Filosofia gizakiarentzat funtsezkoak diren hainbat arazori buruz, hala nola existentzia, ezagutza eta egiari buruz, edo gizakion balio moralez eta gizakiak Unibertsoan duen paperaz edo haren errealitateaz eta izaeraz gogoetatzen duen jakintza-mota da. Hitzak jatorri grekoa du eta jakintza-zaletasuna edo jakintzarenganako maitasuna esan nahi du.
Gai horiei buruzko gogoeta-jarduera oso aspalditik dator. Gizakiek beti egin dizkiete galderak beren buruari, bizitzaren zentzuaz adibidez edo gizakiak munduan duen lekuaz, bizitzaz eta heriotzaz, eta beste hainbat gairi buruz. Gai filosofikoen artean, oso ugariak dira honako hauek: «Zergatik edo zertarako bizi gara?», «Ba al da Jainkorik», «Zer da zoriona?», «Zer dira ongia eta gaizkia?»... Honelako gogoetak egiten dituzten pentsalariei filosofo deitzen zaie.
Gogoeta horien bitartez, filosofoak mundua hobeto ulertzen eta ulertarazten saiatzen dira, jakintza bilatzen dute. Bizitza oso konplexua izanik, filosofia ere konplexua da, bizitzari buruzko gogoeta baita, besteak beste. Aristoteles izeneko filosofo greziarrak zioen munduarekiko harridurak eramaten duela gizakia pentsatzera eta, beraz, filosofatzera, gauzen arrazoiak eta zentzua bilatzera; filosofoarentzat, bizitzea ez da aski, bizitzaren zentzuaz eta existentziaz galderak egiten dizkio bere buruari.
Filosofiaren kategoriak
aldatuFilosofia hainbat adar edo kategoria desberdinetan bana daiteke, aztertzen dituen gai edo kontuen arabera:
- Epistemologia: jakintzaren eta zientziaren filosofia. Honakoak aztertzen ditu, adibidez: Zer da jakintza? Nola iritsi jakintzara? Zer da zientzia? Zer da egia zientifikoa?
- Etika: moraltasunaren filosofia. Ongiari eta gaizkiari buruzko galderak egin eta erantzunak bilatzen ditu. Honakoak aztertzen ditu, adibidez: Zer da ongia? Eta gaizkia? Nola jokatu behar du gizakiak gizartean? Eta beste gizakien aurrean? Zer da bidezkoa eta zer ez?
- Estetika: edertasunaren eta artearen filosofia. Honakoak aztertzen ditu, adibidez: Zer da edertasuna? Eta artea? Arteak errealitatea irudikatu behar du? Artea Natura baino ederragoa al da?
- Metafisika: Unibertsoaren zergatia eta materiaren izaera aztertzen duen adarra da. Gizakiak mundua ulertzeko dituen jakinbideak ere ikertzen ditu, eta horien artean sartzen dira, adibidez, Jainkoaren kontzeptua, espazioa, denbora, kausalitatea. Hau da, fisikoak ez diren gai eta kontuak dira metafisikaren ardura (izan ere, hitzak fisikaz haruntzago esan nahi du).
Ondo arrazoitzeko eta pentsamendua ondo adierazteko balio duten arauak ikertzen ditu, besteak beste: Nola adierazi behar da pentsamendu bat zuzena izateko? Nola bereizi egia eta gezurra argudioetan? Zer da zeren ondorio?