-arriskuan dauden taldeak zuzenean laguntzeko joera izaten du [47]. Administrazio publiko ezberdinen arteko koordinazio-eza ere jaso da, etxegabeziaren arazo modu bateratuan aztertu eta gainditzea oztopotu egiten duena.

Etxegabeak Euskal Herrian aldatu

Etxegabe kopurua igotzen ari da Euskal Herrian. Kopuru zehatza jakitea zaila da, bazterkeriaren eta definizio zehatzaren faltaren ondorioz, baina datuen arabera, Euskal Herrian 3000 etxegabe inguru zirela jo zen 2015ean.[48]

2020ko datuen arabera 2797 etxegabe inguru zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan 2020an (2012an 2000 inguru zirela uste da).[49][50] Ipar Euskal Herriari dagokionez, 200 etxegabe zenbatu zituzen Baiona-Angelu-Miarritze eremuan, eta 1300 lagunek jo zuten aterpe sozialen bila 2020. urtean.[51] Nafarroan, 330 ziren 2012an.[50]

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Hernández Pedreño, Manuel. (2008). Exclusión social y desigualdad. , 190 or..
  2. (Ingelesez) FEANTSA. (2010). Homelessness and Homeless Policies in Europe: Lessons from Research. , 4 or..[Betiko hautsitako esteka].
  3. (Frantsesez) Observatoire Régional de la Santé à la Réunion. (2010). Les Personnes Sans Domicile Fixe Usagères des services d’aide A La Réunion. ..
  4. FEANTSA delakoaren tipologian oinarriturik; ikus: (Ingelesez) FEANTSA. (2010). Homelessness and Homeless Policies in Europe: Lessons from Research. , 21 or..[Betiko hautsitako esteka]
  5. (Frantsesez) Zeneidi-Henry, Djemila. (2002). Les SDF et la ville: géographie du savoir-survivre. , 23 or..
  6. Bereizketak Aro Modernoan jarraitu zuen indarrean. Ildo horretatik, Julio Caro Barojak 1800 urtean argitaraturiko liburu honen berri ematen du: (Gaztelaniaz) El azote de tunantes holgazanes y vagamundos. Obrita divertida y útil, en que se descubren los engaños de los vagabundos y falsos mendigos que corren el mundo a costa nuestra. Refiérense muchos casos acontecidos en materia de vagos, para desengaño e instrucción de las personas incautas, crédulas y demasiado sencillas.
  7. a b (Frantsesez) Avon-Soletti, Marie-Thérèse. (2002). Des vagabonds aux S.D.F. sans domicil fixe: approches d'une marginalité. , 18 or..
  8. (Frantsesez) Thireau, Jean-Louis. L'IDENTITÉ DES PERSONNES:PERSPECTIVES HISTORIQUES. .[Betiko hautsitako esteka].
  9. (Gaztelaniaz) Cabrera Cabrera, Pedro José. (1998). Huéspedes del aire: sociología de las personas sin hogar en Madrid. , 26-90 or..
  10. (Frantsesez) Rodriguez, Jacques. (1999). «Une approche socio-historique de l’errance.» Culture & Conflits..
  11. (Frantsesez) www.linternaute.com. Hiver 54 : l'appel de l'Abbé Pierre. (Noiz kontsultatua: 2011-01-24).[Betiko hautsitako esteka].
  12. a b (Frantsesez) Philippot, Pierre; Galand, Benoit. (2003). Les personnes sans-abri en Belgique. Regards croisés des habitants de la rue, de l'opinion publique et des travailleurs sociaux. , 13-14 or..
  13. (Ingelesez) Hradecký, Ilja. (2008). Building Capacity of Homeless Services in the Czech Republic. .[Betiko hautsitako esteka].
  14. (Frantsesez) Sortir de la rue. (2007). Les représentations sociales des personnes sans-abri. ..
  15. Frantzian, etxegabeen %88.7etan familiaren sostengu eza aipatu dute. Ikus: '(Frantsesez) Quand hiver rime avec… misère[Betiko hautsitako esteka], CNT-AIT, 2011-02-04ean kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) Bárez Cambronero, Francisco Javier. (2010). Emoción y exclusión social, una relación al descubierto. .[Betiko hautsitako esteka].
  17. (Frantsesez) Dupont, Véronique. (1999). «Les sans-abri d'Old Delhi : insertion urbaine et stratégies économiques» Cultures & Conflits.
  18. a b c (Frantsesez) Mucchielli, Laurent. (1998). «Clochards et sans-abri: actualité de l'oeuvre d'Alexandre Vexliard» Revue française de sociologie.
  19. (Frantsesez) SDF75 (etxerik gabeko pertsona bat). Comment on peut devenir SDF?. (Noiz kontsultatua: 2011-01-24).[Betiko hautsitako esteka].
  20. (Gaztelaniaz) Alonso Castro, Laura. (2011). «Sinhogarismo, un fenómeno acentuado por la crisis» suite101.net.[Betiko hautsitako esteka].
  21. Zenbatespen zenbaitetan gizonak/emakumeak proportzioa 5/1 suertatu da. Beste datu zenbaiten arabera, urtebetez baino gehiago kalean edo aterperen batean lo egin dute pertsonetatik %3 dira soilik emakumeak. Desbidazio hauek emakumezkoen etxe-gabezia behin-behinekoa izaten dela adierazten dute, akaso gizarte-zerbitzuen laguntzari esker.
  22. (Gaztelaniaz) Sánchez, Juan Luis. (2010). 10 cosas que está bien saber sobre las personas sin hogar. .[Betiko hautsitako esteka].
  23. (Frantsesez) Mougin, Véronique. (2005). Les SDF. , 31-34 or..
  24. Espainian, perroflauta eta piesnegros ere deitzen zaie.
  25. (Frantsesez) Sortir de la rue. (2007). Les jeunes sans domicile. ..
  26. a b (Frantsesez) Casavant, Lyne. (1999). «LA COMPOSITION DE LA POPULATION DES SANS-ABRI» Division des affaires politiques et sociales. Kanadako gobernua...
  27. (Ingelesez) FEANTSA. (2010). Homelessness and Homeless Policies in Europe: Lessons from Research. , 17 or..[Betiko hautsitako esteka]
  28. (Ingelesez) Johnson, Alice K.. (1989). «Female-Headed Homeless Families: A Comparative Profile» Affilia..
  29. (Ingelesez) MacTavish, Katherine A.. (2006). We’re Like the Wrong Side of the Tracks: Upscale Suburban Development, Social Inequality, and Rural Mobile Home Park Residence. .[Betiko hautsitako esteka].
  30. (Frantsesez) Bordigoni, Marc. (2010-07-22). Roms, Tsiganes, Gitans: qui sont-ils? (elkarrizketa). ..
  31. (Frantsesez) www.affaires.publiques.com. Mendicité sur les voies publiques. (Noiz kontsultatua: 2011-02-27)..
  32. (Frantsesez) SDF75. La vie dans la rue .... (Noiz kontsultatua: 2011-02-15).[Betiko hautsitako esteka].
  33. Zaborretan erabilera pertsonalerako gauza ugari aurkitu ohi dituzte etxegabeek, baina birziklapenerako ontziek bertatik arropak hartu ezin izateko diseinaturik daude. Arropak behar duten pertsonek zuzenean erabil dezaten, arropa-poltsak edukiontzien ondoan utz daitezke
  34. (Gaztelaniaz) Rengel Morales, Daniel. LA SATISFACCIÓN DE LAS NECESIDADES BÁSICAS DE LAS PERSONAS SIN HOGAR EN HUELVA: ESTRATEGIAS DE SUPERVIVENCIA... .[Betiko hautsitako esteka].
  35. (Gaztelaniaz) elpais.com. (2010-05-17). El censo de los mendigos. ..
  36. (Gaztelaniaz) ACLU. (2010). Bullying de las personas sin hogar. ..
  37. Etxerik gabekoei egindako eraso eta trufak eta etxerik gabekoen arteko liskerrak bumfight izeneko bideoetan zabaltzen dira Estatu Batuetan. Ikus: (Ingelesez) English Wikipedia: Bumfights; eta Bum Fights Part 1, www.youtube.com.
  38. (Gaztelaniaz) NTN24. (2009-08-24). Golpes, peleas y videos humillantes: las agresiones a los vagabundos en EE.UU.. .[Betiko hautsitako esteka].
  39. (Gaztelaniaz) Accion en red Madrid. (2009). Un «sin techo», en coma diez días tras recibir una brutal paliza en Moncloa. .[Betiko hautsitako esteka].
  40. (Frantsesez) Nicematin.com. (2010-12-11). Attaque nocturne : un SDF transformé en torche humaine. .[Betiko hautsitako esteka].
  41. (Gaztelaniaz) El Pais. (2005-11-07). Juicio a un joven acusado de prender fuego a un mendigo. ..
  42. (Frantsesez) leParisien.fr. (2010-04-22). Une bagarre à l'origine de la mort du SDF. ..
  43. Emakumeen kasuan askoz ere baxugaoa izatea emakumeen ahultasunagatik dela uste izan da.
  44. (Frantsesez) TF1 NEWs. (2010?). Espérance de vie des SDF: des chiffres. .[Betiko hautsitako esteka].
  45. (Frantsesez) Direction de l'information légale et administrative. (2008). L’hébergement d’urgence (1980-2008): Un dispositif croissant pour des publics diversifiés. ..
  46. (Ingelesez) FEANTSA. (2010). Homelessness and Homeless Policies in Europe: Lessons from Research. , 41 or..[Betiko hautsitako esteka]
  47. FEANTSA (2010), op. cit., 31. or.
  48. Bilbao, Ibai Maruri. «ETXE GABE EGOTETIK ETXEGABE IZATERA» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  49. Agirre, Ainhoa Larretxea. «Ia 3.000 etxegabe zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  50. a b Berria. «2.321 pertsona daude etxerik gabe Hego Euskal Herrian» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  51. «Etxegabeak aterpetzeko "proiektu berritzaile" bat bideratuko dute Ipar Euskal Herrian» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).

Kanpo estekak aldatu

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: etxegabe .