Zubieta jauregia

eraikitako euskal ondare nabaria Ispasterren. Kultur Intereseko Ondasun

Zubieta jauregia Ispasterren (Lea-Artibai, Bizkaia) kokaturiko eraikina da. Arropain auzoan dago, Lea ibaiaren paduretan eta Lekeitiotik oso hurbil. XVIII. mendean eraiki zen, aurretik orube berean zegoen Adan de Yarza sendiaren dorretxea ordezkatuz. 1984. urtean Bizkaiko Kultura Ondasun izendatua izan zen. Jauregiaren zalditegia izan zen eraikinean hotel bat ireki da.

Zubieta jauregia
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaIspaster
Koordenatuak43°21′27″N 2°30′13″W / 43.357517°N 2.503514°W / 43.357517; -2.503514
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Arkitektura
EstiloaChurriguerescoa
arkitektura barrokoa
Arkitektura neoklasikoa
Ondarea
BICRI-51-0005160
2

Historia

aldatu

Zubieta jauregia dagoen orubea antzinatik Adan de Yarza (Adan de Iartza egungo euskal grafian) familiaren jabetza da. Familia honek leinu gerratan parte hartu zuen, gehienetan oinaztarren bandoan. Jauregia eraiki aurretik sendi honen dorretxe bat zegoen bertan[1].

XVIII. mendearen hasieran Jacinta Adan de Yarza Miguel Velez de Larrearekin ezkondu zenean, honek Zubieta jauregia eraikitzea agindu zuen. 1716an hasi zen eraikitzen Churrigueresco delako estiloa jarraituz. Eraikinaren planoak Madrilen egin zirela jakina da baina diseinatzailearen izena ezezaguna da; ez ordea eraikuntza zuzendu zutenenak: Domingo de Abaria eta Martin de Malaxbeitiak hargintza eta hozka, Antonio eta Gaspar de Amezuak burdin-hesia eta Andres de Monasteriok horma-hobia[2]. Aurrealde nagusiaren eraikuntza Martin de Zaldua harginak burutu zuen, zenbaiten ustez jauregiaren arkitekto nagusia[3].

1850 aldera, Karlos Adan de Iartzak (1812-1863) intsinis pinuaren aleak landatu zituen Ispasterko (Bizkaia) Zubieta jauregiko lorategietan. 1870etik aurrera, haren seme Mario Adan de Iartzak (1846-1920), pinuaren hazkundea ikusita, Bizkaiko hainbat menditan landatu zuen[4].

María de las Nieves Adan de Yarza Torre Lekerika etxeko alaba Jose Maria Solano Eulate naturalistarekin ezkonduz geroztik, bertako oinordekoek Solano abizena eta "Laguntzaren Markes" noblezia titulua daramatzate; gaur egun, familiak antzinako zalditegia hotel bezala ustiatzen du, eta jauregia ospakizun handietarako alokatzen da.[5]

Deskribapena

aldatu

Barne-patio baten inguruan egituratzen diren bi solairutako lau moduluk osatzen dute eraikina, Barroko dekoratibo estiloa bereganatzen duena, biak ala biak Bizkaiko arkitekturan ezaugarri ezohikoak. Aurrealde nagusia da elementurik nabarmenena, atal zentralak eta alboetan bi dorre bikik osatzen dutena[6]. Atal zentrala ia karratua da eta San Migelen harrizko irudi bat daukan horma-hobi batek koroatzen du.[7]

 
Lea ibaiaren aireko ikuspegia. Ezkerraldean eta lehen planoan Zubieta jauregia ageri da. Atzean Lekeitio ikus daiteke.
 
Lea ibaiaren padura Lekeitiora heldu baino lehenago. Zubieta jauregia.

Erreferentziak

aldatu
  1. Palacio de Zubieta: Historia(Gaztelaniaz)
  2. Palacio de Zubieta (Ispaster), Jose Angel Barrio Loza(Gaztelaniaz)
  3. Los Adán de Yarza y Zubieta(Gaztelaniaz)
  4. Alejandro Cantero: «Intsisnis pinuaren etorkizuna Euskadin», Sustrai, 102. zenbakia, 2014.
  5. (Gaztelaniaz) «Historia * Palacio de Zubieta» Palacio de Zubieta (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
  6. Ondare kulturala:Zubieta jauregia
  7. VELILLA IRIONDO, Jaione. (1994). Palacio de Zubieta. Eusko Ikaskuntza.

Kanpo estekak

aldatu