Arma kimiko

Agente kimiko berezia, etsaiak hiltzeko edo borroka egiteko gai ez direla uzteko prestatua

Arma kimikoak propietate toxikoak dituzten substantzia kimikoak erabiltzen dituzte, hiltzeko, mina egiteko edota ezgaitzeko. Armagintza kimikoa beste arma ohikoetatik edo arma nuklearretatik desberdintzen dira haien suntsiketa efektua ez delako kolpean edo estanda indarrean oinarritzen. Kalte egiteko organismo bizidunen erabilera (Bacillus anthracis, lupu beltzaren eragilea) orokorrean arma biologiko gisa sailkatua da, arma kimiko gisa baino, nahiz eta organismo biziek ekoitzitako produktu toxikoak (adibidez toxinak, toxina botulinika, errizina edo saxitoxina bezalakoak) arma kimikotzat hartzen diren.

Arma kimikoaren logoa

1993ko Arma Kimikoen Hitzarmenaren arabera, edozein substantzia kimiko toxiko arma kimikotzat jotzen da, bere jatorria zeinahi izanik, baimendutako erabilera batean ez bada.[1]

Arma kimikoak, suntsipen handiko arma gisa klasifikatuak daude Nazio batuen erakundearen arabera, eta horiek ekoiztea eta biltegiratzea debekatuta dago lehen aipatutako 1993ko konbentzioan.[2]

Arma kimiko mota desberdinak aldatu

XX. mendean zehar 70 produktu kimiko inguru arma kimikoen agente gisa erabili edo biltegiratu dira. Arma kimikoen hitzarmenaren arabera, arma kimiko gisa erabiltzeko bezain toxikoak diren substantziak hiru taldetan banatuta daude, helburuaren eta tratamenduaren arabera:

1. Taldea – Ez dute ia inolako zilegizko erabilerarik. Ikerketarako edo helburu mediko, farmazeutiko edo defentsiboekin bakarrik erabiltzen dira (adibidez, arma kimikoen sentsoreen edo babes-jantzien proba). Substantzia horien artean daude nerbio-agenteak, errizina, lewisita eta ziape-gasa. 100 g-tik gorako edozein ekoizpen Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeari jakinarazi behar zaio, eta ezein herrialdek ezin du biltegiratuta eduki kimiko horietako tona bat baino gehiago.

2. Taldea - Substantzia horiek ez dute eskala handiko industria-erabilerarik, baina eskala txikian ondorio nabarmenekin aplika daitezke. Horietako batzuk dira dimetil metilfosfonatoa (sarinaren aitzindaria, baina material ez-sukoi gisa ere erabiltzen dena) eta tiodiglikola (ziape-gasa fabrikatzeko aitzindari kimikoa dena, baina tinta-disolbatzaile gisa ere asko erabiltzen dena).

3. Taldea – Eskala handiko industria-erabilera garrantzitsuak dituzten substantziak. Horien artean fosgenoa eta kloropikrina daude. Biak arma kimiko gisa erabili dira, baina fosgenoa osagai garrantzitsua da plastikoak fabrikatzeko, eta kloropikrina pestizida gisa erabiltzen da. Urtean 30 tona baino gehiago ekoizten dituen edozein instalazioren berri eman behar da, eta Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak ikuska dezake.

Armagintza kimikoaren Teknologia aldatu

Agenteak Barreiadura Babesa Detektaketa
1900eko hamarkadan Kloroa

Kloropikrina

Fosgeneoa

Ziapea

Haizeak barreiatua Usaimena
1910eko hamarkadan Lewisita Granada kimikoak Gas maskarak

Olioz edo erretxinaz bustitako janzkiak

1920ko hamarkadan Fragmentazio jaurtigaiak CC-2 janzkiak
1930eko hamarkadan G serieko nerbio-agenteak Aireko bonbardeaketa Agentearen anpulu detektatzaileak

Kolore-aldaketa duen papera

1940ko hamarkadan Karga kimikoa misiletan duten ojibak

Aerosol-deposituak

Ukendu babeslea (ziape-gasa)

Babes kolektiboa

Iragazkidun gas-maskarak

1950eko hamarkadan
1960ko hamarkadan V serieko nerbio-agenteak Aerodinamika Gas maskara ur hornidurarekin Nerbio-gasaren alarmak
1970eko hamarkadan
1980ko hamarkadan Munizio binarioa Gas maskara hobetuak Laser bidezko hautematea
1990eko hamarkadan Novichok nerbio-agenteak Munizio binarioa eta aerosola Ezinezkoa gas maskarekin babestea Detektaezinak

Arma kimikoak munduko leku askotan erabili izan dira ehunka urtetan zehar, baina gerra kimiko «modernoa» Lehen Mundu Gerran hasi zela esaten da. Hasiera batean, produktu kimiko komertzial ezagunak eta horien aldaerak baino ez ziren erabiltzen. Kloroa eta gas fosgenoa barne. Agente horiek borrokan sakabanatzeko metodoak ez ziren nahiko zehatzak eta ez ziren eraginkorrak.

Gerra honetan arma kimikoak erabili zituen lehen herrialdea Frantzia izan zen, gas negar-eragilez (xililo bromuroa) betetako granadak erabiliz, 1914ko abuztuan. Geroago, Alemaniar Inperioak teknika hobetuz erantzun zuen, bi aldeetan gas hilgarriak eskala handian erabiltzen hasiz. Hasieran, klorozko ontziak haizearen alde zabaldu besterik ez zen egiten, eta etsaien lerroetara eramaten uzten zitzaion. Handik gutxira, frantsesek artilleriako munizioa aldatu zuten fosfogenoak edukitzeko. Metodo hori askoz eraginkorragoa zen, eta arma horiek erabiltzeko metodo nagusia bihurtu zen.

Arma kimikoak masiboki zibilen kontra erabili zituen lehen herrialdea Espainia izan zen, urte batzuk beranduago. Izan ere, 1925eko Rifeko gerran, erasoetan ziape gasa masiboki erabili zen, artilleriako jaurtigaien edo aireko bonbardaketen bidez.[3]

Lehen Mundu Gerran, gerra kimiko modernoa garatu zenetik, nazioek lau eremutan ikertu eta garatu dituzte arma horiek, nagusiki: agente berriak eta hilgarriagoak; agente horiek jaurtitzeko metodo eraginkorragoak (barreiatzea); arma kimikoen aurkako defentsa eraginkorragoak; eta agente kimikoak detektatzeko bitarteko zehatzagoak.

 
Arma kimikoaren suntsipena

Gerra kimikoaren agenteak aldatu

Gerrarako erabiltzen den produktu kimiko bat «gerra kimikoko agente» deitzen da (Chemical War Agent ingelesez, CWA), eta normalean gaseosoa da giro-tenperaturan, edo azkar lurruntzen den likido bat izan daiteke. Likido mota horiek lurrunkorrak dira edo lurrun-presio handia izan dezakete. Sortzen diren keak toxikoak dira, eta hortik dator «gas pozoitsu» terminoa, gas-forman erabiltzen den arma kimiko bat deskribatzeko erabiltzen dena. Eragile kimiko asko modu lurrunkorrean diseinatu ziren, eremu handi batean sakabanatze hobea lortzeko.

Agente kimikoei buruzko ikerketen lehen helburua ez zen toxikotasuna handitzea, baizik eta arropan zehar larruazalari eragin ziezaioketen agenteen garapena, gas-maskarak alferrikakoak bihurtuz. 1917ko uztailean, alemanek ziape gasa erabili zuten lehen aldiz, gas-maskara gorabehera larru edo oihalezko babesak zeharkatzen zituena, azalean erredura mingarriak eraginez.

Iraunkortasuna aldatu

Arma kimikoak iraupenaren arabera sailkatzen dira, hau da, barreiatu ondoren agente kimikoa aktibo dagoen denboraren arabera. Agente kimikoak iraunkorrak edo ez-iraunkorrak dira.

