Europa XIV. mendearen bukaera aldean

Behe Erdi Aroa Erdi Aroko azken garaia izan zen. Gutxi gorabehera XI. mendearen amaieratik XV. mendearen bigarren erdira arte iraun zuen, eta, beraz, Goi Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren artean kokatzen da.

Oro har, gurutzadak hartzen dira Behe Erdi Aroaren hasieratzat, baina ez dago adostasun osorik etapa honen amaiera urtearen inguruan: batzuen ustez inprimatzeko makina asmatu zenean amaitu zen (1440an), beste batzuen ustez turko otomandarrek Konstantinopla menderatu zutenean (1453an) eta beste hainbaten ustez europarrak Amerikara iritsi zirenean (1492an).

Behe Erdi Aroaren ezaugarri bereizgarriak nekazaritza-produktibitatearen hobekuntza, distantzia ertain eta luzeko merkataritzaren gorakada, hirietako biztanleriaren hazkundea eta toki sakratuetarako erromesaldi kristauak izan ziren.

Faktore horien guztien ondorioz, sistema feudala hedatu egin zen XII eta XIII. mendeetan. Geroago, XIV. mendeko krisialdiak geldiarazi egin zuen feudalismoaren hedapena, eta XV. mendean zehar sistema horren ordez beste hainbat elementu hasi ziren agertzen, merkataritza-kapitalismoaren agerpena eta burgesia gizarte-klase berri gisa finkatzea iragartzen zutenak.

Behe Erdi Aroaren ezaugarriak

aldatu

Honako hauek izan ziren Behe Erdi Aroaren ezaugarri nagusienak:

  • Nekazaritza-produktibitatea asko hazi zen, golde belarridunei, hiru urtean behingo labore-txandaketari, haize-errotei eta beste hainbat berrikuntza teknologikori esker.
  • Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko merkataritzaren susperraldia, batez ere India, Txina eta Indotxinatik espeziak eta luxuzko produktuak ekartzen zituzten merkatari genoar eta veneziarren eskutik.
  • Erdi Aroko azoken une gorena, batez ere Frantzia erdialdeko Champagne aldeko azokena. Azoka hauetan larrua, espeziak, zuntzak eta beste zenbait produktu saltzen zituzten, eta Europa feudalaren suspertze ekonomikoaren eragileetako bat izan ziren.
  • Hiriak eta haien biztanleriak hazi egin ziren, Goi Erdi Aroan eraikitako harresietatik haratago, hazkunde demografikoaren eta merkataritzaren eta eskulangintzaren garapenaren ondorioz.
  • Erromesaldi kristauak Jerusalem, Erroma eta Santiago de Compostelarantz.
  • Burgesiaren pixkanakako garapena. Burgesia burgu edo hirietako biztanlez osatutako gizarte-klase berria zen. Gizarte-klase hau ez zen sistema feudaleko egitura sozialeko hiru estamentuetako bat (elizjendea, noblezia, herri xehea).
  • Eliza Katolikoaren krisialdia. Izan ere, dogma kristauak zalantzan jartzen zituzten hainbat mugimenduri (kataroei, hustarrei) egin behar izan zien aurre, eta baita Avignoneko Aitasantutzaldiari eta Mendebaldeko Zisma Handiari ere.
  • Errege-aginpidearen pixkanakako indartzea, jaun feudalen boterearen kaltean. Landa-nobleziaren ahultzearen eta familia burgesen gorakadari esker izan zen posible prozesu hau, familia burges horien finantza-laguntza behar baitzuten erregeek mertzenario-armadak ordaintzeko eta, horien laguntzaz, tokian tokiko agintariak mendean hartzeko.

Behe Erdi Aroko gertakari nagusiak

aldatu

Honako hauek izan ziren Behe Erdi Aroko gertaera eta prozesu garrantzitsuenak:

