Erostariak edo adiagileak elizkizunetan negar egiteagatik ordaintzen zaien pertsonak dira. Erostari esaten zitzaien Bizkaian eta adiagile Gipuzkoan, han ere “negarti profesionalak” baitzeuden.

Egiptoko erostaria, ziurrenik Isis Osirisi negar egiten. XVIII. Dinastia, 1550 - 1295 a. C. Louvre museoa.

Erostariak Euskal Herrian aldatu

1298an, Baionan (Lapurdi), Udal ordenantzen bidez, oihuak, negarrak eta atsekabe adierazpenak debekatu zituzten hiletetan. Oñatiko 1479ko araudi batek jasotzen zuenez, lantuez gain “aurpegiak zauritzea” ere galarazita zegoen. Erriberriko agintariek, aldiz, ilea ez erauzteko eta arropak ez puskatzeko eskatzen zuten[1].

1486ko Lekeitioko ordenantzen arabera, senitarteko zuzenek soilik zeukaten negar eta auhen egiteko baimena, baina haiek ere ileetatik ez tiratzeko baldintza bete behar zuten. Arauak ez zuen eragin handirik izan, urte batzuk geroago Udalak gortera eta Calahorrako gotzaintzara jo baitzuen laguntza eske. Hala, 1519an lekeitiarrek Errege Agindu eta Calahorrako ikuskatzailearen mandatu bana jaso zuten, hileta elizkizunetako gehiegikeriak galarazten zituztenak[1].

Bizkaiko Foruak ere arau berri bat erantsi zuten 1526an, gehiegizko lantuak debekatzeko. Baina horrek ere ez zuen jarduna eten, Gordexolan 1548an berriro ere erostariak debekatzen ahalegindu izanak frogatzen duenez[1].

1581ean Zestoan bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Azkoitiko prokuradoreei errieta egin zieten, herri horretan adiegileen ikuskizunek indarrean jarraitzen zutelako[1].

Eliza katolikoa ere ahalegindu zen ohitura “paganoa” desagerrarazten. 1541ean Iruñeko gotzaina Tolosara joan zen bisitan eta, bide batez, emakumeei debekatu zien “negar, oihu eta txalo egitea (...) defuntuen aldeko elizkizunetan”. 1590ean Iruñeko sinodoak hau erabaki zuen: “Ez da kontuan hartzen bizitza honetatik irtetean betiereko bizitzan sartzen garela, oihuekin elizetako bakea hausten dute; hemendik aurrera defuntuekiko sentimenduak neurriz adieraztea agintzen dugu. Eta gehiegikeriarik balego, erruduna elizatik bota dezatela[1].

XVI. mendearen amaieran Andres Alonsotegik zioen erostarien zerbitzuak geroz eta gutxiago erabiltzen zirela. Eta 1625ean Lope de Isastik idatzi zuen neurriz kanpoko lantuak bazirela, baina soilik senideenak, ez ordainpeko auhendarienak. Hala ere, Julio Caro Barojaren arabera, XIX. mende bukaeran Bizkaian, Elantxoben esaterako, erostari ordainduak bazeuden oraindik, eta Joxemiel Barandiaranek 1923ko urtekarian jaso zuenez, urte hartan Gernikan eta Kortezubin gutxi batzuk geratzen ziren. Beraz, ohitura oso zabaldua izan zen Euskal Herrian duela gutxi arte[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2016-03-13). «Alokairuzko negartiak» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu