Larrunarri

Euskal Herriko mendia
Txindoki» orritik birbideratua)

Larrunarri edo Txindoki[1], Gipuzkoako hego-ekialdeko mendi bat da, Aralar mendilerrokoa. 1346 metroko garaiera du, eta Abaltzisketan kokatua dago. Nañarri esaten diote inguruko herrietan; Larrunarri izenaren aldaera fonetikoa da.[2]

Larrunarri / Txindoki
Datu orokorrak
Garaiera1.346 m
Prominentzia198 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°01′26″N 2°05′13″W / 43.0239°N 2.0869°W / 43.0239; -2.0869
MendikateaAralar
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Mendizaletasuna
Ohiko bideaLarraitz
LuberriLuberri

Gipuzkoako mendirik altuena ez izan arren, esanguratsuenetako bat da, bere itxura berezia dela eta. Biderik ohikoena Larraitzeko aparkalekutik abiatzen da eta bertaraino autoz gertura daiteke. Mendebaldeko ertza eskalatzeko aproposa da.

Geografikoki gailurra Tolosaldea eskualdean dagoen arren, Goierri eskualdeko leku askotatik ikusten da eta eskualde honetako ikur ezagunenetakoa da, Goierritik ikusita itxura piramidal oso ikusgarria eta ederra baitu.

Antzinatik, Larrunarri izenaz izan da ezaguna. XX. mendeko lehenengo erdialdean, baina, mendiaren ekialdeko artegi baten izena, Txindoki, mendi osorako ere zabaldu zen.[3] Ondoko herrietan, Larrunarri izenak iraun du, Ñañarri aldaeraren bidez; urrutiagokoetan, berriz, Txindoki da gaur egun erabiliena.

 
Larrunarri edo Txindoki mendia Zaldibia ingurutik ikusia.

Bestalde, gaur egun, mendiak Goierri eskualdetik ikusita duen itxuraren ondorioz Euskal Herriko Cervino ezizena ere jaso izan du, Cervino mendiaren antzeko itxura piramidala baitu.

Jada 1927an Pyrenaica aldizkariaren 4. zenbakian egindako testu honetan mendiaren izenak aipatu eta Cervino mendiarekin parekatu zuten:[4]

« Aralarren iparraldean, dotore eta itzel, harro eta trinko, Larrunarri haitza altxatzen da. Beste batzuk ohikoagoa den Txindoki izenaz deitzen dute eta gipuzkoar Goierrin eskualdean Nañarri, beharbada alde hartatik mehe eta makalagoa baitirudi. Baina edonondik begiratuta ere, gure bistara beti dotore eta itzel aurkezten zaigu: egun grisetan arrexka, egun eguzkitsuetan urdin. Bere magalean hagin, elorri, txara eta zuhaixkak hedatzen dira, bere odolezko sustraiak harkaitz gogorretan erroturik. Itsas mailatik 1.430 metroko garaieran eta garaiera honek bere anaien artean hirugarren postuan bakarrik sailkatuarazten du, nahiz eta Ganbo eta Hirumugarrieta mendiak Larrunarri baina garaiagoak izan, bera da beti dotoreena. Txindoki, Zaldibiako harantxotik ikusita, Cervinoren profilaren nolabaiteko antza du. »
1927an Pyrenaica aldizkarian Larrunarri mendiari buruz gaztelaniaz argitaratutako artikuluren zati baten itzulpena.

Mitologia

aldatu
 
Larrunarri edo Txindoki mendia Gaintza udalerri ingurutik ikusia.

Euskal Herriko mitologiaren arabera, Mari jainkosak bertan du bizilekuetako bat (Anboto, Aketegi, Oiz edota Mondarrain... mendiekin batera), ondorioz Txindoki eta Mariren inguruko kondaira ugari daude; kondaira horietan Txindokiko Dama izenez aipatu ohi da.

Kondaira baten arabera Txindokiko Dama delakoa Amezketako Irabi baserriko neska bat izan omen zen. Behin batez bere amak madarikatu eta deabruak Txindoki gailur inguruko leizera behin betiko bizitzera eraman zuen.[5]

Mendiaren oinera iristeko bideak

aldatu

Autoz Larrunarriren oinera iristeko bideak hauek dira:

  • Goierri aldetik (mendiaren mendebaldetik): N-1 autobidetik atera zaitez Ordizia udalerriko lehenbiziko irteeran, eta Zaldibiara doan GI-2233 errepidea hartu. Behin Zaldibia iraganda, zoaz Larraitza. Han aparkalekua duzu.
  • Tolosaldetik (mendiaren iparraldetik): N-1 autobidetik atera zaitez Alegiko irteeran, eta har ezazu Amezketara doan GI-2233 errepidea. Udalerri horretara heltzean, jo ezazu GI-2233 errepidean gora, eta muino batean dagoen Abaltzisketa udalerrira iritsiko zara. Han, hartu ezkerretara, eta beti GI-2233 errepideari jarraituz Larraitza iritsiko zara. Han aparkalekua duzu.

Igoera

aldatu

Egurraletik

aldatu

Igoera hau ohikoena eta mendizaleek gehien erabiltzen dutena da, nagusiki igoera luzeena baina errazena baita:

Larraitzeko aparkalekua atzean utzi eta Zamaoko langa edo ataka iragan ondoren pistan gorantz joango gara. Kastesui gainean eskuinera Auza-Gaztelu mendirantz doan bidea dago, baina gu pistan aurrera jarraitu beharko dugu. Pistan sigi-saga batzuk burutu ondoren, pista laga eta bide bazterrean dagoen markatutako bidezidor batean goruntz segituko gara.

Bidezidor honetan gora Ameztiko langa edo atakara iritsiko gara, hemendik aurrera jarraituz azpialdean pinudi handi bat izango dugu, eta goialdera begiratu ezkero Txindoki mendiaren gailur dotorea ikusten da. Behin pinudia atzean utzita harkaitzean landutako bidezidor batean barneratuko gara, eta azkenik Oria iturrira iritsiko gara. Oria iturrian nahi izan ezkero urez hornitu edo atseden har dezakegu.

Oria iturria atzean utzi eta langa bat kokatzen den biragune bat. Aipagarria da biragune honen ezkerraldean, Tximista edo Rayo izeneko bidezidorra ere har dezakegula, baina bide hau Egurral lepora zuzenean doa eta oso muturreko malda gogorrak zeharkatzen ditu, hortaz oso mendizale trebatu edo zailduentzat bakarrik aholkatua dago.

Hortaz, jende gehienak hartu ohi duen bidea hartuko dugu: langa eta biragunea atzean utzi eta bidea malda gogor baten gorantz joango da, eta azkenik Zirigarateko atakara iritsiko gara; hortik, ordu arte egindako bidearen eta Oria iturriaren ikuspegi bikaina dago.

 
Larrunarri edo Txindoki mendiaren ikuspegi panoramikoa Zirigaratetik (920 metro).

Zirigarate edo Ziate lepoan (920 metro) ezkerretara harkaitz batzuen artean doan bidezidorra hartu eta gorantz jarraituko dugu. Harkaitzen eremua utzi eta bidezidorra piskanaka-piskanaka Aralarko goi larretan barneratuz joango da, tartean iturri baten albotik ere igaroko gara, eta bidezidorraren azpialdean Ziate Goikoa izeneko etxolak (1.008 metro) ere ikus ahalko ditugu.

Azkenean, Txindoki gailurraren azpian dagoen Egurral lepora iritsiko gara (1.154 metro). Orain, gailurrera daraman azken malda gogor eta aldapatsua igotzea besterik ez zaigu gelditzen. Hau igo ondoren, jada Txindokiko gailurrean egongo gara (1.346 metro).

Berez, Txindokiko gailurra ez da oso tontor zabala. Bertan, suziri baten eskultura eta metalezko plaka bat daude. Bestalde, gailurraren hegoaldean dagoen tontortxo batean metalezko gurutz bat ere ikus daiteke. Txindokiko tontorpean (amildegitik behera), haitzulo bat ere badago, kondairaren arabera hau Mariren bizilekuetako nat litzateke.