Ez-iraunkor gisa sailkatutako agenteek eraginkortasuna galtzen dute minutu edo ordu batzuen ondoren. Kloroa bezalako agente gaseoso hutsak ez dira iraunkorrak, ezta oso lurrunkorrak ere, hala nola sarina eta beste nerbio-agente asko. Taktikoki, agente ez-iraunkorrak askoz erabilgarriagoak dira denbora gutxian hartu eta kontrolatu behar diren helburuen aurka. Oro har, agente ez-iraunkorrek arnastearen ondoriozko arriskua baino ez dute.

Agente iraunkorrak, ordea, denbora luzeagoz egoten dira inguruan, astebetez esaterako, deskontaminazioa zailduz. Agente iraunkorren aurkako defentsak epe luzeetarako babesa behar du. Agente likido ez-lurrunkorrak, hala nola babako agenteak eta VX nerbio-agente oleaginosoa, ez dira erraz lurruntzen, eta, beraz, oso arriskutsuak dira ukituz gero.

Gerra kimikoko agente motak aldatu

Gerra kimikoaren eragileak giza gorputzari eragiten dioten moduaren arabera antolatzen dira kategoria askotan. Kategorien izenak eta zenbakiak pixka bat aldatzen dira iturriaren arabera, baina gerra kimikoko agenteen mota orokorrak honako hauek dira:

Erabilitako agente tipoak:
Agente klasea Adibideak Sintomak Efektuak Akzio abiadura Iraunkortasuna Oharrak
Nerbio-agenteak Sarin gasa, tabuna, somana, VX Arnasa hartzeko zailtasuna, izerdia, kontrolik gabeko lerdea, dardarak, ikusmena iluntzea eta heriotza. Azetilkolina neurotransmisorearen desintegrazioa inhibitzen du kaltetuen sinapsietan. Lurrunak: segundotik minutura

Azala: 2-18 ordu

VXa iraunkorra eta arriskutsua da kontaktuan; beste agente batzuk ez dira iraunkorrak eta, batez ere, arriskutsuak dira arnasteagatik. Larruazalari, biriketako agenteei edo odolari erasaten dioten pozoien aldean nerbio-agenteak ehunka eta milaka aldiz hilgarriagoak dira.
Odol-agenteak Azido zianhidrikoa Arnasketa azkarra, dardarak, koma eta heriotza. Gorputzeko ehunek oxigenoa normalki erabiltzea oztopatzen du, eta, hala, bizi-organoak minutu gutxi batzuen buruan gelditzen dira. Berehalako eragina Ez iraunkorrak eta arriskutsuak arnastuta. Guztiak zianuroan oinarrituak dira
Besikatzaileak

(babak eragiten dituztenak)

Ziape gasa, lewista Erremina begietan eta azalean. Erredura-min akutua, konjuntibitisa, larruazalean likidoz betetako anpulu handiak, poliki sendatzen direnak eta infekta daitezkeenak Lurrunak: 4-6 ordu, begiak eta birikak azkarrago kaltetzen dira; azala: 2-48 ordu Iraunkorra eta arriskutsua kontaktuagatik. | Hiltzeko baino ezgaitzeko erabiltzen da, instalazio medikoak kolapsatzen baititu.
Biriketako agenteak

(Agente itogarriak; biriketako toxikoak)

Fosgenoa, kloroa Arnasketa zailtzen du; negar-eragina, itolarria eta heriotza. Arnas sistemari kalte egiten dio eta asfixia eragiten du; bizirik irauten dutenek arnas arazo kronikoak izaten dituzte askotan. Berehalakoa edo 3 ordura Ez iraunkorrak eta arriskutsuak arnasteagatik. Lehen Mundu Gerran asko erabili ziren, baina agente neurotoxiko eraginkorrenak iritsi zirenean zaharkituta geratu dira.
Agente negar-eragileak negar eragileak, sarin gasa , CS, CR, CN Begien narritadura gogorra. Min zorrotz bat eragiten du begietan eta aldi baterako itsutasuna. Berehalakoa Ez iraunkorrak eta arriskutsuak arnasteagatik. Azken hamarkadetan, agente horiek istiluen aurkako elementu gisa erabili izan dira askotan, eta 'istiluen aurkako agente' izena hartzen dute.
Agente desgaitzaileak (edo paralizatzaileak) BZ Nahasmena, nahi gabeko fabulazioa, haluzinazioak, jatorri imaginarioko portaera automatikoekiko erregresioarekin batera, hala nola arropa erauztea. Azetilkolinak kaltetuarengan duen eragina gutxitzen da. Nerbio-sistema periferikoan ondorioak eragiten ditu, eta nerbio-gasen intoxikazioetan ikusitakoen aurkakoak dira. Arnastuak: 30 minututik 20 ordura; Azala: azala BZren eraginpean jarri eta 36 ordura arte. Ohiko iraupena 72 eta 96 ordu artekoa da. Oso iraunkorra lurzoruan eta uretan eta gainazal gehienen gainean; arriskutsua ukipenagatik. -

