Arvydas Romas Sabonis (Kaunas, Lituania, 1964ko abenduaren 19a - ) saskibaloi jokalari ohia da. 2,20 m garaierarekin, inoiz munduan egon den pibot jokalaririk onenetarikoa da aditu askoren ustez. 2011 urtetik NBAko Hall of Fame ezaguneko kidea da.

Arvydas Sabonis
Bizitza
JaiotzaKaunas1964ko abenduaren 19a (59 urte)
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna  (1964 -  1991)
 Lituania  (1991 -
Familia
Ezkontidea(k)Ingrida Mikelionyt (en) Itzuli
Seme-alabak
Jarduerak
Jardueraksaskibaloi jokalaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak Pos Zbk
BC Žalgiris Kaunas1981-1989
Real Madrid1992-1995
CB Valladolid1989-1992
Portland Trail Blazers1995-2001
BC Žalgiris Kaunas2001-2002
Portland Trail Blazers2002-2003
BC Žalgiris Kaunas2003-2004
Draft NBA Portland Trail Blazers
 
Posizio edo espezialitateapibota
Pisua127 kilogramo
Altuera222 zentimetro
Jasotako sariak

Hasierako urteak (1981-1987) aldatu

Sabonis 1982ko Caliko (Kolonbia) munduko saskibaloi txapelketan eman zen ezagutzera. 17 urterekin saskibaloi munduko aditu, entrenatzaile eta jarraitzaile guztien begiradak bereganatu zituen saskibaloian jokatzeko zituen dohain berezi eta fisikoei esker. Txapelketa horretan urrezko domina lortu zuen Sobiet Batasunarekin. 1983an Nantesen (Frantzia) jokatu zen Europako txapelketan brontzezko domina irabazi zuen, Sobiet Batasunean denen gainetik nabarmenduz. Urte horretan munduko junior txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen. 1985ean, Alemanian jokatu zen Europako txapelketan, urrezko domina irabazi zuen eta txapelketako jokalaririk onena izan zen. Adituen esanetan Italiaren aurka, final erdietan, jokatu zuen partida saskibaloilari batek inoiz jokatu duen partidarik onenetarikoa izan da. Hori ez zen selekzioarekin 1985ean lortu zuen urrezko domina bakarra, Koben jokatutako Joko Unibertsitarioetan urrezko dominarekin itzuli zen etxera. Sabonisen arrakasta, bere ibilbideko hasierako urte horietan, ez zen selekzio mailara murriztu. Zalgiris Kaunas taldearekin 1981ean fitxatu zuen eta Sobiet Batasunako ligan Moskuko TSKA taldearen nagusitasuna amaitu zuen, 1985, 1986 eta 1987ko ligak irabaziz. Sabonisen saskibaloirako dohain eta arrakastek berehala izan zuten oihartzuna AEBetan. NBAko hainbat talderen interesa piztu zuen eta 1985eko fitxaketetan, Atlanta Hawks taldeak 4. errodnan aukeratu zuen, baina hori guztia ezerezean geratu zen, artean oso gaztea zelako, 21 urte besterik ez zituen. 1986an, berriro aukeratu zuten fitxaketetan: Portland Trail Blazers taldeak aukeratu zuen 1. errondako 24. postuan. Haatik, ezin izan zuen jokatu NBAn politika zela medio, kontuan izanik jokalari sobietarra zela eta Sobiet Batasunetik kanpoko liga batean ezin zuela jardun.

Baina hori ez zen bere ibilbidean izan zuen arazo bakarra. 1984an ezin izan zituen Los Angeleseko Olinpiar Jokoak jokatu Sobiet Batasunaren boikotarengatik. 1985. eta 1986. urteetan saskibaloiko Errekopa eta Europako Kopako finalak jokatu zituen, hurrenez hurren, eta biak ere galdu. Batik bat gogoangarria izan zen Jugoslaviako Zagrebeko Cibonaren aurka galdu zuen finala 1986an eta Drazen Petrovicekin izan zituen gorabeherak. Bien arteko lehia ez zen horretara mugatu eta Sabonisek mendekua hartzeko aukera izan zuen, urte horretan bertan, Madrilen jokatu zen munduko txapelketako final erdietan, Drazen Petrovicen Jugoslavia kaleratuz partida amaiera ikusgarri batean. Finalean berriz, David Robinson pibot ezaguna jokalaria zuen, AEBen aurka galdu eta gero, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen.

Hala ere, gorabehera guztien artean zerbait nabarmentzekotan, bere ibilbide guztia baldintzatu zuen lesioa azpimarratu behar da. Bere lehenengo urte horietan jokatu zituen gehiegizko partida eta zaintza eskasari esker Akilesen orpoa hautsi zuen 1987an, 18 hilabete saskibaloira jokatu gabe igaro zituelarik. Urte horretan Portlandera joan zen lesioa sendatzera eta bertako medikuek, jendearen ustearen aurka, Sabonisek berriz saskibaloira jokatzea lortu zuten, nahiz eta ezin izango zuen lehengo maila fisikoan jokatu inoiz.

Sabonisen itzulera (1988-1989) aldatu

1988ko Udako Olinpiar Jokoaketan itzuli zen. 18 hilabete jokatu gabe eta lesionatuta egon ondoren, haren inguruan ikusmin handia sortu zen. Lehen partidan Jugoslaviaren aurka galdu zuten eta Sabonisen egoera fisikoa ez zela lehengoa erraz antzeman zen baina, txapelketa aurrera joan ahala, inork espero ez zuena gertatu zen. AEBen kontra Sobiet Batasunak final erdietan lortu zuen garaipenak saskibaloiaren historia aldatu zuen, NBAko jokalari profesionalei Joko Olinpikoetan parte hartzeko ateak ireki zizkielako. Porrot horren erantzule nagusia Arvydas Sabonis izan zen saskibaloiaren historiara igaro den partidan. Bide batez, Madrilgo Munduko Txapelketako arantza ateratzea lortu zuen David Robinson eta enparauan aurrean. Finalean Drazen Petrovic, Toni Kukoc eta Vlade Divacen Jugoslaviaren kontra Sabonisek, Sobiet Batasuna ordezkatuz, urrezko domina irabazi zuen, bere ibilbide oso eta oparoko garaipenik handiena.

1988-1989 denboraldian, Zalgiris Kaunasen jokatu zuen, baina emaitzak ez ziren espero bezain onak izan. Ligan, bigarrenak izan ziren Kieveko Stroitel talde ukrainarraren aurka finala galdu ostean. Nahiz eta Sabonisek estatistikoki denboraldi bikaina egin, Errekopan ere huts egin zuen eta ongi hasi zen urtea gaizki amaitzeko 1989an Zagreben (Kroazia) jokatu zen Europako Txapelketan, sobietarrek brontzezko dominarekin konformatu behar izan zuten eta berriro lesionatu zen: hori oso golpe latza izan zen Sabonisentzat eta bere ibilbideko momenturik txarrenak pasa zituen bigarren aldi horretan.

Sabonis Espainian (1989-1995) aldatu

Forum Valladolid (1989-1992) aldatu

80. hamarkadaren bukaeran eta 90. hamarkadaren hasieran, azken urteotako aldaketa politiko eta sozial garrantzitsuenen lekuko izan zen mundua eta nola ez, saskibaloia. Berlingo harresia erortzeak zuzenean eragin handia izan zuen saskibaloian eta are gehiago Sabonisen bizitzan: lituaniarra izanik, SESBean jokatzeari uko egin zion eta Perestroikari esker, atzerrian jokatzeko aukera izan zuen.

