Arropain

Ispasterko auzoa, baina Lekeitiorekin bat egiten duena

Arropain Ispaster eta Lekeitio udalerrien artean dagoen auzoa da, herri bien artean banatua dagoena.

Arropain
auzoa
Administrazioa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Bizkaiko eskualdeaLea-Artibai
UdalerriaIspaster
Geografia
Koordenatuak43°21′30″N 2°30′11″W / 43.35837821°N 2.50302169°W / 43.35837821; -2.50302169
Map
Altuera13 m
Demografia

Kokapena aldatu

Arropain gehiena Ispasterko udalerriaren lurretan izan arren, Lekeitioko herrigunera itsatsia dago geografikoki. Lekeitiora hegoaldetik sartzeko errepide eta kale nagusia, Atea errebalera, Ispasterko lurretan hasten da berez, eta kalean bertan igarotzen da ibiltaria Lekeitioara.

 
Arropaingo Ispasterko mugak.

Arropaingo eta Ispasterko ekialdeko mugak Lea itsasadarraren ibar ezkerra hartzen du.

Toponimia aldatu

Auzoaren jatorriko izena Azurtua da (Açurtua, aintzinako dokumentuetan). Arropain (Arrufain antzinako dokumentuetan[1]) berez Magdalena baselizaren ondoan zegoen sagardi baten izena da; denborarekin, toponimo hau auzo osoa izendatzeko erabili da.[2]

Etxeak eta ondarea aldatu

Auzuneko baserri tradizionalen artean, izen hauek daude: Benta-zaharra, Sosuena, Zubieta, Amillaga, Madalena … Eta baita errepide ondoan sortutako etxeak: Troixa, Gasparrenekua.

Errepidean daude, baita ere, parez pare, Iturraspe-Bengoetxea, bi indianok 1907an eraikia[3]; eta Lekeitioko Aterpetxea, funtzio horrekin irekia 21. mendeko lehen laurdenean.

Auzoan nabarmentzen da halaber Azurtuako Andre Maria Magdalenaren baseliza, 1736ko eraikina, nahiz eta ermita 1527tik dokumentatua dagoen arren. Lekeitio osorako zerbitzua eman izan duen eliza da, eta bertan gordetzen da Mingorri esaten zaion irudia, Lekeitioko Aste Santuko elizkizunetako pausu famatua.

Historia aldatu

Ikerlari batzuen ustez, Antzinaroan auzoan portu txikiren bat edo ainguralekuren bat egon zitekeen. Haien arabera, Arropain izena bera jatorri erromatarrekoa izan daiteke.[4]

Erdi Aroan, Lekeitio inguruko portu nagusia Arropainen zegoen, Zubietako jauntxoen dorreak kontrolatua,[5] Durango aldera ateratzen zen bidearekin batera. Arropaingo portuaren aktibitate nagusietako bat Lea ibaiaren arroko burdinolen ekoizpenarekin lotutako gaien sartu-irtena eta errenten kobrantza zen. XIV. mendeko dokumentuetan, baita ere, mastak eta gilak ekoizteko lantegiak zeudela adierazten da. Izan ere, auzoko beste aktibitate ekonomiko historikoa ontzigintza izan da,[2] gaur egunerarte dirauena Murelaga ontziolarekin (1933an eraikia eta, egun ere, ontzi txikien mantentze eta konpontze lanak burutuz, aktibo jarraitzen duen bakarra).[4]

1624 urtean Zubietako jaunek Lekeitioko herriarekin auzia abiatu zuten, eta hura irabazi eta gero jauregia eta bere lurrak hiribilduaren jurisdikziotik kanpo geratu ziren, Ispasterko elizateari atxikiz;[4] hori da gaur egun auzoaren zati bat Ispasterren eta beste bat Lekeition egotearen arrazoia.

XVIII. mendean Pedro Bernardo Villarreal de Berriz Uriarteko jauntxo eta ingeniariak hartu zuen gunearen kontrola. Bere aginduz, 1707 eta 1727. urteen artean Magdalenako etxea eraiki zen, itsasoz ekarritako mea gordetzeko eta lantzeko biltegi eta barrunbeekin. Garraioaren kostua murrizteko arragoa bat ere eraiki zuen, burdin mea kiskaliz pisuaren heren bat kentzen baitzen, errentagarritasuna hobetuz.[6] Gainera, menderik mende ibaiaren ibilbidea aldatu izan denez, garai horretan Magdalena ermitarainoko kanal bat ireki zuen,[2] ontziak ondo igarotzeko; eta karga-deskargan aritzeko kai pribatua ere egin zuen. Egitura horiek Bengoleako bere burdinola hornitzeko eta burdin landua errazago itsasoratzeko instalazio gisa erabili zituen.[4]

Arropaingo portuak bere nagusitasuna XVIII. mende hasierara arte gorde zuen. Ordutik aurrera, aktibitate ekonomikoa progresiboki gaur egungo portuaren aldera desplazatuko zen.[4]

Bestalde, historian zehar Lekeitioko herrian bertako txakolinaren salerosketa sustatzeko neurri protekzionistak hartu izan dira behin baino gehiagotan: herriko erreserbak amaitu arte, ezin izaten zen herrian kanpoko ardoa saldu. Hori zela eta, garai batean herriaren irteera guztietan tabernak egon ziren; haietako bat Arropainen.[4]

Iruditegia aldatu

Demografia eta biztanleria aldatu

Kurtziaga-Arropaingo biztanleria
2000 2001 2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008
83 83 80 83 85 83 89 87 89

Erreferentziak aldatu

  1. "por la parte del rio se halla este zerrado cubierto de Muralla desde la falda de dicho Monte hasta encontrar el camino Cargadero de la Anteiglesia de Ispaster frente a la Casa de Arrufain, desde donde por el camino Real es zerrado [de] paredes hasta cerca del Portal del Cruzifijo, a donde llega su jurisdiccion." (Descripción del Palacio de Zubieta y su entorno A.C.J.G. Zatica, Nicolás de. (1723-26). 1725.)
  2. a b c del., Valle de lersundi, Joaquín. (1977). La primitiva villa de Lequeitio. [s.n.] PMC 842211606. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  3. «La comunidad vasca de Jordan Valley - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  4. a b c d e f PLAZA TXOPITEA, Ander. (2018). Lekeitioko kultur eta natur ondareari buruzko eduki-fitxak. Lekeitioko Udala.
  5. Iriondo, Jaione Velilla. (1994). «Palacio de Zubieta» Ondare: cuadernos de artes plásticas y monumentales (12): 173–208. ISSN 1137-4403. (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  6. «Artzabal, vestigios de un Lea-Artibai preindustrial - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa