Springbok edo antilope jauzilaria (Antidorcas marsupialis) tamaina ertaina duen antilope bat da. Artiodaktiloen barruko Antilopinae azpifamilia eta Bovidae familian sailkatuta dago. Hegoaldeko Afrikan bizi da eta Hegoafrikako ikur nazionala da.

Springbok
Antidorcas marsupialis, male (Etosha, 2012).jpg
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
LeinuaAntilopini
GeneroaAntidorcas
Espeziea Antidorcas marsupialis
Zimmermann 1780[2]
Banaketa mapa
Springbok Distribution.svg
Datu orokorrak
Ernaldia5,75 hilabete
Masa4,4 kg (pisua jaiotzean)
arra: 41 kg (helduen pisua)
emea: 37 kg (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina1

Springbokaren ezaugarrietako bat jauzi asko eta handiak egitea da, 2 metro ere altxatzen da lurretik. Egunsentian eta ilunabarrean da aktiboa eta sasiak eta landare zukutsuak jaten ditu, horri esker urteak pasa ditzake urik edan gabe, basamortuko klimara oso ongi egokitzen dela erakutsiz.

IzenaAldatu

Springbok izena afrikaans hizkuntzatik dator. Spring "jauzia" da eta bok "antilopea"[3]. Antidorcas marsupialis izen zientifikoak beste esanahi bat du. Dorcas gazela da grezieraz eta Antidorcas izenak animalia hau gazela bat ez dela adierazten du; marsupialis latinezko marsupium ("poltsiko") hitzetik dator, atzealdean duen poltsa itxurako azalari egiten dio erreferentzia[4], izatez hori da benetako gazelatatik bereizten duen ezaugarri nabarmenena[5].

TaxonomiaAldatu

Springboka da Antidorcas generoko espezie bakarra. Eberhard August Wilhelm von Zimmermann zoologo alemaniarrak deskribatu zuen aurrenekoz 1780. urtean. Zimmermannek Antilope generoan sartu zuen[6] eta 1845ean Carl Jakob Sundevall suediarrak Antidorcas generoa sortu zuen[7].

Hiru azpiespezie ezagutzen dira:[8]

  • A. m. angolensis (Blaine, 1922): Angola hego-mendebaldean aurkitzen da.
  • A. m. hofmeyri (Thomas, 1926): Orange ibaiaren iparraldean hedatzen da, Namibia eta Hegoafrika artean.
  • A. m. marsupialis (Zimmermann, 1780): Orange ibaiaren hegoaldetik Lurmutur Hirira eta Kimberley estatura zabaltzen da.

DeskribapenaAldatu

 
Springbok baten jauzia.

TamainaAldatu

Springboka antilope liraina da, hanka eta lepo luzeak dituena. Tamainari dagokionez ez dago arren eta emeen arteandagoen diferentzia ez da oso handia, arrak zerbait handiagoak dira. Izatez diferentzia handiagoa dago azpiespezieen artean. Azpiespezie handiena A. m. hofmeyri da, kasu honetan arrak 86 cm har dezake eta emeak 71 cm, eta azpiespezie txikiena A. m. marsupialis, 75 cm ingurukoa. Springbokek 71-86 cm arteko altuera izaten dute sorbaldetan eta 120-150 cm arteko luzera izaten du gorputzak. Isatsak 14-28 cm neurtzen ditu eta ile mataza beltz txiki bat du muturrean. 27-42 kg artean pisatzen du animaliak[9].

Ikerketek erakutsi dute erlazio handia dagoela elikadura motaren eta gorputzaren masaren artean[10].

ItxuraAldatu

Buru zuria du eta marra beltz batek zeharkatzen du bekokitik muturrera, begiak hartzen dituena. Gazteek beltza beharrean marroia dute marra hori. Belarriak estuak eta puntadunak dira, 15-19 cm neurtzen dituzte. Barnealdean beltzak dira. Sexu biek dituzte adarrak, 35-50 cm luzera dutenak. Azpialdean zuzenak dira eta erditik aurerra kurbatu egiten dira. Emearen adarrak arrenak baino laburragoak eta finagoak dira.

