Ireki menu nagusia

Xabier Zumalde Romero, El Cabra ezizenez ere ezaguna, (Zornotza, 1938ko abuztuaren 27a - ) ekintzaile abertzale nabarmena izan zen. ETAn fronte militarraren arduraduna izendatu zuten 1965 urtean. 1968 urtean erakundetik bereizi eta Los Cabras izeneko talde autonomoa sortu zuen, mendian egiten zuten entrenamendu paramilitar gogorrari erreferentzia eginez. Berak antolatutako ekintza nabarmenena 1966 urtean burututako Garai Bizkaiko herriaren okupazio paramilitarra izan zen 1966 urtean.

Xabier Zumalde
Bizitza
Jaiotza Zornotza1938ko abuztuaren  27a (81 urte)
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak terrorista
Kidetza Euskadi Ta Askatasuna

MuseoaAldatu

2004an Artean ETAri buruzko museo txiki bat egin zuen. Bertan, Frankoren diktadura garaian, ETAren borroka nolakoa zen azaltzen zuen erakusketa zabaldu zuen Xabier Zumaldek.[1] Museo horretan, arropak, dokumentuak, kartelak, Frankismoaren aldeko apurtutako seinaleak,[2] arma batzuk eta izkutatzen zuten "zulo" moduko bat zegoen tamaina naturalean. Museoak aurkari asko izan zituen. Lehenik eta behin, Euskadiko Espainiar Unionistak eta ETAren aurkako biktimen talde batzuk. Hauen eraginez eta Dena da ETAren beldur, Eusko Jaurlaritzak Arteako udalari museo hori debekatzea eskatu zion.[3] Bi alditan museoa itxi zuten eta bi alditan berriro ere ireki zuen. Gartzelara joateko mehetxupean, museoa betiko itxiarazi zuen Ertzaintzak.[4]

Zumalderi elkarrizketaAldatu

« Oihana Elorza (Goienkariako kazetaria)- Batzuek (museoa) itxi egi nahi dute, zuk zabalik egon behar diola diozu. Zer dago erakusketa horretan? Nolakoa da?

- Xabier Zumaldeː Hasteko, erakusketa hau ez dago ez eko-museoan, ez parke tematikoan, erakusketak jartzeko propio egindako etxetxo batean, baizik.

Erakusketa Francoren diktaduraren inguruko erakusketa didaktiko bat da, garai hartako egoera jasotzen du soilik, eta ETA erakundearen borroka nolakoa zen azaltzen du, 1964tik 1968ra, salbuespen egoera etorri zen arte. ETAko lehen buruzagi militarra izan nintzen ni, eta nire gerrillaren historia jasotzen du erakusketa honek, besterik ez.

- Kazetariaː Nolakoa da historia hori?

- Zumaldeː Francoren diktaduran, 60. hamarkadan, ETAk, gerrilla talde bat sortzea eta antolatzea agindu zidan, Euskal Herriaren matxinada prestatzeko. Eta horrelaxe egin nuen. Errepresio garaia zen hura, eta ni eta nire gizonak, beste euskaldun asko bezala, torturatu egin gintuzten.

Erakusketa honek, orduko argazkiak, dokumentuak eta agiriak biltzen ditu, diktaduraren aurkako ETAren borroka erakusketan dutenak. Torturak egon zirela frogatzen dute argazki askok. Garai hartako material didaktikoa jasotzen du erakusketak: ikurriñak nola egiten ziren eta kableen azpian nola jartzen ziren, foiletoak nola banatzen ziren, dokumentuak nola faltsifikatzen genituen, kodigo sekretuak erabiliz nola komunikatzen ginen preso hartutako lagunekin...

Salbuespen egoera heldu zenean, mendira egin genuen ihes, eta han sabotajeak egiten zituen gerrilla bat eratu genuen. Ez zen, ordea, gerrilla odoltsua. Guardia Zibiletik ihesi, zulo batzuk egin genituen mendian; hantxe egiten genuen jan eta lo. Zulo hori nolakoa zen ere ikusten da erakusketan, baina gu gordetzeko egin genituen zuloak ziren, ez bahitutako pertsonak gordetzen eta torturatzen genituen zuloak, batzuek esan duten bezala.

- Kazetariaː Jaurlaritzak ere itxi egin behar dela esan du. Historiari beldurra dio?

- Zumaldeː Harritu egin nau Jaurlaritzaren jarrerak. Euskaldunon Egunkariaren auzian, Alderdi Popularraren aurka hitz egin zuen. Orain, berriz, EAJ da erakusketa ixteko agindu duena, erakusketan dagoena ikusi nahi ez duelako. Bere alde borrokatu genuen ertzaintza bera bidali du guztiz didaktikoa den erakusketa ixtera. Nik, denak gonbidatu ditut erakusketara, eta zerbaitek norbaiti min egiten badio, kendu egingo dudala esan diet.

- Kazetariaː Javier Balza, barne sailburuak, marketin kontua dela esan du.

- Zumaldeː Horrela ere ulertu daiteke, nahi izanez gero. Ia 20 urte daramatzat, baserria, ekologia, arrantza, geologia eta gazteriaren inguruko erakusketak egiten. Hau beste bat gehiago da, eta egia esan, gustatzen zait nitaz hitz egitea eta horren harira, liburuak saltzea.

- Kazetariaː Trilogia bateko lehen liburua da kaleratu duzun azkena, ezta?

