Mantible zubia, lehenago Asako zubia deitua,[1] Ebro ibaiaren gaineko antzinako zubi bat da, Asa (Lantziego, Arabar Errioxa) eta El Cortijo (Logroño, Errioxa) artean dagoena.[2] Iruñea eta Naiara lotzeko asmoz Antso Nagusiak eraikiarazi zuen bidearen parte izan zen, eta baita Donejakue bidearena ere.[3] Gaur egun, zubiaren hondakinak besterik ez dira geratzen.[4]

Mantible zubia
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Donejakue bide frantsesa Errioxan Donejakue bide frantsesa Errioxan
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
Errioxako udalerriLogroño
Koordenatuak42°30′36″N 2°30′29″W / 42.51°N 2.50792°W / 42.51; -2.50792
Map
Arkitektura
Materiala(k)harria
Estiloaerromatar arkitektura
Gurutzatzen duEbro
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-599
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0004791
599
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Mantible izena literatura unibertsalaren mito indartsua da. Fierabras XII. mendeko poema epiko frantsesak sortu zuen hitza. XV. mendean Jehan Bagnyonek idatzitako prosazko bertsioa, La Conqueste du grand roy Charlemagne des Espagnes et les vaillances des douze pairs de France, et aussi celles de Fierabras, hizkuntza anitzetara itzuli zen.[5] Horrek oso zabalpen handia eman zion pertsonaiari.[1]

Gesta kantaren arabera, Galafre erraldoiak zaintzen zuen Mantible zubia, eta zubisari itzelak ordainarazten zizkien bertatik pasatu nahi zuten kristauei. Beste erraldoi batek, Fierabrasek, lortu zuen Galafre azpiratzea eta, horri esker, Karlomagnoren armadak zubia gurutzatu ahal izan zuen.[6]

On Kixote Mantxakoak, berriz, lehenbiziko zatiko XLIX. atalean aipatzen du zubia, zalduntza liburuak direla-eta Toledoko kalonje batekin daukan hizketaldi luze batean:[7]

"...izan ere, zein burudun egon ote daiteke lurbirako inon sinetsarazi edo buruan sartu nahi dionik beste inori egia ez zela, esaterako, Floripes erretalaba eta Borgoñako Guyren artekoa, Fierabrasena eta Mantible zubikoa, Karlomagnoren garaian gertatu zena, oraintxe eguna den bezain egia dena?"

1630ean, berriz, Pedro Calderón de la Barcak La Puente de Mantible: La Leyenda izeneko komedia barregarria idatzi zuen.[1]

Carlos Muntión eta José María Lander historialarien arabera, 1851ean Antero Gómez Logroñoko kazetariak Mantible izenez bataiatu zituen Asako zubiaren hondakinak. Izen hura ez zen oharkabean geratu; urte hartan bertan, Francisco Coellok mapa bat egin zuen Pascual Madozen Espainiako Hiztegi Geografikorako, eta Errioxako kartografian Mantible zubiaren izendapena sartu zuen lehenbiziko aldiz.[1]

Kokapena

aldatu

Ebro ibaiaren gainean dago, Asa (Lantziego, Arabar Errioxa) eta El Cortijo (Logroño, Errioxa) herrien artean. Zubiaren hondakinetara iristeko, ondotik igarotzen den GR 38, ardoaren eta arrainaren ibilbidea jarrai daiteke, oinez. Oiondik Sernara doan bidexka hartu behar da eta, behin herri txikian, ibaira jaisten den norabidea segi, zubia ikusi arte.[8]

Ezaugarriak

aldatu

Ebroren bi aldeak batzeko, 164 metro luze eta 5 metro zabal zen, eta gehienez 30 metroko altuera zuen.[8] Erdi puntuko zazpi arkuz zegoen osaturik,[4] baina gaur egun bakarra geratzen da zutik, besteen oinarrietako aztarna gutxi batzuekin batera.[9]

 
2021ean erori zen Errioxa aldeko arkua.

