Errege-erregina katolikoak Espainiako lehenengo errege-erreginei deitzen zaie, hau da, Fernando Aragoikoari eta Elisabet Gaztelakoari. Eliza Katoliko Erromatarra sutsuki babesten zutelako eman zitzaien deitura hori. Bestalde, ezagunak dira Kristobal Kolon Mundu Berria delakoa esploratzera bidaltzeagatik.
Elisabet erregina 1451ko apirilaren 22an jaio zen; Fernando erregea, aldiz, 1452ko martxoaren 10ean. Garai hartan, orain Espainia den lurralde osoa hainbat erreinutan zatituta zegoen. Elisabeten aita Gaztelako erregea zen, Iberiar penintsularen erdialdeko erreinu baten erregea. Fernandoren aita Aragoiko erregea zen, penintsulako ipar-ekialdean zegoen erreinuko erregea, hain zuzen. Elisabet printzesa Fernando printzearekin ezkondu zen 1469an.
Elisabet Gaztelako erregina izendatu zuten 1474an, baina Portugaleko erregeak Gaztela gobernatu nahi zuen; Elisabetek gerra batean garaitu zuen, 1479an. Urte horretan bertan, Fernando Aragoiko errege izendatu zuten. Gaztela eta Aragoi elkartu ziren Fernando eta Elisabet elkarrekin erreinatzen hasi zirenean. Bateratutako erreinua Espainiaren hasiera izan zen.
Fernando eta Elisabetek Katolizismo Erromatarra ez beste erlijio guztiak debekatu zituzten. Epaitegi berezi bat ezarri zuten 1478an, katolikoak ez zirenak gogor zigortzeko. Epaitegi hori Inkisizio espainiarra deitzen zen. Bestalde, 1492an, kristau bihurtu nahi ez zuten judu guztiak behartu zituzten Espainiatik alde egitera.
Horretaz gainera, musulmanen aurka borrokatu ziren Espainiatik kanpora botatzeko. Musulmanek mende asko zeramatzaten Iberiar penintsulan, Afrika iparraldetik VIII. mendean sartu ondoren. Geroago, ehunka urtez, kristauak musulmanen menpeko lur guztiak eskuratzen joan ziren; azkenik, 1482an, Errege-erregina katolikoek gerra hasi zuten Granadarekin, penintsulako azken erreinu musulmanarekin, eta 1492an konkistatu zuten. Modu horretan, Espainia herrialde kristau eta batu bat bihurtu zen.
Urte hartan bertan, 1492an alegia, Kristobal Kolonek Ozeano Atlantikoan zehar egindako lehen bidaia sostengatu zuten. Espainiaren koloniak bihurtu ziren Kolonek aurkitutako lurrak. Elisabet erregina 1504ko azaroaren 26an hil zen, eta Fernando 1516ko urtarrilaren 23an.