Muitzetik

aldatu
 
Muitzeko erreka.

Igoera hau aurrekoa baino laburragoa baina gogorragoa ere bada. Behin Larraitzeko aparkalekua eta Zamaoko atsedenlekua atzean utzi eta txindokirako igoerako bidea hasten den ataka edo langa iragaten da (905 metro; 0 ordu). Bide honetan gorantz jarraitu eta beste bidezidorretan sartu gabe, azkenean bidea antena errepikagailu batean amaitzen da.

Antena honen kokapenean dagoen bidezidor batean barneratu eta Muitzeko erreka zeharkatzen duen igoera malkartsu bat burutu ondoren Aralarko goi larreetara iritsiko gara (905 metro; 1 ordu, 10 min.). Leku honetatik Goierri nahiz Amezketako ikuspegi paregabeaz gozatu liteke.

Ondoren, bidezidor baten aztarna jarraituz azkenean Txindokiko gailurraren oinetan dagoen Egurral lepora iritsiko gara (1.162 metro; 1 ordu, 45 min.). Hortik aurrera, aurreko igoera deskribatzen den gailurrera doan bidezidor aldapatsuan gora egin eta tontorrera iristea besterik ez dago.

Kirola

aldatu

Txindoki hainbat kirol erronkaren kokalekua da, ezagunenak honakoak:

Ordizia-Txindoki-Ordizia erronka

aldatu
 
Ordizia udalerria eta urrutira Txindoki mendia (Usurbe mendiko gailurretik ikusiak), Ordizia-Txindoki-Ordizia erronkaren ibilbidearen bi gune nagusiak.
Sakontzeko, irakurri: «Ordizia-Txindoki-Ordizia erronka»

2019ko uztailaren 6ean Aritz Egea urretxuarrak Ordizia-Txindoki-Ordizia erronkan 1:25:09 denborako errekorra ezarri zuen, aurreko 1953ko Juan Jose Rezola itsasondoarraren eta 1978ko Iñaki Maiora ormaiztegiarraren denborak gaindituz[6].

Larraitz-Txindoki igoera azkarrena

aldatu

Larraitzetik Txindokiko gailurrerako igoerak 943 metroko desnibela dauka. 1993an Juan Mari Garin zizurkildarrak 33:42 denborarekin errekorra ezarri zuen, aurrez Asensio Olaberria ikaztegietarrak zuen 40:39ko denbora gaindituz[6]. Ez da edonolako marka, gainera, Txindokiko Kilometro Bertikala antolatu zutenean ere, ez zen inor denbora horretara arrimatu ere egin.

Txindokira igoera-jaitsierak 24 ordutan

aldatu

24 ordutan Txindoki nork gehien igo eta jaitsi erronka ere badago. 2018an Aitor Garmendiak ezarri zuen, 24 ordutan 13 alditan igo-jaitsiz, horretarako 23 ordu eta 12 minutu behar izan zituen[7]. Aurrekoa, 2010ean Patxi Caminos abaltzisketarrak zuen, 13 alditan igoz baina 12tan jaitsiz.

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia.
  2. Aimar MAIZ: «Goierriko herrien eta mendien izenak arauz finkatu ditu Euskaltzaindiak», Goierri Ekialdeko Hitza 2011-06-16.
  3. Ainhoa AROZAMENA AYALA: «Txindoki», Auñamendi Entziklopedia.
  4. Ascensión al Txindoki/Larrunarri. Pirineos3000.com (Gaztelaniaz)
  5. Larrunarri/Txindoki. Aralar, Cuadernos Pirenaicos. Miguel Angulo - Iñaki Alcalde. 2003. Sua edizioa. (Gaztelaniaz)
  6. a b Errekorra gehiago ere badira. 2019ko uztailaren 15a, Goiberri.eus
  7. Aitor Garmendia 13 aldiz igo da Txindokira, 24 orduan. 2018ko urriaren 1a, Tolosaldeko Ataria

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa