Munduko erlijio nagusien banaketa.

Erlijioa jainko bat edo nolabaiteko izakiren bat gizakiaren gainetik dagoela uste duten pertsonen sinesmen eta zeremonia multzoa da. Izaki edo Jainko hura ikusezina da, eta ezin da frogatu existitzen denik, baina harengan sinesten duten pertsonek existitzen dela uste dute. Horri fedea esaten zaio.

Kasu batzuetan, fededunek Jainkoa bizitzaren eta unibertsoan dagoen guztiaren sortzailea dela uste dute. Fededun batzuentzat Jainkoak guztia daki, edozer gauza egin dezake, eta gertatzen den guztiaren erantzule da. Batzuek uste dute Jainkoa beti ona dela. Beste batzuek, berriz, dituzten arazoak konpontzen lagundu dezakeela uste dute, eta horretarako otoitz egiten dute. Jainkoarekin komunikatzeko modua da. Hala ere, jainkorik ez duten erlijioak daude.

Erlijio guztiek helburu bera dute: jarraitzaileei bizitzaren zentzua aurkitzen laguntzea. Jende askok mundua nondik datorren jakin nahi du. Beste askok, berriz, hil ondoren gertatuko dena jakin nahi dute. Erlijio gehienek nolabaiteko erantzuna eskaintzen diete galdera horiei.

Fededun askok uste dute fedeak haien bizitza hobetzeko eta kezkak arintzeko kemena eta itxaropena ematen diela. Hala ere, fededun batzuek beste pertsona batzuekin eztabaidatzen dute haien erlijioa desberdina delako. Historian zehar erlijio-gerrak egon dira askotan, beren jainkoa benetako jainko bakarra dela uste duten herrien artean.

Erlijioek oso paper garrantzitsua izan dute mundu osoko herrien historian. Jendearen bizitzaren alderdi gehienetan izan dute eragina. Adibidez, erlijioek zerikusi handia izan dute gobernuak eta familiak eratzeko eta seme-alabei irakasteko moduarekin.

Erlijio motak

aldatu

Historian zehar, gaur egun bezala, bi erlijio mota nagusi egon dira.

Baina badira jainkorik ez duten beste erlijio batzuk ere. Adibidez, budismoaren jarraitzaileek izatearen egoera maila altuago batera iristea bilatzen dute, sufrimendutik askatzeko.

Era berean, munduan erlijiorik ez duten eta jainkoengan sinesten ez duten pertsonak ere badaude. Pertsona horiei ateo esaten zaie.

Erlijioen ezaugarriak

aldatu

Erlijioetan, fededunek egiten dituzten erritu edo zeremoniak egon ohi dira. Otoitz egiteaz gain, erlijioek jainkoari eskainitako jaiegunak izaten dituzte. Bestalde, zenbait erlijiok sakratutzat jotzen dituzten liburuak dituzte, hala nola Biblia edo Korana. Erlijio askotan eraikinak dituzte, elizak edo tenpluak adibidez, non jarraitzaileak erlijio errituetarako biltzen diren.

Erlijioek arauak izaten dituzte, jarraitzaileek nola bizi behar duten jakiteko. Erlijio bakoitzak bere arauak ditu, baina, ia beti, fededunek gainerako pertsonak ondo tratatzea edo gauza zuzena egitea bilatzen dute. Jarraitzaileek egiatzat hartzen dituzten sinesmen multzoak izaten dituzte, halaber; adibidez, hil ondorengo bizitzan sinestea.