1989-1990 denboraldian, Valdemaras Homicius lagun eta herrikidearekin batera, Valladolideko Forum Filateliko taldeak fitxatu zuen. Horrek izugarrizko aldaketa ekarri zuen talde txiki horri, jaitsiera postuetan ibiltzetik kanporaketak jokatzera pasa zelako. ACB ligak, Drazen Petrovicen martxa eta gero, izar berri bat aurkitu zuen.

Hiru urte egin zituen eta hiruretan Forum final laurdenetara sartzea lortu. 6., 7. eta 8. postuetan; baina 1992an Il Mesaggero di Romaren kontra, Korac Kopan jokatu zituzten final erdiak aipatu behar dira. Talde italiarrak diru askoren bitartez Dino Radja edota Ricky Mahorn bezalako izar handiak fitxatu zituen. Hala ere, nahiz eta Forum talde apal eta txikia izan eta final erdiak galdu, maila horretako talde handi eta dirudunari aurre egitea lortu zuten, Sabonisen lanari esker: hark taldean egin zituen zenbaki estatistikoak ACB ligako onenak izan ziren eta horrek ahalbideratu zuen Europako talde handi batek Sabonis fitxatzea.

Real Madril (1992-1995) aldatu

1992an Real Madrid taldeak Arvydas Sabonis fitxatu zuen, baina hori baino lehenago oso gertaera garrantzitsua gertatu zen: SESBa desegin eta Lituaniak independentzia lortu zuen. Horrek Sabonisi aukera eman zion saskibaloian jokatzeko, bere herrialdea ordezkatuz. 1992ko ekainean, Zaragozan, jokatu zen aurreolinpiarretan Lituania, Sabonis eta Sharunas Marciulonisen gidaritzapean, 1992. urteko Bartzelonako Olinpiar Jokoak jokatzeko sailkatu zen, Drazen Petrovic, Toni Kukoc, Dino Radja eta Velimir Perasovicen Kroaziari irabazita.

Bartzelonako Olinpiar Jokoetan Lituaniak brontzezko domina eskuratu zuen, Sobiet Batasuna ohia ordezkatuz joan zen taldeari partida erabakigarria irabaziz. Sabonisi domina hori irabazteak poz izugarria eman zion, horrek, Lituania bezalako herri txiki batentzat, esan nahi zuen guztiarengatik. Sabonisek maila ezin hobea eman zuen Jokoetan zehar.

Olinpiar Jokoak amaitu eta gero, Real Madril talde espainiarrarekin hasi zen. Real Madrilek ACB ligan nagusi izateari utzi zion 1986an eta, F.C. Bartzelona eta Badalonako Juventut izan ziren talderik indartsuenak azken sei urteetan, baina Sabonisen etorrerarekin hori aldatu egin zen. Real Madrilek, Forumek ez bezala, txapelketak irabazteko aukera ematen zion eta alderantziz, Sabonisen bidez beste jokalariekin lortu ezin zituen garaipenak lortzeko beta zuen Real Madrilek. Ez batak eta ez besteak ez zuten aukera huts egin eta hiru urteren buruan bi ACB liga, Errege Kopa bat eta Euroleague bat lortu zituzten. Garaipen horiek lortzeko bidea ez zen erraza izan: lehen urtean ACB liga eta Errege Kopa irabazi zituzten baina, Euroleaguen Sabonisek berriro huts egin zuen, Bozidar Maljkovicen gidaritzapean zegoen Limoges talde frantziarraren kontra, Atenasen jokaturiko Lauko Finalean. Bestetik, saskibaloiko Real Madril taldea ekonomikoki ez zegoen unerik hoberenean eta hiru urtean taldea asko ahuldu zen. Momentu horretan, Sabonisen benetako balioa frogatu zen: 1994-1995 denboraldian izugarrizko urtea egin zuen eta azkenean Real Madrilek eta berak Euroleaguea irabazi, Zaragozan jokatu zen Lauko Finalean, eta azkenik Sabonisek Europan geratzen zitzaion txapelketa garrantzitsuena irabazteko aukera izan zuen eta azken arantza kentzekoa.

Hala ere, urte liluragarri hori ez zen hor amaitu. Kontuan izanik, Europa txikia geratu zitzaiola hamar urte lehenago eman ezin izan zuen pausoa eman zuen. Portland Trail Blazers talde estatu batuarrak fitxatu zuen eta 31 urterekin NBAn jokatzeko aukera suertatu zitzaion. Denboraldia biribiltzeko, 1995. urteko Europako Txapelketan, Lituaniaren selekzioarekin, zilarrezko domina irabazi zuen, inoiz jokatu den partidarik eta finalik eder, zirraragarri eta hoberenetariko batean, Vlade Divac, Pedrag Danilovic, Dejan Bodiroga, Alexandar Djorjevic, Zoran Savic eta Zjerko Paspaljen Jugoslavia izugarriaren kontra galdu ondoren. Sabonisek, beste behin, txapelketa bikaina jokatu zuen.

NBAko abentura (1995-2003) aldatu

1995-1996 aldatu

Askok zalantzan jartzen zuten Sabonisek NBAn arrakasta izango zuela. Kontutan izanik, Sabonisen baldintza fisikoak ez zirela kirolari batentzat egokienak, lesioa zela medio, aditu batzuk pentsatzen zuten NBAko erritmoa gehiegizkoa izango zela Sabonisentzat. Sabonis berriro, erronka berri baten aurrean zegoen eta ez zuen hutsik egin bere inguruan sortu ziren zalantza guztiak uxatuz.

Kontuan izanik bere egoera fisikoa, taldeko entrenatzaileak, P.J. Carlesimok, programa berezi bat ezarri zion Sabonisi. Ez zen hasierako bostekoan irteten, eta bigarren eta laugarren laurden erabakigarriak jokatzen zituen, 24 minutu jokatuz. Liga aurrera joan ala, Portland Trail Blazers taldeari ez zitzaizkion gauzak ongi ateratzen ari eta P.J. Carlesimok Sabonisen programa aldatu behar izan zuen. Sabonis hasierako bostekora pasa zen eta taldean gauzak goitik behera aldatu ziren. Sabonisen gidaritzapean eta bere lanari esker, taldeak denboraldia oso ongi amaitu zuen eta playoffetarako sailkatzea lortu zuten. Apirilean hilabeteko rookierik hoberena izendatu zuten eta liga erregularrean 14,5 puntu eta 8,1 aldaratze eskuratu zituen 24,2 minutu, soilik, jokatuz. Playoffetan Karl Malone eta John Stockton bikote miragarriaren Utah Jazz taldearen kontra kalera joan ziren, lehengo errondan, baina 5 partidak jokatuz eta beti bezala Sabonisen erakustaldi berri batekin. Guztira, 23,6 puntu eta 10,2 aldaratze eskuratu zituen 35,4 minututan. NBA denboraldia amaitzeko, urteko bigarren rookie onenaren saria jaso zuen nahiz eta lehenengoa merezi aditu batzuen ustez, baina kontutan izanik 31 urte zituela jokalari beterano bati ematen ez ziren ausartu. 6.garren jokalari onenaren bigarren saria ere jaso zuen Toni Kukoc jokalari kroaziarraren atzetik. Urte horretan, 1996. urteko Atlantako Olinpiar Jokoetan, Sabonisek berriz Lituaniako selekzioarekin, bigarren aldiz, brontzezko domina lortu zuen. Hau Sabonisek Olinpiar Jokoetan lortzen zuen 3garren domina izan zen.

1996-1997 aldatu

Sabonisen NBAko bigarren urtean, Portland Trail Blazersera jokalari berriak etorri ziren baina gauzak berdin jarraitu zuten. Emaitzak antzekoak izan ziren. Playoffetara sartu zen taldea eta 1. errondan kalera joan ziren Shaquille O'Nealen Los Angeles Lakersen kontra. Sabonisek denboraldi honetan, aurrekoan bezala, 24 minutu jokatzen zituen partiduko 13,4 puntu eta 7,9 aldaratze lortuz. Aipatzekoa da denboraldi honetan, gero urteetan errepikatu zen kirol lehia berri bat sortu zela Sabonis eta Shaquille O'Nealen artean. O'Neal ordurako munduko pibotik onena zen eta Sabonisentzako erronka berri bat.

1997-1998 aldatu

Hirugarren urtean Portland Trail Blazersek entrenatzailez aldatu zuen. P.J. Carlesimoren ordez Mike Dunlevy fitxatu zuten. Mike Dunlevyrekin Sabonisek minutu gehiago jokatu zituen, 32 partiduko, eta ondorioz estatistikoki ere gorakada egin zuten Sabonisen zenbakiek, 16 puntu eta 10 aldaratze. Estatistikoki bere NBAko ibilbideko zenbakirik hoberenak lortu zituen, baina taldeak berdin jarraitu zuen. Urte honetan ere, playoffetan 1. errondan kaleratuak izan ziren eta aurreko urtearen moduan Los Angeles Lakersen aurka. Sabonisek, berriz egin behar izan zion aurre Shaquille O'Nealen haize erauntsiari emaitza eskasak lortuz.

1998-1999 aldatu

1998-1999 denboraldia, NBAren historian, lockoutaren urtea izango da. Jokalarien grebarengatik liga erregularraren 82 partida jokatu beharrean, 50 bakarrik jokatu ziren. Urte honetan, Portland Trail Blazersen mailak gorakada nabarmena izan zuen. Taldeak aurreko urteetan baino sendotasun handiagoa erakutsi zuen liga "motz" honetan eta garaipen ehunekoak gora egin zuen nabarmen, %55aren portzentajea izatetik %70 izatera pasa ziren. Gorakada horretan Sabonisek zer esan handia izan zuen. Taldean ez zegoen jokalari bat besteengandik bereziki nabarmentzen zenik, baina Sabonis zen taldeko erreferentzia nagusietako bat, 27 minututan 12,1 puntu eta 7,9 aldaratzerekin. Guzti honengatik, Portland Trail Blazers mendebaldeko finala jokatzeko sailkatu zen, oraingo honetan, Karl Malone eta John Stocktonen Utah Jazz taldea kaleratuz. Finalean, Tim Duncan izar berriaren eta David Robinson "lagun zaharraren" San Antonio Spursen kontra kalera joan ziren.

Bestetik aipatu behar da, kontuan izanik denboraldia motza izan zela eta urte horretan bertan Zalgiris Kaunasek Euroleaguea irabazi zuela, lituaniar jokalari gazte berrien eskutik, Sabonis azkenekoz Lituaniarekin, Frantzian jokatu zen Eurobasketa jokatzera animatu zen. Txapelketa bikaina egiten ari zirenean (gero txapelduna izan zen Italiaren aurka garaipen erraza lortu zuten) ezustean, final laurdenetan, Espainiak kaleratu zituen, Sabonisi egindako defentsa bikainari esker.

1999-2000 aldatu

Urte bat lehenago, ikusi zen Portland Trail Blazers lana ongi egiten ari zela, hobetu zutela eta NBAko eraztuna irabazteko hautagaietako bat zela. Baina, arazo baten aurrean zegoen. Sabonis zahartzen ari zen eta Bob Witsitt, General Managerak bazekien Portland Trail Blazersen aukerak Sabonisen eskutik pasatzen zirela. Bob Witsittek bere inguruan talde garaile bat egin zuen, horretarako izarrak izan ziren eta izaten jarraitzen zuten jokalari beteranoak fitxatu zituzten, Michael Jordanen alboan, Chicago Bullsen, 6 eraztun irabazi zituen Scotie Pippen, Atlanta Hawksen izarra izan zen Steve Smith edota Seattle Supersonicsen urte onak egin zituen Detlef Scrempf jokalari alemaniarra besteak beste. Gainera, taldean beste urteetako jokalari askok jarraitu zuten. Adituen arabera, inoiz egon den talderik hoberenetarikoa bildu zen Sabonisen inguruan. Hala ere, arazo bat zegoen, taldea beteranoegia zen eta zalantzan zegoen nola iritsiko ote ziren momentu erabakiorretara.

