Balentin Berriotxoa
Balentin Faustino Berriotxoa Arizti[1] (Elorrio, Bizkaia, 1827ko otsailaren 14a - Hai Duong, Tonkin, gaur egun Vietnam, 1861eko azaroaren 1a), batez ere San Balentin Berriotxoa[1] santu izenez ezaguna, Erromatar Eliza Katolikoko misiolari domingotarra, apezpikua eta martiria izan zen. 1988an kanonizatu zuen Erromatar Eliza Katolikoak. Bilboko elizbarrutiaren zaindaria; eta Bizkaiko bigarren santu zaindaria (Eliza Katolikoak San Inazio Loiolakoa du izendatuta Bizkaiko santu zaindari nagusia). Jaieguna uztailaren 4an ospatzen da.[2]
Balentin Berriotxoa | |||||
---|---|---|---|---|---|
![]() | |||||
1858ko uztailaren 28a - Elizbarrutia: Roman Catholic Diocese of Bui Chu (en) ![]()
1857ko abenduaren 28a - Elizbarrutia: titular see of Centuria (en) ![]() | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Arriola jauregia, 1827ko otsailaren 14a | ||||
Herrialdea | ![]() | ||||
Heriotza | Hải Dương (en) ![]() | ||||
Hobiratze lekua | Sortzez Garbiaren eliza | ||||
Heriotza modua | heriotza zigorra: burugabetzea | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | apaiz katolikoa, misiolaria, apezpiku katolikoa eta fraidea | ||||
Santutegia | |||||
Azaroaren 1 | |||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||||
Erlijio-ordena | domingotar | ||||
![]() ![]() |
Bizitza
aldatuElorrioko Arriola jauregian jaio zen, orduko Goiko Kalean (gaurko Berrio-Otxoa). Aita, Juan Isidro Berriotxoa, Elorriokoa zen, eta ama, Maria Monica Arizti, Antzuolako Urrutia baserrikoa. 1845ean, 18 urte zituela, Logroñoko apaizgaitegira joan zen. Baina hiru urte geroago, ikasketa eta egoitza-gastuak ordaintzeko aski dirurik ez zuenez gero, etxera itzuli behar izan zuen eta aitaren aroztegian laguntzen hasi. 1851ean, Miguel Jose Irigoien apezpikuaren laguntzari esker, apaizgaitegira itzuli ahal izan zuen. Urte horretan bertan abadetu eta bi urte geroago Toledoko domingotarren komentuan sartu zen.[3]
1856ko abenduaren 27an, beste zazpi lagunekin batera, Cadizko portuan ontziratu zen, Ekialdeko Asiara misiolari joateko. Bost hilabete geroago Manilara iritsi zen.[3] Bertan Tonkingo hizkuntza eta ohiturak ikasten jardun ostean, 1858an Vietnamgo eskualde horretara joan zen.[2] Garai hartan Tonkingo kristauak Tu Duc erregearen jazarpena pairatzen ari ziren. 1858ko ekainean Melchor García Sampedro apezpikuaren lagunkide izendatu zuten. Handik hilabete batera Sampedro monsinorea atxilotu eta martirizatu zuten. Era horretan, Berriotxoa Tonkingo apezpiku bilakatu zen. Hiru urtez ezkutuan egin zituen bere betebeharrak, oztopo eta arrisku handiei aurre eginez. Azkenik, 1861ean atxilotua izan zen.[3]
Hai Duong, probintziako hiriburura, eraman eta Trang-Thu gazteluan giltzaperatu zuten. Itaunketan, nola zuen izena (bertakoek Vinh, «garailea», deitzen zioten), zenbat denbora zeraman herrialdean (lau urte), non bizi zen (Biu Txun), matxinatuekin harremanik ba ote zuen (ezetz, eta armarik ez hartzeko aholkatu zuela) eta Hermosilla apezpikua ezagutzen ote zuen (baietz) besterik ez zioten galdetu. Bere fedeaz arnegatzeko eskatu zioten, baina ezetz esan zuenez gero, 1861eko azaroaren 1ean lepoa moztu zioten.[3]
Berriotxoa hil zutela jakin zenean, atsekabe handia heldu zen Elorriora eta Bizkaia osora. 1886an haren gorpuzkiak Elorrioko elizara eraman zituzten. 1905ean Pio X.a aita santuak dohatsu egin zuen, eta 1988ko ekainaren 19an Joan Paulo II.ak santu izendatu zuen,[2] Vietnamgo beste martiriekin batera.
2006an Labayru ikastegiak Berriotxoaren euskarazko 20 eskutitz, gehienak bere amari idatziak, argitaratu zituen.[4]
Argazki galeria
aldatu-
Arriola jauregiaren armarria, Balentin Berriotxoaren jaiotetxea.
-
Ocaña herrian, Toledon, bertako Santo Domingon komentuan, 1954ko oroigarri frankista hau dago.
-
Balentin Berriotxoaren aldarea Elorrioko Sortzez Garbiaren elizan. Bertan dago Berriotxoaren gorpua.
-
Balentin Berriotxoaren estatua Elorrioko Santa Ana komentuaren aurrean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Pertsona-izenak: Valentin», Euskal Onomastikaren Datutegia, Euskaltzaindia.
- ↑ a b c «Balentin Berriotxoa santua», Bizkaiera.biz bizkaieraren ataria.
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «San Valentín de Berriochoa», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ «Balendin Berriotxoak idatzitako gutunak argitaratu ditu Labayruk», Argia.
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) «San Valentín de Berriochoa», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Balendin Berriotxoa Museoa.