Hrotsvitha

Alemaniar kanonesa eta idazlea
Hrosvitha» orritik birbideratua)

Hrotsvitha, batzuetan Hroswitha, Rosvita, edo Roswitha bezala transkribatua, alemaniar idazle, historialari, antzerkigile eta olerkaria izan zen. Gandersheimgo beneditarren komentuan bizi izan zen kanonesa (komentuan sartu bai, baina botorik egiten ez zuten emakumeak ziren kanonesak[1]). Bere obraren originaltasunarengatik eta bere talentuengatik, Erdi Aroko idazlerik interesgarrienetarikoa da gaur eguneraino, eta lehen antzerkigile kristau ezaguna, lehen olerkari saxoia eta Alemaniako lehen historialaria dela esan genezake[2]. Horretaz gain, emakumeen historian ere garrantzi berebizikoa duen pertsonaia da, alemanez idatzi zuen emakumezko lehen olerkari eta historialaria izan baitzen[3].

Hrotsvitha

canoness (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaSaxoniako dukerria, 935
Herrialdea Alemania
BizilekuaGandersheim Abbey (en) Itzuli
HeriotzaBad Gandersheim, 968 baino geroago (32/33 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
HizkuntzakMedieval Latin (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, hagiografoa, poeta, idazlea eta canoness (en) Itzuli
InfluentziakTerentzio
Santutegia
Irailaren 18
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaBeneditar

Jaiotza- eta heriotza-data zehatzak ezezagunak dira, baina uste da 930 eta 935 artean jaio zela eta 973. urtean oraindik bizi zela.[4]

Bizitza aldatu

Ezer gutxi dakigu Hrotsvitharen bizitzari buruz. Gandersheimgo komentuan kanonesa izan zenez, bertan artean haur txikia zela sartu zela pentsa dezakegu, hori baitzen ohitura (komentu hartako lehen abadesa 6 urterekin sartu zen bertan[5]), eta bere jatorria familia noblekoa zela, Gandersheim garaiko eliteen alabentzako komentua baitzen, Otondarren dinastiaren babespean[2]. Bere idatzietan, Hrotsvithak Oton II.aren heriotzatik (912ko azaroaren 31a) denbora dezente igarota, baina bere komentuko abadesa Gerberga II.aren jaiotza (940. urtearen bueltan) baino lehen jaio zela diosku[6]. Hrotsvitha, ordea, ezin zen Gerberga baino askoz nagusiagoa izan, abadesaren apopiloa izan baitzen denbora batez[7]. Hortaz, egile gehienek Hrotsvitharen jaiotza 935. urtearen bueltan kokatzen dute[8].

Hrotsvitharen izena jatorri germanikokoa da, eta Hrotsvit edo Hrotsvith transkripzioarekin ageri zaigu bere lanetan. XIX. mendean, Jacob Grimm hizkuntzalaria konturatu zen Hrotsvithak bere lanen bigarren liburuko hitzaurrean bere izenaren latinizazio bat egiten zuela: Ego Clamor Validus Ganderheimensis ("Ni, Gandersheimgo Oihu Indartsua") dio, hain zuzen ere, Hrotsvithak[9]. Latinizazio hori kontuan harturik, Grimmek ondorengo interpretazioa proposatu zuen: hruot = ohiua; svi(n)d = indartsua[10].

Hezkuntzari dagokionez, Rikarda izeneko emakume bat (ziurrenik komentuko kanonesetako bat) eta aipaturiko Gerberga II abadesa irakasle eta gidari izan zituela aipatzen du Hrotsvithak bere lanen lehenengo liburuko hitzaurrean. Horrela dio Hrotsvitaren hitzaurreak:

« Primo sapientessime atque benignissime Rikkardis magistre aliarumque suae vicis instruente magisterio, deinde prona favente clementia regie indolis Gerberge, cuius nunc subdor dominio abbatisse, que aetate minor, sed, ut imperialem decebat neptem, scientia provectior, aliquot auctores quos ipsa prior a sapientissimis didicit me admodum pie erudivit.