- Zumaldeː Bai. Liburu honek ETAren borroka klandestinoa nolakoa zen kontatzen du. Bigarrenak, 1968tik Francoren heriotza artekoa jasotzen du, amnistia artekoa. Irailean kaleratuko da liburu hau eta gogorragoa izango da. PSOEko mertzenarioen kontuak ekarriko ditu, eta noski, beste erakusketa bat antolatuko dut. Ez diktadurak, ez Guardia Zibilak eta ez Frankok, ez ninduten isildu, eta EAJk ere ez du hori lortuko. Hirugarren liburuak, Eusko Jaurlaritzak, estatu kolpetik laguntzeko deitu zidanekoa kontatzen du. Amalur operazioaren sorrera, Garaikoetxea lehendakariaren telefonoarekin egindako txapuza eta hori guztia.

- Kazetariaː Ertzaintza sortzeko, zuri deitu zizun EAJk.

- Zumaldeː Txikia, Txomin Iturbe, Argala eta beste askoren maisu militarra izan nintzen; nik erakutsi nien armak eta lehergailuak erabiltzen, mugak pasatzen, kodigoak irakurtzen, manualak egiten eta beste. Amnistia heldu zenean, borrokan jarraitzeko eskatu zidan ETAk, baina lehen bozkak heldu zirenean, armak utzi nituen. Ez dut inoiz arazorik izan ETArekin.

Jaurlaritzak laguntza eskatu zidan 70. hamarkada bukaeran, 1979an. Alboan utzitako armak eman nizkion, autodefentsarako. Tejeroren ostean, bigarren estatu golpe baten beldurra zuen gobernuak, eta Amalur operazioa prestatzeko eskatu zidan. 24 ordutan, gobernua, legebiltzarra eta kultura arloko batzuk ebakuatzeko plana zen hura. Horrekin batera, baldin eta gobernua exiliora joaten bazen, hura babestuko zuen talde armatua sortzeko eskatu zidan. Eta horrelaxe egin nuen. Lan asko egin genuen, oroitzapen onak ditut ordukoak. Baina EAJk azpijokoa egin zidan. Niri ezer esan gabe, gizon denak eta arma denak kendu zizkidan, lehen berrozien taldea sortzeko.

- Kazetariaː Orduan haserretu zinen EAJrekin?

- Zumaldeː Jenaro Garcia Andoain laguna eta biok, EAJren barrua aztertzen hasi ginen, alderdiko, gobernuko eta diputazioko jendearen kontu korronteak aztertzen. Alderdiak orduan, inteligentzia eta informazio sistemak deuseztatu zituen, eta kaleratu egin ninduen.

- Kazetariaː Zenbat lagun egin, galdu eta mantendu dituzu zure ibilbidean zehar?

- Zumaldeː Adiskidetasuna nahiko abstraktua da niretzat. Goian zaudenean, denak dituzu lagunak, baina alderantziz denean, inork ez zaitu ezagutzen. Horixe gertatu zait niri gobernuarekin. Klandestinitatean, gerrillan ibili ginenon arteko harremana, aldiz, ezberdina da. Harreman onak ditut ordukoekin eta haien oinordekoekin.

- Kazetariaː Oñatin oraindik oroitzen dira ihes egin zenuenean, 2CV autoa alderantziz aparkatu zenuelako konturatu zela Guardia Zibila auto barruan zerbait utzi zenuela.

- Gerrillaren historiak dira horiek. Braulio zuen izena bi zaldiko hark. Ihes egin nuenean, material ugari utzi nuen auto barruan eginda nuen tranpa batean, ez zidan banatzeko denborarik eman eta Guardia Zibilaren kuartel zaharraren parean aparkatu nuen autoa, kale zaharrean. Mendira egin nuen ihes, eta irrati bidez, taldeko mutilekin hitz egitea lortu nuen, eta auto barruan zegoena handik ateratzeko esan nien. Gauean, autoa handik hartu zuten mutilek, gordeta zegoena atera, eta berriro utzi zuten lehengo tokian, baina alderantzizko norabidean aparkatuta. Eta orduan konturatu zen Guardia Zibila han zerbait gordeta egon zela.

- Kazetariaː Nolakoa zen Oñati garai hartan, 60. hamarkadan?

- Zumaldeː Fantasia rock taldeko gitarra elektrikoa jotzen zuen ero bat nintzen egunez, baina gauetan, mendira joaten nintzen gerrillak egitera. Oso zaila zen militanteak aurkitzea, karlista asko zeuden Oñatin. Franko hil zenean, denak bihurtu ziren abertzale, baina diktadurako garai gogor haietan, oso herri miserablea zen. Are miserableagoa zen oraindik, exiliotik etorri nintzenean. Ez armak hartu, ez paretak margotu ezta ikurrinak jartzea ere nahi ez zutenak, pegatinekin eta ikurrinaren ondoan ikusi nituen. Eli Galdosekin batera herriko kaleetan paseatzen ari nintzela, listua nola bota zidaten ikusi nuen, eta aurkako pintadak ikusi nituen. Oñati oso herri koldarra izan da beti. Oñatiko lotura on bakarra, Sabina da, nire emaztea.

- Kazetariaː Laguna duzu oraindik, Eli Galdos?

- Zumaldeː Ez naiz inoiz haserretu Eli Galdosekin, eta ez naiz inoiz haserretuko. Sasoi hartan, asko lagundu zidan Elik, asko jarri zuen jokoan nire alde, eta beti eskertuko diot hori. Zerbaitegatik dena ematen duena, heroia da niretzat, eta Eli Galdos, ezagutu dudan gizon ausartenetako bat da, niretzat.

»
Xabier Zumalde, 2004-04-30[5]

ErreferentziakAldatu