Yerai Diaz Ikaran

bizkaitar kazetaria

Yerai Diaz Ikaran (Ondarroa, Bizkaia, 1988ko urtarrilaren 25a) bizkaitar kazetaria eta telebista aurkezlea da.[1] Berriemaile lanak egin izan ditu Madrildik. 2018ko irailetik 2022ko abuztura arte ETB1eko Gaur egun 2 albistegiak aurkeztu zituen.[2] 2022ko azaroan EITBko albistegietarako korrespontsal lanak hasi zituen AEBn.

Yerai Diaz Ikaran

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakYerai Diaz Ikaran
JaiotzaOndarroa1988ko urtarrilaren 25a (36 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Karlos III.a Unibertsitatea
Universidad Autónoma del Estado de México (en) Itzuli
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, berriemailea eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k)Berria
La Sexta
EITB

Twitter: ydiazikaran Edit the value on Wikidata

Ikasketak aldatu

Batxilergoan ohorezko matrikula eskuratu zuen, eta ondoren Madrilen Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazio lizentziatura bikoitza ikasi zuen, bost urtetan zehar, Carlos III.a Unibertsitatean.[1] Hautu hau egin zuen Euskal Herrian ez zeukalako bost urtetan lizentzia bikoitza ikasteko aukera, eta gainera gazteleraz ondo ikasi nahi zuelako, ez baitzen oso ondo moldatzen. Ikasketa hauek 2007tik 2012ra bitartean gauzatu zituen, eta 2011ko ikasturtean 6 hilabete Mexikon igaro zituen, Mexiko Estatuko Unibertsitate Autonomoan (UAEMéx).

2013ko apirilean Gambiara joan zen boluntario, Sunu Buga Buga Growing in Gambia GKErekin, eta sei aste igaro zituen bertako Bijilo hirian. Komunitateko familia batekin bizitzen egon zen alokairu baten truke, eta herritarren bizimodua bertatik bertara jarraitu ahal izan zuen. Lan ezberdinak egin zituen, hala nola komunitate osoaren errolda bat gauzatu eta bertako haurrei eskolak eman. Azken bi asteetan komunitateko hainbat kideri elkarrizketak egin zizkien, eta eguneroko bizimodua zein GKEren lana grabatu zuen, horrela Sunu Buga Buga ("Denoi asko gustatzen zaiguna", woloferaz) dokumentala gauzatuz.[3]

2013ko irailean berak sortutako dokumental hori gradu amaierako lan gisa aurkeztu zuen unibertsitatean, eta ohorezko matrikula eskuratu zuen.[4] Gaur egun Sunu Buga Buga Growing in Gambia erakundearekin kolaboratzen jarraitzen du.[5]

Ibilbidea aldatu

2009ko udan Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza tokiko egunkarian egin zuen lan, erredaktore gisa. 2011ko maiatzetik uztailera bitartean Berria egunkariarekin kolaboratu zuen M-15 mugimenduari buruzko informazioa bertatik bertara emanez, eta Euskadi Irratian ere eman zuen gertakarien berri. 2012ko otsailetik abuztura EITBko albiste-zerbitzuetako erredaktore lanerako praktikak gauzatu zituen, eta postu horretan egon zen gerora 2012ko abendua eta 2013ko urtarrila bitartean. 2014ko abuztutik abendura LaSexta telebista kateko albistegietako erredaktorea izan zen.

2015eko urtarrila eta ekain bitartean Txilen egon zen NBEren Garapen Programaren baitan Humanum aldizkariaren komunikazio laguntzaile gisa, albisteen erredakzioaz eta bideoen edizioaz edota albisteetako materialen aurkezpen zein prestakuntzaz arduratuz.

2015eko ekainean EITBko albistegietako erredaktore lanean hasi zen. 2016ko martxoan albistegietarako Madrilgo berriemaile izendatu zuten, eta lan horretan jarraitu zuen 2018ko abuztura arte. 2018ko irailetik aurrera ETB 1eko Gaur egun albistegiaren bigarren edizioko aurkezlea da.

2020an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ETB 1eko hauteskunde gaua gidatu zuen, Xabier Usabiaga eta Iban Garaterekin batera.[6] 2020ko udan asteburuetako aurkezlea, Amane Ibañez, ordezkatu zuen Gaur egun albistegian.

2021eko abenduaren 31n, ETB1eko urte amaierako kanpaikadak eskani zituen zuzenean Gasteiztik, Ainhoa Etxeberria aurkezlearekin eta Aitziber Garmendia aktorearekin batera.[7]

2022ko abuztuan aurkeztu zuen azken aldiz Gaur egun, erronka profesional berriei ekiteko.[8] EITBko albistegien New Yorkeko korrespontsala izango da, Amaia Uriberen lekua hartuz.[9] 2022ko azaroan hasi zen korrespontsal lanetan, legealdi erdiko hauteskundeen jarraipena eginez Amaia Uriberekin batera.

Lanak aldatu

Telebista aldatu

Urtea Izenburua Katea Oharrak
2016-2018 Gaur egun
Teleberri
ETB 1
ETB 2
Madrilgo berriemailea
2018-2022 Gaur egun 2 ETB 1 Aurkezlea
2019 Gure kasa ETB 1 Gonbidatua (atal 1)
2020 Gaur egun asteburua ETB 1 4 saio (udako ordezkapena)
2021-2022 Kaixo 2022 ETB 1 Aurkezlea (Ainhoa Etxeberria eta Aitziber Garmendiarekin batera)
2022 Tupper club ETB 2 Lehiakidea (atal 1)
2022- Gaur egun
Teleberri
ETB 1
ETB 2
AEBko berriemailea

Erreferentziak aldatu

  1. a b Lartzanguren, Edu. (2018ko irailaren 30a). «Bizigiro: Yerai Diaz Ikaran. Kazetaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2019ko urtarrilaren 8a).
  2. «Yerai Diaz Ikaranek aurkeztuko du gaueko 'Gaur egun'» Berria 2018ko irailaren 5a (Noiz kontsultatua: 2019ko urtarrilaren 8a).
  3. «Yerai Diaz Ikaran: «Gauza asko daude Bijilon egiteko: buelta egin nahiko nuke» - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2014-01-10 (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  4. Yerai Diaz Ikaran | LinkedIn. (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  5. Madina, Txomin. (2018-10-05). «Bat-bateanː Yerai Diaz Ikaran» (PDF) Puntua (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  6. «Hauteskundeen jarraipen informatiboa, EiTBn» Euskal Irrati Telebista 2020-06-25 (Noiz kontsultatua: 2020-07-01).
  7. «Gasteiztik emango dio ongietorria EITBk 2022 urteari» EITB 2021-12-05 (Noiz kontsultatua: 2022-07-13).
  8. «Gaur Eguneko aurkezle gisa agur esan du Yerai Diaz lankideak» EITB 2022-08-05 (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
  9. «EITBko albistegiek kurtso berriari ekingo diote nobedadeekin eta lidergoari eutsiz» EITB 2022-09-09 (Noiz kontsultatua: 2022-09-16).

Kanpo estekak aldatu