Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 377 (V) Ebazpena

Nazio Batuen 377 (V) Ebazpena, «Bakearen aldeko Batasuna» ere esaten zaiona, 1950eko azaroaren 3an onartu zen. Horren helburua da Segurtasun Kontseiluak ezin badu bakearen segurtasunarekin lotuta dagoen egoera bat aztertu eta horren inguruan neurriak hartu, kide iraunkor baten betoaren ondorioz, orduan Batzar Nagusiak berehala aztertu ahal izatea gaia, estatu kideei gomendatzeko neurri kolektiboak har ditzatela nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko edo berrezartzeko.

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 377 Ebazpena
MotaNazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren ebazpen
Indarraldi1950eko azaroaren 3a - 
Argitaratze-data1950eko azaroaren 3a

Lan osoa eskuragarriun.org…

Aurrekariak

aldatu

Ebazpena Estatu Batuek bultzatu zuten Batzar Nagusian, eta 7 herrialdetako talde batek aurkeztu zuen (Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Kanada, Turkia, Filipinak eta Uruguai). Izan ere, Segurtasun Kontseiluaren blokeoa eta beto-eskubidearen abusua eman zen, hain zuzen 1950eko Koreako Gerraren testuinguruan. Horren ondoren, tresna bat garatu zen, Batzar Nagusiaren bitartez blokeo-egoera horretatik irteteko.

Edukia

aldatu

Lehenik eta behin, ebazpenean, Nazio Batuak baieztatzen dituen 2 helburu aipatzen dira: bakea eta nazioarteko segurtasuna bermatzea, eta berdintasun-printzipioan oinarrituz nazioen arteko harremanak sustatzea.

Ondoren, Segurtasun Kontseiluak nazioarteko bakeari eusteko duen funtsezko eginkizuna gogorarazten du Ebazpenak. Nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzearen garrantzia aipatzen da, baita estatuen artean adiskidetasun- eta errespetu-harremanak sustatzearena ere. Hala ere, nazioarteko tentsioak daudela onartzen da, eta horien arrazoi nagusia Nazio Batuen Gutuna gutxiestea dela. Berriz ere, Segurtasun Kontseiluak eremu horretan duen garrantzia azpimarratu egiten da, baina, gogorarazten da Batzar Nagusiak nazioarteko bakeari eta segurtasunari eustearekin lotutako zenbait kasutan jarduteko zilegitasuna ere baduela.

Horren harira, Ebazpenaren funtsik garrantzitsuena azaltzen da. Segurtasun Kontseiluak, kide iraunkorren artean adostasunik ezagatik, ezin badu bere nazioarteko bakeari eusteko erantzukizuna bete, Batzar Nagusiak berehala aztertuko du kolokan dagoen gaia. Izan ere, Batzar Nagusiak kideei gomendioak eman ahalko dizkie hartu beharreko neurri kolektiboei buruz, baita indarraren erabileraren ingurukoak ere, azken hau betiere bakea mantentzeko edo berrezartzeko ezinbestekoa bada. Eskaera bat aurkezten den unean Batzar Nagusia ez badago bilduta, larrialdiko ezohiko bilkura-aldian bil daiteke, eskaera aurkeztu eta hurrengo 24 ordutan. Hori gerta dadin, Segurtasun Kontseiluaren zazpi kideren botoa beharrezkoa da, edo Nazio Batuetako kideen gehiengoa.

Gainera, Bakea Behatzeko Batzordea eratu zen, 1951. eta 1952. urteetan, 14 Estatuk osatuta. Bere eginkizuna nazioarteko bakea eta segurtasuna arriskuan jar zezaketen nazioarteko tentsioak zeuden eskualdeetako egoerak behatzea zen. Betiere, Segurtasun Kontseiluak horren azterketa egiten ez bazegoen eta zegokion Estatuaren adostasunarekin.

Bestalde, Nazio Batuetako Estatu kideei zer baliabide dituzten Segurtasun Kontseiluaren edo Batzar Nagusiaren gomendioak gauzatu ahal izateko azter zitzatela eskatzen zen, nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko gai izan zezaten. Horretarako, haien indar armatu nazionalak nazioarteko gatazkei erantzuteko prest izatea gomendatzen zaie Ebazpenean.