Liga erregularrean oso ongi ibili ziren, nahiz eta ez izan onenak. Hor Sabonisek 25,6 minututan 11,8 puntu sartu eta 7,8 aldaratze hartu zituen. Urte horretan, liga erregularreko talderik onena, Shaquille O'Neal eta Kobe Bryanten gidaritzapean, Los Angeles Lakers izan zen. Beraz, playoffetara begira, Los Angeles Lakers vs Portland Trail Blazers, Shaquille O'Neal vs Arvydas Sabonis, Kobe Bryant vs Scotie Pippen, norgehiagokak mahai gainean zeuden eta ez zuten hutsik egin. Biak mendebaldekoak izaki, konferentziako finala jokatu zuten, inoiz NBAko historian ahaztuko ez den finala. Joko, jokalari eta mailaren aldetik, ikusi den finalik ikusgarrienetako eta historikoenetako bat jokatu zuten. Shaquille O'Neal urte horretan egon zen mailan, historian, saskibaloilari gutxi egon dira. Sabonisen erronka izugarria, ezinezkoa zen. Hala eta guztiz ere, Sabonisek, Shaquille O'Neal geratzeko, egin zituen lanak defentsan ikustekoak izan ziren. Azkenean 7. partidura iritsi eta garaipena Portland Trail Blazersen esku zegoenean, taldea azken laurdenean, blokeatuta geratu zen eta 17 puntutako errenta ezerezean geratu zen, historian egon den partida bukaerarik harrigarrienetako batean. Gauzak honela, Los Angeles Lakersi bidea libre geratu zitzaion eta NBA irabazi zuten. Portland Trail Blazersek eta Sabonisek aukera historikoa galdu zuten NBA irabazteko.

2000-2001 aldatu

Sabonis berriro saiatu zen NBAko liga irabazten, baina taldeak ez zuen aurreko bi urtetako mailan jokatu. Liga erregularrean ez zituzten hainbeste garaipen lortu, nahiz eta ongi ibili eta playoffetarako erraz sailkatu. Sabonisen estatistikak zerbait jaitsi ziren. Minutu gutxiago jokatzen zituen 21 partidako eta 10,1 puntu eta 5,4 aldaratze hartu zituen. Playoffetako 1. errondan, berriro ere, Los Angeles Lakersen harresiaren kontra jo zuen Portland Trail Blazersek eta taldeari neke fisikoa eta batik bat psikologikoa nabaritu zitzaion. Urte honetan, Sabonisek urte baterako erretiroa hartu zuen.

2002-2003 aldatu

Handik bi urtera, NBAn azkenekoz jokatzera animatu zen egin zioten diru eskeintza onari esker. Baina egoera ez zen bera, Maurice Cheeks zen entrenatzaile berria eta taldean aurpegi berriak zeuden. Partidako 15 minutu besterik ez zituen jolasten, baina minutu horietan ematen zuen maila ezin hobea zen. 6,1 puntu eta 4,6 aldaratzerekin denboraldi txukuna egin zuen eta Portland Trail Blazersek playoffetara sailkatzea lortu zuen arazorik gabe eta denboraldi ona eginez. Playoffetan, Dirk Nowitzki alemaniarraren Dallas Mavericksen kontra kalera joan ziren 1. errondan. 7. partidan joan ziren kalera eta Sabonisek, beste behin oso ongi jokatu zuen taldeko hoberena izan zelarik. Hor amaitu zen Sabonisen ibilbidea NBAn.