Historia aldatu

Garai klasikoren garaiko arma kimikoak aldatu

 
Arma kimikoak botatzeko zuloak.

Arma kimikoak duela milaka urtetik erabili dira gezi pozoituekin, baina antzinako garaietan eta garai klasikoetan asmamen aurreratuagoak daudela erakusten duten ebidentziak aurki daitezke. Arma kimikoen erabilera goiztiarraren adibide on bat Afrikako hegoaldeko eta Harri Aroaren amaierako ehiztari-biltzaileen elkarteak izan ziren, San izenez ezagunak. Beren gezien egurrezko, hezurrezko eta harrizko puntak beren ingurune naturalean lortzen zituzten pozoiekin blaitzen zituzten. Pozoi hauek batez ere eskorpioi eta sugeetatik zetozen, baina landare pozoitsu batzuk ere erabili zituztela uste da. Geziak aukeratutako helburuaren kontra jaurtitzen ziren, normalean antilope baten kontra, eta gero ehiztariak animaliari jarraitzen zion harrapakina pozoiak eroriarazten zuen arte.

K. a. V. mendean. Txinako sekta moistaren idazki batzuek deskribatzen dute ziapearen hazien eta beste landaren toxiko batzuk erretzean sorturiko kea erabiltzen zutela, hauspoen bidez barreiatzen zituzten etsaien armadek setio garaietan zulatzen zituzten tuneletan. Oraindik zaharragoak diren txinatar idazki batzuek, K. a. 1000. urte ingurukoak, ehunka errezeta dituzte ke toxikoak edo narritagarriak sortzeko eta gerran erabiltzeko, bai eta horien erabileraren erregistro ugari ere. Erregistro horiei esker dakigu orduko "lanbro espiritu-harrapatzaileak" artsenikoa zuela, eta kare bizia erabiltzen zutela, lanbrotu eta haizean hedatuz, 178. urtean nekazarien matxinada desegiteko.

Mendebaldean gasaren erabilerari buruzko lehen berria K.a. V. mendekoa da, Atenasen eta Espartaren arteko Peloponesoko gerrakoa. Espartar indarrek, atenastar hiri baten setioan, su bat piztu zuten harresien oinetan, egur, mundrun eta sufrez egina, ke kaltegarriak atenastarrei ondoren etorri zen erasoari aurre egitea eragotziko zielakoan. Esparta ez zen izan gerra horietan taktika ezohiko xamarrak hauek erabili zituen bakarra: esaten da Solon Atenaskoak eleboroaren sustraiak erabili zituela Pleistos ibaiak elikatutako akueduktu bateko ura pozoitzeko, K.a. 590. urtearen inguruan, Kirrako setioan zehar.

Badirudi Sasanidek arma kimikoak erabili zituztela Erromako armadaren aurka K.o III. mendean. Siriako Dura-Europosko tunel kolapsatuetan egindako ikerketaren arabera, irandarrek betun eta azufre-kristalak erabili zituzten haiek erretzeko. Piztu zituztenean, materialek gas itogarrien hodei trinkoak sortu zituzten, eta bi minututan 20 soldadu erromatar hil zituzten.

Arma kimikoak ezagunak ziren Txina zaharrean eta Erdi Aroan. 1241. urtean, Legnikako batailan, mongoliar armadak gas pozoitsua erabili zuela aipatzen du Jan Długosz historialari poloniarrak.