Lehenik, Rikarda maistra txit jakintsu eta onberaren (eta haren ostean beste batzuen) gidaritzapean ikasten; ondoren, izaera erregetiarreko Gerbergaren (haren menpe bizi naiz orain, abadesa baita) barkaberatasun prestua lagun [hezi nintzen]. Hura ni baino gazteago zen adinari zegokionez, baina, Enperadoreen iloba bati dagokionez, ni baino zaharragoa jakinduriari dagokionez, eta berak lehenago jakintsuengadik ikasi zituen hainbat idazle niri ere erakutsi zizkidan errukiorki.

»

—Hrotsvitha, Lehen hitzaurrea, 2, 6-11.[oh 1]

 
Koloniako Bruno apezpikua, Erdi Aroko San Pantaleon kronikako miniatura batean.

Gerberga II abadesaren bitartez, hain zuzen ere, Bavariako Henrike I.aren alaba eta, hortaz, otondarren dinastiaren fundatzaile izan zen Oton I.aren iloba baitzen (horregatik dio Hrotsvithak "imperialem neptem" dela), Hrotsvithak otondarren gortearekin hartu-emanak izateko parada izan zuen, eta, hortaz, Otondar pizkundearen giro kulturalean murgiltzeko beta izan zuen. Garai honetan, Otondarren gortearen inguruko hainbat pertsonaiak (tartean, Otonen anaia zen Bruno I.a Koloniako apezpikuak, Terentzioren miresle handia zenak) kultura eta egile klasikoen berreskuratzea eta irakaskuntza bultzatu zituzten[11]. Testuinguru honetan idatzi zituen Hrotsvithak bere lan literarioak[12].

Hrotsvitharen heriotzari buruz ere ez dakigu ezer. Badakigu bere lanak 968. urtea baino lehen argitaratu zirela, bere hirugarren liburuko prefazioan urte hartan hil zen Mainzeko Gillermo artzapezpikuaren aipamena egiten duelako[13]. Hortik aurrera, ezer gutxi dakigu, gehienetan X. mendea amaitu baino lehen hil zela suposatzen bada ere.

Lanak aldatu

Hrotsvitharen lanak ahaztuta egon ziren Konrado Celtes humanista alemaniarrak 1493/94 urteen artean Ratisbonako San Emmeram komentuan haien eskuizkribu bat aurkitu zuen arte[14]. Eskuizkribu hura, X eta XI. mendeen inguruan Gandersheimgo monastegian hainbat eskuk kopiatua, oraindik ere Hrotsvitharen lan guztiak osorik gordetzen dituen dokumentu bakarra da, eta Bayerische Staatsbibliothek (Bavariako Liburutegi Nazionala) delakoan gordetzen da BSB Clm 14485 identifikazio zenbakiarekin[15]. Hrotsvitharen lana hiru zati edo liburukitan banatuta ageri da, eta liburu bakoitzak hitzaurre bat edo gehiago ditu hasieran: lehen liburuak Legendak edo Kondairak biltzen ditu; bigarrenak, Dramak, hots, antzezlanak; eta hirugarrenak, bertsotan idatziriko Poema epikoak[16].

Liber primus (Lehen liburua) aldatu

Zortzi kondaira poetiko hagiografikok osatzen dute lehen liburu honen edukia. Hitzaurre gisara, Hrotsvitharen gutun autobiografiko labur bat eta Gerberga abadesari eskainiriko poematxo bat ditu liburuak hasieran. Gutunean, horrela justifikatzen du Hrotsvithak berak, emakumea izanagatik, bertsoak idazteko erabakia hartu izana:

« Quamvis etiam metrica modulatio feminee fragilitati difficilis videatur et ardua, solo tamen semper miserentis superne gratie auxilio, non propriis viribus, confisa, huius carmina opusculi dactilicis modulis succinere apposui.

Nahiz eta metrikaren modulazioa emakume baten ahultasunerako zaila eta gaitza dela iruditu, nire indarretan ordez beti errukiorra den goikoaren grazian soilik konfiantza jarririk, lantxo honetako olerkiak neurri daktilikoei egokitzea erabaki nuen.

