Lurgorri

Politikari gipuzkoarra (1916-1937)
Artikulu hau euskal herritar politikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lurgorri (argipena)».

Jose Mari Azkarraga Mozo, Lurgorri ezizenaz ezaguna, (Errenteria, 1916ko urriaren 29a - Derio, 1937ko abenduaren 16a) euskal herritar politikaria izan zen. Lurgorri Ikasle Elkartearen izena bere omenez hautatu egin zen.

Lurgorri
Bizitza
JaiotzaErrenteria1916ko urriaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDerio1937ko abenduaren 16a (21 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: bala zauria
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta kazetaria
KidetzaEusko Langileen Alkartasuna
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Biografia aldatu

Gipuzkoarra zen jaiotzez, errenteriarra, 1916ko urriaren 29an munduratu zelarik. Gurasoak, Jose Maria eta Juana zituen, Agurain eta Errenteriakoak. Aitaren lan profesionala zela eta -Bilboko Hezkuntza Institutuko idazkari izendatu zuen 1916an Madrilgo Instrukzioko Ministerioak- Bizkaiko hiriburura aldatu zen sendia, eta han egin zituen Jose Marik lehen ikasketak, 1929ra arte. Urte hartan Ministerioak berriro deitu zuen "Lurgorri"-ren aita Madrilera eta gurasoak eta lau seme-alabak hara joan ziren bizitzera.

Jose Mari Azkarragak Zuzenbideko Fakultatean ekin zien goi ikasketei 1930ean. Ordurako bere gogoa zeharo maitemindua zegoen euskal sentimenduaz. Gurasoak abertzale eta euskaltzaleak zituen eta iturri horretatik edan zuen Jose Marik bere bizitza osoan. Aita, hogeita bat urterekin Agurainetik Madrilera lanera joan zena, espainiar hiriburuan euskaltzaletu zen, bertako Ateneon euskarazko klaseak hartu zituelarik. Lagun handiak izan zituen Odon eta Angel Apraiz gasteiztarrak, Abdón González de Alaitza musituarra, Zelestino Agirresarobe tenore zarauztarra, Inazio Busca Sagastizabal musika konposagile zumarragatarra eta beste hainbat, eta Jose Mari seme gazteak ere giro hartaz kutsatu zen.

Bazen beste arrazoi bat, Jose Mariren baitan euskal kontzientzia egunez egun sendotzen ari zena: 1925etik sendiak Aramaion ematen zituen udako hilabeteak, eta inguru zeharo euskaldunarekin aritu ahal izateko aukerak gazte haren baitan zutabe indartsuak eraikiarazi zituen. Eta Aramaioko egonaldi haiek bilakaera naturala eragin zuten gaztearengan, jaioterria ahaztu ez zuen arren bere burua aramaioartzat hartzera eraman zuena. Hamabi urte iraun zuen, Aramaio eta Jose Mari Azkarragaren arteko maitasun zintzoak. Tarte laburreko sentimendu ederra, bala hiltzaileek etena.

Madrilen ikasten ari zela Euzko Ikasle Batza-an afiliatu zen eta 1933an lehendakari izendatu zuten. Madrileko ikasle euskaldunen topagunea bilakaraziko zuen elkarte hartan buru belarri aritu zen Azkarraga, euskal unibertsitatearen aldarrikapen jarraikian. Eta iritziko artikuluak argitaratzeari ekin zion, garaiko aldizkari eta egunkarietan, "Lur-Gorri" izengoitiarekin izenpetuta. Bere luma arin eta konprometituak berehala erakarri zion gazteari, politikagintza zein sindikalgintzako sektoreen arreta. Eta, ondorioz, indar berriztatuaz ihardun zuen Euzkadiko askatasun demokratikoen alde, Madriletik eta, noski, baita Euskal Herritik bertatik ere, Aramaio bilakatu zuelarik horretarako txoko egokia

EAJ eta ELA-ko kide zelarik, bere idazlanetan - "Amayur", "Euzko Langille", "Gudari" eta "Euzkadi"n batez ere argitaratuta- gai sozial, politiko, kultural zein ekonomikoak landu zituen maisutasun bereziaz, eta horrezaz gain saiakera arloan ere bere ekarpena utzi zuen, nahiz eta argitaratu gabe geratu zen. "Lurgorri"-ren emaitza politiko eta sindikala Leintz ibarrean eta Aramaiokoan hedatu zuen batik bat, aritu ahal izan tarte laburrean.

1936ko uztailaren 18an faxisten altxamendua eman bezain laster EAJ-ren zerbitzuan jarri zen Aramaiotik eta Amayur batailoi izango zenaren lehen zeluletako bat osatu zuen, Leintz bailara eta Aramaioko gazteekin. Baina aurki, EAJ-k aginduta, gerrako korrespontsala gisa aritu zen Euskadiko frontean zein kanpokoan ere, Asturiasen. Ikusgarria da zein nolako errealismo eta zintzotasunarekin deskribatzen dituen fronteko jazoerak. Demokraziaren aldeko konpromisoa azkenetaraino eraman zuen "Lurgorri"-k bere idazlanen bitartez, alde horretatik ere goitasun paregabea erakutsiz.

Ariztimuño, lehenik -1936ko urrian- eta San Andres -1937ko abuztuan- batailoietako komisario politiko izendatu zuten. Urte hartako abuztuaren 28an, Santoñako errendizioaren ondorioz atzeman zuten frankistek eta sasi epaiketa baten ostean heriotzara kondenatu zuten bi hilabete geroago. Larrinagako presondegira aldatu ondoren, 1937ko abenduaren 16an fusilatu zuten, Derioko hilerriko hormaren kontra. Bere azkeneko hitzak, "Gora Euzkadi askatuta" izan ziren.

"Lurgorri"-ren bizitza laburra, bere aberriarenganako sentimenduen katea izan zen. Politiko, sindikalista, euskaltzale, kultura eragile, kazetari eta literatoa izan genuen. Argitaratu zuen azkeneko idazkia - hain zuzen Larrinagako presondegian ezkutuan eskuz sortzen zuten "Espetxean" aldizkaritxoan- "Lauaxeta" zenaren azken poemari buruzko glosa bat zen, "Lurgorri"-k bere gogoa ere poesiarekin lerrotzen zela adierazi nahi izan balu bezala. Eta zalantzarik gabe, Azkarraga gaztearen literatura ekarpena aztertzen badugu, bertan poetaren izpiritua antzeman daiteke alde guztietan.

Ikus, gainera aldatu