  • Gurutzadak (1095-1291): aita santuek 9 espedizio militar antolatu zituzten musulmanei Lurralde Santuak irabazteko, Mediterraneo ekialdean. Izan ere, musulmanen menpe zeuden kristauentzat sakratuak ziren Jerusalemgo lekuak, hala nola Jesu Kristoren jaiolekua eta Hilobi Santuaren eliza.
  • Avignoneko Aitasantutzaldia (1309-1378): Klemente V.ak aitasantutzaren egoitza Erromatik Frantziako Avignon hirira aldatu zuenean hasi zen. Zortzi Santuen Gerra amaitu ostean, Gregorio XI.a aita santua Erromara itzuli zen.
  • Ehun Urteetako Gerra (1337-1453): frantziar koroaren ondorengotza eskuratzeko borrokatu ziren ingelesak eta frantsesak gerra honetan, Kapetarren dinastia oinordekorik gabe geratu ondoren. Ingelesak nagusitu ziren gerraren hasieran, Crécy (1346), Poitiers (1356) eta Azincourteko guduetan (1415) frantsesak garaitu ostean. Joana Arc-ekoaren garaipenei esker, ordea, frantsesek gerra irabazi zuten azkenean, Castillongo gudua irabazi ondoren.
  • Mendebaldeko Zisma (1378-1417): garai horretan, aita santu bat baino gehiago izan ziren aldi berean. Konstantzako Kontzilioa egin eta Martin V.a aita santua hautatu zutenean amaitu zen.
  • Kalmarko Batasuna (1397-1523): Suediako, Danimarkako eta Norvegiako dinastien bat-egitea izan zen. Europa iparraldeko erresuma handi honen zati ziren Finlandia (Suediaren menpe baitzegoen), Islandia, Faroe uharteak eta Groenlandia ere (Norvegiaren menpe baitzeuden).
  • Hustar gerrak (1419-1434): 1415ean Jan Hus erreformista txekiarra sutan erre ondoren hasi ziren. Izan ere, Konstantzako Kontzilioak heretiko izatea leporatu zion Jan Husi. Gerra hauetan, Husen aldekoak aitasantutzaren eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren aurka borrokatu ziren.
  • Turko otomandarrek Konstantinopla hartzea (1453): konkista horrek ekarri zuen mila urte baino gehiago iraun zuen Bizantziar Inperioaren erorialdia, eta hortik aurrera musulmanen menpe geratu zen ekialdeko Mediterraneoaren eta Itsaso Beltzaren arteko merkataritza.
  • Bi Arrosen Gerra (1455-85): York etxea eta Lancaster etxea borrokatu ziren elkarren aurka gatazka zibil honetan. Rikardo III.a erregea borrokan hil eta Tudorren dinastiak, Henrike VII.a erregearen gidaritzapean, boterea eskuratu zuenean amaitu zen.
  • Iberiar penintsularen konkista kristauaren amaiera 1492an, Errege-erregina Katolikoek Granadako erresuma musulmaneko hiriburua hartu zutenean.

Artea eta ezaguera Behe Erdi Aroan

aldatu
 
Tomas Akinokoa

Behe Erdi Aroko aldaketa kulturalak erlijioa ulertzeko modu berri gisa azaleratu ziren, eta modu berri horren bereizgarri izan ziren Ama Birjina gurtzea eta eskeko ordenen hedapena, hala nola frantziskotarrena eta domingotarrena. Goi Erdi Aroan nagusi izan ziren monasterio-ordenek ez bezala, eskeko ordenak ez ziren monasterioetan bizi, hirietan zehar ibilitzen ziren.

Lehendabiziko unibertsitateak, ikastetxeak eta garaiko ezagueraren inguruan eztabaidatzeko guneak eraiki zituzten hirietan, monasterioetatik urrun. Lehenengo unibertsitateak honako hauek izan ziren: Italian Bolonia, Modena eta Vicenzakoak, Parisko Sorbona, Ingalaterran Oxfordekoa eta Espainian Salamancakoa.

Eskolastika hedatu zen filosofian, bai lurralde kristauetan bai lurralde musulmanetan. Eskolastikaren helburua erlijio-misterioak azaltzea zen, arrazoimenaren bidez eta Aristotelesen filosofian oinarrituz. Korronte horren adierazgarri nagusienak Tomas Akinokoa, Alberto Handia, Gilen Ockhamekoa eta Nikolas Cusakoa izan ziren.

Artean, XII. mendetik aurrera estilo gotikoa zabaldu zen, eta katedraletan agertu zen batez ere. Frantzian sortutako estilo hau Europa osora hedatu zen, eta garatu zituen teknologia berriengatik nabarmendu zen, haiei esker eraiki ahal izan baitzituzten hain eraikin garai eta argitsuak, bertikaltasunagatik nabarmentzen zirenak. Katedraletan beirateekin eta koloretako beirakiez osatutako irudiekin estalitako leiho handiak hasi ziren ipintzen.