»

—Hrotsvitha, Lehen hitzaurrea, 2, 13-16[oh 2]


Kondairak hexametro leoninoetan, hots, bertso erdian errima duten hexametroetan idatzirik daude (ikus bedi, adibidez, lehen kondairaren, Maria-ren, hasiera: Unica spes mundi, dominatrix inclita celi I sancta parens regis, lucida stella maris[17]), Gongolfo izenekoa izan ezik, hura errimadun distikoetan idatzirik baitago. Zortzi kondairen izenburuak eta laburpena ondorengoak dira:

 
BSB Clm 14485 eskuizkribuaren 2r folioa, lehen liburukiko hitzaurrearen hasierarekin.
  1. Maria: "Jaunaren ama birjinaren jaiotzaren eta bizitza laudagarriaren historia" izenarekin hasten den olerkia. Hrotsvithak berak Done Jakueren ebanjelioan oinarritu zela dio olerkiaren hasieran[17], baina, adituen arabera, Pseudo-Mateoren ebanjelioan oinarriturik dago[18] (biak ala biak, apokrifoak). Ama Birjinaren bizitza kontatzen du: bere jaiotza Ana eta Joakim gurasoengandik, bere gaztaroa, Josefekin ezkontza, Jesusen sortze garbia, haurraren jaiotza, magoen gurtza eta Herodesen jazarpena eta Egiptorako ihesa barne, jainko paganoen estatuak Jesus haurraren aurrean makurtu eta hiriko prefektua kristautasunera bihurtzen deneko pasartera arte[19]. Kristori zuzenduriko otoitz batekin ixten du Hortsvithak bere poema.
  2. Igokundea: Jesusen Igokundearen nondik norakoak kontatzen dituen olerkia. Martirioa eta Betiereko Bizitzaren saria ditu gai nagusiak. Lehenengo kondaira baino askoz laburragoa da, 150 bertso baino ez baititu. Jesus bere apostoluei agertzen zaie hil eta berrogei egunera, eta bere mezua munduko herri (gentes) guztiei zabaltzeko adierazten die, zerura igo baino lehen. Poema amaieran, apostoluek Jainkoaren ahotsa entzuten dute, Jesus bere eskuinean eserita dagoela esanez[20].
  3. Gongolfo: Varenneseko San Gangulfo edo Gongolforen bizitzan oinarrituriko kondaira, hexametro daktilikoetan idatzia, gainerakoak ez bezala. Gongolfo Pepin "Laburra" lehen errege karolingiarraren gorteko prokontsula da. Kristau prestua da, pobreei limosna ematen die eta behartsuei laguntzen die. Bere jarrerarengatik, Jaunaren faborea lortzen du, eta mirariak egiten hasten da: adibidez, nekazari bati iturri bat erosten dio, eta, bere gaztelura itzultzean, Gongolfok bere makila lurrean sartzen du eta bertatik irteten da handik urrun erosi berri duen iturria. Gongolfo ezkontzean, ordea, bere emazteak elizgizon (clericus) batekin engainatzen du. Gongolfok emazteari eskua iturri batean sartzeko eta egia esateko eskatzen dio, eta emazteak eskua erretzen du gezurra esaterakoan. Jainkoaren froga hori dela medio, elizgizon adulteroa erbestera bidaltzen du Gongolfok, baina emazteari barkatu egiten dio. Deabruak, ordea, elizgizona kontrolatzen du Gongolforen aurka egiteko, eta, emaztearekin berriro kontaktuan jarri ostean, Gongolfo zauritzen du bere ezpatarekin. Alta, laster lehertzen zaizkio barrenak elizgizonari Jaungoikoaren esku-hartzea dela medio[21] eta Gongolfo zerura igotzen da martiri. Emazteak, berriz, bere zigorra jasotzen du: hitz egiten duen bakoitzean, puzkerrak botatzen ditu[21]. Gongolforekin hasten ditu Hrotsvithak santuen kondairak, eta hemendik aurrerako kondairek martirioa eta andre-gizon santuen mirariak izango dituzte ardatz[22].
  4. Pelaio: San Pelaio martiriaren istorioa kontatzen du. Ziurrenik, Hrotsvithak Oton I.ak Kordobara bidalitako enbaxadetakoren batean parte hartu zuen norbaitengandik entzundako ahozko kondaira batean oinarriturik dago. Sarrazenoek Kordoba nola konkistatzen duten kontatu ostean, Abd ar-Rahman III.a kalifak Galizia erasotzea erabakitzen du (benetan, ordea, musulmanek Nafarroako Erresumari egin zioten eraso). Musulmanek bertako noble ugari eta Galiziako Erregea preso hartzen dituzte, baina azken honen seme Pelaiok bere burua eskaintzen du aitaren ordez preso joateko Kordobara. Pelaio gazte oso ederra da, eta Abd ar-Rahman harekin maitemintzen da. Pelaiok, ordea, ez die kalifaren ferekei kasurik egiten, eta Abd ar-Rahman kolpatzen du azken hori gazteari musu bat ematen saiatzen denean. Kalifak Pelaio hiriko harresietatik jaurtitzea agintzen du, baina Pelaiok ez du inolako zauririk jasaten, jaunaren esku-hartzea dela-eta. Kalifak gazteari burua moztea eta gorpua itsasora jaurtitzea agintzen du. Arrantzale batzuek gorpua aurkitu eta monasterio bati saltzen diote, eta orduan gazte martiriaren mirariak hasten dira[23].