Kolorez marroi argiak da springboka eta sabelaldea zuria du. Alboetan marra ilun bana du sorbaldatik izterreraino doana. Badira ohikoak ez diren aldaera iluna (txokolate kolorekoa) eta aldaera zuria ere.

Springbokak uzten duen urratsa estua eta zorrotza da eta 5'5 cm-ko luzera izaten du[11].

EkologiaAldatu

 
Springbok (A.m. hofmeyri) taldea, Namibian.

Sexu bakoitzeko taldeak sortzen dira normalean baina lautik batean sexu biak nahasturik egoten dira. Emeek beren kumeekin sortzen dituzte taldeak, denen artean zaintzen dituzte kumeak gainera, eta ez dute ar dominanterik izaten normalean. Talde handietan ertzetan daudenen lana zelatan egotea izaten da. Helduak zelatariagoak dira gazteak baino eta arrak emeak baino.

Naturan 10 urte inguru bizi dira springbokak.

ElikaduraAldatu

Springboka egunsentian eta ilunabarrean da aktiboa, eguraldia freskoa dagoenean. Hilabete beroetan gauek elikatzen da eta hilabete hotzenetan eguerdian ere bai. Landare zukutsuak jaten ditu (Lampranthus adibidez) eta horrela lortzen du beharrezkoa duen ura. Egunsentian gainera ihintza dute landareak komtsumitzen ditu. Urtesasoi lehorra igarotzen du urik batere edan gabe, kasu batzuetan urteak ere biziraun ditzakela ikusi da[12]. Belarren artean Themeda triandra atsegin du.

UgalketaAldatu

 
Springbok arrak lehian.

Euri sasoian izaten da araldia, elikagai gehien dagoen sasoian. Arrek bi urte behar dituzte heldutasun sexuala izateko, emeek sei edo zazpi hilabete baino ez. Haurdunaldiak sei hilabete irauten ditu eta kume bakarra jaiotzen da[13]. Kumea izateko emea taldetik urrundu eta ezkutatu egiten da. Jaioberriak 3'8-5 kg pisatzen ditu.

Eme batek bi kumaldi izan ditzake urte berean, hiru ere bai jaioberria hil egiten bada[14].

HarrapariakAldatu

Harrapari ugari dituzte, hala nola; karakalak, gepardoak, leopardoak, hiena pikartak, lehoiak, likaonak... eta noski, gizakia bera ere bai. Springbokak ordea laisterkari azkarrak dira, 88 km/h-ko abiadura ere hartu izan zaie inoiz, eta hori gutxi balitz bi metrotako altuerako jauziak ere egin ditzakete, taldekideak abisatu eta harraparia nahasteko. Basakatuek, txakalek eta hainbat espezietako arranoek springbok gazteak eraso ditzakete.

HabitataAldatu

Hegoaldeko Afrikan bizi da, mendebaldeko zatian, Hegoafrikan, Namibian, Botswanan eta Angolan. 2016ko datuen arabera 1'4 eta 1'75 milioi aletako populazioa osatzen dute[15].

Namib eta Kalahari basamortuetaz gain belardi lehor zabalak eta Karoo eremuko sastrakadiak kolonizatu ditu. Antzina eremu zabal horietan migratzen bazuten ere aspaldian ez da horrelakorik antzeman. Urtesasoiaren arabera landaretza urriko tokietan talde handiak biltzen direla ikusi izan da, Kalahari basamortuan esate baterako[16]. Itsasoaren mailatik 2.000 metrotako altuerara ikus daitezke[15].

Hainbat eremu babestutan aurkitzen dira springbokak; Makgadikgadi eta Nxai Parke Nazionalak (Botswanan), Kgalagadi Transfrontier Parkea (Botswana eta Hegoafrika artean), Etosha Parke Nazionala eta Namib-Naukluft Parkea (Namibian) eta Mokala eta Karoo Parke Nazionala (Hegoafrikan)[17].

Springboka eta gizakiaAldatu

Springbokak ehizatu egiten dira Namibian, Botswanan eta Hegoafrikan beraien larrua eskuratzeko. Gorantza doan industria bat da, kopuru handiak aurkitzen direlako.

Hegoafrikako merkatuetan haragia ere saltzen ikusten da. 2011n Hegoafrikan salduriko springbok, orix eta kudu handiaren haragiaren bi heren baino gehiago Namibian ehizaturikoa izan zen.

Hegoafrikako animalia nazionala da eta bertako errugbi selekzioak ezizen hori du[17]. Apartheida amaitu zenean Nelson Mandelak errugbi selekzioaren alde egin zuen[18] eta springbokak ikur nazionala izaten jarraitu zuen. Gaur egun errugbi selekzioaz gain Hegoafrikako beste kiroletako selekzio askok ere ikur bera erakusten dute.

Hegoafrikako Krugerrand txanponean ere agertzen da springbokaren irudia[19].

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
  2. Zimmermann. (1780). 2 Geogr. Gesch. Mensch. Vierf. Thiere, 427 or..
  3. (Ingelesez) «springbok | Etymology, origin and meaning of springbok by etymonline» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  4. Bigalke, R.C.. (1972-01-01). «Observations on the Behaviour and Feeding Habits of the Springbok, Antidorcas Marsupialis» Zoologica Africana 7 (1): 333–359. doi:10.1080/00445096.1972.11447448. ISSN 0044-5096. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  5. Grazers. (1st ed. argitaraldia) Britannica Educational Pub 2011 ISBN 978-1-61530-465-3. PMC 694772410. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  6. (Alemanez) Eberhard August Wilhelm ¬von Zimmermann. (1780). Geographische Geschichte des Menschen und der allgemein verbreiteten vierfüßigen Thiere nebst einer hieher gehörigen Zoologischen Weltcharte. Enthält ein vollständiges Verzeichniß aller bekannten Quadrupeden. 2. Weygand (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  7. Grefing, Lorentz Ludewig.; Grefing, Lorentz Ludewig; Horrn, Johan Laurentius; Lange, Johan Georg; Lindh, Joh Pehr; Söner, P. A. Norstedt &; Salvius, Lars; Segerstedt, A. J. et al.. (1844). Kungl. Svenska vetenskapsakademiens handlingar. L.L. Grefing, (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  8. Groves, Colin P.. (2011). Ungulate taxonomy. Johns Hopkins University Press ISBN 978-1-4214-0093-8. PMC 708357723. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  9. «Springbock | Erlebnis Zoo Hannover» www.zoo-hannover.de (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  10. Robinson, T.J.. (1979-01-01). «Influence of a Nutritional Parameter on the size Differences of the three Springbok Subspecies» South African Journal of Zoology 14 (1): 13–15. doi:10.1080/02541858.1979.11447642. ISSN 0254-1858. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  11. Cain, James W.; Krausman, Paul R.; Germaine, Heather L.. (2004). Antidorcas marsupialis. doi:10.1644/753. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  12. Nagy, Kenneth A.; Knight, Michael H.. (1994). «Energy, Water, and Food Use by Springbok Antelope (Antidorcas marsupialis) in the Kalahari Desert» Journal of Mammalogy 75 (4): 860–872. doi:10.2307/1382468. ISSN 0022-2372. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  13. Skinner, J. D.. (1996). The springbok : Antidorcas marsupialis (Zimmermann, 1780). (First edition =. argitaraldia) ISBN 0-907990-16-9. PMC 34661253. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  14. Bigalke, R. C.. (1970-01-01). «Observations on Springbok Populations» Zoologica Africana 5 (1): 59–70. doi:10.1080/00445096.1970.11447381. ISSN 0044-5096. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  15. a b IUCN SSC Antelope Specialist Group. 2016. Antidorcas marsupialis. https://www.iucnredlist.org/.
  16. East, R.. (1999). African antelope database 1998. IUCN Species Survival Commission ISBN 2-8317-0477-4. PMC 44634423. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  17. a b Zabaleta, Eneritz. (2007-10-16). «Ipar eta hego hemisferioa, finalean» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  18. Evans, Martha. (2014). Broadcasting the end of apartheid : live television and the birth of the new South Africa. ISBN 978-0-85773-583-6. PMC 964657257. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).
  19. Weston, Rae. (2012). Gold : a world survey. Routledge ISBN 978-1-136-22332-7. PMC 822967718. (Noiz kontsultatua: 2021-12-30).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu