San Migel eliza (Ispaster)

San Migel eliza (Ispaster) tenplu katoliko errenazentista da.[1]

San Migel eliza (Ispaster)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaIspaster
Koordenatuak43°21′42″N 2°32′39″W / 43.36174707°N 2.54422753°W / 43.36174707; -2.54422753
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1519
Arkitektura
Estiloapizkundetar arkitektura

Kokapena aldatu

Eliza Elexalde auzo nagusian kokatua dago, gaur egun herriaren erdigune dena.[1]

Ezaugarriak aldatu

Eliza hau Pizkunde garaiko nabe bakarreko tenpluaren adibide ona da.[2] Oro har, oin angeluzuzena daukan kaxa kubiko forma tinkoa du.[3]

Fatxadatik irteten den dorrea lauangeluarra da,[4] eta goiko bi gorputzak nabarmentzen dira, gorputz nagusia baino txikiagoak direnak; goiko gorputzean kanpandorrea dago, eta erdi-puntuko arkuen barruan kanpaiak ikus daitezke; harrizko kupula batez errematatuta dago. Bere azpian elizako sarrera nagusia dago,[1] zirkuluerdiko arku dobelatu batekin.[4] Gainera, epistolaren albotik beste bigarren mailako sarrera bat dauka.[3] Hiru ataldun zortzi aldeko absidea du, sakristia inguratzen duena.[3] Elizaren perimetroaren kanpo aldean, arkupea.[4]

Habearte bakarreko eraikina da, luzeran hiru ataletan zatituta dago eta kontra-hormen artean kaperak ditu.[3] Ganga izartuz estalita ageri da. Arku fajoiak eta formeroak, denak erdi-puntukoak dira.[3] Koru altua oinean aurkitzen da eta harlanduzko arku-baxu baten bermatzen da.[3]

Barnean sei erretaula ditu: nagusia estilo barrokoan egina da, eta baliotsuena erretaula erromanista polikromatua da. XVIII. mendeko pulpitu bat ere badu[4] epistolaren aldean.[3] Ebanjelio aldean, berriz, horman txertatutako kutxa gotor bat, "Archivo de la Anteiglesia de Jspaster" inskripzioarekin.[5]

Historia aldatu

Lehendik Ispasterren ba zegoen eliza bat, Aizpeeko San Martin izenekoa. San Migelena 1519 urtean eraiki zen, eta herritarrek lan handiak izan zituzten parrokia bezala funtzionatzeko eskubideak lortzeko (Lekeitioko elizarekin lehian). 1668 urtean berriztu eta handitu zen, eta eliztarrek erabiltzeko 89 hilobi egin ziren. Ehorzlekua kanpora atera zenean, hilobiak hutsik geratu ziren baina jendearentzako eserlekuak ipini arte iraun zuten. Gero baldosaz estali ziren, eta gaur egunean, epistola aldean bakarrik ikus daiteke antzinako hilobi hauetako bat, "Agirre Solarte 1616" inskripzioa duena.

1769 urtean sakristauarendako etxea egin zen, Urgorria izeneko mendian 8.200 m2 eta parrokia alboan solo batzuk erosiz.

Bataio-liburuak 1560 urtean hasi ziren; konfirmaziokoak, berriz, 1791 urtean. 1811 urteko kontu liburu bat gordetzen da, eta bertan parrokiak 11.105 erreal zituela ikusten da.

1900 urtean 20 ume bataiatu ziren, 5 ezkontza ospatu eta 17 hileta. Urte horretako ehorzketen kostua ere dakigu, Jose Inazio Zatika Rementeria herritarraren hileta kontuengatik:

  • Gorpua baserritik kanposantura eramatea 3,00 pezeta
  • Hileta meza 2,50
  • Parrokoaren eskubideak 10,00
  • Beste abade birenak 8,00
  • Sakristauaren eskubideak 2,50
  • Abeslarientzat 2,50
  • Kanpai jotzailea 4,00
  • Akolitu birenak 1,00
  • Parrokiaren eskubideak 7,50
  • Hiletako mahaia (katafalkoa) 9,00
  • Argia 3,00
  • Guztira 53,00

1909 urtean erreteila berria egin zitzaion eraikinari, 1.610 pezetarengatik. Teilatuak 1985ra arte iraun zuen, eta urte honetan berriro egin zen, 120 langile bolondresen esku hartzearekin, 1.548.516 pezeta gastatuz.

Garai batean, atzeko aldean, elizako hormen barruan, herriko kartzela izan zen. Gaur abadeak zartagin handi bat gordetzen du bertan, 250 lagunentzako paella egiteko bestekoa.[5]

Erlojua aldatu

Dorrean dago, 1836 urtean Arrasateko Jose Zugaztik egina. Mekanikoa da, landua, esfera bakarra eta tren birekin.[5]

Eliztarrak aldatu

Iturriza historialariaren arabera, 1790 urte inguruan, 95 etxe batzen ziren parrokia honetako eliztar legez; euretan 500 pertsona jaunartzeko eskubidearekin.

Eliz bizitzari dagokionez, ispastertar guztiak ez dira San Migel parrokiko eliztarrak: Arropain, Artika, Gardata eta Kurtziaga auzoetako bizilagunei Lekeitioko Andra Mari parrokia dagokie; eta Mendazonako baserri batzuk, berriz (Aboitiz izenekoak adibidez) Ereñoko parrokian sartuta daude.[5]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Garamendi, Gaizka. «Ispasterko San Migel Eliza (Bizkaia)» www.3digitala.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  2. (Gaztelaniaz) «IGLESIA DE SAN MIGUEL en Ispaster, Vizcaya» Clubrural.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  3. a b c d e f g https://www.ispaster.net/eu-ES/Turismoa/Ondare-Kulturala/Orriak/PatrimonioenParroquiadeSanMiguel.aspx[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b c d «Ondare erlijiosoa - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  5. a b c d 1914-, Zubikarai, Augustin,. (1987). Ipazter. J. Fernandez Egiguren PMC 33157357. (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).

Kanpo estekak aldatu