Eskulangintza edo artisautza eskuak erabiliz objektuak edo eskulanak egitea da. Baina horrek ez du esan nahi erremintak edo lanabesak erabiltzen ez direnik. Eskulangile edo artisauek eskuak erabiltzen dituzte, baina baita erreminta sinpleak ere; aldiz, ez dituzte erabiltzen makina handiak edo automatizatutako prozesuak.
Eskulangintza jarduera ekonomikoa ere bada. Eskulangileek askotan pertsona bakar batenak izaten diren enpresa txikietan egiten dute lan. Pertsona horri eskulangile edo artisau deitzen zaio.
Eskulangintzako lanbide ezagunenak errementari, jostun, arotz eta okina dira; lanbide horiek oso zaharrak dira. Iraganean, jendeak arropak, erremintak eta bestelakoak bere kasa egiten zituen. Emakumeak adituak izan ohi ziren ehungintzan, puntuan, josten eta beste eskulangintza-mota batzuetan. Gizonek egurrarekin, metalarekin eta larruarekin egin ohi zuten lan.
Gaur egun, munduko toki askotan egiten da oraindik eskulangintza, batez ere gutxien garatuta dauden lurraldeetan. Egindako objektuak familiek beraiek erabili ditzakete, edo bestela saldu egiten dituzte bizimodua ateratzeko. Turista askok eskulangintzako objektuak erosi nahi izaten dituzte oroigarri gisa. Turisten erosketa horiek herrialde horietako txirotasuna gutxitzen laguntzen dute. Baina eskulangileek arazoak izan ditzakete objektuak fabrikatzeko behar diren diru eta materialak lortzeko. Batzuetan zailtasunak izaten dituzte beren produktuentzako merkatua aurkitzeko ere.
Dena dela, garatutako herrialdeetan ere badago eskulangintzan diharduen jendea. Honako hauek dira eskulangintzaren adar batzuk: buztingintza, bitxigintza, zeramika, saskigintza, zurgintza, etab. Eskulangintzaren konpetentzia nagusia prozesu eta teknika industrialen bitartez ekoizten diren produktuak dira; izan ere, horiek banaketa hobea dute eta egiten merkeagoak dira. Eskulangintzak, halaber, balore sinboliko eta kultural handiagoa dauka.
Iraganean, eskulangileak gremiotan batzen ziren. Garai haietan lanbide jakin bakoitzarentzat gremio bat zegoen, okinena adibidez. Gremioak hirian zenbat okin egon zitekeen arautzen zuen; era horretara okin bakoitzak bere bezeroak izaten zituen. Baina XIX. mendeaz geroztik estatu askok erabaki zuten merkataritza-askatasuna egon behar zela. Horren arabera, edozein pertsonak ikas dezake nahi duen lanbidea.
Hala eta guztiz ere, gaur egun oraindik badaude mugak. Merkataritza-ganberek arautzen dituzte lanbide edo ofizioei ezartzen zaizkien arauak. Horrela, eskulangileek beren lanbidea behar bezala ikasteaz ziurtatzen dira. Batzuetan liskarrak egoten dira zein lanbide den ofizio eta zein ez adostean. Gaur egun berrogei bat daude.