Eli Galdos

Ingeniaria eta politikari euskalduna

Eli Galdos Zubia (Oñati, Gipuzkoa, 1934ko maiatzaren 18a - ibidem, 2007ko apirilaren 8a) ingeniaria eta Eusko Alderdi Jeltzaleko politikaria,[1] Oñatiko alkate 12 urtez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburuorde, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia izan zen.[2]

Eli Galdos


Gipuzkoako Ahaldun Nagusia

1991 - 1995
Imanol Murua Arregi - Roman Sudupe Olaizola
Bizitza
JaiotzaOñati1934ko maiatzaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOñati2007ko apirilaren 8a (72 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta ingeniaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Bizitza

aldatu

Zañartu auzoko Etxenausin jaio zen, familia ezagun baten. Aita jelkidea zuen, eta Cegasa (Celaya, Enparanza y Galdos S.A.) enpresa arrakastatsuaren hiru sortzaileetako bat izan zen. Gaztetan Oñatiko Unibertsitateko eraikinean zeuden anaia maristekin ikasi zuen, batxilergoa egitera Iruñako maristengana aldatuz. Ondoren Belgikako Liejako Unibertsitatera joan zen Ingeniaritza Industriala egitera.

1964an Mª Teresa Olazar gernikarrarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten, Ainhoa, Nagore, Rikardo eta Elias. Garai horretan hasi zen herrigintzan, bereziki euskararen alorrean hainbat ekimenetan parte hartuz. Horrela 1967ko irailean "Txantxiku Ikastola Kooperatiba Elkartea" sortu zuten, bera talde sustatzaileko partaide izanik.[3] Alkatetzako lehen legegintzaldian San Juan kaleko 1500. urteko Santa Ana komentuko Klarisa ahizpei proposamena luzatu zien komentu berri bat egitea 400 metrora, San Juan kalekoaren truke. Onartua izan zen, eta 1982ko uztailean Klarisak lekualdatu ziren berrira,[4] komentu zaharrean obrak egin ondoren Txantxiku ikastola eta Santa Ana antzokia zein zinea kokatzeko. Era berean, komentuko baratzeko lursailetan Zubikoa kiroldegia eraiki zen.

Euskararen alorrean baita, AEK-k antolatu zuen lehen Korrika 1980ko azaroaren 29an Oñatiko Unibertsitatearen ate aurrean hasi zen. “0” kilometroaren dortsala Jose Maria Satrustegi euskaltzain nafarrak eraman zuen, eta metro batzuk egin ondoren ikastolako lau haurrei eman zien lekukoa. Hauek enparantzara sartu ziren, eta bertan “1” kilometroa Oñatiko alkatea zen Galdos alkateak egin zuen. Abenduaren 7an amaitu zen Bilbon, Euskal Herriko zazpi probintziak igaroz eta 1820 kilometrotako ibilbidea eginda.[5]

Berak parte hartu zuen ekimen batzuen artean aipatzekoak dira Txantxiku Txoko Elkartearen hobekuntzak, 1977an Deia egunkariaren sorrerako lantaldeko kidea,[6] 1979an sortu zen Nekazarien Elkartearen talde sustatzailekoa, eta baita 2006an sortutako Zañartuko Elkartekoa. Zituen zaletasunen artean mendia, eskia eta bela-nabigazioa zeuden.[7]

Politika

aldatu

Demokraziako 1979ko lehen udal hauteskundeetan bere alderdia nagusitu zen, Galdos liberatu gabeko alkate bilakatuz. Hiru legegintzalditan jarraitu zuen alkatetzan, 1991 arte, eta tarte horretan, ikuspegi estrategiko nabarmenaz, hainbat ekimen bultzatu zituen, hala nola, Arrasateko "Union Cerrajera" enpresari Olate auzoan eta inguruetan zeuden instalazio guztiak erosiz Oñatiko Ur Jauziak enpresa publikoa sortu zuen.[8][9] Oñatiko Industrialdea ere garai horretakoa da.[10] Eta zentzu berean, Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea Fundazioa-ren egoitza Paris eta Oñatiren arteko lehian, Galdosek Oñatira ekartzea lortu zuen, Oñatiko Unibertsitateko eraikinean kokatuz.[11]