2021 arte bi arku zeuden zutik, bat Arabako aldean eta beste bat Errioxakoan. Urte horretako urtarrilean, ordea, Errioxako aldekoa erori zen, Ebro ibaiaren goraldiaren eraginez. Amiltzea gertatu zelarik, Logroñoko Udalak zubiaren egitura sendotzeko obrak lizitatu berriak zituen, baina neguko baldintza meteorologikoak zirela-eta, lanak atzeratu ziren.[10] 2024an, eroritako arkua berreraiki zuten.[11]

Historia

aldatu

Historialari batzuen arabera II. mendearen lehen erdian eraiki zen, Erromatar Inperioaren garaian. Berez, Arabako erromatar garaiko zubien artean, Asako Mantible baino ez zen segurutzat eman orain gutxi arte, Areta (Laudio), Tresponde eta Billodakoen jatorri erromatarra zalantzan baitago.[12]

Azken urte hauetan egidako azterlanek, ordea, agerian utzi dute tipologiak antz handia duela, bai forman, bai teknikan, Garesko zubiarekin.[4] Isaac Moreno Galloren arabera, bi zubiak XI. mendearen hasieran eraiki ziren, Antso Nagusiaren erregealdian, eta Naiara-Iruñea errege-bidearen parte ziren. Izan ere, bi hiri horiek ziren Nafarroako Erresumako garrantzitsuenak garai hartan, eta haien arteko bideak Gares, Viana, Oion, Mantible zubia eta Huércanos zeharkatzen zituen.[3] Bestalde, Antso Nagusiak ibilbide hori finkatu eta sustatu zuen Donejakuera joateko, lehenago erabiltzen zen Sakanako bidearen (Astorga-Bordele galtzada) kaltetan.[13][14]

Ez dago argi noiz arte izan zen igarotzeko modukoa, baina dokumentaturik dago XVI. menderako bertan behera utzia zela.[15] Beti ere, suntsitze hori lehenago ere gerta zitekeen. Kontuan hartu behar da XI. mendearen amaierarako eraikia zela Logroñoko San Joan zubia,[16] eta harantz aldatu zen bidea Mantiblekoa hondatu zelarik.[13] Gaur egun, Espainiako Kultura Intereseko Ondasun izendaturik dago, RI-51-0004791 erreferentziarekin[17].

Argazki galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d Mantible: el puente de los misterios. arabarerrioxa.eu (Noiz kontsultatua: 2024-9-6).
  2. Diaz de Argote Garcia, Julen. (2021). «"Garrantzia historiko eta arkeologiko izugarria du Mantiblek"» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-14).
  3. a b Moreno Gallo, Isaac. ¿Es romano el puente Mantible?: el camino de Pamplona a Nájera, de Sancho el Mayor. Piedra De Rayo, Revista Riojana De Cultura Popular, 2004, academia.edu (Noiz kontsultatua: 2024-9-6).
  4. a b c Martínez Torrecilla, José Manuel, Sánchez Zufiaurre, Leandro, López-de-Ocáriz, Joseba, Renedo Villaroya, Blanca. Puente Mantible. researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2024-9-6).
  5. Jehan Bagnyon. arlima.net (Noiz kontsultatua: 2024-9-23).
  6. Ruiz Galarreta, José María. La leyenda del puente Mantible. Berceo, Nº 50, 1959, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2024-9-16).
  7. Miguel de Cervantes. On Kixote Mantxakoa, lehenbiziko zatia, XLIX. atala: Santxo Pantzak bere nagusi On Kixote jaunarekin egin zuen hitz-aspertu zogiaz. Eneko Iñarrondoren itzulpena, onkixotemantxako.eu (Noiz kontsultatua: 2024-9-16).
  8. a b Ugarte Lz. de Arkaute, Estitxu. Mantible zubia, jausitako erraldoia. Alea, 2020ko abuztuak 26, CC BY-SA 3.0, alea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-16).
  9. Rodriguez, Fito. (2021-01-25). «Ondare historikoaren amiltze penagarria» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-13).
  10. Mantibleko zubiaren arkua suntsitu du Ebroren ur goraldiak. Alea, 2021eko urtarrilak 21, CC BY-SA 3.0, alea.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-25).
  11. Carracedo, Sergio. El puente de Mantible recupera el arco riojano que colapsó hace tres años. El Correo, 2024ko martxoak 3, elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-25).
  12. Barrena, Ignacio Garaluce Fernández De. (2010-11-29). «Conociendo Alava y Vitoria - Gasteiz: Historia de Vitoria- Gasteiz 3º capítulo» Conociendo Alava y Vitoria - Gasteiz (Noiz kontsultatua: 2021-02-13).
  13. a b Moreno Gallo, Isaac. (2024-9-1). De Pamplona a Nájera. youtube.com (Noiz kontsultatua: 2024-9-26).
  14. Donejakue Bidearen historia. pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2024-9-26).
  15. Mantible zubia. euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-9-26).
  16. Calleja Escalona, Bruno. Y Logroño saltó el Ebro. eldiadelarioja.es (Noiz kontsultatua: 2024-9-26).
  17. Urtarrilaren 25eko 430/1983 errege dekretua. B.O.E. 55, 1983-3-5

Kanpo estekak

aldatu