Sabonisen azken lezioa (2003-2004) aldatu

Saskibaloia utzi baino lehenago, Sabonisek azken urtean Lituaniako ligan jokatu zuen, bere etxeko Zalgiris Kaunas taldean. Hasi zen taldean amaitu zuen bere ibilbidea. 2003-2004 denboraldian Zalgiris Kaunasek Euroleaguea ere jokatu zuen eta ikusmina sortu zen 39-40 urteko Sabonis zaharrak, 9 urte geroago Europan, nola jokatzen zuen ikusteko. Denak harri eta zuhur utzi zituen. Bere azken lezioa izan zen. Izugarrizko txapelketa egin zuen eta jokatu zuen pabiloi guztietan txalo zaparrada jaso zuen. Hori izan zen, Europak inoiz eman duen historiako saskibaloilari onenetako bati, zaleek egin zioten omenaldia. Lezioak non nahi eman zituen, Moskun, Malagan, Bolonian, Tel Aviven eta beste hainbat lekutan. Azkenean, liga erregularreko jokalari baliotsuena izan zen. Ez zen jokalari onenena hor bakarrik izan, Top 16an ere jokalari baliotsuenaren saria irabazi zuen. Final laurdenetan Tel Aviveko Maccabiren kontra kalera joan ziren, baina Tel Aviven saskibaloi zaleek erraz ahaztuko ez duten partidan. Urte horretan, Sharunas Jaskevicius lituaniarraren Maccabi oso ongi jokatzen ari zen eta faboritoa zen txapelketa irabazteko. Hala ere, Final Fourera sartzeko azken pausoa eman behar zuten eta Zalgiris Kaunas garaitu. Denek pentsatzen zuten garaipena erraza izango zela baina, ez zen horrela izan. Sabonisen gidaritzapean Zalgiris Kaunas Tel Aviveko Maccabi kaleratzekotan egon zen, Zalgiriseko jokalari batek jaurtiketa libre erabakiorrak huts egin zituen arte. Gero Final Fourean israeldarrak geldiezinak izan ziren eta Euroleaguea irabazi zuten. Sabonisek erretiro hartu baino lehenago Lituaniar liga irabazi zuen Lietuvos Rytas Vilniuseko taldearen aurka eta horrela Sabonisek lasai garaipen batekin esan zion agur saskibaloiari.

Bere jokoaren ezaugarriak aldatu

Bere garaipen eta estatistiken gainetik, Sabonis jokalari berezia izan da bere jokatzeko eragatik. Historian zehar, garaipen gehiago edo estatistika hobeak dituzten jokalariak egon badira. Baina, garaipenak, estatistika eta saskibaloian jokatzeko modua hain ongi uztartzen dituen jokalari gutxi egon dira, hainbeste ezaugarri dituen jokalaririk ez baita inoiz egon. Erasoan zein defentsan bikaina zen. Fisikoki dohai ezin hobeak zituen jokalaria, bere garaian, Europan ohikoa ez zen indarra eta abiadura zituen 2,20 metroko saskibaloilaria izan zen. Horrek europar saskibaloian izugarrizko iraultza ekarri zuen.

Hala ere, Sabonis zerbait izan baldin bada eta hitz batean definitu behar bada, haren jokatzeko era da: saskibaloiaren artista izan zen. Pase bikainak egiteko gaitasun berezia garatu zuen. Ohikoa zen, adibidez, Sabonis begiratu gabe, bizkar emanda, botearekin paseak ematen ikustea. Jokoa ikusteko eta ulertzeko dohai berezia zuen. Besteek ikusten ez zituzten zuloak ikusten zituen erasoan eta hortaz baliatzen zen bere eskumutur bikainari esker pase liluragarri, eder horietako bat emateko. Eskumuturra ez zuen bakarrik paseak emateko erabiltzen, baizik eta 4 edo 5 metrotik jaurtiketak sartzeko ere bai. Nork ez zuen Sabonis hiruko jaurtiketak sartzen ikusi? Horretan ere trebea zen. Denetarik egiten zuen: jokoa inork ez bezala irakurtzeaz, ongi jaurtitzeaz etapase zoragarriak emateaz gain, defentsan jokalari gogorra zen. Garaieraz handia zen, baina hori ez zen aitzakia jokalari osoa izateko.

