Ahuku edo hileta-segizioa hildako pertsona baten gorpua bide edo kaleetan zehar hileta-erritua egingo den beste toki batera (kanposantura edo elizara gehienetan) garraiatzea da, senide eta lagunek atzetik doazela. Hilkutxa hilketariek, andariek edo hil-ohezaleek eramaten dute, eta etxetik elizarako bidea "hilbidea" deitzen zen, hain zuzen ere.

Hileta-segizio baten irudikapena Alaitzako elizako margo erromanikoetan (Iruraitz-Gauna, Araba)

Ilararen orden tradizionala hauxe zen: Parrokiako gurutzea, koroak, apaiza, xantre edo kantaria, hilkutxa (zenduaren oinak aurrealdean), gizonezko senide gertuenak, gainontzeko senideak, "mezakoak", bizilagun eta adiskideak eta emakumeak (senidetasunaren arabera ordenatuta, gizonen moduan). Aldaerak zeuden herrien arabera, dena den. Lutoko senideak "mindunak" deitzen ziren, minduriak, ahokinak, doludunak edo doluan daudenak, alegia. Bizilagunen artean, "auzo urrenek" edo "urrungo atekoek" lehentasuna zeukaten.

Tradizionalki, emakumeek batzuetan ez zuten parte hartzen segizioan, baina baldin bazeuden beste izen bat zeukan leku batzuetan (Beran, "xirioa"). Umeak eta nerabeak bakarrik egoten ziren hildakoa euren adinekoa izanez gero.

Beti ere, baldintzak eta ezaugarriak aldatzen ziren hiletak lehenengo, bigarren edo hirugarren motakoak izanez gero.

IzenakAldatu

Ahukua, ahokua edo ahokia Nafarroa Beherean (Aintzila eta Armendaritzen), Nafarroan (Goizueta) eta Lapurdin (Sara eta Azkainen). Segizioa da hitz erabiliena Gipuzkoan.

Beste izen batzuk: Probua Aranon (N) eta Bidanian (G); Ondria Elosuan (G); Ehortzeta Urdiñarbe eta Barkoxen (Zuberoa); Gorpulorra Lekeitio eta Mundakan (Bizkaia); Konduziñoa Lezaman (B).

KurutzekariaAldatu

Taldearen buruan kurutzekaria zihoan, parrokiako gurutzea eramaten, eta eramailea sakristaua, maiordomoa edo "lehenauzoa" (lehenengo auzokidea) zen. Alboetan, elizmutil edo bereter bana zeuden, zutargi, tortxa edo kandelekin. Garai berriagoetan, elizmutilek gurutzea eramaten zuten.

Buruan, eskaintza edo ofrenda eramaten zuten "eurregixek" Zornotzan, "aurrogiek" Zeanuri, Bedia eta Orozkon (ogia eta kandelak eroaten) edo "aurregiek" Gorozikan. Andrazkoak ziren eta gurutzearen aurretik zihoazen.

Kantu eta otoitzen aldetik, Exultabunt Domino eta Miserere zeuden.

ErostariakAldatu

Erdi Aroan, emakumeek poema edo aihenak egiten zituzten hildakoaren alde. Bizkaian erostariak edo negartiak deitzen ziren, Gipuzkoan aldiagileak edo lanuturak, Nafarroan negartzaileak, eta Ipar Euskal Herrian pelurnichards, mindulinak edo minduriak.

XV. mendeko bi testuetan, bat Lekeitiokoa eta bestea Gasteizkoa, ohartzen zuten erostariek egindako abusuetaz eta neurriz kanpoko negarretaz, hildakoaren familiatik kanpoko emakumeek egindakoak eta gertukoen mina errespetatzen ez zutenak. Hori saihesteko, isunak aurreikusten zituzten. XVI. eta XVII. mendeetan debekuek jarraitu zuten arren, ez zuten lortu ohitura horiek guztiz desagerrarazi.

JanzkerakAldatu

Antzinean, tradizioak arau zorrotzak ezartzen zituen lutoari dagokionez. Beltzez edo ilunez jantzi behar zen, minaren adierazpen moduan. Gizonezkoek alkandora zuria eta traje beltza (sarritan ezkontzarena) janzten zituzten, kapa beltzarekin batera. Emakumeek ere jantzi beltz hoberenak erabiltzen zituzten, eta gainetik kolore bereko xal, mantu edo mantoiak, erabat estalita. Doluan zeuden emakumeek "mantaleta" eta gainontzekoek "kaputxina" eramaten zuten.

Segizioan, gizonek txapela edo kapela kentzen zuten. Umeen hiletetan, ez ziren beltzez joan behar, hildakoak "aingeruak" zirelako, arima garbikoak. Senidetasun eta auzokidetasun mailak ere garrantzitsuak janzkera arloan.

1920ko hamarkadatik aurrera gauzak aldatzen joan ziren, kapak eta mantoiak alde batera lagaz. Besoko beltza erabiltzea zabaltzen joan zen, edo bestelako oihal zati txikiak.

OfrendakAldatu

Emakumeek ofrenda edo eskaintzak eramaten zituzten ahukuetan: Ogiak, "olatak", argizaiolak edo argizaria. Gizonek, berriz, kandelak edo tortxak, aizkorak ("ezkoak") eta argiak. Denborarekin, loreak hasi ziren sartzen eta gaur egun osagarri nagusia dira. Antzinean, animaliak edo euren zatiak eskaintzen zituzten ere bai.

ItxoinaldiakAldatu

Segizioak, hilbidean, geldialdi bat baino gehiago egiten zituen elizara heldu baino lehen. Bidegurutzeetan egiten zituzten, eta unea aprobetxatzen zuten otoitzak egiteko eta hilketariek atsedena hartzeko ere. Itxoinaldiak egiten zituzten gurutze, kapera edo baseliza batera iritsiz gero ere bai.

Pausagarriak deitzen ziren Zuberoan.

Argazki galeriaAldatu

Ikus, gaineraAldatu

BibliografiaAldatu

  • "Ritos funerarios en Vasconia". Etniker. Bilbo, 1995: 295-347 orrialdeak.

Kanpo estekakAldatu