Bere legegintzaldietan baita, Udalak hainbat ekimen herrikoi sustatu zituen diruz eta kudeaketaz, hala nola Oñatiko Corpusak,[12] musika-banda, gerora Jose de Azpiazu deituko zen musika eskola, San Migeletako jaiak, bereziki Herri eguna, 1989ko "Kilometroak" Oñatin ospatu izana,[13] herriaren izena euskaratzea, etab.[10]

1980 eta 1987 artean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuordea izan zen,[14] sailburua Luis Maria Retolaza zela, eta besteak beste Ertzaintzaren berrantolaketaz arduratu zen. Gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia izan zen, 1991 eta 1995 artean.[15] Garai horretan A-15 Leitzarango autobidea eraiaki zen, zeuden ingurumen arazo nagusiak konpondu ondoren. Eta Iñurrategi anaiak Himalaiara egindako hainbat espedizio babestu zituen.[16]

2007ko apirilaren 8an hil zen, bihotzekoak jota, Aberri Egunean hain justu.[17] Ainhoa Galdos Olazar alaba ere jelkidea da. Lanbidez irakaslea Jose de Azpiazu Musika Eskolan, Oñatiko zinegotzi izan da hamasei urtez,[18] eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide zortzi urtez, kultura batzordeko bozeramaile izanik.[19]

Erreferentziak

aldatu
  1. Efemeridea. (2021). EAJren susperraldia diktaduraren ostean. Sabino Arana Fundazioa.
  2. Eli Galdos Zubia. Lur hiztegi entziklopedikoa. Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
  3. Garmendia Larrañaga, Joxe. Txantxiku Ikastola. Oñati. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Eusko Ikaskuntza..
  4. Fernández, José - Artixa taldea. (2022). Breve historia de las iglesias, conventos, ermitas, "santutxus" y cruceros de Oñati. Oñatiko Udala, 35-41 or. ISBN L.G. D-01025-2022..
  5. Ruiz, Fran J.. (1986). Korrika. Historia laburra. Auñamendi Eusko Entiklopedia. Eusko Ikaskuntza.
  6. (Gaztelaniaz) Deia (Bizkaia. 2006). Hemerothèque Numérique. Biblioteca Nacional de España.
  7. Echaluce Orozco, Alberto. (2024). Facilitó la conexión de la Monarquía con la dirección el PNV. Diario Vasco.
  8. (Gaztelaniaz) Gipuzko Buru Batzarra. Noticias. (2022). El Ayuntamiento de Oñati recibirá este año un ingreso extraordinario de Ur Jauziak, gracias a la decisión de EAJ-PNV en 1989. EAJ/PNV.
  9. Elorza Gorostiza, Oihana. (2012). Peio Telleria: "Ur Jauzien proiektuan eta turismoaren alde egitean asmatu genuela erakutsi du denborak". Goiena.
  10. a b Barandiaran, Iker. (2009). EAJko udal hautetsi izan diren guztiei omenaldi jendetsua. Goiena.
  11. Fundazioaren aurkezpena. Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea.
  12. Irizar, Iñazio. (1987). Oñati Korpus eguna 1986. Oñatiko Udala, 54, 55 or. ISBN DL. Vi-229/87..
  13. Azkarate, Eneko. (2014). Kilometroak Oñatin duela 25 urte. Goiena.
  14. Bestelako Agintza eta Erabakiak. Herrizaingo Saila. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
  15. Fitxa pertsonala: Galdos Zubia, Eli. Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Organoak eta Batzarkideak.
  16. (Gaztelaniaz) Anasagasti Arana, Antton. Iñurrategi Iriarte, Alberto y Félix. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Eusko Ikaskuntza.
  17. Agirreazaldegi, Irati. (2007). Eli Galdos Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Oñatiko alkate ohia hil da, bihotzekoak jota. Goiena.
  18. Gonzalez, Marian. (2019). Amplia trayectoria política y socio-cultural. Diario Vasco.
  19. «Galdos Olazar, Ainhoa: fitxa pertsonala» www.bngipuzkoa.eus (Gipuzkoako Batzar Nagusiak) (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu