Ahari-burua (baita ere arietea edo ernai-aharia) harresiak eta gotorlekuetako ateak behera botatzeko antzinako gerra-gailua da.

Gurpil gaineko arietea.

Ahari-buru sinple bat enbor lodi eta luzea besterik ez da, zenbait pertsonen artean jaso eta indarrez harresiaren edo gotorlekuaren aurka jotzen dena. Batzuetan, gurdi handi baten gainean garraiatzen zen, kate edo soketatik zintzilik; horietatik atzerantz tiraka eginez, ahari-burua askatu eta grabitatez jomugaren aurka jotzen zen. Gurdiaren gainean estalki gogorrak ezartzea ere posible zen, ahari-burua erabiltzen zuten gudariak babesteko.

Ahari-buruak energia zinetikoa bildu eta jomugari transmititzen dio, bapateko energia gehigarri horrek jomugaren egitura kaltetzeko xedez. Kolpearen momentuan, ahari-buruak duen energia proportzionala da bere masarekiko eta abiaduraren karratuarekiko, beraz makinaren eraginkortasuna abiadura edota masa gehituz hobe daiteke.

Aitzinako defentsa sistemen kontra ongi funtzionatzen zuten ahari-buruek. Izan ere, harri eta adreiluek konpresioa ongi jasaten badute ere, tentsioaren kontrako erresistentzia gutxi dute, eta ahari-buruaz behin eta berriz kolpatuz posible zen ongi defendaturiko harresietan zuloak egitea.

Polizia-indarrak ahari-buru bat erabiltzen, sarekada batean.

Ahari-buruak eraginkorrak izan ziren setioetan bolborak eta kanoiek zaharkiturik utzi zituzten arte. Ordudanik gerra egoeratan erabiltzen ez badira ere, gaur egun ere erabiltzen dira beste egoera batzuetan, bizitokietako ate arruntak apurtu eta barnera sartzeko, adibidez.

Aipaturikoez gain, nabarmentzekoa da ahari-buruak mehatzaritzan ere erabili izan zirela, harkaitza txikitzeko. Erabilera hau ere desagertu egin zen bolboraren hedapenarekin.


Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.