Lehen Gerra Punikoa Kartago eta Erroma borrokatu ziren K.a. 264tik K.a. 241 arte. Mediterraneoko mendebaldea menderatzeko hiru gerretatik lehena izan zen hau. 23 urtez borrokatu ostean, Erroma atera zen garaile, eta oso baldintza gogorrak inposatu zizkion Kartagori bakearen truke.

Lehen Gerra Punikoa
Gerra Punikoak
Lehen Gerra Punikoaren parte hartzaileak
DataK.a. 264 eta 241 artean
LekuaMediterraneo itsasoa, Sizilia, Sardinia, iparraldeko Afrika
EmaitzaErromatarren garaipena
Gudulariak
Erromatar Errepublika Kartago
Buruzagiak
Marcus Atilius Regulus
Gaius Lutatius Catulus
Gaius Duilius
Hamilkar Barka
Hanno Handia
Hasdrubal
Xantipo

Aurrekariak

aldatu

K.a. III mendean, Erromako boterea gero eta handiagoa izan zen. Italia penintsula osoa Erromaren menpe zegoen. Etsai guztiak (Lazioko Batasuna, samnitarra edo Epiroko Pirro) garaitu ondoren, erromatarrek sistema politikoan eta armadan konfiantza zuten.

Kartago itsas eta merkataritza-potentzia zen jada, Mediterraneoko mendebaldeko ibilbide komertzialak menperatzen baitzituen. Hasiera batean feniziarren kolonia bat izan arren, azoketan oinarritutako inperioa osatu zuen Afrikako iparraldean eta Iberiar penintsularen hegoaldean.

K.a. 288an, mamertinarrek, Italiako mertzenario-talde batek, Mesina hiria hartu zuten. Hortik, Siziliako kosta zein barrualdea arpilatu zituzten, Sirakusa hiri independentea ere nabarmen kaltetuz. Hiero II.ak, Sirakusako tiranoak, K.a. 265ean, mamertiarrei aurre egin zien. Mamertiarrek, aldi berean, laguntza Kartagori eta Erromari eskatu zieten. Erromak uko egin zien, baina Kartagok ez.

Hori zela kausa, Kartagoko inperioa Italiaraino ailegatuko zela beldurrean, Erromak mamertinarren kontra jo zuen. K.a. 264an, erromatar armada bat Sizilian lehorreratuta, zalantzazko Sirakusak haiekin bat egitera behartu zuten. Berehala, gerrako indar bakarrak bihurtu ziren Erroma eta Kartago, biek Sizilia kontrolpean edukitzeko asmotan.

Lehorreko gerra

aldatu

Sizilia irla menditsua izanda, zaila zen lehorrean leku batetik bestera joan-etorria. Gerra, irlaren barruan, beraz, ez zen oso garrantzitsua izan. Apenas zen batailarik suertatu lehorrean. Armadetako ohiko operazioak hiri eta kai nagusietako setioak izan ziren. Aurkariek irlan baserik ez zutenez, haien eremuetatik etengabe eraman behar ziren hornidurak eta mota guztietako laguntzak.

Dena den, bi maila handiko kanpainak egon ziren Lehen Gerra Punikoan. K.a. 262an, Agrigento hiria setiatu zuen Erromak. Itsas eta lehor armadek parte hartu behar zuten. Agrigentok laguntza eskatzea lortuta, Kartagoko Hanno Handia joan zen setio desegitera. Erromatarrak beraiek setiaturik aurkitu ziren, baina azkenean, Agrigentoko guduan irabazi zuten.

Garaipen hori zela medio, Erroma beste maila handiko kanpaina bat garatzeko gai sentitu zen. Emaitzak, ordea, kontrakoak izan ziren. Hainbat itsas-bataila ondoren, Erromak Kartagoko afrikar koloniak inbaditzea erabaki zuen. Honela, Kartago azkar bakea sinatzera behartu nahi zuen. Kartagoko kontraerasoa Eknomo lurmuturreko guduan geldiarazirik, Marko Atilio Reguloko armadak Kartago ondoko lur-soroak hondatzeko ate zabalik izan zuen. Negoziazioa hasi bazen ere, bakerako baldintzak hain ziren gogorrak non bertan behera geratu zen. Kartagok Xantipo Espartako mertzenarioa alokatu zuen armada berrantolatu dezan. Xantipok itsasoko nagusitasuna berreskuratu ostean, Regulo atzeman zuen.

K.a. 249an, Kartagok Hamilkar Barka jenerala, Hanibalen aita, Siziliara bidali zuen. Hamilkar Barkak Siziliako barrualdea menderatu arren, itsasoan erabaki zen gerra.

Itsasoko gerra

aldatu

Siziliako barrualdeak lehorreko gerra oztopatzen duela eta, Lehen Gerra Punikoko bataila nagusiak itsasoan gertatu ziren. Itsas armadari esker, etsaien kaiak itxi ahal izan ziren, eta, bide batez, beharrezko hornidurak ere bai.

Hastapenetan, Erromak ez zeukan itsas-gerran apenas eskarmenturik. Kartagok, berriz, itsasoan oinarritzen zuen garapen ekonomikoa. Haren ontziteria handia ez ezik, trebatua ere bazen. Dena den, Erromak berehala ulertu zuen itsasoaren garrantzia gerraren garapenerako.

Lehen itsas armada Agrigentoko garaipen ondoren eraiki zen. Teknologiarik gabe, Kartagori atzemandako trirreme eta quiquerremeen kopia hutsak egin ziren. Eskarmentu eza hori orekatzearren, erromatarrek corvus izeneko arma ipini zuten haien itsasontzietan. Corvus delakoak babestutako zubiak ziren, zein itsas batetik bestera legionarioen igaroa ahalbidetzen zuten. Armaren eraginkortasuna gerrako lehen batailetan geratu zen agerian. Kartagok itsas taktika berrantolatzera behartu zuten. Hori aldatzea zail suertatu zitzaionez, Erromak abantaila hartu zuen itsasoan.

Garaipenak gorabehera, Erromak galdu zuen itsasontzi gehien, batik bat eguraldiarengatik. Bitan armada osoa hondoratu zen ekaitza zela eta. Corvus delakoaren pisua, neurri bateraino, horren erruduna izan zen.

Gerraren azken urteetarako, Kartagok menderatzen zuen itsasoa, Erromak beste ontziteria bat eraiki ezinik. Hala ere, hiritar aberatsek ordaindutako armada berria Egate irletako batailan garaile atera zen. Ia-ia itsas-armada osoa galduta, Kartagok ezin izan zuen orain beste bat pagatu. Hori zela eta, Hamilkar Barka hornidurarik zein babesik gabe geratu zen Sizilian eta amore eman behar izan zuen.

Ondorioak

aldatu

Gerra irabazitakoan, Erromak Kartagoren lekukoa hartu zuen Mediterraneoko mendebaldearen buruan. Hala ere, biek bukatu zuten gerra ekonomikoki eta demografikoki akiturik.

Haien influentzia-eremuak mugatzeko, ebatzi zen Korsika, Sardinia eta Hispania Kartagopean jarraituko zirela. Horren iparraldea, Erromarako izango zen.

Erromako garaipena porrota onartzeko erreparoan oinarritu zen. Erabateko garaipena baino ez zuten onartzen. Are gehiago, inbertsio pribatuak erakarri ahal izan zituen hiritarrek jokoan zegoena ikusi zuten eta. Kartagoko nobleziak, berriz, ez zuen aberastasuna arriskatu denon onuraren izenean.

Kanpo estekak

aldatu