Amiensko katedral gotikoa, Frantzian.

Arte gotikoa Europan sortu zen Erdi Arotik aurrera. Zehazki, 1140. urtean sortu zen Frantzian eta Europako beste lurralde batzuetara zabaldu zen. Batez ere hirietan zabaldu zen, bertako burgesiak eta Elizaren botereak bultzatuta.

Arte gotikoa arte erromanikotik sortu zen, eta XII. mendetik XVI. mendera arte iraun zuen lurralde batzuetan. Gotiko terminoa berpizkundeko idazle italiar klasizista batzuek asmatu zuten. Idazle horiek Erdi Aroko arkitekturaren sorrera tribu godoek eta herri germaniar barbaroek bultzatu zutela zioten, Kristo ondorengo V. mendean Erromatar Inperioa suntsitu zuten horiek. Egia esan, arte gotikoak ez dauka zerikusirik godoekin, baina gotiko terminoa oraindik ere erabiltzen da artearen historian.

Gotikoan pentsatzen dugunean, batez ere elizen arkitektura-estiloan pentsatu ohi dugu, katedralen arkitekturan. Katedral gotikoak eraikiz, Elizak bere boterea erakusten zuen. Hala ere, hainbat eraikin publiko ere eraiki zen estilo gotikoan. Hala eraikita daude Florentzia, Siena eta Brujasko udaletxeak, Florentzia eta Veneziako burgesen eta aberatsen jauregiak eta hainbat unibertsitate (Madrilgo Alcalá de Henares). Garai gotikoan zehar hainbat estatua eta margolan ere egin ziren, batez ere elizetan jartzeko.

XIX. mendean, jendeari berriz ere gustatzen hasi zitzaion estilo gotikoa, eta hala sortu zen estilo neogotikoa. Estilo horretan hainbat eraikuntza egin ziren eta Alemaniako eliza gotiko ezagunena ere garai hartan eraiki zen, Koloniako Katedrala.

Nola ezagutu eraikin gotikoak? aldatu

Estilo gotikoa ondo nabaritu daiteke garai hartako eliza handietan. Leihoetan Arku zorrotz edo ojibal handiak izaten dituzte, elizaren barnealdea argitzeko. Arku horiek arinagoak ziren erromanikoko erdi puntuko arkuak baino, eta haiei esker eraikin altuagoak eraiki zituzten, horma arinagoekin. Horregatik, eraikin gotikoek erromanikoek baino argi gehiago izaten dute. Gainera, horma arinagoak dituztenez, katedral gotikoetan kristal koloredunez osatutako beirateak jarri zituzten.

Eliza gotikoek ganga kurbatuak izan ohi dituzte, sabai laurik ez. Ganga gotikoak bi arku ojibalekin egiten ziren eta garai erromanikoan erabiltzen zirenekin alderatuta, zutabe arinagoak erabiltzen ziren haiei eusteko.

Eliza kanpotik ikusita ere antzeko zerbait antzeman daiteke. Sabaiek pisu handia izan ohi dute eta horrek elizaren hormak kanpoaldera bultzatzen ditu. Hori ekiditeko, elizaren kanpoan euskarri gehiago egon ohi dira sabaiaren pisuagatik hormak erori ez daitezen: hormabular bertikalak eta ostiko-arku okerrak dira.

Eraikin gotikoen fatxadak eskulturekin apainduta egoten dira eta katedral zein eraikin askok bi dorre altu izaten dituzte, eta haien erdialdean, arrosa-leiho bat.

Katedral gotikoen oinplanoa gurutze latindarra izaten da, eliza erromanikoena bezalakoa, baina nabe gehiago izaten dituzte, bost edo zazpira arte. Erdialdeko nabeak askoz ere altuagoak izaten dira.

 
Burgosko katedrala.

Katedral gotiko aipagarrienak honakoak dira: Frantzian, Parisko Notre Dame eta Sainte-Chapelle, eta Amiens, Chartres eta Reimsekoak; Espainian, Burgos, Leon, Toledo eta Palmakoa; Alemanian, Koloniakoa; Italian, Sienakoa eta Milangoa; eta Ingalaterran, Westminster abadia.

Pintura eta eskultura gotikoak aldatu

Gotikoko garaian, eskultoreek ez zituzten erliebe lauak bakarrik egiten, estatuak osorik modelatzen hasi ziren. Estiloa asko aldatu zen gotikoko garaian. Hasieran, eskulturek mugimendu gutxi zuten, haien itxura zurruna eta solemnea zen, aurpegiak ederrak baina serioak ziren eta tuniken tolesturak lerro gisa egiten zituzten.

Denbora gutxian estilo gotikoa garatu egin zen. Irudiak elegantzia handiagoarekin mugitzen ziren, aurpegiak alaiagoak ziren eta tunikei kurbak egiten hasi ziren. Emozioak nabaritzen dira eskulturetan: nola begiratzen dion Mariak Jesus haurtxoari edota Jesukristo gurutziltzatuaren sufrimendu aurpegiak dira horren adibide.

Gotikoko garaian aurrerago, margolari zein eskultoreek ez zituzten figura bakanak jartzen aldareetan. Aldiz, istorio osoak kontatzen zituzten margotutako zein zizelkatutako irudietan, gaur egungo komikietan bezala, Bibliako santuen bizitzak kontatzeko.