XV. mendearen amaieran, espainiarrek arma kimiko bati aurre egin behar izan zioten La Española uhartean. Bertako taínoek errautsez eta baratxuri lainoztatuz betetako kalabazak botatzen zizkieten, erasoa jo aurretik kezko gortina itsugarri bat sortzeko.

Gerra kimikoa Lehenengo Mundu Gerran aldatu

 
Gasaren barreiatzea Lehen Mundu Gerlan.

Agente kimikoak eskala handian erabili ziren lehen aldia Lehen Mundu Gerran izan zen, Ypresko Bigarren Batailatik hasita, 1915eko apirilaren 22an, alemaniarrek Frantziako, Kanadako eta Aljeriako tropei kloroz eraso zietenean. Ordutik, arnasketa-agenteen, negar-eragileen eta besikatzaileen 50.965 tona erabili zituzten bi aldeek, kloroa, fosgenoa eta ziape-gasa barne. Zifra ofizialen arabera, 1.176.500 inguru zauritu eta 85.000 hildako eragin zituzten zuzenean agente kimikoek gerran zehar.

Gaur egun ere ohikoa da Lehen Mundu Gerrako munizio kimikoa lurpetik ateratzea, lehertu gabe, antzinako gudu-zelaietan edo biltegiratze-eremuetan industean, eta Belgikako eta Frantziako biztanleria zibilarentzat arriskutsuak izaten jarraitzen dute. Herrialde horietako gobernuek agerian ezartzen munizioa tratatzeko programa bereziak abiarazi dituzte.

Gerraren ondoren, erabili gabeko agente kimiko gehienak Itsaso Baltikora bota zituzten. Denborak aurrera egin ahala, ur gaziak karkasak herdoiltzen ditu, eta edukiontzi horietatik isuritako ziape-gasa hondartzetara iristen da noizbehinka, argizari itxurako objektu solido gisa, anbararen antzekoa. Modu solidotuan bada ere, agenteak behar adina jarduera du manipulatzen duen edonori erredura larriak eragiteko.[4]

Arma kimikoen erabilera gerra arteko garaian aldatu

Lehen Mundu Gerraren ondoren, europar potentzia askok arma kimikoak erabili zituzten kolonietan, kontrol militarra ezarri eta matxinadak deusezteko. Otomandar Inperioa desegin zenean Sèvreseko Itunaren arabera irabazleek hainbat lurralderen kontrola eskuratu zuten. Britainiar Inperioak Mesopotamian gobernu kolonial bat ezarri zuen, eta bertakoak 1920an matxinatu zirenean, zapalkuntza gogortu zen, eta arma kimikoen erabilera baimendu zuen Britainiar Gobernuak, Winston Churchillen eskutik.

Arma kimikoek sortzen zuten izua eta alarma sozialagatik, 1925ean Ginebrako Protokoloa sinatu zuten 16 estatu indartsuenetako batzuek, gas pozoitsuak edo arma bakteriologikoak ez erabiltzera engaiatuz.

Rifeko gerran espainiarrek arma kimikoak erabili zituzten berbereen aurka.[3] Arma horiek alemaniar enpresek garatu eta ekoizten zituzten, baina Versalleseko Itunaren arabera Alemaniak horrelakorik egitea debekatua zuenez, Espainiaren menpeko lurraldeetan egin zuten. Jendearen kontra erabili bazuten ere, arrakasta handiena nekazaritza lurretan izan zuten armek, berbereen uztak suntsitzen baitzituzten. Erabilera horren eraginak nabaritzen dituzte biztanleek, oraindik orain.[5]

1935ean Italiak ziape gasa erabili zen Etiopiako konkistan, Ginebrako Protokoloari muzin eginez.

Arma kimikoen erabilera Bigarren Mundu Gerran aldatu

 
1937 Japonian erabilitako arma kimikoa

Arma kimikoen erabilera Bigarren Mundu Gerran hedatu ez bazen ere, badira Ardatzeko potentziek agente kimikoak erabili zituzten kasu dokumentatuak.

Japoniak mostaza gasa eta lewisita izeneko beste agente bat erabili zituen Txinaren aurka borrokatu zuen gudu batzuetan. Yoshiaki Yoshimi eta Seiya Matsunoren lanek erakusten dutenez, Hirohitok agindu espezifikoen bidez (rinsanmei) baimendu zuen txinatarren aurka arma kimikoak erabiltzea. Adibidez, Wuhanen inbasioan, 1938ko abuztutik urrira, enperadoreak 375 aldiz baimendu zuen gas toxikoa erabiltzea, Japoniako armadak gas toxikoa erabiltzea gaitzesteko Nazioen Ligak maiatzaren 14an hartutako ebazpena gorabehera.

Eraso horietan arma biologikoak ere erabili zituzten ('731 Eskuadroia' zeritzon programaren baitan), nahita kolera, disenteria, tifusa, izurri bubonikoa eta antraxa (lupu beltza) hedatzen zituztelako. 2005ean ere, Bigarren Gerra Sino-japoniarretik hirurogei urtera, japoniarrek erretiratzeari ekin ziotenean abandonatu zituzten agente kimikoen edukiontziak aurkitzen dira; edukiontzi horiek kalteak eta heriotzak eragin dizkiete pertsonei.

Alemania naziak gerra kimikoa irauli zuen, ustekabean, gaur egun tabun, sarin eta soman izenez ezagutzen diren nerbio-agenteak aurkitzean. Naziek agente horien kopuru handiak garatu eta fabrikatu zituzten, baina gerrako bi aldeetako batek ere ez zituen eskala handian erabili. Berreskuratu diren nazien dokumentu batzuek iradokitzen dute Abwehr Alemaniako inteligentzia-agentziaren barruan uste zela aliatuek ere bazutela agente horiek eskuratzeko aukera, eta txosten zientifikoetan aipatzen ez bazen, gertaera informazio konfidentziala zelako izan zela. Egia esan, aliatuek ez zituzten gas horiek aurkitu, eta Abwehr-ek oker interpretatu zuen informazio falta. Alemaniak, azkenean, nerbio-agente horiek ez erabiltzea erabaki zuen, Aliatuek beren arma kimikoak erabiliz Hirugarren Reicharen aurka kontraeraso egingo ote zuten beldur baitziren.

William L. Shirer The Rise and Fall of the Third Reich (Hirugarren Reicharen igoera eta erorketa) liburuaren egilearen arabera, Erresuma Batuko ofizialik altuenek gerra kimikoa uztea erabaki zuten, Alemania naziak britainiar lurrak inbaditzea erabakiz gero uhartea defendatzeko azken aukera gisa atxikiz.

Agente kimikoen erabilera, bereziki, kontraeraso baten beldurrik ez zegoenean gertatu zen, eta zenbait kasutan soilik. 1944an, Jerusalemgo Mufti Handiak, Amin al-Husayni Palestinako buruzagi erlijioso islamiarrak eta Adolf Hitlerren aliatuak, eskualdeko komunitate juduaren aurkako kanpaina bat hasi zuen, eta, bertan, arma kimikoak erabiltzen saiatu zen. Bost paraxutistek, Tel Aviveko mapekin eta Alemanian egindako hauts zuri bat zuten ontziekin, Tel Aviveko putzuetara hautsa botatzeko jarraibideak zituzten. Fayiz Bey Idrissik, garai hartako poliziaren komandanteak, dioenez, edukiontzi bakoitzak 25.000 pertsona hiltzeko adina pozoi gordetzen zuen. Gutxienez hamar edukiontzi zeuden.

Naziek Zyklon B izeneko intsektizida erabili zuten, hidrogeno zianuroa duena, beren kontzentrazio-esparruetan pertsona asko hiltzeko, hala nola Auschwitz eta Majdanek, Holokaustoan zehar.

Arma kimikoak gerra hotzean zehar aldatu

Gerra hotzean zehar kezka nagusia arma nuklearrak baziren ere, bi blokeek baliabideak erabili zituzten arma kimikoen ikerketan. Mendebaldeko potentziek errizina eta VX gasa garatu zituzten 50eko hamarkadan. 60ko hamarkadan aldiz agente desgaitzaileekin frogak egin zituzten, eta Vietnamgo gerran erabili zirela uste da. Sobietar blokean agente binarioak garatu ziren, gerora Novichok deituriko agenteen aurrekariak.

Nazio Batuetako talde bat desarmatze kimikoa burutzeko lanean hasi zen 1980an. Arma kimikoen ekoizpena gelditzeko eta erreserbak suntsitzeko ituna 1990ean sinatu zuten AEBk eta SESBk, 1990ean. 1993an Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak prestatutako Arma Kimikoen Hitzarmena sinatu zen eta 1997an ezarri zen indarrean.

Bestalde, arma kimikoen erabilera gertatu izan da Irak eta Iran arteko gerlan (1980-1988) eta XXI. mendean Siriako gerra zibilean zehar.

Arma kimikoak eta terrorismoa aldatu

Erakunde terrorista askok agente kimikoak jotzen dituzte beren erasoak diseinatzeko arma gogokoentzat. Normalean, arma horiek merkeak izaten dira, eskuragarriak eta garraiatzeko errazak. Kimikan aditua den batek erraz formula ditzake agente kimikoak, formulak eta materialak eskura baditu.

Zenbait iruzkingile politikok ez dute uste arma biologiko eta kimikoak terroristentzat benetan praktikoenak direnik. Analista horiek aditzera eman dutenez, arma horiek erabiltzea ohiko lehergailuak erabiltzea baino askoz zailagoa da, eta suntsipen handiko armek beldur handiagoa eragin dezakete arma biokimikoek baino.[6]

1974ko uztailean, bere buruari Aliens of America — kasu honetan, Aliens izenak ingelesezko 'atzerritar' terminoari erreferentzia egiten zion, eta, beraz, taldeak "Estatu Batuetako atzerritarrak" gisa itzul daiteke — su eman zien epaile baten etxeei, poliziaren bi mandatariren etxeei, horietako baten autoari, bi apartamentu-eraikini, eta bonba bat leherrarazi zuen Los Angelesko Nazioarteko Aireportuko Pan Am terminalean; hiru pertsona hil ziren eta zortzi zauritu. "Erakundea" atzerriko egoiliar bakarrak osatzen zuen, Muharem Kurbegovic izenekoak. Zehaztu gabeko sarin kopuru bat eta AA1, AA2, AA3 eta AA4S izeneko lau nerbio-agente zituela esan zuen. 1974ko abuztuan atxilotu zutenean agente horiek aurkitu ez bazituzten ere, nerbio-agente bat sortzeko osagai batzuk bazeuzkala eta bat bakarrik falta zitzaiola adierazi zuten segurtasun indarrek. Kurbegovicen apartamentua erregistratzean hainbat lehengai aurkitu ziren, fosgenoaren aitzindariak eta 25 librako sodio zianuro edukiontzi bat barne.

1995eko martxoaren 20an, planeta osoaren berehalako suntsiketan sinesten zuen japoniar terrorista talde batek, Aum Shinrikyo izenekoak, sarina erabili zuen Tokioko metroaren sisteman. Eraso horrek 12 hildako eta 5.000 zauritu baino gehiago eragin zituen. Aum Shinrikyo hamar aldiz saiatu zen eraso mota horretan, baina haietako bakoitzean kultuko kideek bakarrik izan ziren kaltetuak. 1994ko ekainean, taldeak eraso kimiko bat egin zuen, sarina erabiliz, Matsumotoko apartamentu eraikin baten aurka.[7]

Arma Kimikoen Hitzarmena aldatu

Arma Kimikoen Hitzarmena (AKH) –Arma Kimikoen Garatze, Ekoizte, Biltegiratze eta Erabiltzea Debekatzeari eta Horien Suntsipenari buruzko Hitzarmena– armak kontrolatzeko helburu duen ituna da, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak (AKDE) kudeatzen duena, Hagan (Herbehereak) egoitza duen gobernu-arteko erakundea. Ituna 1997ko apirilaren 29an sartu zen indarrean, eta, hitzarmenaren bidez, arma kimikoak eta haien aurrekariak eskala-handian erabiltzea, garatzea, ekoiztea, biltegiratzea eta transferitzea debekatzen du, helburu oso mugatuetarako izan ezik –zehazki, ikerketa, medikuntza, farmazia edo babesa–.[8] Hitzarmenaren arabera estatukideen betebehar nagusia debeku hori betearaztea da, bai eta egun beren eskutan dituzten arma kimiko guztiak suntsitzea ere –edukitzekotan–; gainera, suntsitze-jarduera guztiak AKDEren egiaztapenarekin egin beharko dira.

Arma kimikoak Euskal Herrian aldatu

Meatze-ustiapen ugariek, Frantziatik gertu egoteak eta Bilboko merkataritza-portuak zirela eta, Alfred Nobelek, dinamitaren aurkitzaileak, bere lehen fabrika espainiarra Bizkaian ezarri zuen 1872an. Asmatzaile suediarrak eta Frantziako eta Belgikako enpresaburu-talde batek Bolbora Dinamitikoaren Espainiako Sozietate Anonimoa jarri zuten martxan, Santa Marina mendian, 250.000 liberako kapital sozialarekin eta Viuda de Errazquin e Hijos merkataritza-etxearen eta Chalbaud familiaren laguntzarekin. Fabrika, La Dinamita izenez ezagunagoa, Unión Española de Explosivos (UEE) delakoaren jatorria da, sektoreko hirugarren taldea munduan. XIX. mendearen amaieran, gizartea Galdakaoko Zuazo auzora lekualdatu zen, ekoizpena eta instalazioak handituz. Bizkaiko sozietatearentzat lehergailuak fabrikatzeko esklusibotasuna amaitu zenean, beste dinamita-enpresa batzuk sortu ziren, eta enpresa horiek bat egin zuten 1896an, Unión Española de Explosivos izenarekin. Bilbon sortu zen 25 milioi pezetako kapitalarekin, eta urtebete geroago fabrikazio-monopolioa lortu zuen Espainian. Dinamitak, taldearen alma materrak, Nemrod lurrun-ontzian eta Gernikako itsasadarrean merkaturatzen zuen bere ekoizpena penintsulan. 1911n, UEE lehergai militarrak fabrikatzen hasi zen, bolbora, trilita, tetralita eta Defentsa Ministerioarentzat moldatutako kargak sortuz.

Ekoizpenaren handitzea beste lantegi batzuen integrazioarekin osatu zen, hala nola Franco-Española de Explosivos y Productos Químicos eta Sociedad Española de Armas y Municiones de Eibar, enpresa ezaugarritu duen hedapen-politika batean. Sektorearen buru izateko bokazio argiak Compañía Española de Minas de Río Tintoren xurgapena ekarri zuen 1970ean. Taldea Espainiako enpresa kimiko handiena bihurtu zen, Unión Explosivos Río Tinto (ERT) izenarekin bataiatu zena eta 2.600 milioi pezetako kapitalarekin jaio zena. 14.000 pertsonako plantilla bat holding industrialean sartzen zen, negozio petrokimikoekin, ongarriekin, metalurgikoarekin, meatzaritzarekin, farmazeutikoarekin, higiezinekin, plastikoekin eta, jakina, lehergaiekin. Taldearen handitasuna eta inbertsioen politika aktiboa Akilesen orpo bihurtu ziren 70eko hamarkadako krisi ekonomiko industrialean. [9]

Erreferentziak aldatu

  1. «Bizi Baratzea» Bizi Baratzea (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  2. «Zer dira arma kimikoak?» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  3. a b (Gaztelaniaz) «España fue pionera en el uso de armas químicas: el caso de la Guerra del Rif» www.larazon.es 2022-04-12 (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
  4. «David S. Wyman Institute for Holocaust Studies: Welcome» web.archive.org 2016-10-22 (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  5. (Gaztelaniaz) Casqueiro, Javier. (2015-02-04). «El cáncer que aún bombardea el Rif» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-09-05).
  6. (Ingelesez) Wessely, Simon. (2001-10-20). «Review: Germs: Biological Weapons and America's Secret War» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  7. «Arma kimikoak» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  8. «Zer dira arma kimikoak?» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-10-10).
  9. (Gaztelaniaz) Angulo, Cristina. (1998-04-26). «Una historia muy explosiva» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-10-26).

Kanpo estekak aldatu