Horrez gain, beste batzorde bat eratu zen, Neurri Kolektiboen Batzordea, 14 kidez osatua. Honek, kontsulten azterketa baten bitartez eginiko txostena helarazi beharko zion Segurtasun Kontseiluari eta Batzar Nagusiari. Estatukideei Batzordearekin elkarlanean aritzea eskatu zitzaien honi funtzioak betetzen laguntzeko, alegia.

Aitzitik, Nazio Batuen Gutuna (NBG) eta Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpenak errespetatzeak duen garrantzia nabarmentzen da bake iraunkor bat bermatzeko.

Azkenik, estatukideei Nazio Batuekin kooperatzeko eskatzen zitzaien, hain zuzen ere, ekonomia-egonkortasuna zein garapen soziala lortzearren.

Ebazpena, eranskin batekin amaitzen da, eta bertan ere informazio aipagarria adierazten da. Hain zuzen ere, ebazpen honetan jasotako ideiei egoki zitzan Batzar Nagusiaren Erregelamenduan aldaketak egin zituztela, hala nola; horretarako, artikuluak eta paragrafo berriak gehituz. Honen adibide da, esaterako, Idazkari Nagusiak eskaera jaso eta 24 orduko epe barruan, Batzar Nagusia larrialdiko ez-ohiko bilkuran biltzea.

Bakea mantentzeko eta nazioarteko segurtasuna bermatzeko, Batzar Nagusiak Segurtasun Kontseiluari Gutunean zehazturiko neurriak aplikatzeko beharrezko xedapenak hartzea gomendatu zion, 377 (V) Ebazpenean aurreikusitakoa urratu ezean.

Laburbilduz, Nazio Batuen eginkizun esanguratsuena nazio guztien arteko bakea eta segurtasuna bermatzean oinarritzen da, betiere, Gutuna errespetatuz. Hain zuzen ere, Segurtasun Kontseilua izango da helburu hori bete beharko duena. Gainera, Estatuei bakearen egonkortasuna oztopa zezakeen ekintzen aurrean elkartzeko aholkatu zitzaien eta kontsulten ondorioak helarazteko Batzar Nagusiari, eta bilduta egotekotan, Nazio Batuen kideei.

Bozketa

aldatu

Alde

Afganistan, Arabia Saudita, Australia, Belgika, Birmania, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Txinako Errepublika, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Danimarka, Ekuador, Egipto, El Salvador, Estatu Batuak, Etiopia, Filipinak, Frantzia, Grezia, Guatemala, Haiti, Honduras, Indonesia, Irak, Iran, Islandia, Israel, Liberia, Luxenburgo, Mexiko, Nikaragua, Norvegia, Zeelanda Berria, Herbehereak, Pakistan, Panama, Paraguai, Peru, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika, Siria, Suedia, Hegoafrika, Thailandia, Turkia, Uruguai, Venezuela, Yemen, Jugoslavia.

Kontra

Bielorrusia, Txekoslovakia, Polonia, Ukraina, Sobietar Batasuna.

Abstentzioak

Argentina, India.

Ez daudenak

Libano.

Ondorioak

aldatu

Larrialdiko ezohiko bilkura horiei dagokionez, 2022ko otsailaren 28an egin zen azkena, Errusiar inbasioa medio. Ordura arte, 10 bilkura eman ziren, azken honekin 11 osatuz. Oro har, bilera bakar batean egin izan ohi dira; ostera, Israel eta Palestinaren egoerari dagokionez egin zen bilkurari behin baino gehiagotan eman diote jarraipena, bilera bat baino gehiago eginez, alegia.

377 (V) Ebazpenari jarraiki, beraz, botoen gehiengoa eskatzen da Segurtasun Kontseiluan edo eta kide diren Estatuen gehiengoen eskaera, Idazkari Nagusiak jasorik. Ondorioz, ukanbehar horiek bete ostean posible izango da larrialdiko ezohiko bilkura hau deitzea 24 orduren buruan.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu