Janari laster

Janari lasterra[1] edo presako janaria[2] (batzuetan azkarra, nazioartean ingelesezko Fast food izenez ezaguna) jatetxe-zerbitzu laster bat da, non janariaren eskaera eta zerbitzua oso laster burutzen diren. Hala ber, janaria kanpora eraman daiteke eta etxera eramateko zerbitzuak ere eskaintzen dituzte janari lasterreko jatetxeek. Horrela, bezeroen errotazio handia eragin eta denbora eta zerbitzu-kostuak murriztu egiten dira, janariaren prezio murritzak ahalbideratuz eta, aldi berean, errentagarritasun handia lortuz. Janariaren prestaketa lasterrak janariak azkaregi atondu behar izatea edo aurretik denbora luzez gerturik izatea eskatzen du, janariaren kalitatearen kalterako askotan. Jatetxe horietako kostuak kontrolatu nahian, kalitate eskaseko produktuak erabiltzen dira janarietan. Bestalde, epe luzera, janari horiek (ogitartekoak, pizzak, hanburgesak...) dakartzaten osasunerako arriskuak aipatu izan dira eta horrela zabor janari terminoa ere erabili da haietaz hitz egiteko.

McDonald's janari lasterreko enpresako menu bat: hanburgesa, patata frijituak eta Coca Cola edari bat.

Kostuak zorrotz kontrolatu beharrak bultzaturik, janari lasterreko jatetxeetako langileek jasaten dituzten lan-egoerak eta lansariak kritikatuak izan dira langileen beraien eta gizarteko sektore anitzen aldetik. Globalizazioaren aurkako sektoreek eta talde ekologistek ere salatu izan dute janari lasterreko jatetxeen ugalketa, janariak merke saldu beharrak lehengaiak modu ez ekologikoan ekoiztea ekartzen duelako. Jatetxe horiek dakarten kutsadura kulturala ere kritikatu da, bertako herrien nortasuna eta ohiturak errespetatzen ez direlako, elementu arrotzak sartuz. Hori guztia dela eta, fast food edo janari lasterraren ereduaren aurka, slow food izeneko mugimendua garatu da, bertako elikagaiak eta sukaldaritza tradizionala bultzatzen dituena.

Janari lasterrekoa XX. mendearen hasieran Estatu Batuetan sortutako jatetxe-mota bat da. Handik, multinazionalak osatuz, mundu osora zabaldu den janari-mota bat da. Egun, Euskal Herrian hirietako erdiguneetan eta merkataritza-zentroetan McDonalds, Burger King, Telepizza eta beste multinazional eta enpresa handietako establezimenduak ikustea ohikoa da. Enpresa horien hazkundea nabaria izan da azken urteotan, gehienetan frankiziaren bitartez. Jatetxe horiek biltzen duten publikoa denetarikoa izaten da, baina gazteak eta familiak bertan ikustea ohikoa da, prezio merkeak erakarrita.

FuntzionamenduaAldatu

Janari lasterreko jatetxe bateko funtzionamenduak taylorismo eta fordismo antolaketa-moduak jarraitzen ditu. Bezeroa sartzen denetik, eskaerak, eskaeren prestaketa, kobraketa eta bestelako zerbitzuak guztiz programaturik daude, zerbitzu-denborak nabarmen murriztuz.

Fast food jatetxe tipiko batera sartutakoan, bezeroak zerbitzu-mahai batekin egiten du topo: haren gainaldean, panel bat ageri da, menu eta platerak erakusten dituena (tamainari buruz, edaria barne edo kanpo, eskaintza bereziak). Bezeroa ilara batean jarri eta bere txanda iristean, eskaerak jasotzen dituen langileari nahi dituen menuak aipatzen dizkio. Janaria bertan jan edo eramateko den ere esan behar izaten da. Langile hrrek eskaerak pantaila batean jaso eta sukaldera igortzen ditu modu telematikoan. Telefonoz ere jasotzen dira eskaerak, janaria etxera eramateko, motozikletaz gehienetan. Sukaldean jasotako eskaerak prestatu egiten dira, oso laster, aukeran dauden menuen osagaien kopurua eta hauek behar duten prestaketa oso txikia delako (egosia, esaterako, ez da eskatzen, duen denbora luzearengatik fast food jatetxeetan lantzen den sukaldaritza-mota bat). Menuen estandarizazio horrek sukaldeko lanak sail gutxi batzuetan bereizten ditu, sukaldeko lana sinplifikatu eta azkartuz horrela. Eskaerak prestatuta, zerbitzu-mahaian osatzen den bigarren ilara batean eman eta kobratzen dira. Janaria jatetxean bertan jateko bada, erretilu batean ematen da. Kostuak murriztu eta prezio merketzeko betiere, mahai-zerbitzua oso murritza da: bezeroek beraiek mahai bat aukeratu eta janariak erretilu batean jaten ditu. Bukatutakoan, platerak, edalontziak eta hondarrak bertan utzi eta beste langile batek jasotzen ditu. Janari lasterreko drive-in motako jatetxeak ere badaude. Bertan, bezeroa bere autotik jaitsi beharra ere ez dauka, eskaera egiteko: leihatila batean eskatu eta aurrerago jaso eta ordaindu egiten du.

Labur, eta modu orokorrean, hauek dira, funtzionamenduari buruz eta lan antolaketa eta ekonomia ikuspegi batetik, fast food jatetxeen ezaugarriak:

  • produktu, azpiegitura eta lan-indarraren estandarizazioa;
  • tareen bereizketa (taylorismo) eta eragiketen sinplifikazio sekuentziala (ekoizpen-kate baten osaketa edo fordismoa);
  • lan-denboren sinkronizazioa, lan-txanden planifikazio zorrotza eta lanaldi zatikatuak, lanaren errendimendua hobezin egiteko;
  • produktibitatearen maximizazioa, horretarako eskala-ekonomiak baliatuz.[3]

Munduko janari lasterren enpresa nagusiakAldatu

ElikagaiakAldatu

Janari lasterreko jatetxeetan eskaintzen diren elikagaien aukera oso murritza izaten da, establezimendu horiek kostuak hobeto kontrolatzeko bultzaten zuten estandarizazioa dela-eta. Aldi berean, lastertasunaren ondorioz, elikagaien prestaketa-denborak oso laburra izan behar du eta elikagaiak prejituta edo gordinik prestatzen dira gehienetan. Menu arruntekin batera, edari gozoak zerbitzatzen dira (Coca Cola...). Fast food enpresa zein den, produktu-mota ere ezberdina da: esaterako, McDonald's eta Burger King enpresek eskaintzen duten ohiko produktua hanburgesa da, Telepizzak pizza saltzen ditu nagusiki eta Bocatta eta Pans & Company enpresek, ogitartekoak.

ErreferentziakAldatu

  1. Ereduzko Prosa Gaur Euskal Herriko Unibertsitatea
  2. Zehazki Hiztegia Euskal Herriko Unibertsitatea
  3. (Gaztelaniaz) Alessandro Gentile: En las tramas del McJob, CSIC (lan-dokumentua).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu