Aedoak (antzinako grekeraz, ἀοιδός, aoidós «kantore») antzinako Grezian, epopeiak musika-tresna batekin (zitara edo beste hari-tresna tipiko batzuekin) abesten zituzten artistak ziren. Rapsoda berantiarragoetatik bereizten ziren, beren obrak konposatzen zituztelako; gainera, rapsodek ez dute zitara jotzen, baizik eta makila bat eskuan dutela poemaren erritmoa markatzen dute, eta ez dute kantuan errezitatzen, tarteka ahotsa altxatuz baizik. Aedoak zeltar bardoen parekoak izan ziren gutxi gorabehera.

Aedo guztietan ospetsuena Homero da. Odisean bi aedo agertzen dira: ezagunena Demodoko, Altzinooren gortean abesten duena, eta Femio, Itakako gortekoa. Bi pertsonaia horiek informazioa ematen dute aedoaren lanbideari buruz, oturuntza batean bildutako aristokraten bilkura baten aurrean abesten baitzuen. Oso gai ezagunen bilduma zabal baten artean aukeratzen zuen, Troiako Gerra kasu. Pasarte bat aukeratzen zuen, baina jendeak maiz eskatzen zion gai bat edo beste. Sarritan, aedoak bere kantua proemio batekin hasten zuen, hau da, epopeia nagusiaren preludio gisa balio zuen kantu labur batekin. Himno homerikoak poema horien bilduma bat dira.

Kanpo estekak

aldatu