  5. Teofilo: Ekialdean jatorria duen kondaira. Gizakien handinahia eta otoitzaren eta damuaren balioa ditu gaitzat. Teofilo apezpiku baten bikarioa da, eta nagusia hiltzean apezpikuaren karguari uko egiten dio, gizon umila baita. Apezpiku berriak, ordea, beste bikario bat izendatzen du Teofiloren ordez, eta protagonista sumindurik geratzen da. Deabruak tentaturik, uko egin izanaz damutzen da eta bere fedeari uko egiten dio, eta "judu maltzur" baten laguntzaz Satanen zerbitzuko egiten da, baita gauez "deabruzko zeremonietan" parte hartzera iritsi ere. Apezpiku berriak, aldiz, bere kargua itzultzen dio herriak hala eskaturik, eta Teofilo, ostera ere damuturik, otoitz eta penitentzia egiten hasten da eta, Ama Birjinaren esku-hartzearen bitartez, barkamena lortzen du. Obraren amaieran mahaiaren bedeinkazio bat dago, eta, horren harira, aditu batzuek Kondaira hauek Gandersheimgo errefektorioan irakurtzen zirela proposatu dute, lekaime eta kanonesen hezkuntza moralerako[24].
  6. Basilio: Aurrekoaren antzera, Ekialdeko jatorria duen kondaira. Protagonista Zesareako Basilio da, hiri hartako apezpikua 370 eta 379 urteen artean. Proterio izeneko gizon bertutetsu baten alabak bizitza erlijiosoa egin nahi du, baina aitaren zerbitzari batek arima deabruari saltzen dio alaba konkistatzearen truke. Deabruaren eraginez, alaba zerbitzariarekin maitemintzen da, eta bere buruaz beste egiteko mehatxua egiten du harekin ezkontzen uzten ez badiote. Proteriok, etsita, alaba zerbitzariari ematen dio, baina laster neskak jaunaren ahotsa entzuten du, bere senar ezkonberria deabruaren zerbitzaria dela esanez. Bikotea Basilio apezpikuarengana doa aholku eske. Basiliok gizona kobazulo batean itxita uzten du 40 egunetan zehar, eta, azkenerako, izpiritu maltzurrek gogaitzen badute ere, gaztea damutu egiten da eta berriro ere fede kristaua bereganatu nahi duela esaten dio Basiliori. Elizako atondoa zapaldu bezain laster, ordea, deabrua agertzen da, eta gaztea berarekin eramaten saiatzen da. Basiliok alde egiteko agintzen dionean, deabruak zerbitzariak sinatu zuen dokumentua erakusten dio, gizonaren arima berea dela esanez. Basiliok, ordea, presente dauden fededun guztiei berarekin otoitz egiteko eskatzen die, eta, otoitza amaitzerako, kontratua Basilioren oinetan jausten da. Deabrua garaiturik, gaztea libre geratzen da[25].
  7. Dionisio: Pariseko Dionisioren martirioaren kontakizuna. Hrotsvithak, ordea, Areopagoko Dionisiorekin nahasten du pertsonaia hura. Hrotsvitharen kontakizunean, Dionisiok astrologia ikasten du Menfisen, eta Jaungoikoaren etorreraren seinaleak ikusten ditu zeruan (eklipse bat, hain zuzen). Atenasera alde egiten du, eta bertan kristau bihurtu eta tokiko apezpiku egiten da. Ondoren, Erromara joaten da, eta bertan Klemente Aita Santuak Galiara joateko agintzen dio. Galian, Sisino gobernadoreak kartzelan sartzen ditu Dionisio eta bere laguntzaileak, Dioklezianoren jazarpen dekretuaren karietara. Burua mozten diete, baina Dionisioren buru moztuak Jainkoaren alabantzak esaten jarraitzen du. Dionisioren gorpua, gainera, zutitu egiten da, bere burua hartzen du eta bi miliako distantzia egiten du oinez lurperatu behar duten lekuraino[26].
  8. Santa Ines: Santa Ines Erromako birjina eta martiriaren pasioa. Inesek gobernadorearen semearen maitasun proposamenak arbuiatzen ditu, eta ez du gizon pagano horrekin ezkontzeko apostatatu nahi. Gobernadoreak, neska gaztea umiltzeko, putetxe batera eramateko agintzen du, baina Jaungoikoak Ines babesten du eta inor ezin zaio hurreratu. Gizon gaztea, gainera, bertan zerraldo geratzen da, Jaungoikoak zigortzen baitu. Ama Birjinak, ordea, gaztea berpizten du, eta aita eta biak kristau bihurtzen dira. Epaile batek, alta, Ines hiltzea agintzen du eta ezpataz martirizatzen dute[27].

Liber secundus (Bigarren liburua) aldatu

Bigarren atal honetan, Hrotsvithak bere "drama" edo "komediak" ezarri zituen, eta, hortaz, "Liber dramatica serie contextus" ("Serie dramatikoa dakarren liburua") izena jaso ohi du. 6 antzezlan dira, orotara. Argi dago antzezlan hauekin Hrotsvitharen helburua antzinateko egile Terentzio imitatu eta hobetzea zela, egile horren estiloa erabilita moral kristauarentzat egokiagoak liratekeen obrak idatziz[28]. Horrela onartzen du egileak liburuki honetako hitzaurrean paratzen duen gutunean:

« Plures inueniuntur catholici, cuius nos penitus expurgare nequimus facti, qui pro cultoris facundia sermonis gentilium uanitatem librorum utilitati praeferunt sacrarum scripturarum. Sunt etiam alii, sacris inhaerentes paginis, qui, licet alia gentilium spernant, Terentii tamen fingmenta frequentius lectitant, et, dum dulcedine sermonis delectantur, nefandarum notitia rerum maculantur. Unde ego, clamor ualidus Gandeshemensis, non recusaui illum imitari dictando, dum alii colunt legendo, quo eodem dictationis genere, quo turpia lasciuarum incesta feminarum recitabantur, laudabilis sacrarum castimonia uirginum iuxta mei facultatem ingenioli celebraretur.

Bada katoliko bat baino gehiago (eta gu ere ez gara kontu honetan guztiz errugabeak) hizkuntzaren etorria lantzeko jentilen liburuen harropuzkeria nahaigo duena idazki sakratuen probetxua baino. Hala ere, badira beste batzuk, zeinak, nahiz eta jentilen gainerako idazkiak arbuiatu, Terentzioren asmakuntzak sarritan irakurtzen dituzten, eta, hizkeraren biguntasunarekin plazer hartzen duten bitartean, gauza aipaezinen ezagupenarekin zikintzen dira. Horregatik nik, Gandersheimeko Oihu Indartsuk, ez diot idazterako orduan hura imitatzeari uko egin, beste batzuek irakurtzerako orduan profitatzen duten bezala, horrela emakume lizunen gaiztakeria makurrak kontatzen ziren estilo berberarekin birjina sakratuen kastitate laudagarria ospa dadin, nire talentutxoaren gaitasunaren esku dagoen heinean.

»

—Hrotsvitha, Bigarren hitzaurrea, 3, 12-17[oh 3]

Ez dago Hrotsvitharen lanak inoiz eszena gainean antzeztu zirela baieztatzeko frogarik, eta, duten estilo gehienbat estatiko eta narratiboa dela eta, aditu gehienek eszenan jartzeko baino irakurketa dramatizatuak egiteko prestatuta zeudela uste dute[29]. Ez da hori Hrotsvitharen lan dramatikoak Terentziorenarekin duen desberdintasun esanguratsu bakarra: Terentzioren lana bertso neurtuetan idatzita dago, baina Hrotsvithak prosan idatzi zituen bere antzezlanak, ziurrenik, Erdi Aroko garai hartan irakurleak jada Terentzioren bertso ianbo-trokaikoak identifikatzeko gai ez zirelako, aspaldi galdu baitzituen latinak neurri mota horietarako funtsezkoak ziren bokalen neurri ezberdinak[28]. Kristautzeaz eta prosan idazteaz landa, ordea, Hrotsvithak trebezia handiarekin imitatzen du Terentzioren latin fina, eta bere estilo propio eta jasoan ondorengo sei obrak utzi dizkigu:

 
Kalimako antzezlanaren hasiera
  1. Galikano (Gallicanus): Bi istorio nahasten ditu Hrotsvithak lan honetan: Galikanoren martirioa eta San Joan eta San Pauloren martirioa. Bi ataletan bereiz daiteke lana. Lehen atalean, Konstantzio II.a enperadore kristauaren jeneral den Galikano paganoak enperadorearen alaba Konstantziarekin ezkondu nahi du. Konstantziok ez dio bere alaba kristaua pagano bati ezkontide eman nahi, neskak birjina izatea hitz eman baitu. Konstantziak, ordea, Galikanori gerratik itzuli ostean harekin ezkonduko dela esateko agintzen dio aitari. Galikano gerran den artean, Konstantziak Galikanoren alaba kristauak hartzen ditu bere etxean, eta bere idazkari Joan eta Paulo bidaltzen dizkio Galikanori, kristau izateko konbentzi dezaten. Galikanok gerra irabazten du Jaungoikoari esker, eta, etxera itzultzerakoan, alabak ere kristauak direla ikusita, berak ere fede hori besarkatzen du, Konstantziarekin ezkontzeari uko egiten dio eta bere ondasunak pobreei ematen dizkie. Bigarren atalean, Juliano Apostata enperadorea heltzen da boterera, eta Galikano Alexandriara erbesteratzen du bertan martiriza dezaten. Gainera, enperadoreak bere zerbitzari Terentzianori Joan eta Pablo hiltzeko agintzen dio, baina bi horiek Terentzianoren seme eroa sendatzen dute Jaungoikoaren laguntzaz, eta borreroa eta semea kristau bilakatzen dira[30].
  2. Dultzitio (Dulcitius): Kionia, Agape eta Hirenia ahizpen martirioa. Diokleziano enperadoreak kristauen jazarpenari ekiten dio, eta ahizpak kristauak direla entzundakoan Dultzitiori bidaltzen dizkio. Dultzitiok preso dituen birjinak bortxatu nahi ditu, baina Jaunak burua nahasten dio eta bere sukaldeko eltze zahar batzuekin asetzen ditu bere beharrak. Eltzeen zikina dela eta, erabat belzturik geratzen da Dultzitio, eta soldaduek atzerritar bat delakoan kolpatzen dute, bertan akabatuz. Azkenean, ahizpek martirioa sufritzen dute Sisino gobernadorearen eskuetan[31].
  3. Kalimako (Calimachus): Kalimako paganoa Drusiana kristauarekin maiteminduta dago. Drusianak honen berri entzuten duenean, beldurraren beldurrez martiriora joatea erabakitzen du. Drusiana hildakoan, ordea, Kalimakok neskaren hilobian zaindari dagoen Fortunato soldadua erosten du, Drusianaren gorpua bortxatzeko asmoarekin. Alta, suge batek bi gizonak hiltzen ditu. Hurrengo egunean, Drusianaren alarguna, Androniko, eta bere maisu San Joan agertzen dira handik, eta santuak Drusiana eta Kalimako berpizten ditu. Kalimakok, damututa, kristau izatea erabakitzen du. Hrotsvithak, antzezpenean zuzenean esku hartuz, Fortunato ere berpizten du, baina hark, besteen zoriona ikusitakoan, nahiago du bere buruaz beste egin[32].
  4. Abraham: Siriako jatorria duen santuaren bizitzaren kontakizun batean oinarrituta. Abraham ermitaua da. Umezurtza den iloba bat, Maria, adoptatzen du, eta gazteari bizitza garbia erakusten saiatzen da, baina gizon batek Maria seduzitu eta harekin harremanak izatea lortzen du. Lotsak janik, Maria putetxe batean ezkutatzen da. Osaba atzetik doakio, eta bere maitalea bailitzan mozorrotzen da putetxean sartu eta iloba lehengo bizimodura buelta dadin konbentzitzeko. Literarioki, Hrotsvitharen drametan onena dela esan ohi da. Santuen bizitzetan ohikoa den emagalduaren kristautzea kontatzen du[32].
  5. Pafnutio (Pafnutius): Aurrekoaren antzeko gaia du. Pafnutio Taide emagaldua kristautzen saiatzen da. Bezero plantak eginez hurbiltzen zaio, eta Taide bere lanbideaz damuturik eta penitentzia egiteko prest dagoela jakiten du. Taide monasterio batean sartzen da penitentzia egiteko, eta hiru urteren buruan bere bekatuak garbitu eta zerura joaten da hildakoan[33].
  6. Jakinduria (Sapientia): Fede, Esperantza eta Karitate ("Fides, Spes, Caritas") ahizpa santuen martirioa. Obrako benetako protagonista, ordea, izena ematen dion ama da, Jakinduria edo Sapientia. Hadriano enperadoreak eta bere maitale Antiokok neskatoak torturatzen dituzte, haiekin edukitako eztabaida teologikoa galdu ostean. Ikaragarrizko sufrimenduak pairatu behar dituzte, baina ahizpak beti onik ateratzen dira Jaungoikoaren laguntzarekin, eta borreroak barregarri agertzen dira. Neskak hiltzen direnean, Erromako andreek Jakinduriari lagun egiten diote hiletan, eta, azken otoitzak esandakoan, ama ere hil egiten da, alaben ondora zerura joateko. Istorio apokrifoa da, Konstantinoplako Santa Sofia (grezieraz "Jakinduria Saindua") basilikaren izena azaltzeko asmatua[33].