Hasierako urteetan, gaztea zelarik eta lesio famatua baino lehenago, Sabonis jokalari azkarra, fina eta salto boteretsuak egiteko gai zen. Horrek puntuak sartzeko, aldaratzeak hartzeko eta txapela beldurgarriak jartzeko aukera ematen zion, defentsan zein erasoan nabarmenduz. Bestetik, kontuan izan behar da, Sabonis gaztetxoa zenean joko antolatzailea zela. Horrek lagundu zion gero, paserako zuen gaitasuna garatzen. Horrela, aditu guztiak harri eta zuhur utzi zituen Sabonisen koordinazioak, fisikoak eta bere dohain bereziekin batera, saskibaloira jokatzeko zuen erraztasunak. Erraztasun horrek bazuen, bere jokoan, alde txar bat. Askok esaten zuten Sabonisek mutiritasun puntu batekin jokatzen zuela. Horrek ez zion laguntzen bere gaitasun guztiak azalaratzen. Hala ere, Sabonisen jokatzeko erak Europako saskibaloian iraultza ekarri zuen. Ez zen, fisikoa eta saskibaloirako gaitasun innatoak edo jaiotzetikakoak horrela uztartzen zituenik inoiz ikusi. Baina, lesio madarikatua etorri zen.

Lesioa eta gero, Sabonis ez zen izan inoiz lehengoa. Gizendu egin zen, abiadura moteldu zuen eta salto egiteko gaitasuna galdu. Guzti horrek bere jokoan eragina izan zuen. Bere lesioaren ondoren, Sabonisek saskibaloira jokatzea miraria izan zen eta jokatzeko era moldatu behar izan zuen egoera berrira egokituz. Sabonisek hor frogatu zuen batik bat kirol honetarako zuen jaiotzetikako gaitasuna. Kontuan izanik fisikoki ez zela lehengoa bere jokoa aldatu zen eta bere benetako balioa ikusteko aukera izan zen. Lehen ez bezala, bere kiloen bitartez abantailak sortzen ikasi zuen, lehen arraroa zen Sabonis bizkarrez jokatzen ikustea. Gero, handiagoa zegoela aprobetxatuz bere tamaina ezin hobeto aprobetxatzen ikasi zuen eta erasoan bi puntu, ia beti ziurtatzen zituen. Defentsan, bere aurkariak kikiltzen edo uzkurtzen zituen huts egiteak behartuz. Eta nola ez, bere saskibaloiaren jakinduria guztiaz baliatzen hasi zen. Lehen pase onak ematen zituen baina hemendik aurrera hasi zen bere saskibaloi lezioak ematen, jokoa sortuz, zuloak eraginez eta pase zoragarriak emanez, taldeko joko antolatzailea bailitzan. Era guztietako paseak eta asistentziak ematen zituen.

Bere jokatzeko erak mundu guztia liluratu zuen eta saskibaloiaren historian erantzunik gabeko galdera bat geratu zaigu. Zer izango zen, Sabonis lesionatu ez eta bere heldutasunera baldintza fisiko hoberenean iritsi izan balitz? Seguruaski Europako saskibaloiaren historiako jokalaririk onenetako baten aurrean egon beharrean, Munduko historiako jokalari onena izateko hautagai baten aurrean geundeke.

Palmaresa aldatu

Ibilbidea aldatu

Kanpo estekak aldatu