Sistema kapitalistako gizarte-klaseen irudikapena

Gizarte-klase edo klase sozialak estatus sozioekonomiko antzekoa duten gizarte bateko pertsona taldeak dira, hau da, antzeko posizio sozialean dauden eta maila ekonomikoa ere antzekoa duten pertsonen taldeak.

Posizio edo estatus sozioekonomiko horrek zerikusia du, besteak beste, aberastasun mailarekin, irabaziekin, lanbidearekin, hezkuntza mailarekin, erosteko ahalmenarekin eta kontsumo-ohiturekin.

Ia gizarte guztiek dute pertsonak sailkatzeko moduren bat, baina klase sozialak bereizteko modua desberdina izaten da toki batetik bestera. Klase sozialak hierarkikoki ordenatuta daude, hau da, klase sozial altua osatzen duten pertsonak gutxiengo bat dira, maila ekonomiko handiagoa dutenak. Eta gehiengoa klase ertainak eta baxuak osatzen dute, maila ekonomiko baxuagoa dutenek, alegia.

Gaur egungo klase sozialen arteko bereizketa hierarkiko hori Industria Iraultzatik sortu zen, eta horregatik herrialde industrializatu modernoetan erabiltzen den terminoa da.

Goi-klasea

aldatu

Goi-klasea osatzen dutenak maila ekonomiko altua duten pertsonak eta gainerako hiritarrek baino diru-sarrera askoz handiagoak dituztenak dira. Besteak beste, enpresa-jabeak, lurjabe handiak, izen handiko profesionalak, erakunde garrantzitsuetako presidenteak, artearen eta entretenimenduaren arloko pertsona ospetsuak, kirolari ezagunek eta buruzagi politiko edo finantzarioak izaten dira goi-klasekoak.

Pertsona horiek honako ezaugarriak izan ohi dituzte: ikasketa-maila altua, eragin politiko edo ekonomiko altua, tradizioz klase altukoak izan diren familietako kide izaten dira, ondasunak hainbat belaunalditan jaso dituzte oinordetzan, luxuzko egoitzetan bizi dira eta erosteko ahalmen handia dute.

Goi-klaseko pertsonek eragin nabarmena izaten dute politikan eta ekonomian.

Erdi-mailako klasea

aldatu

Erdi-mailako klasea da gizarte modernoan nagusi dena. Batzuek klase ertain-altua eta ertain-baxua bereizten dituzte, hezkuntza-mailaren eta bakoitzaren diru-sarreren arabera.

Klase sozial honek ez ditu muga zurrunak, baina klase hori osatzen dutenek ezaugarri batzuk dituzte: erdi-mailako eta goi-mailako hezkuntzarako sarbidea dute, enplegu egonkorrak eta ondo ordainduak izaten dituzte, etxebizitza propioa, haien erosketa ahalmenak ondasun eta zerbitzu askotara iristeko aukera ematen die, osasun- eta hezkuntza-gastu pribatuak ordaintzeko aukera izaten dute, etab.

Talde horretan daude profesionalak, enpresari txiki eta ertainak, merkatariak, zientzialariak, hezitzaileak, ekintzaileak eta langile gaituenak.

Erdi-mailako klaseko pertsona asko behe-mailako klasetik datoz: beren lan-egoera zein egoera ekonomikoa hobetzea lortu ondoren, erdi-mailako klaseko partaide izatera iritsi dira.

Behe-mailako klasea

aldatu

Behe-mailako klasea osatzen dutenak oinarrizko ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko, goi-mailako hezkuntza jasotzeko edota elikadura osasuntsu eta orekatua ordaintzeko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak dira.

Behe-mailako klaseko pertsonek ez dute etxebizitza edo ibilgailu propiorik, gutxi ordaindutako lanpostuak izaten dituzte eta zerbitzu gutxi dituzten eremu apaletan bizi ohi dira.

Talde horretan sarturik daude prestakuntza gutxien duten langileak, etxeko langileak, nekazaritzan sasoikako langile gisa lan egiten duten etorkinak, langabeak eta enplegu egonkorrik lortzen ez dutenak, besteak beste.

Behe-mailako klaseko pertsona askok ez dute diru-sarrera ekonomiko segururik, eta erakunde publikoen laguntza behar izaten dute, hala nola udalena edo gobernuena.

Aldatu al daiteke klase soziala?

aldatu

Gure inguruko gizarteetan, klase-sistema, printzipioz, ez da itxia, eta pertsona batek bere klase soziala alda dezake, baliabide ekonomikoak lortzeko gaitasunaren arabera. Hala ere, askotan, bakoitzaren posizio soziala familiaren klase sozialaren araberakoa izaten da. Horrek esan nahi du goi-mailako edo erdi-mailako familietan jaiotzen diren pertsonek aukera gehiago dutela klase horietako kide izaten jarraitzeko eta bizi-maila ona izateko; aldiz, behe-mailako klaseko familietan jaiotzen diren pertsonek askoz ere zailtasun handiagoak izaten dituzte beren bizi-maila hobetzeko eta posizio sozial hobera iristeko.