Liber tertius (Hirugarren liburua) aldatu

Hirugarren liburu honetan, bere lan historiko-epikoak paratzen ditu Hrotsvithak. Bi poema historiko dira, gai panegirikoarekin:

  1. Gesta Ottonis (Otonen egitandiak): hexametro leoninoetan idatziriko kronika historiakoa. Lanak hiru prologo ditu, Gerberga abadesari eskainia lehena, eta Oton I.ari eta Oton II.ari beste biak, hurrenez hurren. Oton I.aren bizitza eta egitandiak kontatzen ditu, eta baita bere semea tronura nola lotzen duen ere. Panegirikoarengandik hurbilago badago ere, balio handiko kronika historikoa da, Hrotsvitha Oton Handiaren erreinaldiarekin ia garaikidea izan zelako, eta, ziurrenik, gertaeren lehen eskuko edo ahoz ahoko informazioa zuelako. [34]
  2. Primordia Coenobii Gandeshemensis (Gandersheimgo monasterioaren jatorria): Gandersheimgo monasterioaren historia kontatzen da, Saxoniako duke Liudolfok 852. urtean sortu zuenetik 919. urtean Kristina abadesa hil zen arte. Monastegia beti Saxoniako dukerriari eta Otondarren dinastiari lotuta egon dela azaltzen du, eta Oton Handiaren etorrera agintzen zuten iragarpenak kontatzen ditu[35].

Oharrak aldatu

  1. Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 36 or.
  2. Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 36 or.
  3. Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 95 or.

Erreferentziak aldatu

  1. Larrañaga Arregi, Mikel. (2015). SERORAK EUSKAL HERRIAN: IKUSPEGIAK, HASTAPENETATIK DESAGERRARAZTERARTE (Antzinate Berantiarra - XVIII. mendea). EHU/UPV, 134 or..
  2. a b (Gaztelaniaz) Moreno Soldevila, Rosario. (2018). Rosvita de Gandersheim. Huelva: Huelvako Unibertsitatea, XIII or. ISBN 9788417066826..
  3. (Ingelesez) Ives; Suerbaum, Margaret; Almut. (2000). A history of women's writing in Germany, Austria, and Switzerland. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN ISBN 0-521-44482-9..
  4. (Frantsesez) Moulinier, Laurence. (1995-11-01). «H comme Histoire : Hrotsvita, Hildegarde et Herrade, trois récits de fondation au féminin» Clio. Femmes, Genre, Histoire (2)  doi:10.4000/clio.489. ISSN 1252-7017. (Noiz kontsultatua: 2024-02-25).
  5. (Ingelesez) Wilson, Katarina. (1984). Medieval Woman Writers. Manchester University Press, 43 or..
  6. (Latinez) Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 299 or..
  7. (Ingelesez) Wilson, Katarina. (1984). Medieval Woman Writers. Manchester University Press, 44 or..
  8. (Ingelesez) Wilson, Katarina. (1988). Hrotsvit of Gandersheim. A Florilegium of Her Works. , 2 or..
  9. (Latinez) Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 95 or..
  10. (Alemanez) Grimm, Jacob. (1838). Lateinische Gedichte des 10. und 11. Jarhunderts. Dieterichs.
  11. Aubin, Hermann. (1962). «Otto der Grosse und die Erneuerung des abendländischen Kaisertums im Jahre 962» Historisch-politische Hefte der Ranke-Gesellschaft, 9.
  12. (Gaztelaniaz) Soldevila, Rosario. (2018). Rosvita de Gandersheim. Huelvako Unibertsitatea, XV or. ISBN ISBN 9788417066826..
  13. (Italieraz) Stopacii, Patricia. (2020). Il secolo senza nome : cultura, scuola e letteratura latina dell'anno mille e dintorni. Edizioni del Galluzzo, 320 or..
  14. (Ingelesez) Wilson, Katarina. (1984). Medieval Woman Writers. , 42 or..
  15. (Alemanez) Hroswithae carmina - BSB Clm 14485 ([S.l. 11. Jh.). ].
  16. (Gaztelaniaz) Santos Paz, Xosé Carlos. (2000). Obra dramática de Rosvita de Gandersheim. , 9 or. ISBN ISBN: 84-95322-59-5..
  17. a b (Latinez) Berschin, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 38 or..
  18. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Katrhyn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University, 19 or..
  19. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University., 20 or..
  20. (Ingelesez) McDonald-Miranda,, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University, 21 or..
  21. a b Berschin,, Walter. (2001). Opera omnia (Hrotsvitha, ca. 935-ca. 975). Teubner, 51 or..
  22. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University, 24-25 or..
  23. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages.. Cleveland State University, 27 or..
  24. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages.. Cleveland State University, 30-34 or..
  25. (Ingelesez) McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages.. Cleveland State University, 35-36 or..
  26. McDonald-Miranda, Kathryn. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University, 38 or..
  27. McDonald-Miranda, Kathryin. (2010). Hrosvit of Gandersheim: Her Works and Their Messages. Cleveland State University, 40 or..
  28. a b (Italieraz) Allegri, Luigi. (1998). Teatro e spettacolo nel Medioevo. Editori Laterza, 45 or..
  29. (Ingelesez) Zeydel, Edwin H.. (1945). «Were Hrotsvitha's Dramas Performed during Her Lifetime?» Speculum 20.4: 443-456..
  30. (Ingelesez) Wailes, Stephen L.. (2013). «Hrotsvit's plays» A Companion to Hrotsvit of Gandersheim (fl. 960). Brill, 125 or..
  31. (Ingelesez) Wailes,, Stephen L.. (2013). «Hrotsvit's plays» A Companion to Hrotsvit of Gandersheim (fl. 960). Brill, 127 or..
  32. a b (Ingelesez) Wayles, Stephen L.. (2013). «Hrotsvith's plays» A Companion to Hrotsvit of Gandersheim (fl. 960). Brill, 129-135 or..
  33. a b Wailes, Stephen L.. (2013). «Hrostvit's plays» A Companion to Hrotsvit of Gandersheim (fl. 960). Brill, 135-145 or..
  34. (Italieraz) Pillolla, Maria Pasqualina. (2003). Gesta Ottonis Imperatoris. Lotte, drammi e trionfi nel destino di un imperatore. Edizioni del Galluzo.
  35. (Ingelesez) Janeček, Michael. (2015). Primordia Coenobii Gandeshemensis: Hrotsvit of Gandersheim as a Political Actor and Secular and Religious Power in Ottonian Saxony. .

Kanpo estekak aldatu