Lea ibaiko industria paisaia
Lea ibaiko Industria Paisaia Bizkaiko iparraldean dago, Lea-Artibai eskualdean. Hainbat ondasun higiezin, higigarri eta ondare-baliodun espaziok osatzen dute; horiek guztiak industria aurreko garaian eta industria garaian Lea ibaiaren inguruan garatu zen burdinola-, errota- eta ontzigintza-jarduerari lotuta daude[1].
Lea ibaia
aldatuLea ibaia Oiz mendiko ipar isurialdean jaiotzen da, 5 udalerri zeharkatzen ditu eta, 24 kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren, Kantauri itsasora iristen da, kostaldeko Lekeitio eta Mendexa herrien artean. Bere ibilbidean hainbat errekaren urak jasotzen ditu eta, oro har, landa-ingurunea zeharkatzen du, menditsua, komunikazio zailekoa eta biztanleria-dentsitate urrikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko itsasadarren artean eraldaketa gutxien jaso duena dela esan daiteke; horrela, bere uren kalitate ona nabarmentzekoa da[1].
Industria-paisaia
aldatuIndustria-paisaia honen kultura-ondasuna Lea ibaiaren haranean aztarna utzi duten hainbat ekoizpen-unitatek osatzen dute. Unitate bakoitza askotariko eraikinez osatuta dago, hala nola, burdinolak, errotak, ontziolak, zentral hidroelektrikoak eta zerrategiak. Horrez gainera, mota ezberdinetako azpiegitura hidraulikoak daude, besteak beste: presak, ura bideratzeko kanalak, deposituak, estoldak, tunel hidraulikoak eta ur-hustubideak, Lea ibaiko ura ekoizpen-unitate bakoitzera eraman eta, energia hidraulikoaren bidez, horiek ibilarazteko eginkizuna zutenak[1].
Burdinola, errota eta ontziolen ondoan, unitateak beste eraikin batzuekin osatzen dira, hots, etxebizitzak eta erlijio-eraikinen bat edo beste; mota horietako eraikinen kopuru eskasa, baina, haran hauetako biztanleria urriaren eta komunikatzeko zailtasunaren erakusgarri da. Garai hartako komunikazio-bideen lekuko gisara, badaude obra zibileko osagai batzuk, zubiak, batik bat. Harlanduz zein harlangaitzez eraikitako zubi horiek gehienak konkortuak dira, baina badaude soslai zuzenekoak ere, eta hainbat motatakoak: arku eskartzanoan edo puntu erdiko arkuan eraikitako begi bat, bi edo hiru begikoak. Beste batzuek hiruki edo laukizuzen formako zubi-bularra daukate, asfaltatutako galtzadarekin edo ibaiko harri-koskorrekin zolaturik. Ibilguan zehar hainbat presa-mota daude, grabitateko presa zuzenak, adibidez, edo arku-itxuran eginak. Azken horiek Juan Villareal de Berrizek diseinatu zituen, eta presen diseinuan, materialen erabileran zein ekoizpenean izandako bilakaera eta hobekuntza erakusten dute. Torreko Errotako presa edo Uribeikoa presa zuzenaren adibideak dira; Munitibar udalerriko Agorriako errotakoa, berriz, puntu erdiko arku itxurakoa da. Gizaburuagan, ostera, hainbat arkuko presa bat dago, Errotabarrikoa. Lea ibaiaren azken aldean ontziolak daude. Oro har, eraikinaz gainera, aldapak eta graden aldea ere gordetzen dute, Mendieta ontziolan edo Egiguren eta Atxurra izenekoan bezala.
Ibaiaren estuarioan, Isuntzako hondartzaren eta San Nikolas uhartearen artean, Lazunarri malekoiaren zati bat dago, XVIII. mendean eraikitako sistema hidraulikoa, itsasadarraren bokalaren norabidea aldatzeko sortua. Horri esker jitoan doan hondarrak ez zuen ibai-ahoan barrarik sortzen eta ontziek ibaian gora egin ahal zuten[1].
Makinak
aldatuIndustria-paisaiako ekoizpen-unitateetako makina batzuk ere gelditu dira, hala nola, turbinak, gurpilak, errotarriak eta toberak, ekoizpen-prozesua nola zebilen ulertzeko beharrezkoak direnak[1].
Burdinolak eta errotak
aldatuBurdinola- eta errota-multzoetan sistema hidraulikoak erabiltzen ziren tresnak mugiarazteko; ura kanalen bidez eramaten zen presetatik burdinola eta erroten aurrean kokatutako erregulatze-deposituetara. Burdinoletan, ura tunel hidraulikoen gainean kokatutako anteparetara igarotzen zen, eta hortik gurpil hidraulikoetara isurtzen, labea bizitzen zuten edo mailua mugiarazten zuten hauspoei eraginez. Mailuak burdin goria kolpatzen zuen zikinkeriak kendu eta kalitatezko produktu bukatua bilakatu arte. Oro har, burdinolak hainbat esparrutan banatuta zeuden: lantegia, mineralak edota ikatza gordetzeko beste toki bat, kontrol-bulegoa eta egoitza-aldea edo olagizonaren etxebizitza. Errotetan, ura anteparatik isurtzen da eta estoldatik igarotzean turbinak mugiarazten ditu; azken horien ardatzak ehotze-gelan dauden errotarriei transmititzen diete mugimendua, aleak ehotzeko. Azpiegitura horietako batzuek jatorrizko makinak gordetzen dituzte oraindik. Hainbat motatako errotak daude: presadun edo depositu gabeko errotak eta errepresadunak, Errotazar errota, Lariz-Oleta burdinola eta errota edo Bengoleako burdinola eta errota-multzoa bezala, Gizaburuagan; itsasaldi-errotak, Isuntzakoa bezala, Mendexan; kubo motako errotak, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzeko Kubo errota bezala[1].
Ontziolak
aldatuOntziolak Lea ibaiaren bi aldeetan daude, ertzetako areatzetan, plataforma artifizialen gainean eraikita. Eraikin-multzo tradizional hauek ez dute gune itxirik, askotariko eginkizunetarako tokiak baitira, osagai hauez osatuak: harlangaitzezko plataforma, muntaia-harmaila gainean duena (harmaila horretan bikeztatutako zeharragak jartzen ziren, itsasontzi bilakatuko zen horren gila jartzeko); ontzira igo eta handik jaisteko zurezko pasabideak; horma-arte bat edo gehiagoko pabilioiak, zurezko tijerez egindako estalkiari eusten zioten zurezko horma eta zutabeez eginak; teilaz edo xaflaz eginiko teilatuak, bi isurkikoak; harrizko zoruak; eta sarbideak. Ontziak egiteko beharrezko makinak soilak ziren: txirrika-joko batzuk, petakak, eskorak eta dibidietak. Ontziola gehienak pribatuak ziren, eta arrantza-ontziak eta kostaldeko trafikorako ontziak eraikitzen zituzten, hala nola, patatxeak, txanelak eta mea-ontziak. XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran eraiki ziren, baina horiek eraikita duden tokietan badaude aurretiaz ere ontziolak egon zireneko aztarnak. Ontziola batzuk eraberritu egin dituzte, beste erabilera batzuetarako, adibidez, egungo teknikaz baliatuta itsasontziak eraikitzeko[1].
-
Egiguren eta Atxurra ontziola, Lekeitio.
-
Mendieta ontziola, Lekeitio.
-
Mendexako ontziola.
Espazioaren antolaketa
aldatuEkoizpen-gune horiek eraikuntzarik gabeko espazioen bitartez lotzen dira eta horrek osagai bakoitzaren arteko ekoizpenezko edo ikusizko harremana ulertzen laguntzen du, baita horien natur ingurunea ere. Inguruko eta ondo-ondoko horien artean daude Lea ibaiaren ibilgua bera, horren ertzak eta inguruko lursail batzuk[1].
Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, Amoroto, Lekeitio eta Mendexa udalerrietan aurkitzen ditugu ondasun hauek, estrategikoki kokatuta eta Lea ibaiaren bidez bata bestearekin lotuta, haran hauetako orografia aldapatsura moldatutako egituren segida bat osatuz eta, horrela, multzoaren interpretazioa egiteko aukera emanez[1].
Erreferentziak
aldatuKanpo estekak
aldatuLea ibaiko (Bizkaia) Industria Paisaia - Eusko Jaurlaritza